Azaroaren 25ean, hamahiru pertsona epaituko dituzte, "alderdi politiko batek salatuta". Otsailaren 25ean Lizarran (Nafarroa) izandako mobilizazio antifaxista baten harira izango da judizioa: egun horretan, "Plus Ultraren balentria" eta Julio Ruiz de Alda falangista omentzeko deialdi bat zuen egina Vox alderdiak, baina hainbat eta hainbat pertsona mobilizatu ziren Faxistak kanpora aldarritzat hartuta. Kultur-etxeko sarreran eseri ziren hainbat manifestari, ekimen faxistaren aurka protesta egiteko, eta indarrez kanporatu zituen Foruzaingoak.
Bada, gertakari horiek guztiak direla-eta, epaiketa bat izango da azaroaren bukaeran antifaxisten kontra. "Mehatxuei" eta "derrigortzeari" lotutako delituak egozten dizkiete. Gainera, otsailean gertatutakoagatik, 1.500 euroko isun batzuk ere heldu direla jakinarazi dute Lizarraldeko eta Garesaldeko mugimendu antifaxistatik.
"Salaketak eta isunak haien botere ekonomiko eta sozialaren agerpen argia baino ez dira. Voxen salaketa baten aurrean, zein herritarrek du auzitegietara jotzeko gaitasuna berdintasun materialeko posizio batetik? Zer berme instituzional dago abiapuntua guztiz desberdina denean? Nork ordaintzen ditu gure abokatuak?", galdegin dute Lizarraldea eta Garesaldea Antifaxistak ekimenetik: "Horren aurrean, badakigu bide bakarra antolaketa eta elkarrekiko laguntza dela". Hain zuzen ere, erresistentzia-kutxa bat sortzeko asmoa dute, orain zabalik diren "prozesu judizialen gastuak ordaintzeko".
Buru-belarri ari dira lanean eskualdean, "faxisten gorakadaren aurrean dugun kezka eta eman behar diogun erantzun kolektiboa gizarteratzeko", eta aurki izango dituzte berriak. "Faxismoak Euskal Herrian historikoki izan duen ahuleziak ez digu guardia jaisten utzi behar. Olatu erreakzionario baten aurrean gaude, eta erantzun bakarra dago: antifaxismo antolatu eta eraginkor baten artikulazioa", gaineratu dute.