ARTEKA / Gerra zibila

Hirigintza eta klase borroka lehen frankismoan

Gerra Zibila amaitu bezain laster, diskurtso urbanistiko berria garatu zen, “arkitektura inperiala”, “etxebizitza soziala” eta “hirigintza organikoa” kontzeptuak ardatz hartuta, besteak beste.
Hirigintza eta klase borroka lehen frankismoan

Diktadura frankistaren hasierak eztabaida ugari ekarri zituen berekin. Horietako bat hirigintzaren eta espazioaren antolaketaren ingurukoa izan zen. Gerra Zibila amaitu bezain laster, diskurtso urbanistiko berria garatu zen, “arkitektura inperiala”, “etxebizitza soziala” eta “hirigintza organikoa” kontzeptuak ardatz hartuta, besteak beste. Lehenengoaren helburua “Inperioaren garai loriatsuak” gogora ekartzea zen; etxebizitza sozialak, berriz, Jose Luis Arrese Etxebizitza ministroaren (1957-1960) hitzetan, “etxebizitza hutsetatik haratago bizitzeko modu berri bat” irudikatu nahi zuen.

Gerraostean, hirigintza frankistak garrantzi berezia eman zion lurraldearen antolamendu funtzionalari. Hala ere, haren planteamendu nagusiak ez ziren hutsetik sortu; aitzitik, Gerra Zibila baino lehen garatutako nazioarteko hirigintza-eztabaida eta esperientzietan izan zuten jatorria. Bereziki, bi figura gipuzkoar nagusiren baitan mugitu ziren arlo horretako eztabaida garrantzitsuenak: Pedro Muguruzaren eta Pedro Bidagorren artean.

Pedro Bidagor (1906-1996) XX. mendeko Espainiako hirigintzaren erreferente nagusietako bat izan zen. Arkitekto eta hirigilea, gerraosteko plangintza-erakunde nagusietan parte hartu zuen eta lehen frankismoaren hirigintza-proiektu garrantzitsuenen diseinuan funtsezko eginkizuna izan zuen. Haren ikuspegia nazioarteko plangintza-korronteek eta lurraldearen antolaketa funtzional eta hierarkizatuak markatu zuten. Pedro Muguruza (1893-1952), aldiz, Gerra Zibilaren amaieratik Arkitekturaren Zuzendaritza Nagusiko buru izanik, Falangearen planteamenduetatik hurbilago zegoen. Hiria komunitate kohesionatu gisa ulertzen zuen eta zalantza handiak agertu zituen zonifikazio funtzionalaren inguruan.

Jose Luis Arrese Etxebizitza ministroaren (1957-1960) hitzetan, "etxebizitza hutsetatik haratago bizitzeko modu berri bat" irudikatu nahi zuen etxebizitza sozialak

Frankismoaren lehen hirigintza-politikak ulertzeko, ezinbestekoa da Gerra Zibila amaitu aurreko uneetara jotzea. 1938ko otsailean, Pedro Muguruzak, Francoren aginduz, berrehun arkitekto baino gehiago bildu zituen Burgosen, erregimenaren etorkizuneko hirigintza-politikaren oinarriak eztabaidatzeko. Amaiera-ekitaldian adierazi zuen bezala, “los edificios debían de ser sustituidos por hogares”, Mugimendu Nazionalaren balio tradizionalak hirigintzaren bidez hedatzeko asmoaren adierazgarri.

Burgosko bilerak agerian utzi zuen erregimenaren baitan hirigintzaren inguruko zenbait ikuspegi zeudela. Muguruzaren inguruko sektore falangistak klase-banaketak lausotuko zituen auzo-eredu baten alde egiten zuen, familia gizarte-antolaketaren oinarrizko elementutzat hartuta. Horren aurrean, Bidagorrek defendatutako ikuspegi teknikoagoak zonifikazioa proposatzen zuen lurraldea antolatzeko oinarrizko tresna gisa: industria-eremuak, bizitegi-eremuak eta aisialdi-guneak espazioaren arabera bereiztea. Falangisten ustez, ordea, antolaketa horrek proletariotza espazio berean pilatzeko arriskua zekarren, eta, ondorioz, haren antolakuntza kolektiboa erraztu zezakeen.

