Krisi kapitalista eta ikasle borroka
Txileko ikasleen “Pinguinoen iraultza”

Krisiaren lehen urratsak

1970eko hamarkadako krisiak pribatizazio- eta erreforma-fase berri bat ireki zuen mundu osoan. Gero eta ohikoago bilakatu ziren lanpostuen berregituraketak, langabezia, estatuen finantzaketa-gaitasunen beherakada, pribatizazioak eta abar. Lan indarraren esplotazioaren areagotzeak, irabazien birbanaketa txikitzeak eta balorizaziorako espazio berrien bilaketak ―neoliberalismoaren ezaugarritzat hartzen diren elementuak, alegia― alor guztietan izan zuten islada, baita hezkuntza-sisteman eree.

Espainiako Estatuan, 1980ko hamarkadako industria-birmoldaketak (Sagunto, Euskalduna, Asturias...) eta Felipe Gonzálezen pentsioen eta lan baldintzen aurkako erreformak ofentsiba horren adierazle izan ziren. Urte horietan, ikasle mugimenduaren gorakada nabarmen bat egon zen, baita ere, horren adibide izanik hezkuntzako murrizketen aurkako 1986-87ko ikasle grebak edota 1988ko Gazteentzako Enplegu Planaren aurkako greba orokorrean ikasleek eduki zuten papera. Espainiako Estatuko erreforma horiek antzekotasun handia zuten Frantziako Devaquet Legearekin, eta haren kontra ere ikasle mobilizazio erraldoiak antolatu ziren Frantziako Estatuan. Ehunka mila ikaslek, irakaslek zein beste arlo batzuetako langileek kaleak hartu ondoren, legea atzera botatzea lortu zuten.

1990eko hamarkadatik aurrera, hezkuntzaren arloko erreformaren abiadura azkartu egin zen. Erreforma horren ezaugarri eta helburuak ezberdinak izan daitezke garaiaren, herrialdearen edota hezkuntza-sistemako adar bakoitzaren arabera, baina, hitz gutxitan, bi ardatz nagusitan laburbildu daiteke erreformaren funtsa: 1) Hezkuntzara bideratutako baliabide publikoak murriztea eta, aldi berean, enpresa pribatuei espazio berriak irekitzea hezkuntzan. 2) Langile belaunaldi berriak proletarizazio testuinguru baterako eta lanpostu aldakorretarako heztea, hala gaitasun minimoei dagokienez, nola kulturalki, ofentsibaren aspektu ezberdinetara egokitzeko.

Artikulu honetan aipatuko diren ikasle borroka gehienak unibertsitate alorrekoak direnez, badira borroka horien testuingurua hobeto kokatzen lagunduko diguten zenbait ezaugarri, denak ala denak unibertsitate eremuko erreformari lotuak, esaterako, unibertsitate tituluen ekoizpenak are gehiago hurbiltzea lan merkatuaren beharretara; unibertsitateko ikerketa-proiektuak enpresa pribatuen beharren arabera zehaztea; unibertsitateko gobernu organoak itxiagoak bilakatzea; fragmentazioa eta espezializazioa areagotzea zientzia sozialetan; unibertsitateko zerbitzuen externalizazioa eta prekarizazioa...

“Elite unibertsitatetik” ongizate estatuko “masa unibertsitaterako” aldaketa 1960ko hamarkadan kokatu ohi den bezala, 2000ko hamarkadatik aurrera areagotzen den erreforma “masa unibertsitatetik” “enpresa unibertsitaterako” jauzitzat definitu ohi da. Hemen, hala ere, garrantzitsua izan daiteke azaltzea enpresek edo lan merkatuak hezkuntza-sisteman duten eragina ez zela 2000ko hamarkadan hasi, ezta gutxiago ere: kapitalismoaren garapenarekin, XVIII. mende amaieratik gaur egunera arte etengabeko eraldaketan egon den hezkuntza-sistemak beti izan du helburutzat fase bakoitzeko burgesiaren behar ekonomiko eta politikoei erantzutea. Hori kontuan izanik, eredu ekonomiko eta sozial fordistatik, “just in time” eredurako aldaketa gisa ere definitu izan da azken hamarkadetako erreforma.. Horrekin argi islatzen da enpresen esku-hartzea ez dela azken erreformarekin hasi, baizik eta esku-hartze horren forma aldatu egin dela, izaera ofentsiboago bat hartuz. Bigarren Mundu Gerra ostean, erdigune inperialistan, eszenatoki berriak ezaugarritzat zituen estatuaren erregulazio handia eta lanpostu eredu egonkorra; eredu horretatik krisi garaiak ezaugarrituriko proletarizaziorako eta lanpostu eredu aldakorretarako jauzia eman dugu. Beraz, enpresen esku-hartzearen hasiera gisa baino, esku-hartze horren areagotze gisa definitu daiteke azken hamarkadetako hezkuntza-erreforma.

