ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
"Bizitzaren garestitzea gelditu" manifestazioa Bilbon FOTOGRAFÍA / Gedar.eus
Peio Ormazabal
2022/03/17 20:17

Gerra-propagandak aktualitate osoa betetzen duen egunotan, horrenbeste arreta mediatiko erakarri gabe, bestelako kezka bat ari da pixkanaka zabaltzen: bizitzeko oinarrizko beharrizanen izugarrizko garestitzea. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Kontseilu Sozialistek argitaraturiko datuek neurria jartzen diete egunerokoan bizi ditugun miseriari eta ezinegonari; erregaien prezioa ia bikoiztu egin da azken bi urteotan, azken urtean argindarraren zein gasaren prezioak ia sei aldiz igo dira (%589,18 eta %561,8 hurrenez hurren) eta erosketa saskia motelago, baina etengabe ari da garestitzen.

Denboran luzatzen ari den egoera hau fenomeno zehatzen bidez azaldu izan digute: orain Ukrainako gerrak eragiten omen du, lehenago pandemiak eragiten zuena. Burgesiaren mundu ikuskerak naturalizatu egiten du, izatez, gizarte kapitalistaren funtzionamendu espezifikoa dena; gizartearen funtzionamenduaren ondorioak eta kausak nahasirik aurkezten dizkigute. Hau da, krisi ekonomikoa egoera ezberdinen ondorio saihestezin modura aurkezten digute, eta egoera horretara moldatzea beste aukerarik ez dagoela dirudi.

Mugimendu Sozialistatik, ordea, aspalditik elementu zentral bat ari gara seinalatzen etengabean. Alegia, krisi kapitalista egoeraren oinarri objektiboa dela eta ez isolatuta agertzen diren fenomeno ezberdinen ondorio. Horrela, irabazi tasak maila onargarrian mantentzeko neurri ezberdinak hartu behar izan ditu burgesia handiak. Ekoizpen prozesuaren errobotizazio eta automatizazioa, kapitalen kontzentrazioa edota korporazio eta banketxeen erabakitzeko ahalmenaren handitzea horren adibide batzuk baino ez dira. Neurri guztien artean, ordea, bada krisialdi guztietan ageri zaigun bat: langileriaren soldata errealaren jaitsiera. Horrela, ekoizpen sozial osoaren kopuru murritzago bat bideratzen da langileriaren erreprodukzio eta kontsumora, ekoizpen horren parte handiagoa bideratu ahal izateko Kapitalaren modernizaziora.

Soldata jaitsiera hori bizitzaren garestitze bezala ageri da langileon begietara. Oinarrizko beharrizanen prezioak soldatak baino nabarmen azkarrago hazten direnez, langileriaren erosahalmena gutxituz doa etengabe. Klase ertainaren zati batek bere aurrezkiak kontsumituz eusten dio bere bizimoduari, aurrezkiak agortu ahala proletarizatu egiten da eta proletariotzak bere biziraupena bera kolokan ikusten du hilabete amaieran. 

Irabazi tasaren murriztea nazioarteko fenomeno bat den neurrian, lehia interinperialistaren gogortzea ere eragiten du, burgesia nazional ezberdinen artean pastel txikiagoa banatu behar baitute. Horrela begiratuta, gerra krisi kapitalistari emandako aterabidea da, eta ez krisiaren kausa. AEBetako burgesia handiaren zenbait taldek (fracking-ari eta industria militarrari lotuak batik bat), beraien interesen defentsan, NATOren estrategia espantsionista oldarkorra bultzatu dute, Ukrainan gerra piztu arte. Errusiaren eta mendebaldeko Europako herrialdeen arteko harreman ekonomikoak saboteatu eta, bide batez, irabazi ikaragarriak izango dituzte Europako aliatuei AEBetako gasa zein puntako teknologia militarra salduta. Izan ere, Ukrainan bertan garatzen ari den enfrentamendu belikoaz gain, arretaz erreparatu behar diogu gobernu ezberdinak zigor bidez gauzatzen ari diren gerra ekonomikoari. Burgesen arteko lehia horrek agerian uzten duelako ez dutela inolako arazorik milioika pertsonaren miseria areagotuko duten zigor neurriak ezartzeko.

