ARTEKA / Errepresioa
1976ko neguko gasteizko grebetako antolakuntza eta borroka moduak
Esperientzia historiko hau ulertu nahi badugu, eta harengandik ikasi, batetik, berau baldintzatu zuten egiturazko faktoreei eta, bestetik, borroka hartan elkarren aurka lehiatu zuten klase sozialen faktore subjektiboei erreparatu behar zaie.
1976ko neguko gasteizko grebetako antolakuntza eta borroka moduak
— ARGAZKIA Peru Agirresarobe Rivadeneyra
Aurreko hilabeteetan Erreibindikazio Plataforma Bateratua sortzen jardun zuten militanteek eurek azaltzen zutenez, aldarri ekonomiko guztiak eta, batez ere, horiek lortzeko erabilitako metodoak erabat koherenteak ziren langile klasearen botere independente bat eratzeko helburu politikoarekin.

1976ko neguko Gasteizko langile borroka eta greba prozesua martxoaren 3ko errepresioagatik oroitu ohi da: langile klase haren minagatik eta harrotasunagatik, eta hilketa zital haien egile zein erantzuleen aurkako amorru eta justizia grinagatik. Baina patronalak eta Erregimenak sarraski hura egiteko izan zituzten arrazoiak ulertu nahi dituenak, Trantsizioari eta frankismoaren krisiari loturiko testuinguru orokorra ulertzeaz gain, Gasteizko langile mugimenduaren berezitasunak eta mugimendu hark patronalarentzat eta Erregimenarentzat zekarren benetako arriskua ere ulertu behar ditu. Hori dela eta, borrokan jardun zuen proletariotzak erabili zituen bitarteko politiko eta organizatiboen ezaugarriak azalduko ditut testu honetan, hain zuzen, orduko Gobernazioko ministro zen Manuel Fraga honakoa baieztatzera eraman zutenak: “Gasteizko hura zanpatu egin behar zen, langile klasea manipulatzen zuten buruek gidatzen zutelako eta garatzen ari ziren eta deuseztatu beharra zegoen sobiet txikiak zirelako”.

1) Soldata igoera lineala, guztientzako bera, 5.000 edo 6.000 pezetakoa.

2) 40 edo 42 lanordu astean, ordu erdi ogitartekoa jateko eta hilabeteko oporrak, gehi zubiak.

3) 60 urterekin soldata osoa jasoz erretiroa hartu ahal izatea, eta istripuagatik edo gaixotasunagatik baja hartuz gero, %100eko soldata.

Horiek ziren Erreibindikazio Plataforma Bateratuaren (EPB) puntuak. Tresna horrek Gasteizko langile klasearen zati handi bat helburu komun batzuen inguruan elkartzeko balio izan zuen eta, 75-76 arteko neguan, gure hiriko historian langileen parte hartzerik handiena izan duen borroka ziklo laburra bultzatu zuen.

Aurreko hilabeteetan Erreibindikazio Plataforma Bateratua sortzen jardun zuten militanteek eurek azaltzen zutenez, aldarri ekonomiko guztiak eta, batez ere, horiek lortzeko erabilitako metodoak erabat koherenteak ziren langile klasearen botere independente bat eratzeko helburu politikoarekin. Soldata-igoera portzentualen ordez igoera linealak proposatzea kontzienteki egin zen, langileen arteko soldata ezberdintasunak handitzea eta horren ondoriozko zatikatzea saihesteko. Atseden denborari, bajei edota erretiroei loturiko eskaeren helburua, bestalde, hainbat lanpostu izateak eta aparteko orduek eragindako alienazioa eta denbora libre falta borrokatzea zen, proletariotza nahikoa denbora eta energia gabe uzten baitzuten bere emantzipazioaren inguruan pentsatu ere egin ahal izateko.

