Berrogeita hamar solairuko eraikin batetik erortzen ari den gizon baten istorioa da. Airean doala, honako hau esaten dio bere buruari, lasaitzeko: orain arte dena ondo doa.
La Haine
Sarrera
Lan-erreforma bat ez da berriketarako kontua. Azken finean, hurrengo urteetan indarrean egongo den lan-arloko lege-markoa aldatzeaz ari gara. Egia da erreforma hori zehaztuz joango dela, eta aldaketak jasan ditzakeela, adibidez, Auzitegi Gorenaren epaien bidez, baina horrek ez du aldatzen oso gertaera garrantzitsua dugula aurrean.
Hala eta guztiz ere, lan-erreformak koiunturaren araberako araudiaren egokitzapen gisa ulertu beharko lirateke eta, zehazkiago, Kapitalaren premien arabera. Beraz, ezin da erreforma hau mugimendu independente gisa hartu, ezin baitira bere inplikazioak soilik BOEa irakurriz atzeman, baizik eta, frogatzen saiatuko naizenez, langile-klasearen bizi-baldintzen aurkako erasoaldi burgesaren erabateko logikaren zati bat da, hazkunde-tasa geldiei bultzada berri bat emateko asmoz; beraz, sakonera falta duela salatzea gainazalean geratzea da. Eraso horren barruan sartzen dira beste pieza batzuk, hala nola pentsioen erreforma edo erreforma fiskala (artikulu honetan ez dugu hori jorratuko). Azken batean, ez da nahikoa erreforma aztertzea; aitzitik, koiunturaren koadro orokorrarekin loturak ezarri behar dira, haren benetako inplikazioak, motibazioak eta funtzionaltasunak ulertu ahal izateko, askotan ezkutuan egoten baitira. Horra hor artikulu honen zergatia.
Lehenik, politika profesionalaren azpijokoak errepasatuko ditugu, erabaki batzuen zergatia ulertzeko. Ondoren, edukia interpretatzeko abiapuntu den koiuntura zein den azalduko dugu, eta, zehazki, erreformak Europako funtsekin eta Europako Batzordearen gomendioekin duen harremana. Azkenik, puntu garrantzitsuenetako batzuen azterketa teknikoagoa egingo dugu, zenbaterainoko garrantzia duten ikusi, eta erreforma honen ezaugarri politiko orokorrekin amaitzeko. Testuaren azken lerroetan, ondorio politiko batzuk emango dira.
Politika parlamentarioaren dantza
Denetarik esan da gure azken erreformaren harira: Yolanda Diazek1, garaipen doinuarekin, «lan duinaren aldeko eskubideak berreskuratzen dituen lan-arloko legeria berri» gisa ezaugarritzen zuen (bere hitz zehatzak: «nueva legislación laboral que recupera derechos en favor del trabajo decente2.»). Bere epigono neo-laboristen laudorioak ere ez ziren falta izan3; Daniel Bernabek zioenez, «2021eko lan-legeria berria joera aldaketa bat da, eta ez soilik 2012koarekin alderatuz, erreforma hitza kapitala-lana gatazka lehenengoaren alde desorekatzeko eufemismo bat besterik ez zen hamarkaden aldean ere bai»4.
Era berean, azken horrek erreformak sorrarazi duen eszeptizismoaren aurka egiten zuen, honako hau esanez: «Lan-erreforma hau ez da ezeren amaiera, kontratu sozial berri bat bilatzeko hasiera baizik». Eta noski, kontratu sozialaren gaia hobeto ulertzen da Yolandak beste elkarrizketa batean esandakoarekin, non erreforma win-win gisa interpretatzen zuen patronalarentzat eta langileentzat (posible al da horrelako zerbait?).5 Laburbilduz, badirudi Bigarren Mundu Gerra osteko urteetako ispiluan begiratu nahi dutela, pandemia berria gerra zaharra bailitzan, Gobernuaren planak Europa berreskuratzeko planekin parekatuz. Alabaina, Europako funtsak ez dira Marshall Plana, Mario del Rosalek zioen bezala6, eta egungo baldintza ekonomikoak ez dira itun sozial horretara itzultzeko modukoak; erretorika hutsa da.
Hain zuzen, patronal handia (CEOE) ados zegoen itun sozial bat bilatzeak ekarri dionarekin. Horregatik zioen CEOEko presidenteordeak «PPren 2012ko lan-erreforma %95ean mantentzen dela»7, eta Garamendi presidenteak «aurreko erreformaren funtsa ez dela ukitzen»8. Dena den, badirudi patronala ere ez dela guztiz homogeneoa; izan ere, Enpresa Txiki eta Ertainen Espainiako Konfederazioko (CEPYME) presidentea ez dago ados9, azpikontratazioan egindako aldaketek «enpresa txiki eta ertainak desagertzea» ekarriko luketelako.
Merezi du, halaber, inbestidura-blokean dauden tirabirak aipatzea, «historiako gobernu aurrerakoienak» zer jokabide izaten dituen ikusteko. Nahiz eta, badirudien bazkideek askotan barkatu dituztela jokabide horiek, komeni izan zaienaren arabera. Lehenik, 2019 amaieran, PSOEk eta Podemosek gobernu akordioa lortu zuten. 3. orrialdean10 honako hau irakur daiteke: «Lan-erreforma indargabetuko dugu. 2012ko lan-erreformak kendutako lan-eskubideak berreskuratuko ditugu». 2020ko maiatzaren 20an, PSOEk, EH Bilduk eta Podemosek Alarma Egoera luzatzeko akordioa iragarri zuten. Horretan, Bilduk operazio hori ez oztopatzeko konpromisoa hartu zuen. Halaber, 2012ko lan-erreforma «osorik» eta «ezohiko neurriak amaitu baino lehen» indargabetzeko konpromisoa jasotzen zuen klausula bat ere jaso zen11. Hala ere, sinatu eta ordu batzuetara, egun horretan bertan, PSOE atzera egin zuen; jada ez zuen lan-erreforma "osorik" indargabetuko12. Gogora dezagun Bernabe eta Diazek aipatzen zuten itun sozialaren gaia, azken batean patronala gehiegi ez molestatzea baitakar. Baina deklarazioen dantza eroak are perla gehiago utzi zituen; 2021eko urrian, Yolanda Diazek CCOOren kongresuan adierazi zuen «lan-erreforma indargabetu» egingo zuela «erresistentzia guztiak gorabehera»13, eta egun batzuk geroago azaldu zuen teknikoki ezinezkoa zela hori egitea14.
Eta, azkenean, iritsi gara garrantzitsuenera. 2021eko abenduaren 28an lan-erreforma lege-dekretu gisa aldarrikatu zen15. PP, VOX, C's, EAJ, ERC eta Bilduk kontra bozkatu zuten Diputatuen Kongresuan. ERC eta Bildu, gobernuaren bazkideak, (eta PP oposiziotik) haserre agertu ziren mugimendu horrekin, eta lege-proiektu gisa tramitatzea eskatu zuten, zuzenketak sartu ahal izateko. Gertaera horren ostean, Gobernuaren inbestidura-blokeak arrakala-zantzuak erakutsi zituen, hori bai, alarma-estatua luzatu ondoren, Estatuaren aurrekontuak aurrera atera ondoren16, argi eta garbi nahikoa ez den gizarte-ezkutu bat luzatzearen truke, eta bidean Europako funtsak ere babestuz eta sustatuz.17/18/19 Ez dezagun ahaztu ezezkoaren aurretik baiezko asko izan zirela.
Bien bitartean, 2021eko abenduaren 31n, erreformaren edukia argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta martxoaren 30era arteko epea eman zen enpresak horretara egokitzeko. Estatuko Aldizkari Ofizialaren argitalpenetik, Gobernuak 30 egun baliodun zituen parlamentuko taldeekin negoziatzeko. Talde horiek Kongresuko osoko bilkuran baliozkotzea bozkatuko zuten (edo ez), lege-dekretua indargabetu ez zedin.
