AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Gutxienez lau emakumek jasan dituzte eraso matxistak asteburuan, Tuteran eta Oñatin
Larunbatean bi gizonezko atxilotu zituzten Tuteran, emazteari eta alabari erasotzeagatik bata, eta beste emakume baten aurka egiteagatik bestea. Oñatin ere emakume bati eraso dio bikotekideak asteburuan.
2022ko irailaren 5
Gutxienez lau emakumek jasan dituzte eraso matxistak asteburuan, Tuteran eta Oñatin
— ARGAZKIA El Diario

Joan den larunbatean, gutxienez hiru emakumek jasan zituzten eraso matxistak Tuteran (Nafarroa). Goizean emakume baten eta bere alabaren kontra oldartu zen gizon bat, etxebizitza batean. Abisu bat jaso zuen poliziak, eta bertaratu eta lekukoen testigantzak entzun ostean, erasotzailea atxilotu zuen. Gauean, berriz, beste emakume bati eraso zion gizon batek, etxebizitza baten barruan kasu horretan ere. Hara gerturatu eta emakumearen zauriak ikusi ostean, atxilo eraman zuten erasotzaile hori ere. Erietxe batean artatu zuten emakumea.

Oñatin (Gipuzkoa) ere izan da eraso matxista bat asteburuan, igandeko aurreneko orduetan. Emakume bati eraso zion bere mutil lagunak; 36 urte ditu, eta atxilotu egin zuten genero indarkeria leporatuta. Osasun-zentro batean artatu zuten erasotua izan zen emakumea.