Euskararen suspertze aroa XX. mendearen amaierarekin batera hasi zen apaltzen, eta geldotze aro batean sartu ginen. Gainera, azkeneko ikerketek etorkizun iluna aurreikusten dute euskararentzat. Hala ere, ondo dakigu beti existitzen dela joerak eta aurreikuspenak iraultzeko aukera; euskara bera da horren adierazle, edo hobeto esanda, euskararen alde borrokatu zutenek lortutako susperraldia. Era berean, hezkuntza borrokarako esparru erabakigarria izan da prozesu horretan.
EUSKARA HEZKUNTZAN TXERTATZEKO LEHENENGO SAIAKERAK
XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera artean, langile klaseak hezkuntzarako sarbidea izan zuen Euskal Herrian —kontuan izanik, betiere, prozesu hori pixkanakakoa izan zela eta derrigorrezko hezkuntzara mugatu zela, hau da, 12-13 urte bete arte—. Era horretan, milaka eta milaka euskal hiztun era masiboan eskolatu ziren lehenengo aldiz. Alde batetik, langile klasearen eskolatze masibo horrek aukera berriak ireki zituen, hala nola, alfabetatzea, jakintza eskuratzea edo gizartean parte hartzeko tresna berriak lortzea. Bestalde, euskaldunek ezin izan zuten eskolatze prozesu hori beren ama hizkuntzan gauzatu, hizkuntza gutxituak hezkuntza-sistema uniforme eta nazional bat eraikitzeko oztopotzat ikusten baitziren. Testuinguru horretan, hezkuntza-sistemak —estatu modernoaren tresna gisa— funtzio erabakigarria izan zuen hizkuntza-homogeneizazio prozesuan territorio elebakarrak erdalduntzeko eta elebidunetan joera horretan sakontzeko.
XX. mende hasieran, hezkuntza laikoa, publikoa eta metodo pedagogiko modernoetan oinarritua defendatzen zuten hezkuntza-korronteak pil-pilean zeuden. Aldarrikapen horiek sistema kapitalistaren garapenari eta estatu modernoen behar berriei erantzuten zieten eta, norabide berdinean, hizkuntzaren homogeneizazioa ere beharrezkoa zen. Bide horretan, Jules Ferryren 1881-1882ko legeez geroztik, frantsesa bilakatu zen Frantziako Estatuko hezkuntzako hizkuntza bakarra, eta gainerako hizkuntzak aurrerapenaren eta batasun nazionalaren kontrakotzat hartu ziren. Ondorioz, XX. mende erdira arte hizkuntza-asimilazio politika zorrotzek baldintzatu zuten hezkuntza-esparrua, eta euskararen erabilera modu aktiboan jazarri zen Ipar Euskal Herrian.
Espainiako Estatuaren kasuan ere, hezkuntza-erreformak modu uniformean aplikatu ziren lurralde osoan eta gaztelania bihurtu zen irakaskuntzarako hizkuntza bakarra. Hego Euskal Herrian, aurretiaz, hezkuntza erlijiosoa —katekesia, adibidez— euskaraz irakasten zen, eta horrek hizkuntzaren transmisioa ahalbidetzen zuen. Hezkuntza laiko eta berritzaileak, berriz, aurrerapen pedagogikoak sustatzen zituen, baina gaztelania hutsean eskaintzen zen, eta euskararen erabilera debekatu eta zigortu; horrek euskararen ordezkapen prozesua areagotu zuen. Bi hezkuntza-formen arteko itxurazko talkak ezinegona eragin zuen sektore euskaltzale aurrerakoietan, hezkuntza-aurrerapenek ez baitzuten zertan gaztelaniaren inposizioa ekarri. Aitzitik, berrikuntza pedagogikoa euskararen eskutik gauzatzea posible zela aldarrikatu zuen Eusko Ikaskuntzak.
1920ko eta 1930eko hamarkadetan, euskara hutsean irakastearen aldeko ekimenak zabaltzen joan ziren, batez ere sektore kultural nazionalistek bultzatuta. Ordukoak dira lehenengo ikastolak, baita lehen saiakera instituzionalak ere euskara hezkuntza publikoan txertatzeko, bereziki, Bizkaia eta Gipuzkoan, auzo eskolen bitartez.