Une horretan areagotu egin zen negoziazioen dantza, aldeko boto kopuru nahikoa lortzeko. Negoziazioak berotu egin ziren, eta irtenbide kontrajarriak espero ziren: alde batetik, aurrera jarraitzea Ciudadanosen babesarekin, zeinak ados baitzeuden lege-dekretuarekin, zegoen bezala20, eta, bestetik, gobernu-bazkideei kontzesioak egin behar izatea. 2022ko urtarrilaren 27an, ERCk, EH Bilduk, CUPek eta BNGk adierazpen bat sinatu zuten elkarrekin, «erreformaren eskubideak berreskuratzeko»21. Adierazpen horretan, euren eskaerak azaldu zituzten, pilota PSOEren teilatuan utzita. Gobernuko alderdia, ordea, ez zegoen amore emateko prest, kontuan hartuta, gainera, CEOEk «koma bakar bat ere ez aldatzeko»22 esaten jarraitzen zuela. Yolanda Diaz bera ere ordenara deitu behar izan zuen Sanchezek23, eskaini zitekeena baino gehiago ez hitzemateko. Denbora estutzen ari zen, ERC bandan ixten ari zen eta EAJri kontzesio bat egin zitzaion Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentziarekin24, aspalditik eskatzen ari zena. Ez zuen balio izan. Azkenik, otsailaren 3an, ostegunean, bozkatu zen Kongresuan. Eguna emozio askokoa izan zen, izan ere, onarpena boto margen oso estu baten mende zegoen. Erokeria hartan sustoak, alderdi diziplinaren hausturak eta «akatsak» izan ziren, eta aldeko 175 botorekin eta kontrako 174rekin amaitu zen25.
Erreforma eta Europar funtsen baldintzapekotasuna: malgutasun gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago?, modernizazioaren errelatoa
Gauzak horrela, zarata mediatikoa gorabehera, eta agenteen borondatea -edo borondaterik eza –, marra gorri batzuk daude, eta marra horiek zer den posible zehazten dute; lan-erreformari lotutako Bruselaren gomendioez eta Europar Funtsen baldintzapekotasunaz ari gara. Hau da, funtsen eskuragarritasuna bermatzeko beharrezkoa da26 erreformaren edukia Bruselan baliozkotu ziren ildo nagusiekin bat etortzea, eta lan-erreformarako ezarritako epeak betetzea27. Gerora aldaketa garrantzitsuak egiten badira edo epeak betetzen ez badira, diru-transferentziak ezeztatu ahal izango dira. Bestela esanda, Europako Batzordeak ahalmena du erreformak atzera botatzeko, nahiz eta aurretik oniritzia eman zaien. Horregatik, erreformaren eduki eskasa, batzuek dioten bezala, ezin da galdutako aukera huts gisa azaldu, hobetzeko tartea uzten zuen indar-korrelazioen ikuspegi batetik; aitzitik, ezbairik gabe, kontua Espainiako politikako agenteen interesetatik haratago doa.
Hain zuzen ere, hori da lan-erreformaren garrantzia ulertzeko beste gakoetako bat; izan ere, krisitik irteteak eta espainiar Kapitalaren posizionamenduak proiektatzen duten modernizazioaren28 kontakizunak, funtsen «txutea» dute ardatz; ondo dakite erabakitzen dena Espainiak nazioarteko lan-banaketan duen lekua dela. Horrela, «anfetamina» horiekin, Espainiar Estatuan Kapitalaren inbertsioa sustatu beharko litzateke, funtsean, Gobernuaren mugimenduek adierazten dute inbertsioa eta garapen kapitalistaren eredua bidera ditzaketela eta ekonomia suspertzeko irabaziak (kapitalistak) suspertu behar direla uste dutela, Brais Fernandezek29 azaldu duen bezala. Hori koherentea da Garamendiren (CEOE) adierazpenarekin: erreformarekin «irudi bikaina lortzen dute Europako erakundeen aurrean, baita atzerriko inbertsoreen aurrean ere»30. Irudi hori ezinbestekoa da, beraz, funtsak jasotzeko, eta horien bidez, atzerriko inbertsioak erakartzeko, horretarako lan-merkatu erakargarri bat aurkeztuz. Izan ere, horrela funtzionatzen du Kapital-inbertsioak; irabazi-tasa erakargarriak dauden lekuetan inbertitzen da, eta inbertsioak behar bezain errentagarriak ez diren lekuetatik kentzen dira.
Hala ere, behin «anfetaminen» eragina igarota, plana betetzea lortu ez bada, arazo larriak etorriko dira; zor handiagoa eta honi lotutako «zerga-finkapen» aringarria, hau da, austeritatea (eta dirudienez, multinazional batzuk atzera egiten ari dira beren inbertsio potentzialekin31). Beste gauza bat da ordurako Gobernuak bere ziklo politikoa agortu izana eta orduan egindakoak besteren batek kudeatu behar izatea. Denborak esango du
Orduan, zein dira gomendioak? Europako Batzordeak32/33 eta OCDEk34 lan-merkatuko malgutasunaren eta segurtasunaren arteko oreka gomendatzen dute. Gainera, behin eta berriz esaten da Espainiak zerbait egin behar zuela bere behin-behinekotasun tasa kronikoekin35. Baina kontuz, erronka horri aurre egiteko hainbat modu daude: jardunbide honekin ez da behin-behinekotasuna errealki deuseztatzen, baizik eta estatistikoki ezkutatzeko urratsak egin dira. Eta hori, zehazki, malgutasunaren funtzioetako bat da. Hau da, Espainiako Estatuaren kasuan, lan-erreforma honen bidez, malgutasuna handitzen da behin-behinekotasuna ezkutatzeko36. Geroago, zati teknikoagoan saiatuko naiz hori azaltzen.
Ildo horretatik, zain egon beharko dugu Gobernuaren, Motxila austriarraren37 ezarpenerako aukeraren aurrean, Ongizate Estatua desegiteko estrategiaren baitan. Arlo laboralean, ekimen honek kaleratzearen merkatzean sakondu lezake, berez dituen muga gutxi horiek ere deuseztatuz, behin-behinekoak finkoekin gero eta gehiago parekatuz; behin-behinekotasuna ezkutatzeko malgutasun handiagoa irabaziz, esan bezala. Eta horrek, gainera, merkatu-hobi bat emango die funts hori kudeatzen duten bankuei. Azkenik, nabarmentzekoa da Gizarte Segurantzaren logika hausten duela, prestazioak indibidualizatzen baititu.
Baina uler dezagun zer den malgutasuna. Employment Flexibility Index-en (2020)38 ezartzen da Espainia dela kontrataziorako zurruntasun handienetakoa duen herrialdeetako bat, aldi baterako kontratuei, haien iraupenari eta loturari buruzko legediaren ondorioz, faktore batzuk izendatzearren. Hala eta guztiz ere, adierazten da «araudiaren zurruntasun» hori ez dela eraginkorra izan behin-behinekotasuna deuseztatzerako orduan. Nolanahi ere, txostenean ondorioztatzen da malgutasuna beharrezkoa dela merkatuen aldaketen aurrean39. Aldi berean, beste txosten batek, «Doing Business»40 (2020) izenekoak, malgutasunaren ustezko onurei buruzko mantra batzuen berri ematen du: produktibitate handiagoa eta enplegu-tasa handiagoak. Orain hobeto uler dezakegu zergatik duen Bruselak obsesioa honekin! Nahiz eta, ikusten genuen bezala, EBk batzuetan bere gomendioak diskurtso publikoetan zehazten ditu, eta ez du beti «soilik» malgutasunaz hitz egiten, baizik eta «orekaz», ondo legoke ikerlan horietan nola definitzen den ikustea.
Orduan, nola lortzen da, Employment Flexibility Index delakoaren arabera, lortu beharko genukeen malgutasun hori? Har ditzagun adibide gisa indize horretan puntuaziorik onena lortu duten herrialdeak: legeak ez du zehazten iraupen mugatuko lan-kontratu baten gehienezko iraupena, ez dago gutxieneko soldatarik, ez da gaueko lanik, ordu estrarik eta egun librerik murrizten, ez da araudi zorrotzik, kosturik edo murrizketarik ezartzen kaleratzeen inguruan (sic!). Ez dago bitartekoei jakinarazteko betebeharrik langile bat edo langile-talde bat kaleratuko denean, eta kaleratzeak egiteko ez da beharrezkoa hauen oniritzia izatea (hemen sindikatuez ari gara). Legeak ez du enpresaburua behartzen langilea kaleratzearen aurretik berriz prestatzera, eta ez dago lehentasunezko legerik kaleratze-kasuetan. Egia da ezin ditugula azterketa horiek EBren bertsio ofizialtzat hartu, baina, agian, Think Tanks azterketa horien bidez nora goazen uler dezakegu.