Enpresen esku-hartzearen hasiera gisa baino, esku-hartze horren areagotze gisa definitu daiteke azken hamarkadetako hezkuntza-erreforma

1999, Bolonia eta ikasle borroken gorakada

XXI. mendearen atarian egotearen parafernalia diskurtsiboa eta berrikuntza digitalak medio, erreforma-prozesua garai berrietara egokitzeko prozesu gisa aurkeztu zen. 1996. urtea “hezkuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren Europako urtea” izendatu zuen Europar Batasunak, 1997an Lisboako Hitzarmena sinatu zuten, eta 1999an Boloniako Adierazpena plazaratu. Erreforma ez da, baina, Europako kontua soilik. Horren adierazle argia da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak eta Unescok, besteak beste, norantza bereko prozesuak bultzatu dituztela mundu osoan.

1999. urtean Munduko Merkataritza Erakundearen bilkuraren aurkako protesta handiak antolatu ziren Seattleen, eta, 2001ean, G8aren bilkuraren aurkakoak Genovan. Nazioarteko politika neoliberalen ikurren aurkako mobilizazio horiek oihartzun handia eduki zuten internazionalki, baita gazte esparruko eragileen artean ere. Boloniako Adierazpena ere oligarkia internazionalaren agenda horren beraren esparruan kokatzen zen, eta hala ulertuta heldu zioten ikasleek haren aurkako borroka-zikloa antolatzeari.

Berlinen eta Norvegian, 2003. eta 2005. urteetan, hainbat ikasle mobilizazio antolatu zituzten, hiri horietan bildu ziren Hezkuntzako ministroen aurka. Izan ere, “Goi-mailako hezkuntzaren Europako esparrua” izena zuen Boloniako erreformarako esparrua ezartzen ari zen burgesia, eta horrekin batera gorpuztuz zihoan, halaber, haren kontrako oposizioa. Nabarmentzekoa da Boloniaren aurkako erantzunean bi bloke nagusi bereiz daitezkeela: alde batetik, Ikasleentzako Informaziorako Europako Bulegoa (European Student Information Bureau, ESIB), eta, bestetik, Europako Ikasle Foroa. Lehenengoak Boloniako prozesuaren kudeaketan parte hartzeko hautua egin zuen, prozesu horren “potentzialitateak probestu” eta aspektu negatiboak “limatu” ahal izateko. Bigarrenak, berriz, Boloniarekiko kritika sakonagoa egin zuen, eta erreformarekiko aurkakotasun osoan kokatu zen, “unibertsitatea hobetzea baino, unibertsitate hau gainditzea” ezarriz bere lelotzat.

2006an, Europako Ikasle Foroa Nafarroako Bakaiku herrian bildu zen eta zenbait aldarrikapen komun zehaztu zituzten Europako herrialde ugaritako ikasle antolakundeek, Ikasle Abertzaleak tarteko. Aldarrikapen horietako batzuk ziren Bolonia Plana berehala geldiaraztea, hezkuntza-ereduaren inguruko eztabaida gizarte osora zabaltzea edota unibertsitateak elkartasunerako eta pentsamendu kritikorako zerbitzu publiko izateko beharra.