Hala ere, kuantitatiboki izandako hedapena nahiko murritza izan zen. Gerra Zibilean frankistek euskal lurraldeen kontrola hartzearekin batera moztu ziren ekimen horiek guztiak. Eskola guztiak Estatuaren kontrolpean gelditu ziren. Hezkuntza autoritarioa, nazional-katolikoa eta oso ideologizatua ezarri zen, helburu nagusitzat zuena Erregimenarekiko leialak ziren herritarrak sortzea. Gaztelania ezarri zen irakaskuntza-hizkuntza bakar gisa, eta debekatu egin zen euskara eta beste edozein hizkuntza erabiltzea eskola-eremuan. Ikasleen aurkako errepresioa eta zigorrak sistematikoak bihurtu ziren. Aldi berean, aurreko esperientzia pedagogikoak ezabatu ziren eta erlijioa nahiz balio tradizionalak indartu ziren.
Esparru formaletan hizkuntza-eskubideak ukatzearen eta frankismo garaian Hego Euskal Herrian euskarak pairatutako jazarpen sistematiko eta ia erabatekoaren ondorioz, kontzientzia linguistiko eta politiko berri bat garatu zen. Era horretan, euskararen bazterketa ez zen egoera natural edo saihetsezin gisa ulertu, baizik eta zapalkuntza politiko eta sozial baten ondorio gisa. Horrenbestez, kontzientzia linguistiko eta politiko berri bat garatu zen, euskaraz esparru guztietan bizitzeko eskubidea aldarrikatzen zuena. Hezkuntza euskalduna aldarrikatzen zen, eta hori lortzeko ezinbestekotzat jo zen antolakuntza independentea.
Esparru formaletan hizkuntza-eskubideak ukatzearen eta frankismo garaian Hego Euskal Herrian euskarak pairatutako jazarpen sistematiko eta ia erabatekoaren ondorioz, kontzientzia linguistiko eta politiko berri bat garatu zen
1944an sortu zen lehen ikastola klandestinoa, Elbira Zipitria eta guraso talde baten ekimenez. Gerraosteko ikastolen helburu nagusia kosta ahala kosta euskarari eta euskal kulturari eustea izan zen, errepresio eta atzerakada handiko garaietan, hain zuzen. Horretarako baldintzak, ordea, gogorrak ziren: besteak beste, etxe edo lokal partikularretan ematen ziren klaseak, euskarazko ikasmateriala lortzea oso zaila zen, guraso eta irakasleen elkartasun sareak ziren sustengu bakarra, ikasle taldeek hamar pertsona baino gutxiagokoak izan behar zuten jazarpen-legala ekiditeko, hezkuntza- inspektoreen eta polizien ikuskatzeak ohikoak ziren, eta ikasketek ez zuten homologaziorik eta, ondorioz, une batetik aurrera hezkuntza-sistema frankistan sartu behar izaten ziren ikasleak.
Hala eta guztiz ere, 1960ko hamarkadan, desarrollismoarekin batera, baldintza sozial eta ekonomikoak aldatzen hasi ziren eta horrekin aukera berriak ireki zitzaizkien euskarari nahiz ikastolei. Garai horretan koka daiteke euskararen biziberritze-aroaren hasiera eta ikastolen loraldia.
EUSKARAREN BIZIBERRITZEA: MODERNIZAZIORAKO HEZKUNTZA ESPAZIO ESTRATEGIKO
Desarrollismo garaian, Hego Euskal Herriak garapen handia izan zuen industrializazio prozesuan. Alde batetik, aurretiaz industrializatutako eremuetan, hau da, Bizkaian eta Gipuzkoan are gehiago sakondu zen prozesu hori; bestetik, Araba eta Nafarroa industrialki garatzen hasi ziren. Garapen horren ondorioz, eskulan handiaren beharra sortu zen eta horrek industrializatutako hiriguneen hazkunde azkarra eragin zuen. Hain zuzen ere, migrazio fluxu handiak iritsi ziren hiri horietara Estatuko hainbat eremutatik. Era berean, euskal landa-eremuko belaunaldi gazteak ere hiriguneetara jaitsi ziren, industrian txertatzeko; hori dela eta, ordura arteko baserriko gizarte-egitura krisian sartu zen.
Langileen kontzentrazioak lan gatazkak areagotzea, langile mugimendua berrantolatzea eta frankismoaren aurka egiteko modu berriak agertzea ekarri zuen. Horrekin batera, euskal nazionalismo berri bat eratu zen, erradikalagoa eta tesi sozialistekin lotua. Era horretan, desarrollismoak euskal ekonomia eta gizartea modernizatu zituen, eta frankismoaren aurkako gatazka sozial, kultural eta politikoak areagotu egin ziren.