Lan-erreformaren edukia
Lehenik eta behin, jakinarazi behar dut artikulua idazten ari nintzela, 2021eko urtarrilean, aldaketa batzuk izan direla41 BOEn argitaratutakoarekiko, alderdi politikoen arteko negoziazioak alde batera utzita. Antza denez, ez dira funtsezkoak, akatsak baitira, eta, beraz, ez dira kontuan hartu. Era berean, ditudan gaitasun mugatuak direla eta, abenduaren 28an BOEn argitaratu zenari erreparatu behar izan diot, eta tarte txikiagoa izan dut onartutako azken dokumentuko aldaketetan sartzeko.
Banan-banan komentatu beharrean, hainbat bloketan multzokatu ditugu aldaketak. Espazio eta irakurlearen erosotasun kontuengatik, alderdi txikienak alde batera utzi ditut, nire ustez erreformaren edukiaren interpretazio triunfalistak eta azaleko kritikak baieztatu edo gezurtatzeko pisurik handiena duten alderdietan zentratuz.
Behin-behinekotasuna
Hona hemen puntu nagusietako bat. Lan-erreformaren defendatzaileen arabera, erreformak behin-behinekotasunari dagokionez galga lanak egingo lituzke. Horren inguruan zergatik hitz egiten den ulertzeko, egokiena datuei erreparatzea da: Espainia da EBko behin-behinekotasunaren buru. Eurostat42-en egiten den konparazioan, 2021eko hirugarren hiruhilekoko datuen arabera, Espainiako Estatuko soldatapekoen %26,1 behin-behinekoa zen, erkidegoko batez bestekoa ( %14,3) baino dezente handiagoa. Baina, abokatu laboralisten arabera43, kontratu horien %90 inguru lege-iruzurrean daude! Ez da alde batera utz daitekeen kontu bat.
Hala ere, hori egoera sistemikoa denaren adierazle da. Adibide gisa, egia da Espainiako Estatuak mendekotasun handia duela urte-sasoiko jarduerekiko (turismoa44, ostalaritza45), baina horrek ez du justifikatzen kontratuen behin-behinekotasuna; izan ere, behin-behinekotasun hori tamaina ezberdinetako enpresa guztietan gertatzen da, eta, nola ez, askotan, lege-iruzurrean oinarrituta. Bestela esanda, pikarokeria eta pirateria eguneroko ogia dira. Hala ere, gogorarazi behar da gauza bat legedia dela eta beste bat Balioaren Legea, hau da, gizarte honetan benetan agintzen duen legea; enpresaburuen pirateria ez da kontu kontingentea; hau da, ez dago lotuta enpresaburuak hipotetikoki zurrunak eta diziplinatu europarrak izatea aipatu berri den pirateria horrekin, baizik eta lehia kapitalistaren gerran aurrera egiteko modua da, batez ere enpresa txiki eta ertainetan. Oroz gain, legezko nahiz legez kanpoko praktikak kunplitu beharreko bi bide dira balioa balorizatzeko inperatiboarekin.
Gainera, behin-behinekotasuna ez da betidanik egon, baizik eta denborarekin normalizatu dugun zerbait da; langabezia eta prekarietatea onartu diren bezala. Horrela, 80ko hamarkadan tasak EBko beste herrialde batzuen antzekoak ziren, baina 1984ko erreformaren ondorioz izugarri igo ziren. Ez ziren jaitsi 2008ko krisira arte, hori bai, enpleguaren suntsipenaren ondorioz. Sozialdemokrazia europarra, 90eko hamarkadan, 35 orduko lanaldiari, soldata sozialei, Enplegu Oso eta abarri buruzko pirueta-diskurtsiboetatik haien abandonura eta gainpopulazio erlatiboa onartzera46 igaro zen (hau da, ekoizpen-aparatuaren soberakina). Baina behin-behinekotasuna ez da kostuak aurreztea bakarrik, baizik eta erreserbako armada industrialaren dinamika bat ere bada, funtzionala zaiona soldatak beheruntz behartzeko, Rosa Luxemburg-ek47 azaltzen zuen bezala. Horregatik, soldata-dumpingaz gain, lan-indar guztia diziplinatzeko funtzioa ere badago.
Baina pasa gaitezen lan-erreforman jartzen duenera –eta jartzen ez duenera– (aurreratu dezakegu, egiten duena ez baita nahikoa behin-behinekotasuna mugatzeko). Ohar metodologiko gisa, ezin dugu ahaztu legeek elkarri eragiten diotela, eta, beraz, beti begiratu behar zaio koadro orokorrari; Gobernuak egiten duena, puntuak nabarmenduta bereizita, propaganda hutsa da, ondoren errealitatean betetzen ez dena. Gauza bat BOEa da, eta beste gauza bat lantokietan gertatzen dena.
Egia da handitu egiten direla lege-iruzurreko behin-behineko kontratuen gaineko zigorrak (10.000 €-raino), baina horrek ez du esan nahi zigor maximoa automatikoki aplikatuko denik. Era berean, lan-ikuskatzaileen kolektiboak denbora darama ohartarazten ez duela lege-iruzurrari modu eraginkorrean aurre egiteko baliabide nahikorik, nahiz eta algoritmo bat izan horrelako kasuak detektatzeko. Hala ere, zaila egiten da lege hau betearaztea.
Bestalde, lan egindako urteko 33 eguneko kalte-ordain lotsagarriak (gehienez 24 hileko soldatarekin) bere horretan jarraitzen du, PPren 2012ko erreformaren «lorpen» handienetako batekin (2012a baino lehen, PSOEren 2010eko erreformarekin, 45 egun/urteko ziren 42 hilabetera arte). PSOE eta PP urteek aurrera egin ahala jaisten joan diren zifrak dira. Emaitza?: urte horien aurretik kontratatutakoak kaleratzea garestia da oraindik, baina 2010eko eta 2012ko erreformen ondoren sartu dena kaleratzea merkea da. Horri bidegabeko kaleratzearen auzia gehitu behar zaio; enpresa batek kaleratzea «gaizki» egin dezake eta zehapen hori bere gain har dezake kalte-ordain gisa, baina kasu askotan horixe da bilatzen duena, operazioaren kostu-onurari dagokionez mesedegarri zaiolako. Are argiago uzteko; finkoen eta behin-behinekoen arteko aldea ez da hain handia de facto, bi kasuetan kaleratzea merkea baita. Arau honen edo beste baten idazketa baino gehiago, hura ez betetzeko disuasio eraginkorraren falta da.
Horri gehitu behar zaio tramitazio-soldatak ere ez direla berrezarri. Hori nahiko oharkabean igaro zen 2012ko erreforman (PP), nahiz eta 2002an greba orokorra eragin. Laburbilduz, enpresak osorik ordaindu behar zituen kaleratutako langileak jaso ez zituen soldatak, iraungitzea gauzatu zenetik eta kaleratzea epai judizial bidez bidegabe edo baliogabetzat jotzen zen arte. Horrela, 2012ko erreformarekin, enpresen arriskuak izugarri murrizten ziren; izan ere, kasu gehienetan, kaleratzeengatiko kalte-ordainak ordaintzera behartuko zituen epai bat jaso zezaketen, bazekitena langileari zegokiola!; aldiz, deuseztasuna lortzea, zailagoa zen. Gaur egun, tramitazio-soldatak salbuespenezko kasu batzuetarako baino ez dira erreserbatzen: bidegabeko kaleratze batean dauden langileen ordezkari baten kasuan, kaleratze baliogabe baten kasuan edo berriz ere laneratzekotan.
Hain zuzen, egiazta dezakegu behin-behinekotasuna ez dagoela kontratuaren mende bakarrik, kaleratzearen erraztasunaren mende baizik. Beraz, lan-indar prekarizatuaren kasuan, txandakakotasun handiarekin, benetako «lan-nomadak», lau txanponengatik hizketan ari gara. Gauza bera langile migratzaileekin, Atzerritarren Legeak eragiten baitie eta B mailan lan egiten baitute; kaleratzea ia doakoa zaie. Horri gehitu behar zaio bide judiziala luza daitekeela, eta prozesuek irauten duten bitartean ez dela diru-sarrerarik jasotzen; horregatik, askotan, langileek beherapen lotsagarriak onartu behar izaten dituzte enpresek berez zor dizkieten kalte-ordainetan, aurrera egin ahal izateko. Era berean, irakurle batek baino gehiagok FOGASA entzuna izango du noizbait; enpresak kaudimengabetzat jotzen duenean bere burua (askotan gertatzen da hori, Espainiako Estatuaren enpresa-kaudimengabeziaren tasa handiak dira eta), Estatuak kalte-ordainak ordainduko ditu.