“Diskurtso komuna artikulatzea eta antolamendu malgu eta iraunkorra izatea” zehaztu zuen foroak, eta norantza antzekoan egin zuten ahalegina lekuan leku hainbat eragilek, nahiz eta aipatzekoa den estrategia argi eta koordinatu bat mantentzeko zailtasunak azaleratu zirela maiz bertan parte hartzen zuten eragile edota asanbladen artean. Aipagarria da, halaber, irakasleek inplikazio eta parte hartze oso txikia izan zutela, eta ikasleak izan zirela Boloniaren aurka borrokatu zuen hezkuntzako subjektu nagusia.

Borroka nagusia Bolonia geldiaraztea zen ―edota, Europako esparrutik kanpo, Boloniako prozesuaren antzeko izaera zuten legediak geldiaraztea―, baina legedi orokorra geldiaraztearekin batera, erreformaren aspektu konkretuen aurka ere zuzendu ziren aldarrikapenak. Hona hemen nagusienak:

Hezkuntza garestitzearen aurka agertu ziren: tasen gorakada eta beken murrizketak salatu zituzten eta hezkuntzari loturiko prozesu burokratikoen eta zerbitzuen doakotasuna aldarrikatu zuten. Edukiak lan merkatuaren eskaeren arabera are gehiago zehaztearen aurka posizionatu ziren, bai eta konpententzietan oinarrituriko ebaluazioaren kontra ere, eta irakasgaien hiperespezializazioa areagotzea eta zientzia sozialetako edukiak murriztea salatu zuten (hemen aipatu beharra dago hezkuntzaren enplegagarritasunak edo “empleabilidad” kontzeptuak legedi berrietan hartu zuen garrantzia). Merkatuaren aldaketei errazago erantzungo zien eskulan moldagarria helburu zuen gradu eta titulazio berrien antolaketa salatu zuten, bai eta erabaki organoak are itxiagoak bilakatzea ere (erabakimenerako baldintza politikorik gabe ezarri zen Bolonia, haren inposaketatik hasita hezkuntzako organo exekutiboen erabakimena handitzen zuen araudietaraino, klaustro zein mekanismo parte hartzaileak are gehiago murrizten zituztenak). Azkenik, plano politikoagoan, legedi horiek aplikatu zituzten gobernu alderdien aurka ere agertu ziren.

Bolonia Planak hainbat legedi ezarri zituen lekuan leku, eta horiek salatzeko protesta handiak antolatu ziren herrialdeka: 2005ean, Italian, Moratti eta Zecchino-Berlinguerren erreformaren aurka; 2005ean, Danimarkan, azterketa kolektiboak galarazten zituen erreforma salatuz; 2006an, Frantzian, Hezkuntzako kontseilari nagusiaren aurka; Grezian, 2006an, unibertsitateen pribatizazio legea bertan behera uztea aldarrikatuz... Aipatzekoa da, baita ere, hezkuntza-erreformak sorturiko haserrea eta mobilizazioak ez zirela soilik hezkuntzaren alorretik abiatzen, ezta soilik hezkuntza alorrean agortzen ere. Deskribaturiko krisiek eta erreformek langile mugimendu osoari eragiten dioten heinean, ikasle borrokak aldarrikapen eta borroka politiko orokorragoekin artikulatu izan dira.

Krisiek eta erreformek langile mugimendu osoari eragiten dioten heinean, ikasle borrokak aldarrikapen eta borroka politiko orokorragoekin artikulatu izan dira

Greziak, hain zuzen, modu argi bezain krudelean islatzen du aurreko puntua. 2006.-2007. urteetan, Grezian 400 fakultate baino gehiagotan egin ziren itxialdiak, eta unibertsitate pribatuen sorrera baimentzen zuen lege erreforma bertan behera uztea lortu zuten. Garaipen hori eredu eta motibazio iturri izan zen beste herrialdeetako ikasle borroketan. Borroka horien subjektu nagusitzat “700 euroko generazioa” jo izan da; izen horrek araututako gutxieneko soldatarekin bizi den gazteriari egiten dio erreferentzia, Grezian bezala Europako beste herrialde askotan ugaritzen ari den belaunaldiari, alegia. Gazte subjektu horrek eta krisiaren zein autoritarismoaren gorakadak ezarri zituen 2008ko “Greziako matxinada” izenez ezagutzen diren mobilizazio historikoetarako oinarriak. Hainbat urtez luzatu ziren ikasle eta langile borroka orokorren testuinguru horretan, poliziak Alexandros Grigoropoulos gaztea hiltzea izan zen matxinada hori piztu zuen txinparta.

