ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken egunetan parean nuen erronkaren tamaina ikusita, ondo egingo ote dudanaren kezkak hartu du nire barrua. Sortu berria den kazeta bateko nire lehen idazkia izanik, zein tonutan, zein posiziotatik, zein hartzaileri bideratuta idatziko nuen zalantzak nire buruan han-hemenka ibili dira. Azkenean, biderik egokiena topatu dudala uste dut, zuek, irakurle gisa, ni uler nazazuen. Barrunbeetan arakatu eta esku artean dudan gaiari nire esperientzia pertsonal eta politikotik heltzea erabaki dut. Izan ere, susmoa daukat ez ote dugun sarritan militanteon gaineko irudi idealizatua zabaltzen, jardun politikoak eragiten dizkigun barne-gatazka eta gorabeherak ezkutatzen saiatzen ohi baikara, gure nortasuna ahultzen eta era berean praktika kaltetzen dutenaren beldurrez edo. Gaurkoan, ordea, nire ibilbide militantean izandako zenbait hausnarketa mahai-gaineratuko ditut, egungo ondorioetara heltzeko ezinbestekoak izan zaizkidanak. Horretara noa, bada.

Militantziako lehenengo urratsak ematen hasi nintzenean, oso ohikoa zen eguneroko jardunean politika egiteko esparruak zapalkuntza zehatzen arabera banatuta egotea. Horrela, egunaren hogeita lau orduak labur geratzen zitzaizkigun, hamaika baitziren gainditu beharreko arazoak, eta ondorioz, beste hainbeste baitziren parte hartzen genuen asanbladak ere. Beste gazte ugari bezala, karreraren bat ikasteko dugun halabeharraren ondorioz, herria atzean utzi eta arrotza zitzaidan hiri berri batean militantzia garatu behar izan duenetakoa izan naiz. Hortaz, nire esperientzia militantea ikasle mugimenduari oso loturik bizi izan dut: fakultate eta kanpus mailako dinamiketan parte hartzeaz gain, espazio horietan genero problematikaren lanketarekiko identifikatzen nuen hutsuneak gidatuta, emakumez osatutako talde batean sartzea erabaki nuen. Urteek aurrera egin ahala, arazoei aurre egiteko antolakuntza-forma hori bera, nigan ziurgabetasuna areagotzen joan zen: alde batetik, kide guztion ardura zen heinean, fakultate eta kanpuseko espazioetan paper aktiboa izan behar nuen, eta bestetik, emakume naizenez, guri dagokigun auziaren lanketan murgildu beharra nuen ezinbestean. Zentzu horretan, fakultate eta kanpuseko taldeetan bertako kideei emakumeon egoera bost axola zitzaiela sentitu nuen behin baino gehiagotan, eta emakume bakarrenetakoa izatea medio, etengabe gutxiespenak pairatzera behartuta ikusten nuen nire burua. Bestalde, talde feministara heldu bezain pronto, nire militantzia eredua aldatu eta fakultateko asanbladan lantzen genituen zenbait gai aipatu ere ezin nituen egin, “hori ez baitzen horretarako gunea”. Egiten nuen gutxietan, gainera, gai arrotzak ateratzen zituen pertsona astun hori izatearen sentsazioa nuen. Hitz gutxitan esanda, gai batzuk asanblada batzuetan landu behar ziren, eta beste batzuk besteetan; bilera-gela batetik bestera igarotzean, ohitura bilakatu zen militantziako kezkak berehala aldatu behar izatea.

Esan bezala, antolakuntza-forma horrek zituen hutsuneez jabetuta, geroz eta argiago nuen egoera hori aldatzeko zerbait egin beharrean nengoela, momentu horretan nire inguruan ez nuelako antzeko kezkarik azaleratu zidan beste inor topatzen. Gauzak horrela, antzematen nuen borroken partzialtasun horrekin pixkanaka hausteko asmoz, erabaki bat hartu nuen: talde feministako emakumeengan beste gaien inguruko ardura piztea izango zen nire xedea, eta era berean, beste asanbladetako komunitatean emakumeon zapalkuntzari erantzutekoa. Ni izango nintzen, beraz, bi espazioen arteko zubi-lana egingo zuena. Hori izan zen borroken batasuneranzko bidean egin nuen lehenengo saiakera, baina zoritxarrez, nire burua etengabeko eginbehar militante bikoiztuan aurkitzetik harago, ezer gutxi lortu nuen.