Azken batean, zarata asko baina aldaketa gutxi. Aldatu den apurra (zigorrak) eta, batez ere, berrezarri ez dena (kalte-ordain handiagoak, tramitazio-soldatak) mahai gainean jarri ondoren, ondoriozta dezakegu lan-erreformak behin-behinekotasunaren arloan planteatzen duena ez dela inola ere nahikoa bertan disuasio-eragina izateko, lege-iruzurrari estuki lotuta baitago. Behin-behinekotasun horrek, gainera, erreserbako armada industrialaren soldata-dumping gisa jarduten du lanean daudenekiko.
Kontratu modalitateen sinplifikazioa
Gainera, kontratu-modalitateei dagokienez, Gobernuaren propagandak garaipen handiaren adibidetzat jartzen du kontratu guztiak mugagabeak aurresuposatzen direla orain (15. artikulua). Zinismoaren alardea da hori, legean jasota baitzegoen, 1980tik gutxienez, Langileen Estatutuan. Beste kontu bat da hori ez zela betetzen, zeren, azken finean, lan-legeria sarri paper erre izaten baita; antolatutako langileok gainean ez bagaude, legeak ez dira betetzen.
Lan-erreformak aldizkako kontratazio finkoa azpimarratzen du48, aldi baterako kontratazioen txandakatze handia duten enpresentzat modalitate egoki gisa. Batez ere, kontratu mota horri dagokion kasuistika zabaldu da. Hala ere, kontratazio-eredu horrekin lan egin duenak (ni neu, esaterako) badaki horrek langabeziara ziklikoki joatea dakarrela. Adi egon beharko dugu nola lotzen diren aldizkako kontratazio finkoak ETTekin (oximoron bat). Ondorioz, kontratatu gabeko aldietan, gure diru-sarrerak SEPEren mende daude, langabezimalgu horri esker. Itxurei eta erreserbako armada industrialari buruzko auzia berreskuratzen badugu, kontratazio mota honek ziklikoki kaleratutako langileak estatistikoki ezkutatzen laguntzen du, enplegatutzat hartzen baitira. Beraz, langabezia-tasak estatistikek jasotzen dutena baino handiagoak dira. Zergatik? Izan ere, langabezia-tasa altuek kapital-inbertsioak uxatzen baitituzte, eta horiek dira Gobernuaren berreskuratze-planaren funtsezko pieza; horregatik zaie garrantzitsua aldizkako kontratu finkoa.
Aldi baterako kontratuak bi kasutan mantentzen dira: ekoizpenaren inguruabarrak eta bitartekotasuna. Zehaztearren, bajak eta eszedentziak, edo lanaldi murriztuak, eta oporrak betetzeko nahiz eta Auzitegi Gorenaren 2012/06/12ko epaiak, besteak beste, oporrak aldi baterako kontrataziora jotzeko salbuespenezko zirkunstantzia ez zirela zehaztu.
Hala, erreformak produkzioaren zirkunstantziek eragindako kontratuak (iruzurrezkoak ere bai maiz) gehienez 6 hilabeteko iraupena izatea, ustekabeko zirkunstantziei erantzuten badiete eta, orain, egoerak aurreikusi daitezkeen kasuetan, 90 egun arte, modu ez jarraituan erabiltzea ezartzen du. Hau behin-behinekotasuna mugatzearen antitesia da! Are gehiago, kontratuen iraupena laburragoa izaten da, batez beste 80 egunekoa49. Beraz, muga hori alferrikakoa da. Ikusiko da nola erabiltzen den denbora-muga hori; izan ere, baliteke egunak banatzea, adibidez, 180 lanaldi-erditan, urtebetean zehar. Hau hipotesi bat besterik ez da, baina enpresen pikarokeriarentzat zulo bat ireki liteke. Azkenik, aldaera hori oporrak betetzeko erabili ahal izango da hemendik aurrera, eta hori ere oharkabean igaro da.
Obra-amaierako kontratua kendu egin da (salbuespen batzuekin eraikuntzaren sektorean), eta hori ere berrikuntza garrantzitsua da; izan ere, lege-iruzurraren foku garrantzitsua zen. Esaterako, 2019an sinatutako kontratuen %85 izan ziren50, zeina kopuru hori %40ra jaitsi zen 2021ean, pandemiaren ondorioz. Era berean, kontratu-mota horren bidez azpikontratatzeko aukera mugatzen da, eta hori beste puntu positibo bat da. Baina kontuz, jada epaitegietan aitortutakoa BOEn jartzea besterik ez da izan hau. Alegia, 2020ko abenduaren 29an, Auzitegi Gorenaren epai bat izan zen (1137/2020 doktrina bateratzeko Auzitegi Gorenaren epaia), zeinetan adierazi zen obra- eta zerbitzu-kontratuak ezin zirela kontrata bati lotu besterik gabe, zerbitzuak edo obrak azpikontratatzea enpresaren jarduera normalaren parte baita, horrela, lanpostu horiek egiturazkoak eta, beraz, mugagabeak izanik.
Enpresa nagusiaren (matriz-enpresaren) funtzio berdinak egiteko azpikontratazioa debekatzea planteatu zen, baina asmoa ezerezean geratu da. Aldaketa batzuk positiboak izan daitezke kasu horietan aplikatzen diren hitzarmenei dagokienez; izan ere, erreforma honekin, erreferentzia sektoreko hitzarmena izango da. Hala ere, azpikontratatutako enpresek hitzarmen propioa badute (42. artikulua, 6. puntua), enpresakoak51 lehentasuna du salbuespen batzuei dagokienez, Langileen Estatutuaren 84. artikuluak ezartzen duen bezala: lanaldiak, ordutegiak, oporrak, kontziliazioa, ordu estrak, etab.
Alabaina hori da gaiaren muina; soldata handiago bat (sektorekoa, aldiz) gainerako baldintzen bidez indargabetu daiteke (ordu estrak, txandakatzeak, gauekotasuna eta abar jaitsiz). Alde batetik ematen digutena bestetik kentzen digute.
Negoziazio kolektiboaren puntua da eztabaida gehien piztu duenetariko bat, eta ez da gutxiagorako; izan ere, autonomia-erkidegoan ordezkaritza duten baina Estatuko negoziazioetatik kanpo geratzen diren sindikatuen ekintzarako tartea handitzea zen jokoan zegoena, ordezkaritza-sistemaren ondorioz. Hori dela eta, “negoziazio kolektiboaren desestatalizazioaren” gaia ERC, Bildu, EAJ edo BNG bezalako indar politikoen borroka bide bihurtu zen, “estatuaren izaera plurinazionala” oinarri hartuta, Estatuan dauden “gehiengo sindikalen” berri emanez, Otegik zioen bezala52. Dirudienez, hitzarmen autonomikoek estatukoen aldean zuten lehentasuna erreformaren zirriborroetan jaso zen, baina azkenean ezabatu egin zen patronalaren aurrez aurreko oposizioaren ondorioz53.
Hala ere, gaiaren egoera erretorikoki aurkezten zena baino konplexuagoa da, bai alde batetik, bai bestetik54. Orduan, egia al da estatuko hitzarmenak nagusitzen direla autonomikoen gainetik? Gerta daiteke. Lehenik eta behin, estatuko hitzarmenek aplikatzeko lehentasun desberdinak ezar ditzakete; batzuetan autonomikoa gailentzen da eta beste batzuetan ez. Espainiako Estatuan, hitzarmen autonomiko gehienak eta estatukoak oso ezberdinak dira, eta Euskadin behintzat, sektore nagusiek ez dute hitzarmen autonomiko propiorik. Hala ere, horrek ez du esan nahi EH, Galizia edo Kataluniarentzat etorkizunean lan-hipotesi bat ez denik izango; eremu batzuk irabazteko aukera izango lukete, eta, jakina, beren eragina zabaltzearen aldeko apustua litzateke. Oraingoz, probintzia-55 eta enpresa-hitzarmenetan irabazten dute, baina ez beti (adibidez, Arabako metaleko hitzarmenik okerrena56).