Langileek zerabiltzaten borroka-baliabideei dagokienez, momentuko taktika hobekien sintetizatzen duen aldarria honako hau da: “klase botere guztia asanbladarentzat”

Borroka-baliabideei dagokienez, momentuko taktika hobekien sintetizatzen duen aldarria honako hau da: “klase botere guztia asanbladarentzat”. Baina zer esan nahi zuen horrek? Ez dezagun ahaztu, une hartan eta 1940az geroztik, sindikatu bertikala, ofizialki Espainiako Erakunde Sindikala (Organización Sindical Española, OSE) deitua, zela langileen eta enpresarien sindikatu bakarra, patronalaren eta erakunde frankisten aurrean esplotazioaren prezioa negoziatzeko legezkotasuna zuen bakarra, eta estatuko enpresa ertain eta handi guztietan delegatuak edo ordezkariak zituela. Ordezkari horiek patronalak berak proposatzen zituen, faltsuki hautatzen ziren eta kontrol politiko zorrotza jasaten zuten. Zentzu horretan, langileen artean zilegitasuna galtzen ari ziren, bi klaseen arteko adiskidetze funtzioa betetzen zutelako, are funtzio errepresiboa betetzen ez zutenean.

Hori dela eta, greba-zikloaren hastapenetik mahai gainean jarri zuten oinarrizko aldarrikapen bat OSEko ordezkarien dimisioa edo kargugabetzea izan zen eta, horren ordez, langileen ordezkari legitimoak hautatzea; hautatutako langile horiek Ordezkaritza Komisioa osatuko zuten. Ordezkari horiek asanblada bidez hautatuko ziren, eskua jasota egindako bozketaz eta patronoen parte hartzerik gabe. Ordezkari horiek edozein unetan kargugabetu zitezkeen eta hainbat funtzio betetzen zituzten: asanbladak dinamizatu eta antolatzea, borroka-proposamenak garatzea, gainontzeko fabrikekin koordinatzea, auzi logistikoak ebaztea, erresistentzia kutxa kudeatzea, irakurketak idaztea edota enpresariekin negoziatzea. Azken horri dagokionez, auzi garrantzitsu guztietan bezala, funtsezkoa zen aurretiaz asanbladan eztabaidatu eta bozkatutako erabakien bozeramaile zintzoak izatea.

Greba-zikloaren hastapenetik mahai gainean jarri zuten oinarrizko aldarrikapen bat Espainiako Erakunde Sindikaleko ordezkarien dimisioa edo kargugabetzea izan zen eta, horren ordez, langileen ordezkari legitimoak hautatzea; hautatutako langile horiek Ordezkaritza Komisioa osatuko zuten

Zenbat jendek eta nola osatzen zituen ordezkaritza komisioak? Ordezkari kopurua fabrikaren tamainarekiko proportzionala zen: oso fabrika handietan 20-30 izan zitezkeen, eta tailer txikietan 3 edo 4. Gainera, fabrikako sail guztiek komisioan ordezkaritza izan zezaten zaintzen zen: ekoizpen lerroak, mantentze-lanek, logistikak, administrazioak… Ezinbestekoa zen fabrikako asanbladak sektore guztiak ordezkatzea, eskirolak edota interes partikularren defentsa saihesteko.

Hortaz, fabrikako asanblada zen klase boterearen oinarrizko antolakuntza-nukleoa, eta Ordezkaritza Komisioa haren gidaritza kontzientea zen. Asanblada informatibo soil izatetik urrun, eguneroko langile asanbladak eztabaidarako eta erabakiak hartzeko funtsezko espazioak ziren eta, hala, langile klasea kontzientziatzeko eginkizuna zuten. Modu honetara ulertzen zuten langile demokrazia: denek bete behar zituzten asanbladan gehiengoz hartutako erabakiak eta ez ziren kideen jokabide indibidualak onartzen, are gutxiago ordezkaritza komisioenak.