Nire frustrazio pertsonalak politiko bihurtzera bidean, ideia handirik izan gabe, sozialismoaren historian emakumearen auziaren ikerketan klasikoak izan diren autore eta testuak lantzea erabaki nuen, haietatik nire egoerarako baliatu nezakeen azterkeraren bat topatzeko asmoz, gomendio forman besterik ez bazen ere. Lehenengo aldiz, ezagutzen ez nuen sufragismoaren historia ikasi nuen, militantzia feministan lantzen nuenaren oso bestelakoa iruditu zitzaidana: nire harridurarako, sufragismoaren bultzatzaile nagusietakoak, besteak beste, Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata eta Errusiako Alderdi Boltxebikeko emakumezko militante iraultzaileak izan ziren. Horrez gain, feminismoa politika egiteko korronte bezala zalantzan jartzen zuten hainbat idazki aztertu nituen. Inoiz ez nuen entzun feminismoarekiko hain kritika gogorrik, eta ezin ukatu, ordura arte nire militantzian hain beharrezkoa izandako mundua ikusteko era kolokan jartzeak ikara eman ez zidanik. Ulertu behar nuen, baina, zein zen XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Europaren egoera. Izan ere, Clara Zetkinek irmoki salatzen zuen nola emakume burgesek feminismoaren bitartez bere klase bereko gizonen parera heldu nahi zuten, hots, klase antagonismoa gaindituko ez zuten neurriak martxan jarriko zituzten, emakume langilearen kontura bizitzen jarraitzeko, gainera.

Halaber, langile feminismoaren zutarri nagusietakoa den osotasunaren printzipioak garai horretan nire barruan nituen korapiloak askatzen lagundu zidan. Konturatu nintzen, nire militantziaren atzean osotasunaren ulerkera desegokia zegoela, hau da, osotasuna zatien gehiketa huts modura ulertzen genuela: “zapaltzen gaituen sistema gaindituko dugu, feminismoa, ekologismoa, euskalgintza, internazionalismoa… borrokatuz gero”. Horrek, baina, auzi bakoitza elkarren loturarik gabekoa izatea ekartzen zuen, ondorio politiko kaltegarriak utziz eguneroko jardun militantean: arlo bakoitzean parte hartzen genuenok ez genuen zertan ezagutzarik eduki beste arloko auzien inguruan, horrela, gure ahalmen politikoa erabat murriztuz. Edozein kasutan, badira azken aldian osotasunaren ulerkera egokiago bati heltzen saiatzen ari diren adierazpenak, esku artean dugun langile kazeta, kasu. Zentzu horretan, oso pozgarria iruditzen zait emakumeon auzia klase perspektibatik lantzeari lekua egitea, emakumeon zapalkuntza ez baita bakarrik izaera femeninoa duen auzia, burgesiarentzat estrategikoa den tresna baizik, langile klasea eraginkorrago zukutzeko baliatzen duena.

Bestalde, azpimarratu nahiko nuke ni hemen idazten egotea ez litzatekeela posible izango azken aldian Euskal Herrian ernaltzen ari den grin sozialista gabe; langile feminismoaren aldeko hautua egiten ari diren emakumeei esker hartzen baitu zentzua Kazeta honetan emakume langileen ahotsa presente izateak. Oso itxaropentsua da aurretik dugun etorkizuna, hamaika borrokari esker denbora tarte laburrean orain arte bazterrekoak ziren posizionamendu politikoak lekua egiten ari baitira gurean. Horren adibide dugu herri eta auzo ezberdinetan, ikastetxe zein gaztetxeetan belaunaldi berriek genero problematika klase perspektibatik jorratzeko erakutsi duten interesa, azken urteotan antolatu diren hamarnaka hitzaldi eta mahai-inguru, esaterako. Gerora, borondate sozialistaren zantzu hauei erantzutera etorri zen ITAIA, emakume sozialisten sarea, pasa den udazkenean. Emakume langilearen zapalkuntzaren eta berari lotutako agerpen zehatzen inguruko klase analisia mahai-gaineratzeko helburua du, honela emakume proletarioa, eta oro har, langile klase osoa politikoki heziz.