Gorago aipatu denez, ofentsiba burgesak eta hezkuntza-erreformak izaera internazionala dute, eta Europatik kanpo ere garrantzi handiko ikasle borrokak gauzatu dira, besteak beste Mexikoko UNAMeko ikasle borroka, 1999. urtean hasi zen ikasle borroken zikloaren irekiera ikur gisa hartzen dena. Unibertsitateko kuotak garestitzearen aurka antolatu ziren ikasleak, bederatzi hilabetez luzatu ziren unibertsitateko instalazioen okupazio eta greba prozesuen bitartez. Mexikokoa ziklo horretako borroken lehen sinbolotzat hartzen den bezalaxe, esan daiteke zikloko beste borroka ikoniko bat Txileko ikasleen “Pinguinoen iraultza” izan zela.

Txile mundu mailako agenda neoliberala pairatu zuen lehen herrialdeetako bat izan zen, Pinocheten diktadurapean, eta diktadura amaituta ere, Ley Orgánica Constitucional de Enseñanza (LOCE) legearen eta antzeko beste batzuen bitartez, Latinoamerikako hezkuntza publiko garestienetakoa duen herrialdea da. 2006. urtean, ikastetxe bateko instalazioen baldintza txarrek eragindako euri uholde baten irudiek zabalpen handia eduki zuten, eta urteetako haserrea oinarri, nazioarteko ikasle borroken ereduari jarraituz, Txileko historiako ikasle mobilizaziorik jendetsuenak piztu ziren. Bigarren Hezkuntzako ikasleak izan ziren nagusiki mobilizatu zirenak, eta besteak beste hezkuntzaren doakotasuna eta kalitatea hobetzea aldarrikatzen zituzten. Lehen mobilizazioen ondorioz LOCE legea baliogabetzea lortu bazuten ere, Ley General de Educación berriak soilik gainazaleko aldaketak zekartzala salatu zuten eta, 2011. urtean, ikasle mugimenduak berriz abiatu zituen mobilizazioak.

Hurrengo urteetan, ezaugarri antzekok zituzten ikasle borrokek jarraitu bazuten ere, (2010ean, Erresuma Batuan, hezkuntzako tasen gorakaden aurka; 2011n, Kolonbian, unibertsitate pribatuen sorrerak ugaritzen zituen legearen aurka; 2012an, Kanadan, matrikulen kostuaren igoera salatzeko...), Europan, Boloniaren ezarpenarekin eta haren egonkortzearekin, planaren aurkako borrokak ahuldu edo formaz aldatu ziren. Garrantzitsua da azpimarratzea borroken agorpen osoa bainoago, forma aldaketa bat gertatu zela. Izan ere, mobilizazioen oinarrian zegoen erreforma estrukturalak bere horretan jarraitzen du, eta 2008ko krisiak arazoaren sustrai sakonak are ageriago utzi zituen. Hala, ikasle borroka berriak piztuz joan ziren, esaterako, Espainiako Estatuan, LOMCE legearen edota “3+2” dekretuaren aurka abiatuak.

Garrantzitsua da azpimarratzea Bolonia Planaren kontra piztutako borroken agorpen osoa bainoago, forma aldaketa bat gertatu zela. Izan ere, mobilizazioen oinarrian zegoen erreforma estrukturalak bere horretan jarraitzen du, eta 2008ko krisiak arazoaren sustrai sakonak are ageriago utzi zituen