Patronalak eta sindikatu bertikalak bultzatutako bozketa sekretuaren aurrean, deliberatu zen eskua jasota egindako bozketa zela benetan askea izango zen langileen erabakimen metodoa. Beldurra eta xantaiak kolektiboki gainditzeko modu bihurtu zen, fabrikako sektore borrokalarienek ordezkatzen zituzten benetako klase interesak defendatzeko modu. Bozketa sekretuak, askea izatetik urrun, klasearen sektore atzeratuena ordezkatzen zuen, patronalaren, Estatuaren, Poliziaren eta Erregimenaren komunikabideen izu eta menderakuntzari azpiratuta jarraitzen zuen sektorea, hain zuzen ere. Horregatik, Ordezkaritza Komisioa negoziaziorako baliozko interlokutore bakar moduan defendatzearekin batera, hori bihurtu zen lehen asanbladetako eztabaida elementu nagusietako bat. Era berean, patronalaren marra gorri eztabaidaezin ere bihurtu zen.

Ikusi dugunez, fabrikako asanblada zen langile demokrazia haren instituzio oinarrizkoena, baina denek ikusten zuten ez zela nahikoa langile mugimenduak ezarritako helburuak erdiesteko. Hori dela eta, berehala hasi ziren greban zeuden fabrika guztiak koordinatu eta gidatzeko organo berriak sortzen, baita bestelako langile instituzio batzuk ere, borroka eta elkartasuna zuzenean lanuztean ez zeuden herri langileko sektore guztietara zabaltzeko balio izan zutenak.

Ordezkaritza Komisioen Koordinakundea grebako oinarrizko zuzendaritza-markoa zen, borrokan ari ziren fabrika guztietako ordezkariak batzen zituen espazioa, herri sektore deiturikoen ordezkariekin batera. Mugimenduaren buru zen eta honako funtzio hauek zituen: asanblada bakoitzaren egoera koordinatzea, auzi logistiko guztiak zentralizatzea eta borrokaren momentua aztertu eta, ondorioz, asanbladek jarraitu beharreko proposamen taktikoak eta jarduteko irizpideak garatzea.

Patronalak eta sindikatu bertikalak bultzatutako bozketa sekretuaren aurrean, deliberatu zen eskua jasota egindako bozketa zela benetan askea izango zen langileen erabakimen metodoa

Bilera horiek ia egunero egiten ziren, baita fabriketako asanbladak ere, eta horrek ahalbidetzen zuen proposamenak onartu aurretik asanblada bakoitzak, hau da, borrokan ari ziren langile guztiek, proposamen oro jaso, eztabaidatu eta bozkatzea. Ordezkaritza komisioek ez zuten eskumenik inongo erabakirik hartzeko edo txostenik plazaratzeko grebalari guztien kontroletik igaro aurretik.

Mugimenduaren batasuna eta kohesioa mantentzeko ezinbestekoa izan zen beste erreminta bat Asanblada Bateratua izan zen. Astean bitan edo egoerak hala eskatzen zuenean biltzen ziren. Tresna horren bidez lantegi bakoitzaren interes partikularrak gainditu eta klase helburu deiturikoei zentraltasuna ematea bilatzen zen. Hori funtsezkoa da aldarri erabat ekonomikoetatik aldarri eta irizpide politikoak izatera naturalki nola igaro ziren ulertzeko: borrokan ari zen edozein enpresatan atxilotuak edo kaleratuak zeuden bitartean ez negoziatzea, ordezkaritza komisioei soilik aitortzea negoziatzeko ahalmena, errepresioa modu bateratuan salatzea…

Hiriko zenbait elizatan (Zaramaga, Aranbizkarra, Los Angeles…) egin ziren asanblada horien dimentsioez kontziente izan behar dugu, 3.000 eta 5.000 langile artean izan baitziren parte hartu zutenak. Debaterako baino, agitaziorako gune izan ziren, debateak asanblada zehatzetan eta ordezkaritza komisioetan gauzatzen baitziren eta, zentzu horretan, ez da kasualitatea Etxe Sindikalerantz edo Gobernu Ziblierantz abiatu ziren lehen manifestazioak modu nahiko espontaneoan sortu izana, Asanblada Bateratua burutu ostean.