1940ko hamarkadatik aurrera onartutako lege eta erakunde berriek ez zuten lurraldea antolatzeko helburu hutsa; diktaduraren balio politiko, sozial eta moralak espazioaren bidez gauzatzeko tresna ere izan nahi zuten

Hirigintzaren inguruko eztabaida horiek ez ziren soilik izaera teknikoa zuten auziak. Erregimenaren baitako familia politiko desberdinen interesak gurutzatzen ziren bertan, eta, bereziki, ikuspegi katolikoak familiaren garapen moral eta espiritualarekin lotzen zuen etxebizitza. Horregatik, 1940ko hamarkadatik aurrera onartutako lege eta erakunde berriek ez zuten lurraldea antolatzeko helburu hutsa; diktaduraren balio politiko, sozial eta moralak espazioaren bidez gauzatzeko tresna ere izan nahi zuten.

Hiri-espazioaren ulerkera-marko berriak

Pedro Bidagorrek defendatutako planteamenduak XX. mendearen hasieratik garatutako nazioarteko hirigintza-korronteen baitan kokatzen ziren. Ebenezer Howard, Tony Garnier eta Le Corbusier egileen eraginpean, besteak beste, hiriaren ikuspegi funtzional eta hierarkizatua bereganatu zuen Bidagorrek, espazioaren espezializazioan eta lurraldearen antolamendu arrazionalean oinarritua. Eragin horiek bereziki nabarmendu ziren zonifikazioaren defentsan eta hierarkikoki antolatutako hiri-sistemen konfigurazioan; printzipio horiek gerraosteko Espainiako hirigintzan eragin handia izango zuten.

Hiri-industrialaren beharretara egokitutako hirigintzaren ulerkera osasun eta higiene neurrien beharrarekin mozorrotu bazen ere, funtsean, garaiko ekoizpen-modu kapitalista berriarekiko egokitzapen saiakera eta klase erabaki gisa har daiteke

Hirigintzaren inguruko kezka berriak, neurri handi batean, industria-hirien hazkundeak planteatutako erronkei erantzuteko sortu ziren. Lehen Mundu Gerraren ondoren, eta bereziki 1920ko hamarkadatik aurrera, Europan hirigintza-korronte berriak garatzen hasi ziren, hiri berrien hazkunde azkarrak eta industrializazioak eragindako arazoei irtenbidea bilatzeko asmoz. Testuinguru horretan, hainbat estatuk beren hirigintza-legedia berrikusi zuten, eta Espainiako lehen frankismoak ere korronte horietatik edan zuen.

Arkitektura Modernoaren Nazioarteko Kongresuek (CIAM) eta, bereziki, 1933ko Atenaseko Kartak ikuspegi arrazionalista berri hori sistematizatu zuten. Hiri-industrialaren beharretara egokitutako hirigintza defendatzen zen, efizientzia eta funtzionaltasuna ardatz hartuta. Horren ondorioz, espazio berdeak eta eraikinak modu arrazionalean antolatzea proposatu zen, hiriaren oinarrizko hiru funtzio nagusiak bereiziz: bizitzea, lan egitea eta atseden hartzea. Planteamendu horren berrikuntza tekniko nagusia zonifikazioa izan zen, hirigunea erabileren arabera antolatzeko tresna gisa.

Hortaz, espazioaren gaineko ulerkera berri hori osasun eta higiene neurrien beharrarekin mozorrotu bazen ere, funtsean, garaiko ekoizpen-modu kapitalista berriarekiko egokitzapen saiakera eta klase erabaki gisa har daiteke, langile orori bere soldatapeko lana modu egoki eta optimoenean egin zezan espazio seguru eta minimoki konfortagarri bat eman nahi baitzitzaion.

Ildo horretan, hiria zenbait funtzioren arabera antolatu zen: industriaguneak, bizitegi-eremuak, atseden-guneak, kirol-eremuak eta aisialdirako espazioak bereizi ziren, langilearen eguneroko bizimodua eta ekoizpen-prozesua modu eraginkorragoan antolatzeko. Espainian, ikuspegi arrazionalista horren lehen adierazpen garrantzitsua GATEPAC taldearen eskutik iritsi zen. Talde horrek indarrean zegoen hirigintza-legedia berritzeko beharra defendatu zuen, Europan garatzen ari ziren planteamendu modernoekin bat etorriz.