XIX. mendean hasitako industrializazio prozesua zela eta, gizarte aldaketak guztiz burutu ez ziren landa-eremuan gotortuta gelditu zen euskara, bereziki —nahiz eta euskara modernizatzeko saiakera batzuk egin ziren—. 1960ko hamarkadan, landa-eremuko gizarte antolaketa krisian sartzeak agerian utzi zuen euskara modernizatzeko premia estrukturala: hezkuntzan, lan munduan eta hiri-gizarte berrian txertatu ezean, euskarak ez zuen bizirauteko aukerarik izango, desagertzen ari zen landa-eremuko antolaketa-formarekin batera desagertuko baitzen. Era berean, industrializazio prozesua Hego Euskal Herrian garatzeak euskararen modernizaziorako baldintza objektiboak ezarri zituen.
Testuinguru horretan, aurretik ehundutako euskararen aldeko kontzientzia eta borroka berrantolatu egin zen, erresistentzia hutsetik harago joanez eta modernizazioa hizkuntzaren biziraupenerako ezinbesteko baldintzatzat ulertuz. Euskararen aldeko borroka gizarte hiritartuago eta industrialago bati erantzuteko egokitu behar zen eta, horretarako, ezinbestekoa zen hezkuntza-arloan euskara bermatzea, besteak beste.
1960ko hamarkadaren aurretik ehundutako euskararen aldeko kontzientzia eta borroka berrantolatu egin zen, erresistentzia hutsetik harago joanez eta modernizazioa hizkuntzaren biziraupenerako ezinbesteko baldintzatzat ulertuz
Ikastolek 1960ko hamarkada amaieran salto kualitatibo eta kuantitatibo handia izan zuten. Urte horietan ere errepresioak gogorra izaten jarraitu bazuen ere, tolerantzia handiagoa existitzen zen, eta posible izan zen egituraketa sendoagoa eta konplexuagoa zuen hezkuntza-proiektua eraikitzea, zabaltzeko eta profesionalizatzeko helburuarekin. Horrela, irakasleak formatzeko ekimenak jaio ziren, ikasmaterial gehiago sortu zen, pedagogia korronte berriak txertatu ziren, ikasleen adin tartea zabaldu ahal izan zen, azpiegitura egokituagoak lortu ziren, etab.
Salto horren oinarrian, ordea, ez zegoen babes instituzionalik ezta finantzaketa publikorik ere —neurri oso txikian, 1970tik aurrera hasi zen hori—, baizik eta lan militantean eta konpromisoan oinarritutako antolakuntza-eredu independentea. Baliabide ekonomikoak lortzeko, askotariko bideak erabili ziren, hala nola jaialdiak, txosnak, zozketak, herri-bazkariak, kuoten bidezko ekarpenak, antzerkiak edo bertso saioak. Gainera, antolatutako ekimen kultural horien bitartez euskararen normalizazioa ere bilatzen zen. Baldintza material gogorretan garatu zen antolakuntza-molde horrek, ikastolak ez ezik, komunitate politizatu eta konprometitu bat ere eraiki zuen.
Ikastolek 1960ko hamarkada bukaeran eman zuten saltoaren oinarrian, ordea, ez zegoen babes instituzionalik ezta finantzaketa publikorik ere —neurri oso txikian, 1970tik aurrera hasi zen hori—, baizik eta lan militantean eta konpromisoan oinarritutako antolakuntza-eredu independentea
Ipar Euskal Herrian, 1969an sortu zen lehen ikastola, Arrangoitzen, eta gertakari hori Hegoaldean gertatzen ari zen ikastolen loraldiaren hedapenaren barruan kokatu behar dugu. Iparraldearen kasua interesgarria da hizkuntzaren modernizazio beharra eta ezintasuna ulertzeko: industria-gune txiki batzuk eratu ziren Lapurdiko puntu konkretu batzuetan, baina, orokorrean, Frantziako Estatuko polo administratibo eta industrialetik kanpo gelditu zen, eta posizio periferikoa eta zentroaren menpekoa garatu zuen. Modernitatea frantsesaren eskutik eta euskararen kalterako etorri zen. Testuinguru horretan, euskararen aldeko ekimenak martxan jarri baziren, Hegoaldean hasitako uhin espantsiboaren ondorioz izan zen. Iparraldean egindako lan guztia gutxietsi gabe, garapen mugatuago hori ez da kontzientzia linguistiko edo militantzia apalago baten ondorio, baizik eta egiturazko baldintza sozioekonomiko eta politiko desberdinek ezarritako muga objektiboen emaitza.