Greba hartako protagonistak ados daude: aurreko paragrafoetan deskribatutako langile demokrazia eredu hori izan zen abangoardia eta klasea batuta mantendu zituen klabeetako bat. Eztabaidaz eztabaida, bozketaz bozketa, aurretiaz esperientzia sindikal edo militanterik ez zuen langile klase gasteiztarraren artean klase kontzientzia eta borrokarako konpromisoa hazten joan ziren. Langileek borrokan ari zirela ulertu zuten patronalak, Gobernuak, Poliziak eta hedabideek haien interesen aurkako blokea osatzen zutela eta, ondorioz, langile klaseak horiei aurre egiteko bere arma propioak garatu behar zituela.

Fabrikako asanblada zen klase boterearen oinarrizko antolakuntza-nukleoa ,eta Ordezkaritza Komisioa haren gidaritza kontzientea zen. Asanblada informatibo soil izatetik urrun, eguneroko langile asanbladak eztabaidarako eta erabakiak hartzeko funtsezko espazioak ziren eta, hala, langile klasea kontzientziatzeko eginkizuna zuten

Puntu honetara iritsita, garrantzitsua da ulertzea Gasteizkoa ez litzatekeela ez modu berean, ez erradikaltasun berarekin gertatuko Gasteizko Langile Koordinadoraren (Coordinadora Obrera de Vitoria, COV) inguruan antolatutako hamarnaka militante iraultzailek osatutako talde txiki baten existentzia eta insistentziagatik ez balitz. Koordinadora horretan norbanako bezala hartzen zuten parte, eta ez nor bere antolakundearen ordezkari moduan. Koordinadora klase erakundeen (langile komiteak, langile komisioak eta enpresetako beste talde autonomo batzuk) eta PCEren ezkerretara zeuden alderdi edo antolakunde klandestinoetako (ORT, LCR-ETA VI, PTE edota OCA-Klase Antolakunde Antikapitalista) kideen arteko koordinazio bateraturako sortu zen 1974 bukaera aldera.
OCAri dagokionez, alderdi edo antolakunde bat baino, lausoki antolatutako joera politiko kontsejista bat zen, baina grebaren planteamendu asanbleario guztian garrantzi handia izan zuen. Ez zioten sindikatu bertikalari soilik aurre egiten, baizik eta klase esplotazioa zalantzan jarri gabe arlo ekonomikora bakarrik mugatzen zen forma sindikal orori.

Gogoan izan behar da garai hartan CCOO zela euskal antifrankismoaren alorrean zein estatu mailakoan inplantazio handiena zuen langile erakundea, baina Trantsizio ostean ezagutuko genuen sindikatua izatetik oso urrun zegoela orduan. Bi hegaletan bereizirik zegoen: CONE izenekoa (PCEtik gertukoa) eta CECO (ezker iraultzaile deiturikoaren barneko antolakundeek osatua). Langile tradizio handiagoa zuen Bilbo Handian CONE adarra nagusitzen bazen ere, Nafarroako eta Gipuzkoako komisioetan CECOk zuen hegemonia, proletariotza gazteagoa eta formatu berria zuelarik. Araban ere CECO gailentzen zen, antzeko baldintzak izanik, baina bertan, CCOO, oro har, askoz minoritarioagoa zen langileen artean eta, ondorioz, bertako taldeek Gasteizko Langile Koordinadoran batu zituzten indarrak, eta aurretik aipatu dudan Aldarrikapenerako Plataforma Bateratua garatzen jardun zuten.

Langile demokrazia eredu hori izan zen abangoardia eta klasea batuta mantendu zituen klabeetako bat. Eztabaidaz eztabaida, bozketaz bozketa, aurretiaz esperientzia sindikal edo militanterik ez zuen langile klase gasteiztarraren artean klase kontzientzia eta borrokarako konpromisoa hazten joan ziren.

