«Lanak Amerika ordaintzen du»
2022/01/04

Langile mugimenduaren garapen historikoaren erronketako bat masak balio sistema berrietan hezteko eta horiek hegemoniaren lehiara batzeko errepresentazio markoak garatzeko gaitasuna eskuratzea izan da. Harik eta kapitalismoaren esfera artistikoa gainditzeko behar beste dimentsio lortzeko gaitasuna garatzen den arte. Finean, antolakuntzaren eta artearen arteko batasuna gizartearen eraldaketa iraultzailea emateko norabidean lerratzea bilatzen duen borroka kulturala da.

Halatan, hanka-sartzea litzateke agitazioa eta propaganda irudikatze hutsera mugatzea, baita horiek ekoizpen grafikora mugatzea ere: masa komunikazioan edukia eta forma helarazteko elementu banaezinak dira. Agitazioaren eta propagandaren batasun kulturalaren adibide argigarria da Alderdi Komunista Sobietarrak 1925ean kirola, hezkuntza fisikorako bide ez ezik,masen hezkuntzarako bitarteko gisa ere ezartzeko erabilitako arrazoiketa: borondatearen garapena errazten duela eta langileen gehiengoa Alderdiaren antolakuntzara batzeko gaitasuna erakusten duela. Gauzak horrela, kontuan hartzeko hainbat auzi azaleratzen ditu: hezkuntza, baloreen asimilazioa eta fenomeno sozialen arabera antolatzea, hain zuzen ere. Adibide horrek argi uzten du ez direla formatu grafikoa, irudikapena, mezua, agitazioaren eta propagandaren eginbeharra zehazten duten behinenak, baizik eta kontzientziak aktibatzeko marko bat dela, eguneroko bizitzatik proletalgoarekin elkarrizketan jartzen dena, antolakuntza elikatzeko eta balio sozialistak hedatzeko.

Horregatik guztiagatik, agitaziotik eta propagandatik harago, borroka kulturalaren historikotasuna alboratzea litzateke horren garapena esplotazio eta gaitasun kultural pobreetan itota dagoen langileriaren jarrerak eta nahiak zehazten dituen errepresentazio tradizio burgesak plano ikonografiko eta estetikoan gainditzera mugatzea.

Frantziako Iraultzatik Parisko Komunara arteko zehar-lerro argi bat dago, Errusiako Iraultzara hedatzen dena eta Lehen Mundu Gerraren biharamunetan orokortzen dena. Teknologiaren eta ekoizpen modu fordistaren garapenarekin, XIX. mendearen azken zatian eta XX. mendearen hasieran, lantegi handietan pilatutako langile industrialaren karakterizazioa indartu ziren; era berean, Bigarren Industria Iraultzak berarekin zekarren ekoizpen grafikorako teknologien garapenak –baita mundu mailako lehen gertakari belikoak zabaltzen duen ikuskera internazionalak ere– masa kontsumorako dispositibo kulturalen sorrera ekarri zuen, finean, propagandaren garapena masa kulturan. Fenomeno horiek zabaldu zuten kalitate artistikoaren gaineko eztabaida, kontsumo elitistarena eta folklorearen hibridotasunarena; interes handikoak badira ere, ez ditugu artikulu honetan landuko.

Aipatu bezala, testuinguru horrek ahalbidetu zuen iraultza justifikatzeko eta zentzu komuna birdefinitzeko masentzako artearen agerpena: artearen eta gizartearen eraldaketa iraultzailearen arteko batasuna. Maraten Heriotza (1793) artelan errepublikanotik –Frantziako Iraultzan balio errepublikanoak zabaltzeko Jacques-Louis Daviden obra–, Parisko Komunaren garaian Courbet bezalako artistek mantendu zuten tradiziotik igaro, eta Sobietar Batasunean lehen abangoardiekin izan zuen loraldira arte: Aleksandr Rödchenko, Sergei Einsentein, Varvara Stepanova, Vladimir Mayakovsku…

Ezin azter daitezke ibilbide hori kontuan hartu gabe 68ko Maiatzekoa bezalako esperientzia garaikideagoak. Argigarriak dira, Frantziako Errepublikako presidente ohiaren, De Gaullen hitzak maiatz frantses hartan, asaldatuta zioenean zertaz kexu ote ziren praka bakeroak, txikleak, whiskia, ile luzea, pelikulak, liburuak eta autoak zituzten ikasle haiek. Hain zuzen ere, gizartearen hedapen kapitalistaren seme-alaba haiek, gerraosteko oparotasunaren oinordeko, ekoizpen modu tayloristaren lekuko eta ekonomia keynesiarraren besoetako, promesa kapitalistaren sasiko seme-alaba bilakatu ziren. Euren kritika artistikoan, askatasunaren aldarriaren bidez, kapitalismoak zein haren zapalkuntza formek sortutako desengainua erakusten zuten.