Era horretan, familia askok euskara erabiltzeari utzia zioten testuinguru batean, belaunaldi berriei hori transmititzeko aukera ireki zen. Hezkuntza euskara ikasteko eta erabiltzeko gune garrantzitsu bihurtu zen, ez bakarrik irakasgai gisa, baizik eta baita komunikazio bitarteko gisa ere, eta horrek euskara normalizatzen eta hiztun konpetenteak osatzen lagundu zuen. Gainera, euskararen erabilerak familiartera zokoratuta egoteari utzi zion, eta biztanleria osoak, erdaldunak barne, euskara eskuratzeko aukera izan zuen.
Aipatutako hori funtsezkoa izan zen euskarak aurrera egin ahal izateko, hain zuzen ere orduan existitzen zen diglosia-egoera gainditzeko norabidean urrats erabakigarria izan zelako; hau da, hezkuntzan euskara txertatzeak bere erabilera familiatik eta ingurune informaletik haratago hedatzea eta pixkanaka estatus soziala irabaztea ahalbidetu zuen.
Euskara hamarkada luzetako ordezkapen prozesu batean murgilduta zegoen une batean, hain justu Hego Euskal Herriko gizartea errepresio gogorra jasaten ari zen momentu batean, joera irauli egin zen euskararen transmisioan, eta joera gorakor bat lortu zen; hori posible izan bazen, baldintza objektiboak egoteaz gain gizartean eratu zen kontzientzia eta borrokaren ondorioz izan zen. Euskara gizarteko beste borrokekin artikulatuta zegoen, euskararen aldeko borroka mundu berri baten aldekoa eta erregimen frankistaren aurkakoa zen. Era horretan, frankismoarekiko oposizioan ziharduten mugimenduen elementu kultural eta politiko bihurtu zen.
Hezkuntza-arloan egindako lan guztia eta horrekin lortutakoa ere norabide berean ulertu behar da. Frankismo garaiko ikastolak ez ziren eduki akademikoa euskaraz transmititzera eta euskara ikasgela barruan sustatzera mugatu. Euskaraz ikasteak, berez, inposatutako ordena zalantzan jartzea inplikatzen zuen. Ondorioz, ikastolak oso espazio politizatuak ziren eta, horregatik, bertako ikasleria ez zen subjektu pasiboa. Ikasleria gizarte eredu berri bat proiektatu eta eraikitzera bideratutako eragile politiko kontziente gisa hezi zen. Laburbilduz, ikasleria gizarteko borroketan integratuta zegoen subjektu politikoa zen gazte-gaztetatik.
Frankismo garaiko ikastolak ez ziren eduki akademikoa euskaraz transmititzera eta euskara ikasgela barruan sustatzera mugatu. Euskaraz ikasteak, berez, inposatutako ordena zalantzan jartzea inplikatzen zuen
Hezkuntza, kasu askotan, hizkuntza gutxituen egoera hobetzeko eta normalizatzeko baliatu daitekeen esparru gakotzat ikusten da, eta horrek hizkuntza horien alde egin daitekeena hizkuntza-politika eraginkorrak aplikatzea dela ondorioztatzera eramaten gaitu. Hizkuntza-politikak beharrezkoak izan ziren euskara esparru formaletara zabaltzeko; hala ere, euskararen biziberritzean hezkuntzak izandako papera ez zen euskara eskoletan sustatzera eta hizkuntz eskubideak bermatzera mugatu. Gizarteko dinamiketara transzenditu zuen, dinamika horietan eragiteko eta beren interesak defendatzeko prest zeuden belaunaldiak hezi baitziren.
NORMALIZAZIOA ETA INSTITUZIONALIZAZIOA
1975ean Franco hil zenean irekitako panorama politikoan, presio soziala medio, instituzioek euskara ofizialtzeko prozesua abiatu zuten. Gainera, autonomia erkidegoek hezkuntza-arloko konpetentziak eskuratzearekin batera, euskara hezkuntza publikoan txertatzeko aukera ireki zen. Baina, azken finean, aspalditik zetorren aldarria zen hezkuntza-sistema euskaldun batena eta, modu mugatuan izanik ere, ikastolek hori ordezkatzen zuten. Horregatik, beharrezkoa izan zitzaien antolakuntza independentetik sortutako eskola-sarea nolabait hezkuntza-sistema ofizialean integratzea.