PCEk modu argian egin zuen apustu sindikatu bertikaletik eta ezarritako bideetatik ekitearen alde; alabaina, bai Gasteizen eta baita beste zenbait lekutan ere, abangoardiak azkar batean jarri ziren ados kontrako bidea hartzeko: Espainiako Erakunde Sindikalari zilegitasuna kendu behar zitzaion, haren ordezkari ofizialen dimisioa eskatu behar zen eta haien ordez asanbladek erabakitako ordezkaritza komisioak jarri behar ziren. Gainera, martxoaren 3ko buru karismatikoenetako bat izan zen Jesus Fernandez Navesek azaldu zuen moduan, orduan zegoen errepresio aparatuak ez zuen bestelako antolakuntza formarik ahalbidetzen. Borroka eta aldarriak buruzagi gutxi batzuek egin izan balituzte, berehala atxilotuko zituzketen eta hortxe bukatuko zatekeen borroka. Aitzitik, asanblada ereduak modu kolektiboan banatzen zituen ardurak, eta horrek errepresioa baretzen zuen, hein batean, ezin baitzen plantilla osoaren aurka modu berean gauzatu.

Garrantzitsua da ulertzea Gasteizkoa ez litzatekeela ez modu berean, ez erradikaltasun berarekin gertatuko Gasteizko Langile Koordinadoraren (Coordinadora Obrera de Vitoria, COV) inguruan antolatutako hamarnaka militante iraultzailek osatutako talde txiki baten existentzia eta insistentziagatik ez balitz. Koordinadora horretan norbanako bezala hartzen zuten parte, eta ez nor bere antolakundearen ordezkari moduan.

Hortaz, asanblada ereduak proletarioak aktibatzeko eta politikoki hezteko balio izan zuela baiezta daiteke. Hala ere, historian beti gertatzen den moduan, prozesu hori ez zen modu erabat garbian eta kontraesanik gabe gauzatu. Ez ziren falta izan borroka zuzentzeko egokien jotzen ziren militante klandestinoak, baina beren asanbladetan ordezkari gisa hautatu ez zituztenak eta, aldiz, esperientzia politikorik gabeko kideak ere izan ziren, berehala nabarmendu zirenak lider natural gisa. Bestalde, hainbat protagonistak aipatu izan dute planteatu zen langile demokrazia eredua ez zela uneoro modu zorrotzean bete eta zenbait erabaki taktiko zuzendaritzak hartu zituela, asanbladen ohiko erabakimen prozesua osatu gabe, izan azkartasuna hobetsi zelako, izan bestela erabaki horiek onartuak ez izateko beldurragatik. Era berean, ekintza espontaneo ugari ere izan ziren, gehiago erantzuten ziotenak errepresioaren aurrean piztutako klase sen bati plangintza kontziente bati baino.

Orain artean aurkeztutako eskema fabriketako borroken muina izan zen, baina martxoaren 3ko grebaren erabateko arrakasta ulertu nahi badugu, langile batasuna bermatzeko eta borroka hiriko langileen eta herri langilearen sektore guztietara zabaltzeko sortu ziren langile antolakunde guztiei erreparatu behar diegu.

Zentzu horretan, grebari eusteko eta klase-elkartasuna zabaltzeko funtsezko eragileak lanuztean zeuden langileen emazteen asanbladak izan ziren. Hasiera batean, fabrikako asanbladen sekzio modura jardun zuten eta bi zeregin nagusi zituzten: eskirolen aurkako borroka eta erresistentzia kutxak hornitzeko oinarrizko
beharrizanak eta dirua biltzea. Hastapenetan, lan “diplomatikoak” egin zituzten, eskirolen etxeetara joanez eta euren familiak konbentzituz, borrokara batzeko beharraz ohartu zitezen, eta, kasu askotan, funtzionatu egin zuen. Nolanahi
ere, lehen saiakera horiek fruiturik eman ez zuten kasuetan, lantegietako ateetara joaten lehenak izaten ziren emakumeak, lanera sartzen ziren eskirolak irain eta umilazio bidez desmoralizatzeko helburuarekin.

