AKTUALITATEA / Maiatzaren lehena
Maiatzaren Lehenean, gerra inperialistaren aurka hartuko ditu Iruñeko kaleak EHKSk
NATOren eta sionismoaren aurkako aldarriak plazaratuko dituzte, "munduko langileriari gerra" egiten diotela salatzeko. 12:30ean abiatuko da mobilizazioa Zezen Plazatik, eta Foruen Plazaraino gurutzatuko du hiriburuko erdialdea.
2026eko apirilaren 29 - 11:21
Maiatzaren Lehenean, gerra inperialistaren aurka hartuko ditu Iruñeko kaleak EHKSk

Agerraldia egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) ostiral honetako manifestazioa abiatuko den tokitik. Garazi Navarro eledunak adierazi du gerra inperialistaren aurka mobilizatuko direla Langileon Nazioarteko Egunean, Maiatzaren Lehenean: "NATOri, Europar Batasunari eta sionismoari ezetz esango diegu milaka manifestarik". Horrekin batera, "langile-klasea nazioarteko indar bilakatzeko premia" azpimarratuko dute.

Aipatutako erakundeak munduko langileriaren aurka gerra egiten ari direla baieztatu du Navarrok, lehenik eta behin, "herri langileen aurka egiten ari diren sarraski eta basakeria guztiez" ohartaraziz eta adibide modura aipatuz Palestinako, Libanoko eta Irango egoera. Bestalde, baina, "langile-klasearen aurkako gerra ekonomikoa" ere nabarmendu du EHKSk, erregaien prezioen gorakadak larriagotutako "bizitzaren garestitzea" eta han-hemenka hazten ari diren inbertsio militarrak gogora ekarriz. "Langile-klasearentzako diren zerbitzuak murrizten dituzte haien gerrarekin negozioa egiteko", gaineratu du.

Sozialdemokraziaren gezurrak

Horri guztiari aurre egiteko, etorkizuna sozialdemokraziaren esku uztea ez da irtenbide bat, Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak azaldu duenez. "Gezurra dario ezker instituzionalari. Pedro Sanchezek 'Gerrari ez!' dio telebistan azaltzeko, atzetik gastu militarra igotzen duen bitartean", salatu du Navarrok. "Aurrekontu militarra zertarako igotzen da ez bada gerra egiteko?", galdegin du.

Langile-klaseak bere "tresna propioak" behar dituela uste dute, hala, EHKSko kideek. Ezinbestekotzat jo dute "militantzian oinarritutako antolakunde indartsuak" egituratzea, "nazioartean gai izango direnak oligarkia atlantistaren politikei aurre egiteko".

Kubaren aldeko elkartasuna, eredu

Bestalde, joan diren asteetan eta batez ere aurreko asteburuan Kubaren alde izan diren elkartasun-bilketak eredu izan direla aldarrikatu du EHKSk: "Klase-kontzientzia duten milaka herritarrek egin dute ariketa internazionalista hori". Antolakundearen esanetan, borrokarako eta lan politikorako norabide bat markatzen du horrek: "Langileon arteko elkartasuna eta elkarlana, eta kapitalismoaren gerrei eta basakeriari alternatiba den sozialismoa".