Pandemiaren kudeaketa ere krisi testuinguruan beharrezko egokitzapenak egiteko erabili dutela begi bistakoa da. Alde batetik, ekonomian moldaketak egiteko testuinguru bikaina izan da: aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) normalizatzeko, enpresa ezberdinak ixteko, telelana bezalako lan modalitateak ezartzeko… Bestalde, langileriaren gaineko dominazio politikoa ere nabarmen estutu dute; mugikortasuna mugatuz, edozein jardun politiko isunen bitartez itota edota polizia indarberrituta eta modernizatuta. Esan gabe doa, gerra testuinguruan askatasun politikoen ezabapena are muturrerago eraman dutela, Mendebaldean zabaltzen ari diren bertsioa zalantzan jar dezaketen komunikabideen itxierak, informatzeko eskubidea eta iritzi kritikoak garatzeko aukera bera bertan behera utzi baitituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) zenbaitetan azaldu duen bezala, askatasun ezean eta pobrezian oinarrituriko etorkizuna baino ez dio eskaintzen burgesiak proletalgoari.

Horrek guztiak ez du ukatzen pandemiaren kudeaketak eta gerrak ekonomian eragina dutenik. Adierazi nahi dena da egiturazko krisi batek baldintzaturiko errealitatean garatzen direla eta krisi horren aurrean posizioak irabazteko erabiltzen dituela burgesiak. Aipagarria da, halaber, nola erabiltzen dituzten pobreziaren hedatzea justifikatzeko gertakari horiek. Lehendabizi, mugitzeko askatasuna ezabatu ziguten ingurukoak zaintzearen izenean; orain, Ukrainarekiko elkartasunez jaitsi behar omen dugu berogailua, eta auskalo zer gertakarirekin justifikatuko duten langileriaren pobretze orokortua. Kanpo etsai bat, kanpo faktore bat aurkitzen da etengabe krisi testuingurua justifikatzeko eta proletalgoaren bizimodua itotzen jarraitzeko. Argigarria da, zentzu horretan, Espainiako Segurtasun Nazionalerako Lege-proposamen berriak salbuespen egoera ezartzeko aintzat hartzen dituen agertoki guztiak: epidemiak eta pandemiak, aldaketa klimatikoaren ondoriozko efektuak, emergentziak eta hondamendiak, ezegonkortasun ekonomiko eta finantzarioa, espioitza, ziberespazioaren eta aireko, lurreko zein itsasoko espazioaren zaurgarritasuna, zaurgarritasun energetikoa, desinformazio kanpainak…

Zuzenbide Estatuaren bermeak bertan behera uzteko salbuespen zerrenda luzatzen duen bitartean, Espainiako Gobernuak prezioen igoerari aurre egiteko neurriak hartuko dituela jakinarazi berri du. Besteak beste, "estatu-laguntzak, zerga jaitsierak eta gehienezko prezioak finkatzea" aztertzen ari omen dira, energiaren prezioa murrizteko. Adibidez, erregaien zerga murrizteak 6.000 milioi euro murriztuko lituzke Espainiako Estatuaren diru-sarrerak. Neurriok proposatzearekin batera, NATOk eskatuta, defentsa militarrerako gastua nabarmen handitzeko konpromisoa ere hartu du PSOEren eta Podemosen gobernuak. Krisiaren oinarrian gainbalio ekoizpenaren murrizpena egonik, ordea, neurriok martxan jartzeko beharrezko baliabideak beste nonbaitetik murriztu beharko dituztela nabarmena da.

Beste behin ere argi geratu dira ezkerreko alderdi profesionalen politikaren mugak, eta kapitalismoaren baitan kapitalismoak berak sortzen dituen arazoak kudeatzeko duten ezintasuna. Horregatik da beharrezkoa langileriaren antolakuntza independentea, salaketa zehatzetatik abiatu eta ongizate unibertsalaren berme den Estatu Sozialistaren eraikuntzarako oinarriak jarriz. Bide horretan ekarpena egiteko mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Kontseilu Sozialistek larunbat honetarako. Gure gaitasunen arabera baina egoeraren larritasunari muzin egin gabe: sozialismoaren eraikuntzan urratsak emateko garaia da.

NO HAY COMENTARIOS