Oihu hedonista gazte hark baina, mundu zaharrarekiko azaleko erkaketatik harago, errepresentazioan ezin izan zuen guztiz apurtu obrerismo fabrilaren zentraltasunarekin. Garapen kultural neoliberalak azkenean bere egingo zuen grand soir hura, ezinbestean, estu lotuta baitzegoen fabrika handietan garatzen ari ziren borroka sindikaletara. Propagandaren ekoizpen materialari eta artisten antolakuntzari dagokion proposamen artistikoa (serigrafia bezalako teknika soilekin egindako kartelak, erraz egin eta zabal zitezkeenak) ez zen lanaren antolakuntza optimoa lelo zuen erreforma tayloristaren apurketa performatiboa baino, azken batean, garapen kultural hura guztia bi hamarkadatan integratu egin zen eredu ekonomikoaren gailurrean, une kulturalaren garrantzia babestuko zuen antolakuntza komunistaren faltan.

Oihu hedonista gazte hark baina, mundu zaharrarekiko azaleko erkaketatik harago, errepresentazioan ezin izan zuen guztiz apurtu obrerismo fabrilaren zentraltasunarekin. Garapen kultural neoliberalak azkenean bere egingo zuen «grand soir» hura, ezinbestean, estu lotuta baitzegoen fabrika handietan garatzen ari ziren borroka sindikaletara

Antolakuntza hutsune horretatik baino ezin daiteke aztertu irudikapen obreristak antza helburu kontrajarriak dituzten korronte propagandistikoetara duen egokikortasuna. Horren adibide da, Roosveltek martxan jarritako Works Progress Administrationen jardun artistiko eta kulturala. Hain zuzen ere, egitasmo horrek Ameriketako Estatu Batuen identitate nazionalaren eta depresio handiaren ondorengo New Deal eredu ekonomikoaren arteko batasuna bilatzea zuen helburu. Hartara, instituzio horrek langabezian zeuden herritarrak soldata pean laneratzea zuen xede, zerbitzuetan eta azpiegituren eraikuntzan, hain zuzen. Finean, gainbalioaren erauzketa piztu nahi zuen, langabeen kontratazioa bultzatuz eta lagunduz, oinarrian lan indar merkea eta azpiegitura eta zerbitzu handiak izango zituen ekoizpen eredua garatzeko. Helburu horren pean jarri zen martxan Federal Art Projecta; hain zuzen ere, arte agentzia horrek ekoizpen artistikorako 100 egoitza baino gehiago batu zituen eta soldata pean izan zituen 10.000 artista baino gehiago, zertarako eta erreformaren espiritua zabalduko zuten lanak egiteko.

Horregatik, errepresentazio artistikoa XX. mendean gertatu diren gatazken garapen historikora ez ezik, ekoizpen indarren garapenera eta lan indarrak bertan izan duen jardunera ere lotuta dago. Hala, ez du soilik langileak lan produktiboaren garapenean duen papera islatzen, testuinguru historikoan aztertu behar da; izan ere, errepresentazio hutsak proletalgoaren harreman ekonomikoa eta errealitatea besterik ez baititu agerian uzten. Horregatik, aipatu beharra dago berorren garapena identitate nazionalaren eraikuntzari lotuta dagoela, gizarte kapitalistaren funtzionalitatearen harmoniari, alegia, WPAren proposamen artistikoan ikus dezakegun bezala. Era berean, dominazio harremanen biziraupenerako bitarteko kulturala da eta langileriaren ordezkaritza patriotikoaren irudikapena elikatzen du zentzu horretan.

Errepresentazio artistikoa XX. mendean gertatu diren gatazken garapen historikora ez ezik, ekoizpen indarren garapenera eta lan indarrak bertan izan duen jardunera ere lotuta dago

Hain zuzen ere, Artekako ale honetan bertan faxismoari eta kapital industrialari buruzko erreportajeak aurkezten digu langile industrialaren erretorikak mugimendu faxistan izan zuen paperaren inguruko hausnarketa. Ezinbestean aipatu behar dira bi faktore: bata, mugimenduaren izaera nazional-patriotikoa eta krisi kapitalistaren testuinguruan klase ertainak jasandako pobrezia erlatiboa, eta, bestea, Versallesko Itunaren biharamunak utzitako klausula ekonomiko, laboral eta militarrak –1929ko krakak eragindako funts estatubatuarren desagerpenarekin batera–. Hain justu, mehatxu kapitalista atzerritarra, judutarra –baita boltxebikea ere, sarritan subjektu bakar gisa aurkeztuta– eta testuinguru ekonomikoak eragindako bizi baldintzen kaskartzea ditu erretorika haztegi.