Uzta honen lehen fruituak antzeman daitezkeela uste dut, geroz eta nabariagoa delarik belaunaldi berrietako emakume militanteak hartzen ari diren konpromisoa. Konpromiso hori, nire hasierako urteetan ez bezala, osotasunari erantzuteko bokazioa duten mugimenduen lehen lerroetan kokatzen da. Hala ikus dezakegu, esate baterako, Maravillas Gaztetxearen baitan emakumeek adierazitako ausardian, borrokak emakume aurpegia duela erakutsiz. Tolosaldeako Autodefentsa Sarean ere, eta zehazki esanda, hilabete hauetan Orixeko ebaluazio irizpideak aldatzearen alde dena eman duten horien artean, emakume ugari izan dira, burgesiak inposatzen dizkigun genero rolak zalantzan jarri eta langile klase osoaren arazoei guk ere erantzun behar diegula ozen aldarrikatuz. Hauek, gainera, ez dira kasu isolatuak, geroz eta gehiago hedatzen ari den joera orokorraren adibide baizik, Euskal Herriko mila txokotan aurkitzen ari garena. Halaber, gorakada honen seinale dira unibertsitate, auzo eta herri askotan genero problematikari klase perspektibatik erantzuteko sortzen ari diren emakumeen talde asko ere. Hala eta guztiz ere, aitortu beharrean nago oraindik aurretik lan asko dugula egiteko, ez baitugu emakume izateagatik militantzian topatzen ditugun oztopoekin erabat hautsi.

Azkenik, aurtengo Martxoaren Zortzia ere aipatu nahiko nuke, gelditzeko etorri den grin sozialistaren adierazpen argienetako delako. Izan ere, azken hilebeteotan ereindako haziak ureztatzeko eguna izan zen, emozioak, irriak, oihuak zein amorrua partekatzekoa. Badakigu oroimen kolektiboa tresna politiko funtsezkoa dugula, borroka historikoaren bidez langileriak irabazi dituen botere-kuotak klase borrokaren emaitza direla gogorarazteko eta historiaren kontakizunean norbanako zein kolektibo ezberdinek gauzaturiko borroka horiek ahanzturan eror ez daitezen erabili beharrekoa. Zentzu horretan, iragan martxoaren 8ak ahalbidetu digu azken aldian kolektiboki emandako hausnarketak gorpuztu daitezkeela frogatzea. Zuei zoriontzea besterik ez dagokit, aurkitutako oztopoen aurrean makurrarazi zaituzteten inor ez baita egon!

Behin sute bihurtzen ari den txinparta honen deskribapen laburra eginda, honek ahalbidetu dizkidan irakaspen politiko eta teoriko batzuk zuekin partekatu nahiko nituzke. Irakaspen politikoei dagokienean: gure jarduna feminismo hegemonikotik bereiztu beharrean gaude. Izan ere, azken honen logika orokorra burgesiak langileria zatitu eta gehiago kolpatzeko sortzen dituen etsaitasunetan sakontzen duen politika egitea da, eragite markoa gertakarien bat-batekotasunera mugatuz. Horrela, burgesiak langileriaren baitan ezberdintasun sozialak indartu eta erreproduzitzen dituela egia izan arren (emakumea/gizona, gaztea/heldua, hemengoa/atzerritarra, homosexuala/heterosexuala...), feminismo hegemonikoak, kontzientzia faltsu gisa, banaketa horiek guztiak politiko bilakatzen ditu, langileria ulerkera horren arabera politikoki antolatuz. Horren aurrean, Euskal Herrian garatzen ari diren espresio iraultzaileak heldutasun handia erakusten ari direla aitortu behar dut, konpromiso militante arduratsuz ari baitira langileria osotasunaren printzipioaren baitan politikoki hezten saiatzen. Gure baitan hain barneratuta ditugun balore burgesak gainditzeak duen zailtasuna kontuan izanik, bide horretan sortzen ari diren antolakuntza-formak, aipatzen ari garen klase batasunaren egiazkotasuna frogatzen ari dira eraginkortasun handiz.