Euskararen instituzionalizazio prozesua desberdina izan zen EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1979ko Gernikako Estatutua onartu ondoren, euskara hizkuntza ofizial bihurtu zen lurralde osoan, gaztelaniarekin batera. Hezkuntzan, A, B eta D hizkuntza-ereduak ezarri ziren, eta euskarazko eredua nagusitu zen 1980ko hamarkadan. Bestetik, ikastolek “eskola publiko ez estatalen” aitortza jaso zuten eta sare publikoaren garapenean parte hartu zuten.
Nafarroako kasuan, 1986ko Zonifikazio Linguistikoaren Legeak hiru eremutan banatu zuen Nafarroa —euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna—. Horrek eremu bakoitzaren arabera baldintzatu zuen euskararen presentzia eta babesa, eta eremu euskaldunetik kanpo, garapena bereziki mugatu zen. Azpimarratzekoa da zona euskaldunean Nafarroako biztanleriaren %10 bakarrik bizi zela. Ondorioz, herri mugimendutik sortutako euskararen aldeko ekimenek jarraitu zuten euskaraz ikastea ahalbidetzen zuten aukera bakarra izaten biztanleriaren gehiengoarentzat.
Instituzionalizazio-prozesuari esker, euskarak hezkuntza-esparruan egonkortasun juridikoa eta finantzaketa publikoa lortu zituen, eta horrek asko erraztu zuen biztanleriaren sektore gero eta zabalagoetara iristea. Alde horretatik, instituzionalizazioa beharrezko baldintza izan zen euskara irakaskuntzako hizkuntza gisa orokortzeko eta hezkuntza-eremu formalean sendotzeko.
Hala ere, prozesu horrek tentsio uneak izan zituen; izan ere, aipatu bezala, aurretik existitzen zen euskarazko hezkuntza-eredua —ikastolen proiektua— autonomia politikoan eta antolakuntza independentean oinarritzen zen, eta euskara sistema publikoan txertatzeak hizkuntza hori lege, curriculum eta administrazio esparruen menpe gelditzea ekarri zuen. Euskararen instituzionalizazioak hezkuntza euskaldunaren biziraupen materiala eta hedapen kuantitatiboa bermatu bazituen ere, nolabaiteko despolitizazioa eta hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna politika publikoetan eskuordetzea ekarri zituen.
Euskararen instituzionalizazioak hezkuntza euskaldunaren biziraupen materiala eta hedapen kuantitatiboa bermatu bazituen ere, nolabaiteko despolitizazioa eta hizkuntza-normalizazioaren erantzukizuna politika publikoetan eskuordetzea ekarri zituen
Gainera, ezin da termino absolutuetan hitz egin instituzionalizazio prozesu horretaz; izan ere, Ipar Euskal Herrian euskara ez da hizkuntza ofiziala eta Nafarroan estatus juridiko desberdina du zonifikazio linguistikoaren ondorioz. Horrenbestez, hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko aukerak ez dira homogeneoak eta lurraldearen araberako desberdintasunak sortzen dira.
EUSKAL UNIBERTSITATEA
Era berean, orain arte fokua derrigorrezko hezkuntzan jarri bada ere, ezinbestekoa da unibertsitatearen esparrua aintzat hartzea, azken hamarkadetan goi mailako hezkuntzarako sarbidea nabarmen hedatu baita eta ikasketa-prozesuan gero eta pisu handiagoa hartu baitu.
XX. mendearen lehen hamarkadetan, euskal unibertsitatea eratzeko proiektuak sortu ziren, eta horien artean kokatzen da Eusko Ikaskuntzaren ildoetako bat. Garai hartan langile klaseak goi mailako ikasketetara sarbiderik ez zuela eta unibertsitateko ikasketak egiteko aukera gizarteko sektore oso txikiak zuela kontutan hartuta, proiektu horren bultzatzaile nagusiak elite kulturalak eta euskal burgesia izan ziren.