Sektoreko hitzarmenek enpresakoen aldean duten lehentasunari dagokionez, erreformak lehenengoak aplikatzeko lehentasuna ezartzen du soldata-zenbatekoei dagokienez, baina ez gainerako baldintzetan (lanaldia, ordutegiak, ordu estren konpentsazioak eta beste baldintza batzuk). Praktikan, azpikontratekin bezala gertatzen da; soldata-hobekuntzak baldintzen bidez ezezta daitezke. Hori ikusteko, Espainiako Estatua batez ere ETEen eta mikroETEen herrialdea da, eta horrek esan nahi du enpresa horien antolaketa kolektiboa txikiagoa izaten dela. Ondorioz, elkarrizketa enpresaren eremura mugatzen denean, negoziazio-jarrerak ahulagoak izaten dira.
Azkenik, ultraaktibitatea; puntu hori positiboa da, nahiz eta 2012ko erreformarekiko «deskafeinatua» izan. Ultraaktibitatea berreskuratzeak esan nahi du hitzarmen kolektiboa 57iraungi zenetik urtebete igaro ondoren hitzarmenak indarrean jarraitzen duela. Dena dela, nahiz eta erreformako berririk onenetakoa izan, Auzitegi Gorenak kasu askotan hitzarmenean aurreikusitako baldintzak indargabetu egiten direla ulertu du, eta, horrela, beraz, langileek hitzarmena indarrean dagoeneko baldintzei soilik eusten diete. Gainera, 2016. eta 2021. urteen artean, sinatutako hitzarmenen %63,7 aurrez adostutako ultraaktibitatearekin sinatu ziren.
EREetatik58 hasita (LE 51. artikulua), kaleratze kolektiboak egiteko asko erabiltzen zirenak (duela gutxi, bankuen sektorea), Lan-Agintaritzaren59 baimena behar zuten, eta, horretarako, nahitaez Lan-Ikuskaritzaren txosten bat behar izaten zuten 2012ko lan-erreformara arte (PP). Erreforma horren ondoren, nahi bezain bestetan aplikatu ahal izango zen. Une horretatik aurrera, EREek pasatu behar zuten iragazki bakarra epaileena zen, kaleratzeak objektiboak ziren ala ez erabakitzeko, eta soilik norbaitek inpugnatzen bazituen. Lan-erreforma honetan, momenturen batean elementu horren berrikusketa mahai gaineratu bazen ere, zegoen bezala utzi da, CEOEren eta Europako Batzordearen bermearekin (markatu ezazue zeuen azalean: malgutasuna!). Bildu, ERC eta konpainiaren inbestidura azpiblokeek negoziazioaren 2. fasean berriz sartzeko eskatu zuten Lan Zuzendaritzaren ikuskaritzapean. Agian, horrela, bereziki neurrigabekoak diren ERE batzuk geldiarazi daitezke, eta hori positiboa litzateke, noski, baina Lan-Agintaritza beti gure alde egongo dela onartzea ilusioak egitea da.
Arazoa EREak aplikatzeko erraztasunean datza (galerak argudiatuz edo etorkizunean hala izango direla aurreikusten dela argudiatuz), eta horri aurre egiteko zailtasunean ere bai, hilabeteak edo urteak atzeratzen diren epaiekin, enpresa desegin daitekeen bitartean, eta, epaiak hala erabakiz gero, lanera itzultzea eragotziz. Ez dezagun ahaztu, gainera, ez dutela aurkakorik esan, baizik eta mota guztietako sindikatuak praktika horien konplize izan direla, eta negoziazio-fasean sinadura eman dutela, agian afiliatuentzat baldintza hobeak lortzearen truke, kaleratze-kopuru txikiagoa hitzartzearen truke edo ondorioak leuntzeko beste neurri batzuen truke. Behin baino gehiagotan esan den bezala, sindikatuen zeregina, gero eta gehiago, miseriaren kudeatzaile izatearena da.
Bestalde, aldi baterako enplegu-etendura (ERTE) handitu egiten da RED mekanismoarekin (47. bis artikulua). Hori da, nire ustez, punturik garrantzitsuenetako bat, eta, misterioz, oharkabean pasatzen dela dirudi, bai lan-erreformaren aurkakoentzat60, bai aldekoentzat. Testuinguruan jartzeko, ERTEak bolbora bezala hedatu ziren pandemiaren unerik txarrenetan, eta adostasun kritikoa sortu zuten. Egia da egoera konkretuetan aplikatzeko moduetan "eragozpen" batzuk jartzen direla, baina ez dira zalantzan jartzen termino absolutuetan, agian pandemiaren aurkako neurri positibotzat hartzen direlako, epe ertain-luzera benetan dakartenera sartu gabe. Kasu honetan, Lan-Agintaritzaren zeregina «enpresak alegatutako ezinbesteko kasuak» egiaztatzera mugatzen da (47. artikulua, 5. puntua), hau da, EREak tramitatzea baino errazagoa da. RED mekanismoak ERTEen irismen-gaitasuna zabaltzen du eta Ministroen Kontseilutik aktibatzen da (beraz, aktibazio politikoa da). Horrela, erreforma honekin aukera ematen da ERTEak salbuespenezko zerbait izatetik zerbait arrunta izatera pasatzeko, RED mekanismoaren bidez, ezinbestekotzat dauzkagun egoera zabalduz, adibidez «Osasun publikoa»61 aipatuz (irakur: pandemiak).
Aitortu behar da aldaketa batzuk daudela; metatutako langabezia ez da galtzen, eta soldatari dagokionez, %70 jasotzen da, baina Estatuak ordaintzen jarraitzen du. Bien bitartean, enpresei etendako langileen Gizarte Segurantzaren zati bat ordaintzea geratzen zaie, eta hori nahiko merkea da. Gainera, RED mekanismoak bi modalitate ditu: ziklikoa (koiuntura makroekonomikoarekin lotutakoa) eta sektoriala (sektore batzuetan aldaketa iraunkorrak hautematen direnean). Sektorialen kasuan, enpresek beste lanpostu bat bilatzeko plan bat aurkeztu beharko dute. Baina, batez ere, azken modalitate hori jotzen du Santiago Lupek62 «etorkizuneko birmoldaketen aldamio juridikotzat». Baina... Birmoldaketak aurreikusten al dira? Noski! Zertarako ziren Europar Funtsak bestela?; digitalizazioa eta trantsizio ekologikoa.
Ondorioz, enpresen barne-malgutasuna ERTEen bidez sakontzea benetako Juggernaut bat da langile finkoen baldintzen aurka: krisialdiko eta eskariaren fluktuazio testuinguru batean, oso funtzionalak dira soldatapeko langileak hanka bat barruan (beharrezko direnean) eta bestea kanpoan (lan-karga dagoenean) dutela mantentzeko, finkoak de facto aldi baterako bihurtzen direlarik (malgutasun bedeinkatua!). Era berean, enpresek une jakin batzuetan aurreztu egiten dute, soldatak Estatuak ordaintzen baititu. Gogora dezagun zor handia duen Estatu bat dela (BPGren %122,28a63), eta, beraz, Egonkortasun eta Hazkunde Plana berraktibatzen denean, BPGarekiko zorraren %60ko muga ezartzea suposatuko du: austeritate-politikak. Baina, gainera, langileak diziplinatzeko eta banatzeko mekanismo bat dira, kulturalki prestatzen gaituena, aldizkako kontratu finkoak bezala, prestazioak eta zerbitzuak (pobreentzat) gero eta garrantzitsuagoak diren soldata-eredu baterako, zuzeneko soldataren kaltetan. Hori da Nafarroako Volkswagenen64 edo Gasteizko Mercedesen65 gertatzen ari dena.