Edonola ere, marko mistoetan oraindik ere gizon langilearengandik jasaten ditugun edozein motatako erasoak (gutxiespenak, hitzaren monopolioa, sexualizazioa...) normalizatzetik eta birproduzitzetik urrundu eta gizon langileak klase batasunaren egikaritzean izan behar duen ardura ere azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, aurrez aipatutako generoaren araberako ezberdintasun sozialak politiko bihurtzea, emakumeok gizon langilearengandik pairatzen ditugun biolentzia formen ondorioa izaten da maiz. Biolentzia forma horiek errealak dira eta, beraz, argi izan behar dugu berauek sortzen dituzten zapalduon arteko etsaitasunak gainditzeko ardura ez dela emakumeona bakarrik. Honen gaindipenak, ezinbestean, gizon langileak langile klasearen baitan betetzen duen diziplinamendu figurarekin haustea galdegiten du. Horrela soilik izango baita posible lan banaketa sexualaren auzia gainditzea, klase batasun errealaren artikulazioa.

Nire lehen ikuspuntua amaitzera bidean, hautatu dudan irudiari egin nahi nioke erreferentzia. Itxura batean urrunekoa suerta dakigukeen arren, XVI. mende amaierako eta XVII. mende hasierako bi astronomo gizonezkoren arteko eztabaida irudikatzen duen hautatutako margolan honek nire esperientzia militantean bizi izan dudan bira kopernikarra adierazten duelakoan nago. Tycho Brahe eta Johannes Kepler dira irudiaren protagonistak, garai hartako pentsalari ospetsuak. Diotenez, 1600. urtean ezagutu zuten elkar, haien unibertsoa konprenitzeko grinak elkartuta, Pragako izarren behatoki batean. Harreman pertsonal gatazkatsua izan zuten arren, kalkulu matematikoak partekatzen zituzten; hau da, mundua ulertu nahiak, eta horra bidean eraikitako azalpenak batzen zituen. Dena dela, Keplerrek Brahek formulatutako kalkuluetatik abiatuta, planeten beste errepresentazio-forma bat proposatu zuen, zuzenean bere uste erlijiosoen kontra egiten zuena. Kepler ohartu zen planetak eliptikoak zirela (eta ez borobilak Brahek uste bezala), eta eguzkiaren inguruan bira eliptikoa ematen zutela.

Kontuak kontu, margolan honek elkarren arteko hurbilpen handia zuten bi posizioen arteko talka adierazten duela sentitzen dut. Halaber, bi muturren arteko kontraesana ebaztean, bakoitzaren posizioa ezberdina izango dela ere esan nahi duela deritzot. Hau guztia dela eta, paradigma teorikoaren aldaketa eta mundua atzeman eta konprenitzeko moduaren artean dagoen harreman kausala agerian geratzen dela uste dut, hau da, paradigma teorikoaren aldaketak, gertakarien jasoketa, sailkapen eta ordenamendu kontzeptuala zuzenean baldintzatzen duela. Metaforari jarraiki, ulertuko dugu Keplerri, maneiatzen zuen paradigma teorikoa errotik aldatzen zuten kalkulu matematikoen jabe egiteak, unibertsoa ikusteko zuen modua eta unibertsoaren gain zuen ulerkera eraldatu zizkiola.

Nire esperientziara ekarrita, klase antagonismoak genero problematikan duen indarraz jabetu ostean, esan dezaket, ez dela berdina izan errealitate soziala eta feminismoa ikuskatu, ulertu, sentitu eta borrokatzeko izan dudan modua, ez eta horrekiko izan dudan posizioa ere. Lerro hauen bitartez, genero problematikari lotutako gaiei zein perspektibatik helduko diedan laburki aurkeztea nuen helburu. Espero dezagun auziari heltzeko modu honek gure egunerokoan emakume proletario gisa ditugun bizipen gatazkatsuei azalpena eta irtenbide errealak emateko balio izatea.