Diktadurako sektore ezberdinen arteko eztabaidak

Espazioaren antolaketaren inguruko eztabaidak indarra hartzen ari ziren heinean, frankismoaren barrenean ere erregimenaren etorkizuneko hirigintza-ereduari buruzko ikuspegi kontrajarriak agertu ziren. Talka horiek ez ziren soilik izaera teknikoa zuten desadostasunak; erregimenaren familia politiko ezberdinen arteko lehia ideologikoaren adierazpen ere baziren, eta ondorio nabarmenak izan zituzten espazioaren antolaketan.

Falangistek espazio interklasista eta hierarkizatu baten alde egiten zuten, kontrol soziala eta balio tradizionalen transmisioa errazteko

Aipatu den bezala, eztabaida horiek Gerra Zibila amaitu aurretik hasi ziren. 1938ko Burgosko bilerak agerian utzi zuen sektore falangistaren eta ikuspegi teknikoagoen arteko arrakala. Pedro Muguruzaren inguruan antolatutako sektore falangistak auzo ideala klase-banaketak lausotuko zituen espazio gisa ulertzen zuen, familia gizarte-antolaketaren oinarri nagusitzat hartuta. Horrenbestez, falangistek espazio interklasista eta hierarkizatu baten alde egiten zuten, kontrol soziala eta balio tradizionalen transmisioa errazteko.

Bestetik, Pedro Bidagorrek ordezkatzen zuen korronte organizistak zonifikazioaren aldeko apustua egiten zuen, espazio funtzionala ezarriz eta helburu ezberdinekin segregatuz. Horrek, falangisten ustetan, “klase borroka sozialista”-ren tradizio materiala hauspotzen zuen eta proletariotzaren antolaketa errazteko baldintzak jartzen zituen, denak espazio-eremu berberean kokatzen baitzituen.

Hala ere, eztabaida horiek ez ziren soilik bi arkitektoren arteko desadostasunetara mugatu. 1940ko hamarkadan hirigintza frankistaren garapena erakunde eta doktrina-eraikuntzako prozesu konplexu baten emaitza izan zen. Céline Vazek adierazi bezala, lehen frankismoaren barrenean benetako “balkanizazio instituzionala” nagusitu zen: Arkitekturaren Zuzendaritza Nagusiak (DGA), Etxebizitzaren Institutu Nazionalak (INV), Etxebizitzaren Obra Sindikalak (OSH), Eskualde Suntsituen Zuzendaritza Nagusiak (DGRD) eta Kolonizazio Institutu Nazionalak (INC) eskumen gainjarriak zituzten, eta horrek etengabeko gatazkak eta koordinazio-arazoak eragin zituen.

Testuinguru horretan, Pedro Muguruzaren zuzendaritzapean zegoen Arkitekturaren Zuzendaritza Nagusia 1939tik aurrera gerraosteko hirigintza-politiken gidaritza bereganatzen saiatu zen. Hala ere, erregimeneko familia politiko desberdinen presentziak eta eskumenen gainjartzeak zuzendaritza bakarra sendotzea eragotzi zuten. Ondorioz, lurraldearen antolamenduari buruzko ikuspegi desberdinak elkarrekin jardutera behartuak izan ziren, bai eztabaida profesionaletan bai hamarkada hartako hirigintza-proiektu nagusietan.

Desadostasunak ez ziren erakunde-esparrura mugatu. Falangismotik hurbilen zeuden sektoreek komunitate organiko eta sozialki integratuak defendatzen zituzten bitartean, beste hirigile batzuek nazioartean hedatutako planteamendu funtzionalistak bere egin zituzten. Eztabaida horiek Arkitekturaren Kongresu Nazionaletan eta Revista Nacional de Arquitectura aldizkarian islatu ziren. Muguruzak, bereziki, langile-auzo esklusiboen sorrera arbuiatu zuen, eta horren ordez “etxe espainiar, kristau eta familiarrak” eraikitzearen alde agertu zen.

Bestalde, hiri handien hazkundeak eta industria-gune nagusietara zuzendutako migrazio-fluxuek ordura arteko hirigintza-tresnen mugak agerian utzi zituzten. Horren ondorioz, 1940ko hamarkadan udal-mugak gainditzen zituzten espazioetan jarduteko legeria berria garatu zen, eta Estatuaren esku-hartzea indartu eta udalaz gaindiko plangintza sustatu ziren. Testuinguru horretan ulertu behar dira, halaber, hiri nagusien inguruan bultzatutako anexio-politikak.