Kontsiderazio politikoak
Honezkero, lan-erreforma honek balorazio negatiboak jaso ditu, kasu gehienetan bere azalekotasuna eta, hasieran aurkeztu zenaren kontrara, 2012ko PPren erreforma «indargabetzeko» gutxiegitasuna azpimarratuz. Eta arrazoia dute, helburua hori bazen, huts egiten du miserableki, aurrekoen eduki kaltegarriak zorrozten eta finkatzen baititu; ez da horrenbeste ezaugarri horiek bere horretan okertzea. Hala ere, horren ondorioz, are zailagoa izango da orain arte lege bidez hitzartutakoa urratzea. Puntu txikiago batzuk aldatuak izan daitezke, eta, hobekuntzak ere izan daitezke (ultraaktibitatea, sektoreko hitzarmenaren lehentasuna subkontraten kasuan), baina, adierazi dugun bezala, kasu askotan, epaitegiek aldez aurretik abalatutako edo jada betetzen ziren kontuak jarri dira BOEn. Zalantzarik gabe, patronalaren pikarokeriak, giza baliabideetako sailekin eta aholkularitzekin batera, alderdi positibo horien zirrikituak bilatuko dituela, beti ari baitira eraberritzen prekarietateari dagokionez. Patronala, «galtzeko» prest zegoena arte utzi da, hori bai, horrek ematen zion denbora-abantaila zukutu ondoren. Hona hemen erreformaren azterketa «juridikoa».
Gainera, aurreko bi lan-erreformak indargabetzea planteatzen den arren (2012 eta 2010, PP eta PSOE, hurrenez hurren), badirudi ez dela zalantzan jartzen Langileen Estatutuaren lan-esparrua bera. Hori Moncloako Itunen emaitza da, garai hartako helburuei erantzunez: bereziki gatazkatsua zen langile-mugimendu bat otzantzea eta Espainiako kapitala Europako bloke politiko-ekonomikoaren estandarren arabera modernizatzea. Baliteke egun ez egotea langile-mugimendu indartsu hori, baina bigarren helburua proposamen berrietan nabarmentzen da, eta, beraz, ez da harritzekoa itun sozialak berriro aipatzea.
Alabaina, goian azaldutako kritikak ez du azaletik haratago begiratu; ez da azalekotik haratago joan, eta, hala eta guztiz ere, ez da kritika erradikala. Aldiz, lan-erreforma langile-klasearen bizi-baldintzen aurkako erabateko ofentsiba gisa ulertuta, zatiak beste zentzu bat hartzen hasten dira. Hain zuzen ere, aldi baterako lan-erregulazioak (galerak sozializatzea, etekinak pribatizatzea) eta aldizkako lan-kontratu finkoak (aldi baterakoak finko gisa aurkeztea) bi modu posible dira estatistikoki behin-behinekotasuna malgutasunaren pean ezkutatzeko, bai Europako Batzordeak eskatzen duena betetzeari begira, bai atzerriko kapitalaren inbertsio desiratuei begira. Azken horiek, langabezia-tasa handiekiko mesfidati izan ohi dira. Horrek, kaleratzearen erraztasunarekin batera, denok behin-behinekoak izatea ekar lezake, baita finkoak ere. Horrela, baliteke erreforma berregituraketei dagokionez datorrenaren eremua taxutzen aritzea; Europako funtsak trantsizio ekologikorako, eraldaketa digitalerako eta, azken batean, produkzio-aparatuaren egokitzapenerako.
Nire ustez, erasoaldia hainbat unetan gerta liteke: epe laburrean, erreforma-paketeak (lan, pentsio, zerga). Horiek gure bizi-baldintzen aurkako erasoa dira, berehalako helburu desberdinekin: langile-klasearen aurrezkiei kolpe egitea inflazioaren bidez (lan-errentak Kapitalera aldatzea), etekinak handitzea eta soldatei eusteko politikak ezartzea inflazioa soldatetara jauzi ez dadin, burgesiari ematen dion denbora-abantaila bertan behera utziz. Epe labur-ertainean, aurrekoari eta Europako funtsen bultzadari esker, kapital-inbertsioak suspertzen saiatzea, irabazi-tasak altxatzeko itxaropenarekin. Eta, aurrekoaren ondorioz, epe ertain-luzera, «soldata-sistema berri» baterantz jotzea, gainpopulazio erlatiboaren geruza zabal bat ezaugarri duena, ekoizpen-aparatu soberakoa modu kronikoan duena, non zuzeneko soldatak (lana) garrantzia galtzen duen, zeharkako diru-sarrerena (prestazioak, DSBE, balizko miseriazko errenta unibertsalak) eta doako zerbitzuena (beti pobreentzat) igotzen den bitartean. Horregatik, «soldata-sistema» horri bere konplexutasunean erantzun beharko zaio, baina hori ez da artikuluaren gaia. Hori bai, funtsen eragina igarota (urte gutxi batzuk), Espainiako Kapitala ez bada birkokatu, zerga-doikuntzak etorriko dira: murrizketak eta austeritatea. Orain arte «dena ondo doa». Oraindik ez dugu lurra jo.
Ikusitakoak ikusita, gehiegikeria neoliberaletan zentratzen diren kritikak itsu dira muturren aurrean gertatzen diren aldaketen aurrean; Estatua ez da desagertzen, alderantziz! Garrantzia irabazten du, baina funtzio politiko desberdinekin. Erabakiak hartzeko zentroa izan beharrean, eta Ongizate Estatua ahalbidetu zuen oinarri ekonomikoa pixkanaka desegiten ari den honetan, miseriaren asistentzia sozialaren, errepresioaren eta kapitalaren asistentziaren (inbertsioak, azpiegitura, erreskateak) kudeatzaile bihurtzen da, besteak beste. Testuinguru horretan, ezkerrak kudeatzaile trebea izateko gaitasuna erakutsi du; baztertu dituen guztiak gorabehera, Yolanda Diazek jakin izan du erreforma Itun Sozialaren mahaitik eramaten (Gobernua, sindikatu adierazgarrienak eta CEOE), aurreko PPren erreforma ez bezala, aldebakarrekoa izan baitzen. Beraz, Ongizate Estatua likidatzea ez da «kolore» kontua; kapitalismoaren egiturazko beharrei erantzuten die, desagerpen hori alderdi batek ala besteak kudeatu. PSOE (ezkerraren babesarekin) proletalgoari eraso egiteko bide soziala da, baina azken finean, ez dio eraso izateari uzten. Hori ere ez da berrikuntza historikoa, 80ko hamarkadan bizi izan zen industria-birmoldaketarekin66.
Gehiengoaren sindikalismoari dagokionez, CCOO eta UGT ez dira gogaitu negoziazioetara indar handiagoko posizio batekin iristeko. Aitzitik, badirudi ziurtzat jo dutela Gobernuak lan guztia «ondo» egingo zuela; dagoeneko ez dira ahalegintzen euren erabilgarritasuna antzezten ere. Horren ordez, beren «indar sindikalen korrelazioa» kudeatzen dute, joerazko gainbeheran jarraitzen duten bitartean. «Ez da panazea, baina lehen urratsa da», «One step at a time» logika da belaunaldiz belaunaldi eragin-eremua galtzera eraman gaituena. Azken finean, porrotaren logika besterik ez zen pragmatismoz eta «pixkanaka irabazteaz» mozorrotzen zena. Horri dagokionez, Rosa Luxemburgok eman zigun lezioa67 garrantzitsua da: «Oportunismoa (...) bi modutan gal daitekeen joko politikoa da: batetik, oinarrizko printzipioak galtzeaz gain, ustezko arrakasta praktikoa ere gal daiteke.»68. Helburuen anbizio eskasak, nahitaez, asmo gutxiko emaitzetarako tartea uzten du.
Lan-erreformari emandako erantzun kritikoari dagokionez, ez dira berriro ikusi 2012ko mobilizazio-ziklo eta greba orokor masiboak, nahiz eta edukia antzekoa izan.
Euskal Herrian, zehazki, greba orokorra baztertu zen, LAB eta ELA ez baitziren ados jarri polemiken artean697071, dinamika bateratuak manifestazio batera eta lantokietako mobilizazio batzuetara murriztuz72. Egia da abenduaren 28ra arte ez genuela legearen edukia erabat ezagutzen, baina a posteriori emandako erantzuna baino ez da, negoziazioak oso berandu arte baldintzatzen saiatu ez dena, nahiz eta «borrokarako grina» handiagoa eta gaitasun handiagoa izan. Agian zerbait ihes egiten ari zaigu, zaila delako azaltzea aurreko erreformarekin alderatuta izan den jarrera aldaketa. Gaitasuna badago, zergatik ez da benetan erabili? Parlamentuko jardunaz gain, bide «sindikalean» indar gehiago jarri behar al zen, LABeko ahots batzuek a posteriori adierazten zuten bezala73? Edozein kasutan, erreforma onartuta dago.