Eusko Ikaskuntzak planteatutako unibertsitate proiektuak elite intelektual eta teknikoak prestatzea zuen helburu nagusi, euskal gizartearen modernizazioa gidatzeko. Unibertsitatea nazio eraikuntzarako tresnatzat ulertzen zen: ezagutza zientifikoa sistematizatzeko, euskal kulturari prestigio akademikoa emateko eta Administrazioan, ekonomian eta kulturan jardungo zuten koadro kualifikatuak sortzeko. Horrenbestez, proiektuak funtzio estrategiko eta sinbolikoa bete zuen euskal burgesiak eta elite kulturalek beren lidergo sozial eta politikoa sendotzeko eta, aldi berean, Euskal Herria Europako jakintza-zirkuitu modernoetan txertatzeko.
Proiektu horren barruan, euskarak nortasunaren eta legitimazio kulturalaren funtzio nagusia bete zuen: hizkuntzari estatus akademikoa eta zientifikoa ematea bilatzen zen, batez ere ikerketa-esparruetan, hala nola Filologian eta Historian eta, ondorioz, euskara ikasketa- eta ikerketa-objektu nagusi bihurtu zen. Hala ere, irakaskuntza gehiena erdaraz egitea aurreikusten zen. Horrela, euskara unibertsitate proiektuaren zilegitasun ideologikoaren eta kulturalaren ardatz nagusietakoa izan bazen ere, ez zen hezkuntza-esparruko hizkuntza nagusi gisa ulertzen. Proiektuaren garapena guztiz eten zen erregimen frankista ezarri zenean.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan, unibertsitate-sistemaren hedapenak eta langile klasearen unibertsitatean progresiboki sartzeak goi mailako hezkuntzako ikasleriaren osaketa soziala aldatu zuen, eta aurreko unibertsitate eredu elitista krisian erori zen. Unibertsitatea ez zen jada eliteak prestatzeko gune hutsa, eta gatazka sozial eta politikorako espazio bilakatu zen. Langile klaseko ikasleek beren interesetara bideratutako unibertsitate eredu berri bat aldarrikatzen zuten, ezagutzaren unibertsalizazioa, sarbide berdintasuna eta gizarte eraldaketa helburu. Testuinguru horretan, ikasle mugimendua aldaketa sozialerako agente garrantzitsu bilakatu zen gizarte mailan —Espainiako Estatuaren kasuan, erregimen frankistaren kontrako agente funtsezkoa izan zen—.
Testuinguru orokor horretatik abiatuta, euskal unibertsitatearen aldeko aldarrikapenak norabide aldaketa sakona izan zuen. Alde batetik, unibertsitatea instituzio gisa ulerturik, instituzio propio baten beharra aldarrikatzen jarraitu zuten, Euskal Herria lau barruti unibertsitariotan banatuta baitzegoen. Araba eta Gipuzkoa Valladolideko barrutiaren menpe zeuden; Nafarroa, Zaragozakoaren menpe; Iparraldeko hiru probintziak, Bordeleko barrutiaren menpe, eta Leioako Unibertsitateak autonomia berezia zuen. Antolaketa horren ondorioz, Euskal Herriak ez zuen unibertsitate- eta hezkuntza-politika bateraturik, eta unibertsitate programen diseinua eta erabaki nagusiak kanpotik ezartzen ziren.
Hala ere, unibertsitatearen inguruko aldarrikapenak ez ziren instituzio propio baten eskaerara mugatu, ikasleriaren osaeran izandako aldaketek behar berriak sortu baitzituzten eta ikasle langileen interesen aldeko mugimenduak ehuntzen hasi baitziren. Euskal Herriaren kasuan, konkretuki, hizkuntza-auzia ardatz garrantzitsu bilakatu zen. Ikasle mugimenduaren eta sektore kritikoen artean gero eta argiago adierazi zen unibertsitateak ezin ziola Euskal Herriko errealitate sozial eta kulturalari erantzun euskararen presentzia zentralik gabe.
Horrenbestez, aldarrikatzen zen euskal unibertsitatea ez zen soilik instituzio propio bat, euskaraz funtzionatuko zuen unibertsitate bat baizik, euskara irakaskuntzaren, ikerketaren eta ezagutza-ekoizpenaren hizkuntza gisa kokatuz. Horretara bidean, 1973an Udako Euskal Unibertsitatea sortu zen. Era berean, ikasle mugimenduak ez zuen edonolako euskarazko unibertsitatea aldarrikatzen, euskararen aldeko borroka ikasleen interesen alde antolatutako unibertsitate eredua eraikitzeko proiektu zabalagoaren ardatz artikulatzailea baitzen. Testuinguru horretan, 1973tik aurrera, fakultate edo campus mailako ikasleen euskara-taldeak sortzen hasi zen ikasle mugimendua.