Finean, frankismoak ez zuen hirigintza-eredu guztiz berririk sortu. Mugimendu modernoaren planteamendu nagusiak bere egin zituen, baina diktaduraren balio politiko eta sozialetara egokituta. Barne-desadostasunak gorabehera, 1940ko hamarkadak hirigintza funtzional eta segregatzailea sendotzea ekarri zuen, eta hura izango zen ondorengo hamarkadetako lurralde-antolamenduaren oinarrietako bat.

Erregimenak bultzatutako saiakerak lehen frankismoan

Autarkia ekonomikoak eraginda, zailtasun handiak izan zituen erregimenak nahi zituen lege eta dekretuak egikaritzeko, eta erakunde zein zuzendaritza ugariren sorrerak, eraginkortasuna baino, anabasa eta erakundeen arteko talka eta lehiak eragin zituen.

Saiakera urri batzuk izan ziren jada Gerra Zibilaren aldian, etxebizitzaren inguruko lehen legea 1936ko abenduan jaulki baitzen, Etxebizitzaren Fiskaltza Gorenaren (FSV) sorrerarekin batera. Etxebizitzen inspekziorako zerbitzu nazionala zen, bertako higiene eta osasun baldintzak bermatzeko erakunde berria. Gainera, institutu horrek, 1939ko maiatzetik aurrera, osasun-ziurtagiri bat izatera behartzen zituen etxebizitza guztiak.

Diktadurak politika interbentzionista jarri zuen martxan gerraostean, eta promotore papera hartu zuen

Gerra Zibilak, ordea, behar berezi batzuk sortu zituen gerraosteko urteetan. “Berpizte Nazionalaren” ideia oinarri hartuta, gerrak suntsitutako eremuak berreraikitzeko asmoarekin eta, halaber, frankismoak bultzatu nahi izan zuen eredu arkitektoniko berria probatzeko, 1938an Falangeren Zerbitzu Teknikoak sortu ziren. Eredu arkitektoniko horiek bere horretan garatzeko, erakunde berri batzuk behar izan zituen erregimenak, etxebizitza eredua hobetu eta hiri zein herrien antolamendua hauspotzeko.

Gerra amaitu eta lehen gobernu frankista osatu bitartean, berreraikuntzako irizpideez, burgesia lokalaren aldeko etxebizitza-politika eraginkor batez, etxebizitza ekonomiko berrien eraikuntzaz, sistema autarkikoa bultzatzeaz eta barne-kolonizazio prozesuaz hausnartu behar izan zuen erregimenak. Politika autarkikoaren lehen urteetako lehentasuna berreraikuntza irizpide ekonomikoei jarraikiz egitea izan zen, eta aspektu arkitektonikoa albo batera utzi behar izan zen.

Ordenamendu eta Berreraikitze Plan Nazionala izan zen horren emaitza, eta plan integral moduan irudikatu zuten arren, karga ideologiko handi batekin jaio zen, “giro tradizionala” eta “arrazaren hobekuntza” bultzatzeko helburuarekin alegia, “Misio Nazionalari” men eginez. Berreraikuntzako lehentasun horien artean, erregimenak dikotomia ezarri zuen hiri eta landa eremuen artean; lehenak aberastasun ideologikoa sortzeko eremu gisa izendatu zituen, eta bigarrenak aberastasun ekonomikoa sortzeko eremu gisa. Erregimenak albo batera utzi zituen proiektu urbanistiko handizaleak, etxebizitza sozialen afera izugarri mugatuz. Kontrara, nekazaritza-eremuko jarduna garatzeari ekin zion, Suntsitutako eskualdeen Zuzendaritza Orokorraren (DGRD) bidez, edota landa-eremu erdian herrixka berri-berriak zerotik eraiki ziren, azken horiek Kolonizaziorako Institutu Nazionalaren (INC) bitartez.

Hala ere, erregimenaren asmoen kontra ‒talde proletarioen ugaltzea saihesteko asmoz, besteak beste‒, hiriguneek emigrazio indartsu bat pairatu zuten, industria-kontzentrazioek bultzatuta. Egoerari aurre egiteko, erregimenak 1939ko apirilean Babestutako Etxebizitzen Legea jaulkitzera behartuta ikusi zuen bere burua, Etxebizitza Institutu Nazionalaren (INV) laguntza eta kudeaketaren bitartez.