Langile antolakuntza hedatu ahala, emakume asanbladak ere biderkatu egin ziren, Asanblada Bateratu propioa eratzeraino, zeina astean bitan bilduko zen eta auzoetara, haurtzaindegietara, ikastetxeetara, merkatuetara eta abarretara elkartasuna zabaltzeko gaitasuna irabazi zuen. Manifestatzeko eta borroka sostengatzeko oso modu burutsua asmatu zuten, poltsa hutsen martxa izenez ezaguna: ehunka emakumek eta umek hiriko merkatuak eta merkataritza kaleak zeharkatzen zituzten, aldarriak oihukatuz, eskuorriak banatuz eta jendeari borrokaren egoera azalduz, poltsak klase elkartasunari esker betetzen zituzten bitartean. Poliziak martxa horiek erreprimitzeko zailtasun handiak zituen, ematen zuten irudiagatik eta herritarrengan sortzen zuten begikotasunagatik. Hala ere, horrek ez zituen emakume langileak errepresiotik salbatu: asko atxilotu egin zituzten eta komisaldegietan mehatxuak, kolpeak eta tratu txarrak jasan zituzten, askotan, gainera, konnotazio sexual eta iraingarriekin.

Gatazkak aurrera egiten zuen heinean, klase elkartasunak langile auzoetako egunerokotasunaren alderdi oro busti zuen. Zaramagako bizilagun batek kontatu zidanez, auzoko atari guztiak, eta baita etxe askotako ateak ere, urtarriletik aurrera beti egon ziren irekita, manifestariek ihes egiteko, ezkutatzeko eta, zaurituta egonez gero, sendabideak jasotzeko aukera izan zezaten. Auzoko pertsiana asko zulatuta zeuden poliziek leihoetatik oihukatzen zuten edo mota guztietako gauzak jaurtitzen zituzten emakumeen kontra botatako bolazoengatik: “aste gutxiren buruan, ez zen lorerik edo loreontzirik geratzen Zaramagako leihoetan, grisei jaurtitzen genizkielako”.

Asanblada ereduak proletarioak aktibatzeko eta politikoki hezteko balio izan zuela baiezta daiteke. Hala ere, historian beti gertatzen den moduan, prozesu hori ez zen modu erabat garbian eta kontraesanik gabe gauzatu

Ikus dezakegunez, borrokak berehala gainditu zituen fabriketako mugak eta, azkar batean, lurralde eta klase izaera hartu zuen. Egia bada ere auzoetako asanbladak, bere horretan, ez zirela sortu martxoaren 3ko greba orokorraren prestaketari ekin zioten arte, aurreko bi greba orokorrak prestatzeko funtsezko instituzioetako bat lanuztean ez zeuden langileen asanblada bateratuak izan ziren. Modu horretara, urtarrilean eta otsailean euren fabrikak modu iraunkorrean geldiarazi zituzten 6.250 langileei, beste hainbat sektoreetako zenbait mila langile gehitu zitzaizkien, elkartasunez, eta, hala, kalean zeuden langileak biderkatu ziren borroka egun garrantzitsuenetan zein prestaketa egunetan. Hasiera batean, lanuztean ez zeuden langileen asanblada horien zentzua gatazka hedatzea zen, langile sektore guztiak euren aldarri propioak asanbladan proposatzera animatuz eta patronal osoaren aurkako presio testuinguru handiagoa sortuz. Baina, praktikan, asanblada horietako zein greba orokorretako partaideak, batez ere, lanuztean zeuden langileekiko elkartasunez atera ziren kalera eta, hortaz, asanbladek honako hiru funtzio hauek hartu zituzten: 1) greba orokorrerako baldintzak sortzea, 2) pikete informatiboen mugak gainditzea eta 3) masen parte hartzea bultzatzea eta klase kontzientziaren garapena indartzea.

Martxoaren 3ko zenbait protagonistak baloratu zuten gatazka erabat ez orokortu izanaren arrazoiak prestaketa falta eta lanpostuetan zegoen abangoardiako militanteen falta izan zirela. Izan ere, enpresa askotan langileek ez zuten euren nagusien aurka zuzenean borrokatu, baizik eta lanuztea egin zuten langileei babesa ematera mugatu ziren, hain zuzen, enpresariek, egoera ikusirik, barne gatazkei aurre hartu baitzieten, lehen unetik langileek eskatuari men eginez. Errepresioaren aurka, kaleratuak berriz onartzearen alde edota atxilotuak aska zitzaten elkartasuna erakusten zuten, baina, aldi berean, ordezkaritza komisioek hasiera batetik planteatutako oinarrizko printzipio bat hausten zuten: ordezkaritza komisio batek berak ere ez zuen negoziatu behar gainontzeko enpresetan kaleratze edo atxiloketaren bat zegoen bitartean.