Ikasle mugimenduak ez zuen edonolako euskarazko unibertsitatea aldarrikatzen, euskararen aldeko borroka ikasleen interesen alde antolatutako unibertsitate eredua eraikitzeko proiektu zabalagoaren ardatz artikulatzailea baitzen
1980an EAEn Euskal Herriko Unibertsitatea sortu izanak —hots, euskal instituzio propio bat sortu izanak— ez zuen de facto euskararen normalizazioa ekarri, nahiz eta ordurako euskara ofiziala izan eta derrigorrezko hezkuntzan instituzionalizazio prozesua hasita egon. Euskal Ikasketak eta hezkuntza-arloko graduak izan ziren lehenik eta behin euskaratu zirenak; izan ere, politizazio eta mobilizazio maila altuaz gain, premia sozial argi bat zegoen, irakasle euskaldunak behar baitziren derrigorrezko hezkuntza publikoan euskararen normalizazio prozesua gauzatzeko. Gainerako kasuetan, hau da, euskarak nolabaiteko errentagarritasuna ez zuen kasuetan, ikasleria izan zen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan EHU presionatu zuena eta euskara normalizatzeko borrokak gorpuzten joan zena fakultatez fakultate.
Alde batetik, euskara taldeek unibertsitate sistemak euskararekiko zuen hutsune estrukturalari erantzun zieten. Ikasleak beraien kabuz antolatzen hasi ziren graduetako edukia euskaraz landu ahal izateko, apunteak euskaratzeko, hizkuntza-irizpideen inguruan hausnartzeko, etab. Era berean, ezagutza ekoizpenari loturiko jarduna garatu zen. Horrela, terminologia teknikoa sortzea eta etorkizuneko irakasle eta ikertzaile euskaldunak prestatzea izan ziren helburu nagusiak. Horrez gain, unibertsitatea euskal kulturaren eta errealitate sozialaren inguruko hausnarketarako espazio bihurtzea bilatu zen, horretarako hainbat hitzaldi, jaialdi edo eztabaida gune sortuz.
Paraleloki, ikasleek, antolakuntza- eta presio-mekanismoen bidez —sinadura-bilketak, itxialdiak, manifestazioak, grebak, margoketak— EHU presionatzen jarraitu zuten euskaraz ikasi ahal izateko. Azpimarratzekoa da 1994ko udazkenean Arte Ederretako fakultatean hasitako borroka-zikloa. Euskaraz matrikulatuta zeuden Arte Ederretako ikasleek bost irakasle euskaldun eskatu zituzten, egiazki euskaraz gradua egin ahal izateko. Horretarako greba mugagabe bat hasi zuten eta 200 ikasle inguruk fakultatea okupatu zuten. Grebak iraun zuen bitartean —hiru hilabete inguru—, 700 ikasleko asanbladak izatera iritsi ziren eta, azaroaren 2an, Arte Ederren museoa okupatzen saiatu ziren 200 ikasle. Langile batzuen laguntzarekin teilatutik pankarta bat bota eta eserialdia egin zuten. Ekintza hori gogor erreprimitu zuen Ertzaintzak eta zazpi atxilotu egon ziren. Ondorioz, Ikasle Abertzaleakek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak deitu zituen eta milaka ikaslek kaleak hartu zituzten. Era horretan, borroka beste fakultate eta campusetara hedatu zen eta 1995eko urrian EHUk 85 irakasle euskaldun kontratatu behar izan zituen, Arte Ederretako bostak barne.
1986an Nafarroako Unibertsitate Publikoa sortu zen. NUP, formalki behintzat, erabakimenak hartzeko eskumena duen euskal lurraldeko instituzio propiotzat ulertu daiteke. Gainera, bertan ere ikasle mugimendua euskararen alde antolatu zen eta hainbat borroka martxan jarri ziren. Hala ere, ez zen EHUren prozesuaren pareko emaitzarik lortu; izan ere, unibertsitatearen sorrera bera marko politiko eta juridiko murriztaile batean gauzatu zen —urte berekoa da Zonifikazio Linguistikoaren Legea—.
