AKTUALITATEA / Errepresioa

Auzitegi Nazionalak Irunen atxilotutako bi pertsonak espetxeratu izana "oso larritzat" jo du defentsak

Besteak beste "armen biltegiratzea" leporatu diete bi atxilotuei, baina momentuz, ez da ustezko arma horien ebidentziarik atera argitara. Zupiriak dio irailean kontrolean gelditu zituztenean ez zirela ari "inolako deliturik egiten", eta horregatik ez zituztela momentuan atxilotu.
2026eko urriaren 21 - 12:41
Auzitegi Nazionalak Irunen atxilotutako bi pertsonak espetxeratu izana "oso larritzat" jo du defentsak
— ARGAZKIA Alejandro Martinez Velez

Larunbatean Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako bi euskal herritarrak atzo igaro ziren Espainiako Auzitegi Nazionaletik, eta ordubetez deklaratu ostean, haiek kartzelaratzeko agindua eman zuen Antonio Piña epaileak. Haien abokatu Aratz Estonbak esanak jaso ditu Argia-k, "oso-oso larritzat" jo baitu juezaren erabakia. "Fiskalak espetxeratzearen alde egin du, guk aurka, eta epaileak, deblauki, jarraian jakinarazi du espetxeratze-agindua", zioen atzo Estonbak. 

Besteak beste "talde terrorista" bateko kide izatea eta "armen eta lehergailuen biltegiratzearekin" lotura edukitzea egotzi diete espetxeratuei. Hala ere, oraingoz, ez agintaritzek ez komunikabideek ez dute argitaratu material horiei buruzko informazio, irudi edo bestelako ebidentziarik. "Frogen artean tailer batena-edo ematen duen bideoa dago, estintoreak pinturaz nola bete erakusten duena. Fiskalak bideo hori erabili du esateko akusatuek armak dituztela", azaldu dio Estonbak Argia-ri.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunaren arabera, irailaren 26an, polizia-kontrol batean gelditu zituzten orain preso dauden bi euskal herritarrak eta hirugarren pertsona bat. "Material oso delikatua" topatu omen zieten, tartean, polizia-indarrei, agente batzuei eta ustez "armak eta lehergailuak" omen dauden leku bati buruzko informazioa. Hala ere, aske utzi zituen Ertzaintzak. Horren inguruan, Bingen Zupiria Barne sailburuak berriki esan du kontrolean geratu zituzten momentuan pertsona horiek ez zirela ari "inolako deliturik egiten", eta horregatik ez zituztela atxilotu.

"Estatu bermatzaile batean bizi gara, eta herritar guztiok ditugu bermeak mugitzeko askatasunari dagokionez", adierazi du Zupiriak, eta berretsi du "ikertzea eta informazioa justiziaren esku jartzea" hautatu zutela. Auzitegi Nazionalari eskatu omen zioten baimena kontrolean aurkitutako materialak ikertzeko, eta orain, Ertzaintzak "epailearen esanetara" jarduteko unea omen da.