Grebari eusteko eta klase-elkartasuna zabaltzeko funtsezko eragileak lanuztean zeuden langileen emazteen asanbladak izan ziren

Gatazka orokortzeko printzipioa bere egin zuen talde bat ikasleena izan zen, euren asanblada eta aldarri propioak sortuz eta geldialdiak eta grebak deituz. Zuzendaritzen errepresioa berehala iritsi zen eta errepresioaren aurkako, kanporatutako ikasleak berriz onartzearen aldeko eta askatasun politikoen aldeko borrokak euren aldarri nagusi bihurtu ziren azkar batean. “Gaur ikasleak, bihar langileak” oihukatzen zuten eta langile mobilizazioetako elementu garrantzitsua izan ziren, batez ere poliziarekin izandako liskarretan.

Memorialista burgesek beti erakutsi nahi izan dute greba prozesua baketsua izan zela martxoaren hiruko errepresio gogorra gertatu zen arte, langileak lehenago ere autodefentsarako eskubide legitimoaz jabetu eta erabili izan ez balute bezala. Errepresioa izan zen, zalantzarik gabe, gatazkaren elementu katalizatzailea, funtsezko elementua arlo ekonomikotik politikora salto egiteko eta gertatzen ari zena bi botereren arteko borroka zela ulertzeko, klasea klasearen aurka. Gatazka hasieran langile gehienek kezka berezia zuten enpresa bakoitzeko martxak baketsuak izan zitezen, baina, borrokan hiru aste zeramatzatenean eta Asanblada Bateratuaren ostean Enpresarien Kontseilurantz abiatu zen 6.000 pertsonako mobilizazioa gauzatu zutenean, ordura arte zuten ikuskera aldatu zen. Poliziak gogorki erreprimitu zuen manifestazioa eta 50 zauritu utzi zituen liskar bortitz baten ondoren, zeinatan grebalariek ez zuten zalantzarik izan eskura zuten guztiarekin beren buruak defendatzeko.

Langile klaseak ulertu zuen polizia ez zegoela hor eurak defendatzeko, beharrezkoa zenean erasotzeko baizik: martxoa baino lehen, 400 eta 500 atxilotu artean izan ziren eta baita hamarnaka kaleratu ere. Hori dela eta, otsailean poliziaren errepresioa saihesteko eta hari aurre egiteko hainbat modu probatu zituzten: barrikadak eraiki zituzten; manifestazio handiak txikiekin batera konbinatu zituzten, poliziek indarrak zatikatu behar izateko; edota polizien irrati bidezko komunikazioak interferitu edo grabatu zituzten (hortik datoz martxoaren hiruko grabaketa polizial ospetsuak). Gobernu Zibilak, bere aldetik, martxoaren 3rako errefortzuak eskatu zituen hainbat aste lehenagotik, Valladolidetik etorritako brigada mugikorreko efektiboekin. Zenbatetsi da martxoaren 3ko greban 200 eta 300 polizia armatu artean zituen dispositibo bat zabaldu zela hiri guztian zehar, horietako 100 eta 150 artean Asisko San Frantzisko eliza inguruan soilik. Informazio brigadak ere paper garrantzitsua izan zuen, langile askori xanataia eginez asanbladetan zertaz hitz egiten zen jakiteko, tortura erabiliz, gezurrak edo komunikatu faltsuak zabalduz langileen buruen izena zikintzeko…

Biltzeko debekuari asanbladak deituz erantzun zitzaion; manifestatzeko debekuari, manifestatuz, eta abar. Banan-banan, langile klasea oinarrizko eskubide politikoak bereganatuz joan zen bere indarraren eta batasunaren bidez, kolpe bakoitzari eutsiz eta klase kontzientzia eta antolakuntza handiago baterako akuilu bihurtuz