Agian, atzealdera zergatik mugitu diren azaltzeko, adierazi behar da sindikalismo «kritikoa» atxikita dagoen parlamentuko apustuek mugatzen dutela maiz. Sindikatuari dagokio nahigabea eta bide parlamentarioak sortzen dituen kontraesanak kudeatzea, azkenean alderdi instituzionalak erabakitzen badu ere. Izan ere, ez luke zentzurik izango alor sindikalean gehiegi aurreratzeak, parlamentuko ezetza oraindik erabakita ez bazegoen; azken finean, kalkulu eta aliantza politikoen kontua da, eta ezin dira edozein modutan arriskuan jarri. Baina kontuz, «kalea» eta instituzioak ez daude elkarren aurka, logika komun batean osatzen dira.
Are gehiago, erreformak lortzeko Espainiako esparrua nahikoa ez zela adierazi nahi zuen estrategia bat bazen, nahasgarria da Gobernua babesten jarraitzea. Bestalde, ez da koherentea «erreformari ez» esatea Europako funtsen alde egiten bada, lehenengoa bigarrenerako baldintza izanik. Gauzak horrela, ERCk, EH Bilduk, EAJk eta abarrek ez dituzte eskuak zikindu behar izan herritarrentzat gustukoa ez zen erreforma batekin. Berriro diot: baiezko asko egon dira ezezkoaren aurretik: Alarma Estatua luzatzea, Estatuko aurrekontuak eta, bereziki, Europako funtsak.
Eta honek guztiak indar korrelazio ospetsuen eztabaida ekarri du hizpidera, eta ahal denaren politika74. Gure herri txikiari dagokionez, egia da indar sindikalen korrelazio hobea dagoela, eta agian Legebiltzarrean ere bai. Horregatik planteatzen dira Lan Harremanen Euskal Esparrua bezalako proiektuak, baldintza hobeak lor litezkeela argudiatuz. Lehenik eta behin, hori premia hutseko gai baten ondorio da; EHn indar korrelazio hobea lor daiteke, baina Espainiako esparru handian, euskal gehiengo sindikalak ez du ezer askorik lortzeko, horrela, beren botere sindikala gauzatzeko lekua bilatu behar dute. Hala ere, indar korrelazioa benetan den bezala aurkeztu behar da, beraz, premisa horretatik, zenbateraino jar liteke zalantzan integrazio europarraren esparru politikoa eta horren atzean dagoen Europako Kapital Handia? Izan ere, ez dira gauza bera barne-indarren korrelazioa (lurralde batean; Espainia vs EH) eta kanpo-korrelazioa (Lana vs Kapitala).
Bigarrenik, ulertu behar da proiektu hori estrategia zabalago baten irudikapen taktikoa dela, berehalakoa; Berdinen Errepublika, Euskal Ongizate Estatua. Horretarako, gizarte-itun propioa behar da, eta, beraz, burgesiaren zatiren baten babesa. Eta, nola ez, badirudi ez duela horretarako interesik, eroso baitago dagoen bezalaxe. Era berean, gure balizko Euskal Lan Harremanen Esparruak Europako «gomendioak» desobedituko balitu, «Euskal oasiaren» Ongizate Estatua posible egingo lukeen oinarri ekonomikoa laminatzea ekarriko luke. Ez aipatzearren, Kapitala gero eta gehiago kontzentratzen ari dela, multinazionalen aurkako bide sindikalari negoziatzeko gaitasuna eta eraginkortasuna kenduz, nolabait deslokalizazioak, berregituraketak eta abarrak ere kontuan hartuta. Erreformaren bide nazionalak ez du ibilbiderik: Espainia ez da erreformatu ezina, kapitalismoa halakoa da. Horregatik da premiazkoa Alderdi Komunisten Internazionala antolatzea, eta horretarako, proletalgoa independentzia politikotik abiatuta antolatu behar da, gero eta eskala handiagoan.
Izan ere, uneoro aipatzen ari zena erreformek gaur egungo konfigurazio kapitalistan zuten papera zen, erreformen marjina gero eta txikiagoa den egoera batean. Horregatik ezin diegu erreformei daukatena baino garrantzia gehiago eman, alferrikako ahaleginak eginez. Horregatik, gero eta gehiago, erreformarik gabeko erreformak ikusiko ditugu, lan-erreforma honen kasuan bezalaxe. Baina hau ez da porrotaren kantua, kontrakoa baizik. Sozialismoaren beharra dugu, bizitzea merezi duten bizi-baldintza unibertsaletarako berme bakar gisa. Gure ekarpena oso apala da, itxaropena berreskuratzeko galdera egokiak egiten hasi behar da, nahiz eta batzuetan min egiten duen. Mario Trontik esan zuen bezala: «Hobe da aldi baterako garaitua zarela onartzea, horrela ez jarraitzea bada asmoa»75. Proposatzen dugun bidea, Kapitalaren Botereari aurre egingo dion Alderdi Komunisten Internazionala eraikitzea, bide zaila, desatsegina eta oso luzea da, baina ez dago balio duen lasterbiderik; hasieraren hasiera besterik ez da.
SAKONTZEKO
Zerbitzu anitzeko enpresei eta ABLEei buruz:
Euskal Errepublika Berdinaren aukera ezintasunari buruz: Daniel Askunze «Burujabetza aldaketa sozialerako: bide nazionala erreformari»
2 «decent wages» laborismo ingelesean zabaldutako terminoa da. Beharbada itzulpen okerra da, ingeleseko «decent» hori «ona»-ren baliokide baita, eta «decente» horrek «nahikoa» adieraren antza handiagoa du.
3 https://theobjective.com/espana/2021-12-10/yolanda-diaz-nuevo-laborismo/
4
https://www.infolibre.es/opinion/columnas/mala-hierba/reformar-trabajo-reformar-frustracion_1_1216169.html
5 https://elpais.com/economia/2022-01-02/yolanda-diaz-quien-haga-fracasar-la-reforma-tendra-que-explicarselo-a-los-trabajadores.htm
6 https://www.google.com/search?q=mario+del+rosal+marshall&rlz=1C1VDKB_esES974ES974&oq=mario+del+rosal+marshall&aqs=chrome..69i57.4584j0j7&sourceid=chrome&ie=UTF-8
7 https://www.europapress.es/economia/laboral-00346/noticia-amor-ata-afirma-puede-extranar-rechazo-pp-reforma-mantiene-95-normativa-20211229135526.html
8 https://www.diariosur.es/economia/antonio-garamendi-sacar-20211226000628-ntvo.html
9 https://www.ondacero.es/programas/mas-de-uno/audios-podcast/entrevistas/empresarios-reforma-laboral-acuerdo-puesto-mesa-gobierno-comunista-hemos-firmado-responsablidad_2022012561efb10b9890160001c58761.html
10 https://podemos.info/wp-content/uploads/2019/12/coalicion-progresista-un-nuevo-acuerdo-para-espan%CC%83a.pdf
11 " Akordio hau sinatzen duten indar politikoek 2012ko lan-erreforma osorik indargabetzeko konpromisoa hartu dute." https://twitter.com/naiz_info/status/1263177124858527745
12 https://elpais.com/economia/2020-05-21/el-psoe-rectifica-el-pacto-con-bildu-y-no-derogara-integramente-la-reforma-laboral.html
13 https://elpais.com/espana/2021-10-23/el-gobierno-de-coalicion-cruje-por-su-lado-mas-sensible-la-politica-economica-y-la-reforma-laboral.html
14 https://www.lasexta.com/programas/el-objetivo/noticias/yolanda-diaz-confirma-que-tecnicamente-reforma-laboral-puede-derogar-cosa-fetiche-politico-otra-que-vamos-hacer_20211103618306bbab3d3d0001ccee3d.html
15 Gobernuak lege-dekretu bat onar dezake Ministroen Kontseiluan, premiazko kasuetan. Hala ere, indargabetu ez dadin, gehienez 30 egun daude Kongresuan bozkatzeko, Konstituzioaren 86.1 artikuluaren arabera. Botere-banaketaren printzipioaren salbuespena da, arauak organo legegileak onartzen dituelako, eta ez botere betearazleak, lege-dekretu baten kasuan bezala.