Azken horren helburua Babestutako Etxebizitzen eraikuntzan laguntzea eta horien eraikuntza bermatzea zen. Era berean, bera zen babestutako etxebizitzen eraikuntza proiektuak eta horien araudia onartzeko entitate bakarra. Beraz, diktadurak politika interbentzionista jarri zuen martxan gerraostean, eta promotore papera hartu zuen, modu zuzenean edo erdibideko organo ofizialen bitartez. Babestutako Etxebizitzen legislazio berria 1954. urtera arte izan zen indarrean, Errenta Mugatuko Etxebizitzak martxan jarri ziren arte.

Gerraosteko lehen urteak depresio ekonomiko gogor batek markatu zituen. Eraikuntza berrien agerpena hutsala izan zen, burdin eta zementu faltaren eta kapital pribatuaren atzerakuntzaren erruz

Hortaz, Estatua bihurtu zen etxebizitza poligono eta lursail handien eraikuntzarako organo sustatzaile nagusia. Horrek, etxebizitza indibidualak, etxebizitza-taldeak (poligonoak) eta, azkenik, hiri-sateliteen eraikuntza aurreikusten zituen. Beste erakunde garrantzitsu bat ere sortu zen gerra garaian: Etxebizitzetako Obra Sindikala (OSH), “ekoizle espainolentzako bizileku duin eta pozgarriak sortzea” helburu zuena.

Izatez, aipagarria da OSHk zerabilen propaganda falangista, balore tradizionalei eutsi nahian: “Se trata de construir hogares alegres, modernos e higiénicos, en lugar de las casas normales e insuficientes en las que han vivido hasta ahora los trabajadores”.

Erregimeneko familia-politiko ezberdinen talkak ere aise islatu ziren erakunde berrietan. Horren adibide ziren Jose Fonseca eta Pedro Bidagorren arteko desadostasunak ere, eta ondorioz, INVren eta OSHren jardunbidea, batetik, eta Arkitekturako Zuzendaritza Orokorraren (DGA), Suntsitutako Eskualdeen (DGRG) eta Kolonizazio Institutuaren (INC) jardunbide ezberdinak, bestetik.

Saiakera horiek guztiak ordea, saiakera hutsean geratu ziren kasu askotan, Gerra Zibilak, hirigintzaren esparruan etxebizitzaren eskasia larriagotzeaz gain, testuinguru ekonomikoan ere ondorio larriak eragin baitzituen. Alde batetik, eskariak modu nabarmenean egin zuen behera, biztanleriaren eroste-gaitasunaren gabezia zela eta. Bigarrenik, eskaintzaren aldetik ere zailtasun handiak egon ziren eraikuntza sektorean, burdin eta zementu faltagatik batez ere. Eta azkenik, ikuspuntu finantzarioari dagokionez, prozesu inflazionista indartsu bat eta ezegonkortasun monetario gogor bat egon ziren.

Ondorioz, gerraosteko lehen urteak depresio ekonomiko gogor batek markatu zituen. Eraikuntza berrien agerpena hutsala izan zen, aipatutako materialen gabeziaren eta kapital pribatuaren atzerakuntzaren erruz. Hortaz, 1940ko hamarkadan hirien garapena ez zen batere adierazgarria izan. Biztanleriaren egoera ekonomikoa ez zen hurrengo hamarkadara arte hobetu eta beraz, ez zen etxebizitzen zein hirigintzaren inguruko politika momentu hartaraino berrikusi.

Babestutako Etxebizitzen politikaren porrota hainbat arrazoik determinatu zuten. Planifikazio ekonomiko nazionalaren eta Estatuaren politika sektorialaren arteko deskonexioak ezberdintasun eta koordinazio falta eragin zituen, eta nabarmen murriztu zuen efikazia. Urte batzuk geroago, frankismoak bere taktika aldatu zuen etxebizitzaren auzian, eta eraikuntzaren sektorea erabili nahi izan zuen enplegua sortu eta langabezia-tasa jaisteko.

Horretarako, klase ertainarentzat bideratutako babestutako etxebizitza eredu berri bat jarri zen martxan 1944an, Etxebizitza Hobaridunak deritzona. Eraikuntza prozesua bera bultzatzeko helburuarekin, laguntza-sistema berri bat sortu zen. Kasu askotan, eraiki ondoren etxebizitza horien salmenta librea onartu zen, eta hortaz, promotore eta enpresa-eraikitzaileek egoera aprobetxatu zuten irabazi handiak eskuratzeko.