Zalantzarik gabe, ez dago testuinguru horretatik salbu Joseph Goebbels propaganda naziaren ikur adierazgarriena. Hirugarren Reicheko Ilustrazio Publikorako eta Propagandarako ministroak erabilitako estrategia errepresentatiboan haren gaztaroa markatu zuten bizi baldintzek zein Lehen Mundu Gerra osteko Alemania garaituaz egin zen irudikatze internazionalak eragin betea izan zuten. Faxismoaren ezker hanka, hegal obrerista, izendatutako SAko kide izan zen Laban Luzeen Gaua delako traiziora arte, alemaniar faxismoaren botere-hartzerako ezinbestekoa izan zen haren jarduna. Adolf Hitlerrek berak Nire Borroka (1925) liburuan azpimarratu zuen propagandaren garrantzia: «propagandaren erabilera alderdi burgesentzat oro har ezezagun mantendu den benetako artea da».

Adolf Hitlerrek berak «Nire Borroka» (1925) liburuan azpimarratu zuen propagandaren garrantzia: «propagandaren erabilera alderdi burgesentzat oro har ezezagun mantendu den benetako artea da»

Alemaniako Langileen Alderdi Nazionalsozialistaren propaganda organo nagusia ezbairik gabe Völkischer Beobachter (Herriaren ikuskaria) egunkaria izan zen, baina, era berean, aipatzekoa da Nurenbergeko kongresuaren grabaketa, adibidez. Dena den, Goebbelsen estrategiaren funtsa ez ziren eskuorriak eta kartelak, diziplinaren errepresentazioa baizik: ordena erakutsi nahi zuen kaosean. Hala, eguneroko ogi bilakatu ziren antortxa eta guzti uniformatutako desfileen antzezpenak. Horrez gain, Goebbelsen kezketako bat masek eduki propagandistikorako zuten sarbidea zen, horregatik, irrati bidezko emisioen jabe egin zen; bozgorailuak jarri zituen plaza, kale eta lantegietan langileriak albistegiak entzun zitzan. Era berean, Volksempfänger (herriaren hargailua) irratien erosketak lagundu zituen, epekako ordainketa sistemaren bidez. Urte gutxian ia etxe gehienek zeukaten halako irrati bat, eta bertan entzun zitezkeen albistegiak, Hitlerren diskurtsoak eta entretenimendurako edukiak besteak beste. Bi helburu bete zituen hala: informatzea eta heztea.

Azkenik, Goebbelsen estrategiaren beste ardatz nagusietako bat arteen nazifikazioa izan zen. Reicheko Kultura Ganberaren bidez, «boltxebismo kulturala» ezabatu nahi izan zuen, literaturaren, antzerkiaren, zinemaren eta arte ederren industriaren kontrola eskuratzeko eta propagandara bideratzeko. Aipatzekoa da, halaber, Propagandarako Ministerioak antolatu zituen Berlingo Olinpiar Jokoen (1936) garrantzia, nazioarteko erakusleiho gisa. Azken batean, Goebbelsen propagandaren ardatz nagusia langile masarentzat propaganda dispositiboak sortzea izan zen, boltxebismoaren aurkako gurutzada batean nazio nortasuna garatzeko eta potentzia alemaniarra birsortzeko.

Finean, agitazio eta propagandarena dispositiboak artikulatzeko estrategia oso bat da, komunikazioa masa kulturan txertatzeko aspirazio integratzaile bat barne biltzen duena, errepresentazio grafikotik harago, testu honen hasieran aipatzen genuen bezala. Errealitatearen gaitasun antolatzaile eta antolatua nabarmentzen du, baita antolakuntza indarren garapena ere. Urrutira joan gabe, horren adierazle da PCEren (1937-1938) propaganda eta agitaziorako programaren diseinua, Fernando Hernández Sánchez, La maldición de Sisifo: Auge, caída y reconstrucción del PCE (1936-1953): «Baliabide grafikoak, argazkiak eta marrazkiak ikonografia propioaren errepertorio propiotik eratorritako irudi idealizatu eta arketipatuak zabaltzeko erabiltzen ziren, mezu subliminal batekin. Titular handiek irakurgarritasuna errazten zuten, baita urrutitik ere, baina hartzailearen aurretiko baldintzapena eta aukeraketa lana egin behar izatea eskatzen zuten. Kontsigna politikoak zabaltzeko bide erraza ziren, eta horiek alfabetatze maila baxuagoko herritarretara hel zitezen ahalbidetzen zuten». Iturri beraren arabera, aleen batez besteko zabalpena bi miloi irakurletik gorakoa zen.