Honenbestez, Estatuak, patronalaren eskutik, martxoaren 3an erabili zuen biolentzia neurrigabea aurreko bi hilabeteetan luzatu zen ziklo errepresibo baten gailurra izan zen, egun hartan bertan bost hildako, balaz zauritako 100 pertsonatik gora eta asfixiagatik, kolpeengatik edota kotxeekin harrapatzeagatik zauritutako hamarnaka pertsona utziz. Askatasun politikoen erabateko gabeziaren eraginez, langileek borrokan ematen zuten pauso bakoitza legalitate burgesaren aurkako erronka bat zen eta Erregimena erantzutera behartuta zegoen. Biltzeko debekuari asanbladak deituz erantzun zitzaion; manifestatzeko debekuari, manifestatuz, eta abar. Banan-banan, langile klasea oinarrizko eskubide politikoak bereganatuz joan zen bere indarraren eta batasunaren bidez, kolpe bakoitzari eutsiz eta klase kontzientzia eta antolakuntza handiago baterako akuilu bihurtuz. Horrela sortu ziren baldintzak martxoaren 3koa erabateko greba izan zedin. Goizeko 10:00etarako, denda, taberna, banku, ofizina, ikastetxe eta tailer oro itxita zegoen, eta ia langile klase osoa kalean zen, bi aldarri argirekin: “kaleratuak berriro onartu” eta “negoziatu nahi dugu”. Gainerako gertakariak ezagunak dira eta hainbat irakurketa politiko egin dira egunean bertan zein ondorengo egunetan gertatutakoaz.

Ondorio moduan, esperientzia historiko hau ulertu nahi badugu, eta harengandik ikasi, batetik, berau baldintzatu zuten egiturazko faktoreei eta, bestetik, borroka hartan elkarren aurka  lehiatu zuten klase sozialen faktore subjektiboei erreparatu behar zaie. Inflazioak ezaugarritutako koiuntura ekonomikoa, Gasteizko auzoetan
zegoen pobrezia, berriki Franko hil izana eta geure historiako gatazka politiko handieneko testuinguru bat batuta, horrelako zerbait gertatzeko baldintzak ezarriak zeuden. Patronalaren intrantsigentziak, erabateko askatasun politiko faltak eta errepresioak ere eragina izan zuten borrokan. Langile klasearen baldintzen eta bizimoduaren nolabaiteko homogeneotasuna eta abandonuak eta beharrak bultzatuta langile komunitateetan jaiotako autoantolaketarako eta elkartasunerako joerak ere kontuan hartu beharreko faktoreak dira. Baina, baliteke, testuinguru historiko konkretuaz haratago, proletariotzak kontzienteki bere egin zituen zenbait printzipio eta mekanismo egotea, berau indar politiko independente gisa azaleratzea ahalbidetu zutenak.PCEk modu argian egin zuen apustu sindikatu bertikaletik eta ezarritako bideetatik ekitearen alde; alabaina, bai Gasteizen eta baita beste zenbait lekutan ere, abangoardiak azkar batean jarri ziren ados kontrako bidea hartzeko: Espainiako Erakunde Sindikalari zilegitasuna kendu behar zitzaion, haren ordezkari ofizialen dimisioa eskatu behar zen eta haien ordez asanbladek erabakitako ordezkaritza komisioak jarri behar ziren. Gainera, martxoaren 3ko buru karismatikoenetako bat izan zen Jesus Fernandez Navesek azaldu zuen moduan, orduan zegoen errepresio aparatuak ez zuen bestelako antolakuntza formarik ahalbidetzen. Borroka eta aldarriak buruzagi gutxi batzuek egin izan balituzte, berehala atxilotuko zituzketen eta hortxe bukatuko zatekeen borroka. Aitzitik, asanblada ereduak modu kolektiboan banatzen zituen ardurak, eta horrek errepresioa baretzen zuen, hein batean, ezin baitzen plantilla osoaren aurka modu berean gauzatu.