16 https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20211122/eh-bildu-anuncia-que-votara-a-favor-de-los-pge-tras-la-negociacion
17 https://www.cronicavasca.com/politica/bildu-exigira-llegada-fondos-europeos-euskadi-respaldar-presupuesto-sanchez_544635_102.html
18 https://www.europapress.es/euskadi/noticia-eh-bildu-propone-pnv-defender-juntos-madrid-proyectos-aspiran-ser-beneficiarios-fondos-europeos-20210310154044.html
19 https://erria.eus/es/sinadurak/fondos-europeos-como-marco-de-lucha-estrategia-tactica-y-praxis-politica
20 Ez da harritzekoa, PSOErekiko itunaren espirituak jarraitzen baitzuen, azkenean izan ez zena.
https://www.elsaltodiario.com/reforma-laboral/reforma-laboral-de-yolanda-diaz-o-psoe-y-ciudadanos
21 https://www.economiadigital.es/wp-content/uploads/2022/01/Declaracion-conjunta-Reforma-laboral.pdf
23 https://www.elconfidencial.com/espana/2022-01-19/sanchez-desaprueba-negociacion-diaz-reforma-laboral_3360808/
24 https://www.eitb.eus/es/noticias/politica/detalle/8613812/el-gobierno-de-espana-confirma-que-imv-se-transferira-a-euskadi-de-forma-integra/
25 https://www.europapress.es/economia/laboral-00346/noticia-gobierno-salva-voto-reforma-laboral-ciudadanos-pdecat-upn-frente-rechazo-erc-pnv-bildu-20220203183516.html
26 https://www.lainformacion.com/economia-negocios-y-finanzas/gobierno-fondos-europeos-reformas/2854266/
27 Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 araudiak, 2021eko otsailaren 12koak, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duenak, 24. artikuluan ("finantza-kontribuzioei eta maileguei buruzko ordainketei, eteteari eta akordioen suntsiarazpenari buruzko arauak") ezartzen du Batzordeak ordainketak etengo dituela estatu kide batek aurretik betetako mugarri eta helburuekin lotutako neurriak baliogabetzen dituela egiaztatzen badu.
28 Alberto Garzon: “Modernizazioa gure produkzio-sistema dibertsifikatzea eta konplexutzea helburu duen industria-politikako estrategia gisa defini dezakegu. Jauzi kualitatibo horren helburua Europa iparraldeko herrialdeekiko (…) egiturazko desberdintasunak murriztea da (…). “hemen eztabaidatzen ari garena Espainiak eta, neurri batean, Europar Batasunak lanaren nazioarteko banaketa berrian duten lekua da. https://www.eldiario.es/opinion/tribuna-abierta/modernizacion-espana-enemigos_129_6295329.html
31 Atzera botatzen ari diren inbertsioak: https://www.abc.es/economia/abci-paralisis-sanchez-fondos-europeos-ahuyenta-espana-multinacionales-202201251958_noticia.html
32 https://elpais.com/economia/2021-03-31/bruselas-exige-a-espana-una-reforma-laboral-integral-y-ambiciosa.html
33 https://elpais.com/economia/2021-06-19/bruselas-advierte-de-que-la-reforma-laboral-debe-respetar-la-flexibilidad-de-las-empresas.html
34 https://www.20minutos.es/noticia/4711872/0/informe-ocde-crisis-economica-superacion-crisis-medidas/
35 Eurostaten konparazioan, 2020ko laugarren hiruhilekoko datuekin, Espainian soldatapekoen %24,7 behin-behinekoa zen, Erkidegoko batez bestekoa ( %13,5) baino hamar puntu gehiago.
36 https://www.infolibre.es/politica/casado-ignora-recomendaciones-bruselas-reducir-temporalidad-laboral-apuesta-flexibilidad_1_1212276.html
37 “2030eko helburuak eta Aldaketaren Agendako neurriak”. 64. orrialdea, 12. puntua. Ez da agertzen Motxila austriar gisa, baina kaleratze- eta erretiro-kostuak jasango dituen banakako kapitalizazio-funtsaren ideiarekin bat dator. https://www.mineco.gob.es/stfls/mineco/ministerio/ficheros/190208_agenda_del_cambio.pdf
39 “The need for flexibility in employment relations is growing because of objective reasons in the labor market”
44 Garrantzitsua den arren, BPGan duen garrantziaren arabera neurtuta, turismoa COVIDarekin erori edo amildu den sektorea da. Esaterako, 2019tik ia 7 puntu eta 2021eko BPGaren %5,5 jaitsita. https://www.ine.es/dyngs/INEbase/es/operacion.htm?c=estadistica_C&cid=1254736169169&menu=ultiDatos&idp=1254735576863
46 Jakina, ezinezkoa da kapitalismoan langabeziarekin amaitzea, kapitalismoak berezko baitu.
47 Rosa Luxemburgo- Introducción a la Economía Política, «la ley del salario» kapitulua, «formación del ejército de reserva» atala.
48 16. artikulua. Aldizkako kontratazio finkoa. https://www.boe.es/buscar/act.php?id=BOE-A-2021-21788
49 CCOO- «Informe de Costes económicos y sociales de inestabilidad de empleo y las reformas laborales de 2010 y 2012»
50 https://www.grupo2000.es/los-contratos-por-obra-o-servicio-se-eliminaran-en-3-anos/
51 Dirudienez gertatzen ari den jokaera da administrazio-langile bat langile gisa jartzea, ordezkari sindikal telegidatu gisa aurkeztea eta oso hitzarmen kaxkar bat «hitzartzea», gero administrazioko jatorrizko lanpostura itzultzeko.
53 https://www.lainformacion.com/economia-negocios-y-finanzas/ceoe-impone-socios-sanchez-prioridad-convenio-estatal/2856349/?utm_source=twitter.com&utm_medium=socialshare&utm_campaign=desktop
54 Unai Sordo (CCOO) gaiari buruz: https://www.elconfidencial.com/economia/2022-01-20/sordo-defiende-negociacion-colectiva-no-cambiara-convenio-autonomico_3361276/
55 https://www.elconfidencial.com/economia/2022-01-31/patronal-vizcaina-reforma-laboral-pnv_3367256/
56 https://www.cronicavasca.com/noticiasdealava/patronal-intentara-en-septiembre-incorporar-alava-acuerdos-sector-metal-vasco_524037_102.html
57 https://ignasibeltran.com/2022/01/11/nueva-reforma-laboral-2021-rdley-32-2021-valoraciones-criticas-sobre-su-impacto-en-la-negociacion-colectiva-prioridad-aplicativa-y-ultraactividad/
58 Enplegu Erregulazioko Espedienteak: egoera ekonomiko txarrean dagoen enpresa batek langileak eteteko edo kaleratzeko baimena lortzeko prozedura. Izapidetzeak: kontsulten fasea (negoziazioak) eta ebazpen-fasea (lege-baldintzak betetzen badira).
59 Erkidegoka izen ezberdina har deazke. Batzuetan Lan-Zuzendaritza
60 «ERC, EH Bildu, CUP eta BNGren adierazpen bateratua, erreformaren eskubideak berreskuratzeko» 2022ko urtarrilaren 27koa. https://www.economiadigital.es/wp-content/uploads/2022/01/Declaracion-conjunta-Reforma-laboral.pdf
61 47. artikulua, 6. puntua.
62 https://www.izquierdadiario.es/La-reforma-laboral-hoja-de-ruta-para-una-nueva-reconversion-216383
66 https://gedar.eus/ikuspuntua/adamradomski/datozen-lan-erreformak
67 Rosa Luxemburg- “El oportunismo y el arte de lo posible”
https://www.marxists.org/espanol/luxem/1898/9/opor.htm
68 Itzulpen propioa
69 https://www.ela.eus/es/noticias/mitxel-lakuntza-no-entendemos-como-cuando-toca-aumentar-la-presion-a-eh-bildu-y-pnv-en-madrid-lab-renuncia-a-una-convocatoria-de-huelga-general
70 https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20211207/lab-descarta-la-huelga-general-y-se-centrara-en-un-nuevo-ciclo-de-lucha
72 https://www.europapress.es/euskadi/noticia-ela-lab-esk-steilas-etxalde-hiru-llaman-movilizarse-manana-contra-reforma-laboral-centros-trabajo-20220201130720.html
74 Pablo Iglesiasek onartzen zuen «lo más lejos que se podía llegar». https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220110/pablo-iglesias-cree-que-el-pacto-sobre-la-reforma-laboral-es-lo-mas-lejos-que-se-podia-llegar#
75 Itzulpen propioa