Ir al contenido
IKUSPUNTUA / Azaroak 11: greba orokorra

Ad hominem

IKUSPUNTUA

Amaitu da Greba Orokorra eta asteetako lanak eman ditu bere fruituak. Oso deialdi arrakastatsua izan da kuantitatiboki, baina batez ere kualitatiboki: milaka pertsona espekulazioaren aurka, espekulatzaileak espropiatzearen alde eta etxebizitza planifikatzearen alde mobilizatu dira eta.

Zentzu horretan, erreformistak agerian gelditu dira, argi geratu baita kontsigna iraultzaileak masazkoak izan daitezkela eta arduradun guztiak (ezker zein eskuin) seinalatzen dituen diskurtso independenteak milaka pertsona mobilizatu ditzakeela. Erreakzioa, ordea, berehalakoa izan da, eta gutxi behar izan dute batzuek giroa nahasten hasteko.

Alde batetik, grebaren irakurketa interesatu eta alderdikoi bat mahaigaineratu dute hainbat elkarrizketatan, etxebizitza sindikatuen lan militantea gutxietsiz eta grebako aldarriak moderatuz hauteskundeetara begira. Beste alde batetik, falaziaz betetako akusazioak egin dituzte Mugimendu Sozialistaren aurka: jarrera antipolitikoa dugula esatetik, ELA-GKS konspirazioetaraino. Azter ditzagun.

Lehenik eta behin, alderdi politiko guztiak maila berean jartzen ditugula esan digute eta horrek faxismoari mesede egiten diola. Egia da alderdi parlamentario guztiek erantzukizuna dutela etxebizitzaren krisian; hala ere, nik dakidala, inon ez dugu esan ardura maila berdina dutenik: argi eta garbi bereizi ditugu udalak, Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, ezkerra, ultraeskuina… Kontrara, Greba Orokor batean beraien aurkako kritika txikiren bat entzuteko prest ere ez badaude, akabo. Sektarismo asko eta autokritika gutxi.

Era berean, horrek beste gauza bat ere erakusten du: Greba Orokorraren gidaritza langile klaseko antolakunde independenteek edukitzearen garrantzia, greba langileriaren tresna izatea ahalbidetzen duena eta ez alderdien tresna.

Bigarrenik, PSOE seinalatzen duenak faxismoari jokoa egiten diola esateak, argi uzten ditu euren asimilazioa eta herri mugimenduak nahiz langile klaseak gidatutako klase antifaxismorako aukerak baztertzen dituztela. Ustezko aliantza antifaxista instituzionala ez da faxismoaren aurkako alternatiba, horri alfonbra gorria jartzea baizik; izan ere, faxismoak programa autoritarioa ezarri nahi du, baina PSOE da horretarako baldintzak ezartzen ari dena: Mozal Legea mantenduz, talde faxistak orokortzea ahalbidetuz, indar polizialen boterea areagotuz... Beraz, hemen arduragabea nor da?

Hirugarrenik, instituzioekiko jarrera infantila edukitzea leporatzen digute, beraientzat instituzioak beste bide bat gehiago direla saldu nahi diguten bitartean. Kontrara, estrategia elektoralista batean murgilduta daude urte luzez eta diskurtsoa moderatzen nahiz kale mobilizazioa dinamika elektoralera azpiratzen ahalegintzen dira. Instituzioak haustura estrategian sakontzeko tresna izan beharko lirateke, Estatua deslegitimatu eta bere aurkako borroka indartzeko tresna, eta ez enpresariak babesteko edo zirku parlamentarioa zuritzekoa. Horregatik, garaiak alderdi iraultzailea berrosatzea eskatzen du eta hori izan behar da gure lehentasuna.

Sozialdemokraziaren bide erreformista agortuta dago, eta zentzua du soilik gero eta txikiagoa den klase ertain-altuaren posizio pribilegiatua mantentzen saiatzeko. Kolaborazio publiko-pribatu hobe batek ez du arazoa konponduko, eta langile klaseari ogi apur batzuk eskainita nekez bermatuko da eskubiderik. Beraz, "norabide sozialistako politikak" eskatzeak, klasea independenteki antolatu gabe eta haustura estrategiarik gabe, ez dio sozialismoaren eraikuntzari ekarpenik egiten.

Laburbilduz, EH Bildutik ezkerrera egongo den proiektu politikorik sortzea ezinezkoa dela saldu nahi digute eta, horregatik, Mugimendu Sozialista intoxikatu beharra daukate, lan eskerga egin baitu greba honetan: edukiari garrantzia emanez, langileekin lanketa ideologikoa eginez, grebarako asanbladak antolatuz, piketeak aurrera eramanez, eragile ezberdinekin adostasunetara iritsiz… Horrek beraien errelatoa puskatzen du.