Hortaz, Etxebizitza Hobaridunek klase adierazpen garbia zuten, esan bezala, langile aristokraziaren parte zen gizartearen zati horrentzat baitzeuden bideratuta batik bat. Kontrara, hiri-eremuetan integratu gabeko biztanleria ere existitzen zen, askotan profil gaztea eta nekazaritza eremuko migratzaileez osatuta, eta maiz norberak eraikitako eta bizi-kalitate maila oso baxuko etxoletan bizi zirenak. 1946ko uztailaren 17ko legeak, 50 langile baino gehiago zituzten enpresei babestutako etxebizitzak eraikitzeko beharra ere ezarri zien, hiri-eremuetan bildu zen langileria andanaren etxebizitza eskaria asetzeko saiakeran.

Legeak, erakundeak, ministerioak eta bestelako egitura apalagoak barra-barra bazeuden ere, praktikan ez zuten islapen errealik izan. Haatik, gerraosteko lehen urteetan etxebizitzaren auzia erregimenaren lehentasuna izan ez bazen ere, 1949. urterako lehen kezka serioak agertzen hasi ziren gobernuko kideen artean. Hori dela eta, urte horretan bertan gobernuak “etxebizitzaren arazoa eta eraikuntza-industriaren krisia” deituriko ministerioarteko komisio bat sortu zuen, egoera aztertu eta gobernuari irtenbide bat proposatzeko asmoarekin. Galdera asko zeuden airean momentu horretan; nork eraiki behar zituen etxebizitzak? Estatuak? Iniziatiba pribatuak? Nola finantzatu behar zen eraikuntza?

Ministerioarteko komisioaren iritziz, planteamendu bat garatzea zen lehentasuna, hain zuzen ere, iniziatiba pribatuaren eraikuntza bultzatzeko eta etxebizitza sektorean zegoen kapital defizitari buelta emateko. Aktore asko interesatu ziren auzi horren inguruan, besteak beste; administrazio zentraleko kideak, eraikuntza industriako enpresak, irabazi-asmoa zuten promotoreak, arkitektoak eta Eliza Katolikoaren buruzagiak. Denak ados agertu ziren etxebizitza-politikaren liberalizazio beharrarekin eta iniziatiba pribatuak hartu behar zuen garrantzi handiagoarekin, Estatuaren parte-hartzearen abandonuarekin batera. Martxan zauden bi etxebizitza promozio ezberdin horien artean, iniziatiba pribatuak hobaridunak lehenetsi zituen babestutakoen gainetik.

Eliza bera izan zen etxebizitzen gabeziaren aurrean kezka sakona erakutsi zuen lehen erakundeetariko bat, zelula-familiar sendo baten gabeziak promiskuitatea eragin zezakeela uste baitzuten elizgizonek, eta ondorioz, ezkontza-adinaren atzerapena eta hortaz, jaiotze-tasaren atzerakada ere bultzatzen zuela. Beste era batera esanda, Elizaren ustetan etxebizitzaren duintasuna zen erlijio katolikoaren eragina bermatzeko baldintza.

Adostasun zabala egon zen etxebizitza-politikaren liberalizazio beharrari eta iniziatiba pribatuak hartu behar zuen garrantzi handiagoari lotutako aferan, baita Estatuaren parte-hartzearen abandonuari lotutakoan ere

Hala ere, emaitzak hala nolakoak izan ziren. Pedro Muguruzak (DGA) 1946an argi azaldu zuen bezala, etxebizitza babestuak langile askorentzat eskuraezinak ziren kobratzen zituzten soldatak zirela eta. Azkenean, ez ideal falangistek ez oligarkia kontserbadorearen interesek ez zuten auzia bere sakontasunean ulertu. 1940ko hamarkada amaieran gerra garaiko eztabaida arrazionalistak itzuli ziren hirigintzaren esparrura, eta etxebizitzaren esparruan abiatutako liberalizazioak bere jarraipen orokorra izan zuen 1959ko Egonkortze Planekin, nahiz eta erregimeneko alde kontserbadoreena kontra egon. Finean, autarkiak eragindako errekurtso faltak eragin zuzena izan zuen etxebizitzaren ekoizpenean, eta ondorioz, etxebizitza sozialen eraikuntzan.

