ACTUALIDAD
Zizur Nagusiko (Iruñerria, Nafarroa) Herriko Espazioak Defendatu auzo-plataformak idazki bat argitaratu du, herriko eskola zaharrarrerako eta ondoko lursailerako alternatiba bat galdegiteko. Izan ere, Udal Hirigintza Plan berria onartu du oraintsu udalak (Geroa Bai), eta aipatutako lekuak eraistea aurreikusten du horrek. Alabaina, hiru hamarkada luzez, eskola zaharra "zizurtarren elkargune" izan dela adierazi du plataformak, baita "sareak sortzeko, kultura eta antolakuntza sustatzeko, eta aisialdi alternatibo bat garatzeko" balio izan duela ere.
Plataformako kideek azaldu dute eskola zaharra herrian bertan geratzen diren erabilera komuneko aisialdi-gune bakanetakoa dela, eta gobernu-taldeak espazioa "egoera txarrean" dagoela iritzi badio ere, hamaika dira azken garaian gune horretan garatu diren proiektuak: esaterako, Zizurko Inauterietako ekitaldi nagusiak, jaietako txoznak bertan jartzen dira, hamaika musika-talde eta artista jaso dituen Rock Etxearen egoitza, liburutegi alternatiboa edo Sorginkale "musika antikomertzialaren" banatzailearen egoitza. Horrez guztiaz gain, entsegu lokal bat ere egokitu zuten aspaldi eskola zaharrean, eta horixe da, hain zuzen, Zizurko Txistularien eta Gaitarien Taldeak erabiltzen duena, beste hainbat musika-talderekin batera.

Udalaren argudioei dagokienez, Herriko Espazioak Defendatuk zera argitu du: batetik, Zizur Nagusiko Udalak ukatu egin duela eraikinak balio historikorik duenik. Kolektiboko kideen ustez, "baieztapen hori, gutxienez, eztabaidagarria da, kontuan hartzen bada gaur egungo Zizur Nagusiaren historia nahiko laburra dela eta espazio horrek herri-nortasunaren eraikuntzan izan duen zeregina". Bestetik, plataformak azpimarratu du azken 30 urteotan "erabilera kultural, sozial, eta komunitarioagatik" nabarmendu dela eskola zaharra. Azkenik, lursail horretan hamabi etxebizitza eraiki nahi ditu udalak, eta horretarako herri osoko lurzoru egoki bakarra horixe dela adierazi du. Baina, plataformaren iritziz, "herrian badira beste lursail batzuk etxebizitza horiek beste kokaleku batean egiteko aukera emango luketenak". Ondorioz, zinez uste dute badirela espazio horri baita haren erabilerari eusteko alternatibak.
Gauzak horrela, Herriko Espazioak Defendatuk toki horren balio historiko eta kulturala azpimarratzeko babesari ekin zion, eta 1.200 alegazio baino gehiago aurkeztu zituen joan den urriaren 16an. Gainera, egun horretan bertan eraisketaren aurkako adierazpen publikoa egin zuen auzo-plataformak, eta orotara 65 kolektiboren eta 200 musika-talde ingururen babesa jaso zuen. Horrez gain, ekitaldi bat egin zuten duela hilabete, lursail horiek berrinauguratzeko eta espazioa Herriko Plaza izenpetzeko. Agiriari amaiera emateko, datozen asteotan ekitaldi gehiago antolatuko dituztenaren berri eman du plataformak, eta horiei babesa ematera dei egin.
Hona hemen Herriko Espazioak Defendaturen alegazio-idazkia babestu duten eragile politiko, sozial eta kulturalen zerrenda, baita babesa adierazi dioten kolektibo musikalena ere.

