Azken egunetan albisteen erdigunea hartu dute kazetarien aurkako irainek, kolpeek eta kaleko jardunaren aurkako jazarpen irudiek. Ultraeskuina elikatu duten hedabideek eurek kanpaina mediatiko bat abiatu dute, ardurak hartu ordez, biktimaren galoia paparrean jarri eta etekin korporatiboa ateratzeko. Neronek sutan ari zen Erromari kantuz begiratu omen zion bezala ari dira hedabideak eraso hauek espektakulu itxuran saltzen. Ezer gutxi adieraz nezake horren inguruan eragiten didan nazka baino.
Baina, era berean, eraso horiek interes berezi batekin ekarri dute ultraeskuinaren biolentziaren gaia erredakzioetara: striptease ideologikoa eragin du objektibotasun itxurako mantra egoskorrak agintzen duen tokira. Banago, oraingo honetan, lanbideak biktimismorako eta protagonismorako duen berezko senak, nahigabe edo, kazetariok gizarteko dinamika orokorretatik bereizteko dugun joera hori ere biluztu duela. Albistearen erdigunean jarri beharrak itsututa bada ere, objektibotasun itxurako azal hori ahaztu dugu behingoz. Eta aukera hori aprobetxatu nahi nuke ondorio politiko gutxi batzuk ateratzeko.
Hasteko, negarkeriak utzita, argi esatea dagokigu: kazetarien aurkako eraso hauek ez dute ezer berririk inauguratu. Ezer baino lehen mahaigaineratu beharko genukeen ondorio nagusia da biolentzia hori kazetarion aurka, kameren aurrean eta lotsagabe agertu denerako, horrek agerian uzten duela zenbatekoa den kolektibo zaurgarrienek, migranteek, LGTBI kolektiboak edo horren aurka antolatzen direnek pairatzen duten mehatxua.
Behin hori esanda, kazetarioi dagokigun lehen eginbeharra eraso horien aurrean biktima gisa agertzeari utzi eta hedabideek ultraeskuinaren gorakada horretan izan duten rola salatzea da. Ultraeskuinaren jarrera eta iritziak normalizatu eta elikatu dituzte; segurtasun faltaren auzia haizatu dute; migratzaileen aurkako gorroto diskurtsoak onartu dituzte; eta, hori gutxi ez eta antifaxismo antolatua kriminalizatu eta ultraeskuinarekin berdindu dute.
Hori guztia, ustez, kazetaritzaren erantzukizun publikoaren eta pluraltasun faltsu baten izenean egin dute. Baina kazetarien aurkako eraso hauen aurrean nagusitu den erantzunak agerian uzten du, beste behin, espektakuluak eta audientzia lehiak agintzen dutela. Erantzukizunak aitortu beharrean, eraso horiek, tertuliatik tertuliara, ordu tarte eta euskarri guztietan, marketing itxurako errelato bat sortzeko erabili dituzte. Errebeldekeria korporatiboz jantzi dira: "informazio ausarta", "egia kontatzeko kikilduko ez dena", "isilaraziko ez dutena".... Zorionez inori ez dio ihes egiten hedabide denek ere nahiago izango zuketela kolpatu duten kazetariak zeraman mikrofonoa eurena izan balitz. Eraso horiek ere audientzia gizentzen dutelako, monetizatu daitezkeelako.
Horrek kazetariok adi aztertu beharreko bigarren joera bat uzten du agerian. Ez da inozoa pentsatzea eraso hauek osagai edo interes berri bat txertatuko dutela hedabideen arteko lehiara: "arriskuaren estrategia" deitu genezakeena. Bestela esanda, kaleko kazetaritzari are eta arrisku gehiago eskatuko zaizkiola. Dagoeneko badira joera hori erakusten duten datuak, kazetarien aurkako erasoek gora egin duten neurri berean, audientziek ere gora egiten dutela erakusten dutenak. Espainiako Telebista Publikoko kazetarien aurkako erasoei lotuta, esaterako, haren kateen albistegiek ia 100.000 ikusle irabazi zituzten erasoen hurrengo egunean. Baina bada epe luzeagoko ikerketek agerian jartzen duten ondorio bat: kazetarien aurkako erasoak eta gero, hurrengo hilabeteetan jaitsi egiten dela kate horien ekoizpen informatiboa eta segurtasunaren gaiak presentzia nabarmena irabazten duela haren edukietan.
Bortizkeria horrek interes mediatikoa irabaziko badu, hedabideek, horiek geratzetik urrun, gure jardunaren osagai bilakatuko dituzte. Ez ultraeskuinaren aurkako hesi mediatikoa gogortzeko, bortizkeria hori xaxatu eta estrategia korporatibo hori elikatzeko baizik. Esan beharrik ez dago, bereziki kolpatuko dituela horrek hedabide horietako katebegirik ahulenak, kaleko kazetaritzan ari direnak, eta are gordinago oraindik hedabideen babes legal eta korporatiborik gabe aritzen diren kazetariak. Horren aurrean, nagusitzen ari den eroi itxurako ego puztuko kazetaritza baino, era kolektiboan estrategia hori salatu eta logika horiek agerian uztea dagokigu.
Izan ere, eraso hauen artean bada bat bereziki arreta deitu didana. Bideo horietako batean herritar talde bat ageri da zuzeneko bat egitear den kazetari baten aurrean. Lotsagabe dio horietako batek bere lana egiten utziko diotela, baldin eta kontatzen ari dena gustatzen bazaie, betiere.
Irudi horrek begi-bistan jartzen du eskuadristen mehatxua kokotean eduki gabe ere gero eta eskuinerago dagoen kontsentsu sozialak diskurtso mediatikoan duen eragina. Horregatik, eraso hauen aurrean, dagokiguna ez da kazetaritza egiten jarraitzeko berme gehiago eskatzea, izan ere, logika hauek betikotzen dituen kazetaritza aldarrikatzea litzateke hori.
Kazetaritza gehiago diote. Baina eraso gehiago; espektakulu gehiago; irabazi gehiago esan nahi dute.