Hala ere, Sambriciok defendatzen duen moduan, ez da zuzena gobernu frankistak izan zuen lehenetariko kezka suntsitutako etxebizitzen eraikuntza izan zela pentsatzea. Gobernuak berak, Berlineko Interbau erakusketan (1957), 21.377 eraikuntza baino ez zituen aldarrikatzen 1939 eta 1954 artean, hau da, 1.257 etxebizitza urteko. Beraz, kopuruak oso ahulak izan ziren, eta ondoriozta daiteke batetik, hitzetatik haratago, gerraoste garaian ez zela ia etxebizitza sozialik eraiki ‒1956 urtera arte behintzat‒, eta bestetik, etxebizitzaren auzia ere ez zela 1949. urteraino kezka-iturri izan frankismoarentzat.

Garai hartan, hirietako kontzentrazio-maila nabarmen igo zen, eta Estatu osoan 9 milioi pertsonek hartu zuten lekualdatzeko erabaki irmoa oinarri industriala zuten eremuetara: Madrilera, Kataluniara eta Euskal Herrira. Etxebizitzaren auzian kezkak eta ezinegona agertu ziren momentu berean, hirigintza araudi berri baten beharra ere plazaratu zen, XIX. mendean oinarritutako legedi guztiz atzerakoia aldatzeko asmoarekin.

Zerbitzu eta behar ezberdinak asetzeko auzoak eraiki ordez, etxe-poligonoak eraiki ziren partzela ezberdinetan, euren arteko harremanik gabe eta oinarrizko zerbitzuak bermatzetik oso urrun

Hiri-espazioa sortzeko kontzeptu berri baten agerpena nagusitu zen, “poligonoz” osatutako eremuak izan zituena emaitza gisa. Nolabait, mugimendu modernoak Atenaseko Kartan pentsatu zuen eta Europan modan zen hiri eredu horren antzeko proposamena zen. Hala ere, Europan predikatzen ziren ideia horien eta frankismoaren ideia tradizionalen arteko tentsio horietatik sortu zen garai horretan hiri espainiarraren ezaugarri bihurtuko zen collage formako hiri-eredua.

Etxebizitza-poligonoek berebiziko garrantzia izan zuten hirien garapenean, literalki, hiriguneetako hiri-zati berri osoak gehitzea ahalbidetu baitzuen, eraikuntzarako lursail kopurua handituz eta etxebizitza kopurua nabarmen igoz. Zerbitzu eta behar ezberdinak asetzeko auzoak eraiki ordez, etxe-poligonoak eraiki ziren partzela ezberdinetan, euren arteko harremanik gabe eta oinarrizko zerbitzuak bermatzetik oso urrun.

Ikuspuntu falangistak auzoak klase armonia baten azpian bateratu nahi zituen; aldiz, kapitalismoaren bultzatzaile nagusienek, liberalek, hiria bera gizartea klase-sozialetan zatituta egotearen ondorio “natural” gisa ulertzen zuten. Eztabaidok oso nabarmenak izan ziren 40ko hamarkada hasieran, Arkitekturako Biltzar Nazionaletan, kongresu ezberdinetan eta Revista Nacional de Arquitectura aldizkarian adibidez. Pedro Muguruzak, profil falangistaren ordezkariak, proletarioz betetako auzoak ekidin nahi zituen kosta ala kosta, “etxe espainiar, kristau eta familiarrak” aldarrikatzen zituen bitartean.

Hirigune batzuk hartzen ari ziren garrantzi demografiko eta ekonomikoaz jakitun, hiri handien inguruko Hirigintza Legedia jarri zen martxan. Hirigune handietan gertatzen ari zen zabalkunde handiari erantzuteko jaio ziren legeok. Horietako gehienek euren muga geografikoak gainditu egin zituzten, eta beraz, udalerriz gaindiko arau batzuen beharra azaleratu zuten lehen aldiz. Bi ardatz nagusi zituen legedi berri horrek: Estatuaren interbentzionismoa justifikatzea, udal kooperazioak alde batera utzita; eta politika anexionista berri baten abiada.

Zonifikazioaren ideia klasista aplikatu zen Gipuzkoan eta Madrilen lehen aldiz modu sistematikoan, eta gerora oso ohikoa bihurtu zen Espainiako hirigintzan

Hala ere, inflexio-puntua nolabait, planteamenduaren ideia modernoen lehen saiakera erreala ekarri zutena, Gipuzkoako Probintzia Plana (1943) eta Madrileko Plana (1941-1946) izan ziren. Zonifikazioaren ideia klasista aplikatu zen aipatu lurraldeetan lehen aldiz modu sistematikoan, eta gerora oso ohikoa bihurtu zen Espainiako hirigintzan. Eredu hori formulazio falangisten kontrakoa zen, eta Pedro Muguruzak garbi kritikatu zuen plana, banaketa sozialaren aurkako helburua lortu behar baitzen bere ustetan.