Beraz, ez dago agitaziorik eta propagandarik borroka kulturalaren garapen historikoaren hutsune batean, baina ezta antolakuntza hutsune batean ere, hau da, antolakundeen barruan masa kulturan eragin dezaketen kultur garapeneko espazioak eta dispositiboak ezartzetik abiatzen da, eta gaitasun teknikoak ematen dizkie, azken batean, artearen eta gizartearen arteko harremana eraldatzeko. Ideien, antolakuntzaren eta errepresentazioaren batasuna banaezina da. Harreman ukaezina dago antolakuntza formen, komunikazio politikoaren nahiz agitazio eta propagandaren artean, sintonia horretan garatu beharreko lan esparru gisara. Horregatik, esku artean dugun azterketak ezin ahantz dezake aspektu horietako bat bera ere, eta ezin du horietako bakoitza bere aldetik aztertu; horrek antolakundeek ekoizpen grafikoaren alorrean dituzten gaitasun teknikoak baino ez lituzkeelako azaleratuko, eta eragina errepresentazioaren harrigarritasunera mugatuko luke.

Ez dago agitaziorik eta propagandarik borroka kulturalaren garapen historikoaren hutsune batean, baina ezta antolakuntza hutsune batean ere, hau da, antolakundeen barruan masa kulturan eragin dezaketen kultur garapeneko espazioak eta dispositiboak ezartzetik abiatzen da

Azkenaldian, sozialdemokraziak egun bizi omen duen azaleko eskizofreniaz hitz egin da. Bada, hain zuzen ere, eskizofrenia horrek errepresentazioaren planoan zein antolakuntza eta ideologiaren artean dagoen inkoherentziari besterik ez dio erreferentzia egiten. Gainera, azterketa hori ezin bana daiteke egun bizi dugun kapitalismoaren krisi testuingurutik, ezta horren aurrean agertoki hori gainditzeko gaitasunak dituen antolakuntzaren hutsunetik ere. Gauzak horrela, miseria kapitalistaren errepresentazio hutsa, eta subjektua (kasurik onenean) lotura historiko huts gisara aurkeztea edo azken horren erabateko desitxuratzea dira, antza, kontrajarrita dauden proposamen politikoak alderatu ahal izateko lotura analitikoak.

Azkenaldian, sozialdemokraziak egun bizi omen duen azaleko eskizofreniaz hitz egin da. Bada, hain zuzen ere, eskizofrenia horrek errepresentazioaren planoan zein antolakuntza eta ideologiaren artean dagoen inkoherentziari besterik ez dio erreferentzia egiten

Arteka hilabetekariko zenbaki honek jasotzen duen Obrerismoak, baikortasunetik erreakziora artikuluan, Dani Askunzek langile, klase eta antzeko terminoen berpiztea aipatzen du. Era berean, bada egiten duen galdera bat: gaur egun langilearen identitatea beste askoren arteko bat baino ez ote den, eta, zehatzago, horiei kontrajarrita agertzen ote den edo bateragarria ote den.

Gogoeta horrek garamatza propaganda eta antolakuntzaren ezinbesteko batasuna azpimarratzera. Izan ere, hala egitekotan errepresentazioaren esparruari identitateak artikulatzeko gaitasuna aitortzen ariko ginateke, hau da, subjektua antolakuntzatik kanpo eraikitzeko ahalmena ematen ariko ginateke, propagandaren eta agitazioaren benetako gaitasun politikoa ukatuz. Irakurketa gramsciar okerra edo praktika populista lacaniar baikorregia litzateke hori, ideologiaren eraikuntza errepresentazioan eta antolakuntzarekiko banatuta kokatzen duena. Hau da, egungo kultura industriak, guztiz beharrezkoa ez bazaio ere, ideologia kapitalista betikotzen du, ez soilik kosmobisio kapitalista etengabe irudikatuz, baizik eta gizarteak egun antolaketa horretan funtzionatzen duelako, eta proletalgoaren errepresentazioa errealitate horren baldintzapean dago. Horregatik, eskala txikiagoan antolakuntzaren gabeziak errepresentazio obreristaren bidez konpondu nahi izatea bezain arriskutsua da gatazkaren eta subjektuaren gainerrepresentazioa egitea, agitazioa eta propaganda baliatuta. Agitazioa eta propaganda tresna dituen borroka kultural horrek oraindik existitzen ez diren errealitateak proiektatu behar baditu ere, zantzu batzuk behintzat, irudikapen horrek ezin du haren garapenarekiko kontraesankorra izan, horra hor zergatik dauden ezinbestean lotuta. Gainontzekoa marketin korporatiboa besterik ez da.

Agitazioa eta propaganda tresna dituen borroka kultural horrek oraindik existitzen ez diren errealitateak proiektatu behar baditu ere, zantzu batzuk behintzat, irudikapen horrek ezin du haren garapenarekiko kontraesankorra izan, horra hor zergatik dauden ezinbestean lotuta

EZ DAGO IRUZKINIK