Ofentsiba sakontzea eta autoritarismoaren gorakada

Ongizate estatuko hamarkadetako maskara atsegina erortzen ari da, eta burgesiak ezinbestekoa du zorrotz eta gogor jokatzea bere proiektua zalantzan jartzen dutenen aurka. Era horretan, langile klaseko ikasleria are gehiago diziplinatzea zeregin garrantzitsu bilakatzen da, nahiz eta zeregin horrek demokrazia burgesaren aurpegi atseginetik aldentzen diren politikak galdegin, beharrezkoa bada eskuin muturraren markoa aplikatzeraino. Marko hori hainbat aspektutan ikusi daiteke: proletarioen aurkako neurri ekonomiko are bortitzagoak, borroka ideologikoa, legedi errepresiboen gogortzea... Hona hemen horren adibide diren zenbait ikasle borroka:

Italian Alternananza scuola-laboro legea ezarri zuten 2015ean. Lege horrek enpresetan doako praktikaldiak egitera behartzen zituen ikasleak, nerabeak lan merkatuan “orientatu” zitezen. Azken urteetan ikasle protesta handiak piztu dira lege horren aurka, eta protestak areagotu egin ziren Lorenzo Parelli gazteak bizitza galdu ostean scuola-laboro praktikaldietan izandako lan istripu baten ondorioz. Parelliren heriotza eta scuola-laboro ereduaren izaera salatzeko kalera atera ziren gazteen aurka oldartu zen polizia, eta hainbat larri zauritu zituen.

Borroka ideologikoari dagokionez, Brasilen, Bolsonarok baieztapen ugari egin izan ditu “marxismo kulturala” eta “genero ideologia” ikasgeletatik ezabatu behar direla aldarrikatuz (Italiako Meloniren antzera) eta, unibertsitateak “ezkertiarren habia” izendatu ondoren, Soziologiako eta Filosofiako karreren finantzaketa “karrera produktiboagoetara” bideratzeko asmoak adierazi ditu. Testuinguru horretan, eta unibertsitate publikoen aldeko zenbait finantzaketa izoztu ondoren, ikasle mobilizazio handiak egon dira Brasilen. Aipagarria da, baita ere, Bolsonaroren aurreko gobernuak, Michel Temerren gobernuak, alegia, bidea prestatu zuela ideia horiek zabaltzeko, Filosofia, Soziologia, Artea eta Gorputz Heziketaren derrigortasuna ezabatuz, lan merkatuak eskatzen dituen irakasgaiak indartzeko. Murrizketa ekonomikoak eta ofentsiba ideologikoa nagusi ziren testuinguru horretan, ikastetxeen eta unibertsitateen okupazioei ekin zien ikasle mugimenduak. Okupazio horien bitartez, ikasleek antolaturiko hitzaldi, klase eta tailerrak egin ziren, hezkuntza sistema kapitalistaren baitan bidera ezinak diren antolakuntza eredu eta edukiekin.

Autoritarismoaren gorakadan, ezin aipatu gabe utzi Greziako eta Estatu Batuetako azken gertaerak. Grezian, 2020. urtetik, unibertsitate eremuko kontrola areagotzeko “unibertsitateko babes eskuadroiak” deituriko 1.030 polizia berezi ezarri ditu gobernuak. Unibertsitateko karguek “forma posible guztiak” erraztu beharko dizkiote polizia-kidego horri, ikasle mugimenduaren antolakuntza politikoa blokeatzeko helburu esplizituarekin.

Estatu Batuetan, ikasle mobilizazio handiak antolatu ziren Palestinako genozidioaren aurka, herrialdeak Israelekin duen harremana eta konplizitatea salatzeko. Ikasle mobilizazio horien aurka eginez, gobernuak 900 ikasletik gora atxilotu zituen egun gutxian, eta, “antisemitismoa” antzakia hartuta, legedia gogortzen ari da, mobilizazioetan parte hartzen duten ikasleak unibertsitateko egoitzetatik edo, zuzenean, gradutik kanporatzeko.

Gauzak horrela, ez dirudi kapitalismoaren ofentsibak garai hobeak ekarriko dituenik, ez langile klasearentzat orokorrean, ez ikasle langileentzat zehazki. Gerra inperialistaren danbor hotsak biderkatzen ari diren honetan, Alemaniako gobernuak derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzeko legedi berria onetsi du; horren aurka, Alemaniako ikasleek mobilizatzeari ekin diote, 80 hiri eta herritara hedatu dituzten hezkuntzako geldialdien bitartez.