1946ko Bidagorren Madrileko planean, segregazio espazialaren aldeko jarrera irmoa ikusten da. Haren iritziz, Madrilek gutxienez zortzi auzo-sateliteren sorrera beharrezkoa zuen, eta ezinbestekoa ikusten zuen langile klasea zenbait eremutan sakabanatzea, berau ahuldu eta kontrolatzeko helburuarekin. Hiri-eremuan, langile klaseko jendea soilik biztanleriaren %25 izan zitekeela adierazi zuen Bidagorrek; 20.000 pertsona gehienez satelite-auzo bakoitzean.

Erregimenaren alderik liberalenak, langile auzoen segregazio sistemaren aldeko apustua egin zuen, eta lehen plan horiek, hiri-sistema garatu baten eta espazio funtzionalaren araberako banaketarekin, segregazioaren teoria hura hauspotzen zuten.

Hala ere, 50eko hamarkadako inflexio-puntu garrantzitsuena 1956ko Lurzoruaren eta Hiri Ordenamenduaren Legea izan zen. Bere helburua garaian ematen ari ziren bi prozesu garrantzitsuri erantzutea izan zen: Bigarren Industrializazioaren hastapenari eta nekazaritza tradizionalaren krisiari. Nekazari exodo hura ordenatu eta migrazio berria jasotzeko lursail nahikoa egon zedin bermatzea zen legearen xedeetako bat. Momentu hartatik aurrera, hiriguneak Hiri Antolamendurako Plan Orokorren bidez (PGOU) antolatzen hasi ziren.

Hirigintza frankistari erreparatuta, hirien antolaketa soiletik haratago, espazioaren antolaketa bidez diktadurak izan zituen klase pentsamendu eta saiakerak uler ditzakegu

1957. urtean, Jose Luis Arresek (Etxebizitza Ministerioko burua) sektore pribatuaren sarrera baimendu zuen ordura arte publikoa izan zen esparruan, ordenantzak aldatuz eta higiezin enpresei dentsitate altuko blokeak egiten utziz, garaian ohikoagoak ziren hiru edo lau pisuko etxebizitza eredua alboratuz. Arresek berak abisatu zuen, gerora ospetsua bihurtu zen bere esaldiarekin: “Quiero una España de propietarios, no de proletarios”. Esaldi hori errealitate bihurtzen saiatu zen Arrese bera, hipoteka-maileguak emateko prest zegoen bankaren alde jokatuz, eta hainbat erraztasun emanez.

Zira Boxen esanetan, organizismo frankistak espazioa bera antolatzeaz gain, mezu ideologiko sakonak zituen barnean, tartean, menpekotasuna eta kontrola bermatzeko bitartekoa izan baitzen.

Ondorioak

Lehen frankismoko hirigintza ezin da ulertu diktaduraren adierazpen ideologiko huts gisa, ezta arazo teknikoak konpontzeko tresna soil gisa ere. Gerra Zibilaren ondoren garatu ziren hirigintza-politikek honako hauek uztartu zituzten: nazioarteko joerak, aurretik zeuden eztabaida urbanistikoak eta erregimen berriak ezarri nahi zituzten helburu politiko eta sozialak. Horrela, espazioaren antolamendua gizartea antolatzeko tresna bihurtu zen, eta hiriaren forma, lurraldearen egitura eta biztanleen eguneroko bizimodua baldintzatu zituen.

Aldi berean, hirigintzak klase-harremanen antolaketan zeregin garrantzitsua izan zuen. Industrializazioaren hedapenak, landa-eremutik hirietarako migrazioak eta langile-klasearen hazkundeak erronka berriak planteatu zituzten, eta diktadurako zenbait frakzio horiei erantzuten saiatu ziren espazioa funtzionalki antolatuz. Fabrikak, etxebizitzak eta azpiegiturak kokatzeko moduak ez zuen soilik eraginkortasun ekonomikoa bilatzen; gizarte-ordena jakin bat eraikitzeko borondatea ere bazegoen atzean. Horregatik, hirigintza frankistari erreparatuta, hirien antolaketa soiletik haratago, espazioaren antolaketa bidez diktadurak izan zituen klase pentsamendu eta saiakerak uler ditzakegu.