Joan den larunbatean, gutxienez hiru emakumek jasan zituzten eraso matxistak Tuteran (Nafarroa). Goizean emakume baten eta bere alabaren kontra oldartu zen gizon bat, etxebizitza batean. Abisu bat jaso zuen poliziak, eta bertaratu eta lekukoen testigantzak entzun ostean, erasotzailea atxilotu zuen. Gauean, berriz, beste emakume bati eraso zion gizon batek, etxebizitza baten barruan kasu horretan ere. Hara gerturatu eta emakumearen zauriak ikusi ostean, atxilo eraman zuten erasotzaile hori ere. Erietxe batean artatu zuten emakumea.
Oñatin (Gipuzkoa) ere izan da eraso matxista bat asteburuan, igandeko aurreneko orduetan. Emakume bati eraso zion bere mutil lagunak; 36 urte ditu, eta atxilotu egin zuten genero indarkeria leporatuta. Osasun-zentro batean artatu zuten erasotua izan zen emakumea.