Baiona eta Angeluko campusak Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatearen parte dira eta, Bordeleko Akademiaren menpe daudenez, erabaki akademiko eta linguistikoak Ipar Euskal Herritik kanpo hartzen dira. Gainera, unibertsitatearen hedadura territoriala Iparraldetik haratago doanez, gradu gehienak egiteko ikasleak kanpora joatera behartuta daude. Ondorioz, gradu horietan euskararen aldeko borrokak aktibatzea ezinezkoa da. Bestetik, Iparraldean egin daitezkeen graduetatik Euskal Ikasketena da euskaraz egin daitekeen bakarra —oso talde txikiak izanik eta hautazkoak frantsesez izanik— eta, bestela, hautazko irakasgai solte batzuk bakarrik eskaintzen dira.
Laburbilduz, Iparraldeko kasuak erakusten du presioa egin behar zaien instituzioen pareko eskalan ezin antolatzeak zailtasun handiak sortzen dituela borrokak aktibatu eta eraginkortasunez gauzatzeko. NUPen kasuak, berriz, agerian uzten du instituzio propioa izatea, bere horretan, ez dela nahikoa euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko. Azkenik, EHUren kasuak erakusten digu euskararen instituzionalizaziorako baldintza formalak egon arren, hezkuntza-sistema kapitalista efizientzia- eta errentagarritasun-irizpideek baldintzatzen dutela. Logika horri jarraikiz, ikasketa-prozesua euskaraz bermatzea —oraindik hutsuneekin bada ere— ez da unibertsitateak aldez aurretik egindako kontzesioa izan, baizik eta ikasleen antolakuntzaren, presioaren eta borrokaren bidez lortutako konkista.
EUSKARA GAUR EGUN: GELDOTZE AROA
Gaur egungo hezkuntzako egoerara salto egiten badugu, argi dago ikasketa-prozesu osoa euskaraz egitea oraindik ez dela posible, ezta EAEn ere. Helburu horretara bidean kokatu daitezke hezkuntza-esparruan oraindik ere beharrezkoak diren hainbat eta hainbat borroka: EHUko hautazko irakasgaiak euskaraz egin ahal izatea; material akademikoa euskaratzea; NUPen graduen euskaratzea; Nafarroako eremu mistoan eta ez euskaldunean hezkuntza publikoan euskara txertatzea eta hizkuntzari ofizialtasuna aitortzea; Ipar Euskal Herriaren kasuan, euskararen ofizialtasuna aitortzea, hezkuntza publikoan euskara txertatzea eta unibertsitate propio bat eratzea, bertan graduak eskaini eta euskaraz egiteko aukera bermatuta egon dadin.
Gainera, hezkuntza-sistema kapitalaren behar berrietara egokitzen ari den testuinguruan, beste gatazka-esparru batzuk ere kontuan hartu behar dira: Lanbide Heziketa eta masterren esparruak alegia. Izan ere, geroz eta pisu handiagoa dute ikasketa-prozesuan, eta bertan euskaraz ikasteko aukerak oso murritzak dira. Dena den, gaur egun euskarak bizi duen egoera gainditzeko nahikoa izango al litzateke, hezkuntza-esparruari dagokionez, ikasketa-prozesua bere osotasunean euskaraz egiteko eskubidea bermatzea?
Galdera horri ezin zaio modu abstraktuan erantzun, eskubide horren lorpena zein baldintza politikotan eta zein gizarte harremanen baitan ematen den kontuan hartu gabe. Ildo horretan, euskaraz ikasteko aukera formalki bermatzeak ez du inplizituki euskararen transmisioa eta erabilera soziala bermatuko —irlanderaren kasua dugu horren adibide—.
Hezkuntza-esparruan gero eta ohikoagoa da euskararen trataera eduki curricular gisa agertzea, eta ez horrenbeste komunikaziorako edo harreman sozialerako hizkuntza gisa
Hain zuzen ere, hezkuntza-esparruan gero eta ohikoagoa da euskararen trataera eduki curricular gisa agertzea, eta ez horrenbeste komunikaziorako edo harreman sozialerako hizkuntza gisa. Testuinguru horretan, euskara balio akademiko eta profesionala duen kapital linguistiko moduan ulertzea zabaltzen ari da. Ulerkera horren arabera, haren balioa ez da erabilera sozialean oinarritzen, baizik eta ikasketa ibilbidean eta lan merkatuan aitortzen diren titulazio edo egiaztapen formaletan. Ondorioz, hizkuntzaren ikaskuntza gero eta izaera instrumentalagoa hartzen ari da eta hori euskararen despolitizazioaren erakusle argia da.