IKUSPUNTUA
Pasa den astean alderdi berri bat aurkeztu zuten dozena bat lagunek Donostian. Euskal Langileen Ezkerra (ELE) izena du, eta "wokismoaren" eta "migrazio deskontrolatuaren" aurkako borroka hartu dute banderatzat. Migrazioak jarri omen du euskara arriskuan, baita gazteei etxebizitzarako sarbidea zaildu ere. Ezkerrekoak eta langileen alderdia omen dira, baina ez dute hartu tarterik kapitala, enpresaburuak eta espekulatzaileak seinalatzeko langileriaren egoeraren erantzule modura; kontrara, arazoaren parte egin dituzte bizi hobe baten bila datozenak.
Ezkerrekoa eta abertzalea den zenbait jendek espazio politiko berri baten balizko irekiera begi onez ikusi badezake ere, zaila da ulertzea zein ekarpen egin dezakeen horrelako alderdi batek, are gehiago egungo testuinguruan. Izan ere, haien burua helburu edo funtzio batekin aurkeztu dute: Voxi botoa eman diezaioketen gazteek ELE bozkatzea, eta horrela, ulertzen da, status quo-aren edo sistema politikoaren aurkako haserrea eskuin muturrak bereganatu beharrean, ezkerrak bereganatzea. Hau da, eskuin muturrerantz biratzen ari den soziologia bat ezkerrekoa bihurtzera omen datozte. Baina horrek, egiazki, ez dauka ez hankarik ez bururik.
Hasteko, Euskal Herrian ez da gertatzen ari beste hainbat herrialdetan ikusten ari garen eskuin muturrerako edo faxismorako masazko joera sozial eta politiko bat. Politika instituzionalari dagokionez, EAEn EAJren erabateko nagusitasunaren gainbehera da bizitzen ari garena, eta horren kontura indartzen ari den espazio politikoa ezker moderatuarena edo erreformistarena da. Nafarroan ere antzeko joera bat ari da gertatzen, nahiz eta soziologia politikoa polarizatuago dagoen eta horrek zaildu egiten duen boto-transferentzia bat. Begi-bistakoa da eskuin muturraren atzeraldi bat gertatzen ari dela ezker liberalaren eta ezker erreformistaren mesederako. Horrekin esan nahi dudan bakarra da ez dela gertatzen ari eskuin muturreko alderdietara masazko boto-transferentziarik, ez ezkerretik ez eskuinetik.
Era berean, hauteskundeetako emaitzek ez digute balio sakoneko joera sozialak ezagutzeko. Begi-bistakoa baita joera erreakzionarioen areagotze bat ere gertatzen ari dela gizarte mailan, azken urteetan batez ere matxismoarekin eta arrazismoarekin zerikusia duten iritziak, mundu ulerkerak eta abarrak normalizatu egin direlako hainbat eremu sozialetan. Hau da, ezkerreko alderdi modura ezagutzen ditugunak gero eta hauteskunde emaitza hobeak lortzeak ez du derrigor esan nahi gizartea gero eta ezkertiarragoa denik. Kontrara, azken urteetan bizitzen ari garena da ardatz politikoaren eskuineranzko joera etengabea, eta, horrekin batera, baita ezkerreko alderdiena ere. Norantza horretan pauso bat gehiago da ELE, eta litekeena da pasabide moduko bat bilakatzea, ezkerreko soziologia politikoaren eskuineranzko joera hori erraztuko duena.
Bigarrenik, eta zentrala dena honetan guztian, Euskal Herrian gazteek bizi duten desatxikimenduarekin edo haserrearekin indartzen ari den espazio politikoa ez da faxismoarena. Hau da, Europako hainbat herrialdetan sistema politikoekiko eta kapitalismoaren ekonomia ereduarekiko egonezina faxismoa ari da kapitalizatzen, baina gurean gehienbat komunismotik dator horren aurkako inpugnazio totala eta dinamika politikoa. Horrek esan nahi du, krisian dauden kapitalismoak eta demokrazia burgesak langileengan sortzen duten desatxikimendua gehienbat balio unibertsalistetan eta iraultzaileetan politizatzen ari dela; klase batasunean, antifaxismoan, ekonomia gehiengoaren beharretara antolatzeko eta eraldaketa sozial erradikalak gertatzeko premian, demokraziaren gaineko ulerkera berri batean eta abar. Antolakuntza politikoari eta mobilizazio dinamikei esker, jakina.
Beraz, alderdi berri hori sortzeko erabili duten justifikazioa ez da egungo errealitatean oinarritzen. Espazio politiko iraultzailea irekita dago dagoeneko Euskal Herrian, eta hori da indartu behar den ekosistema politikoa erreakzioari eta faxismoari aurre egin nahi bazaio, langileriaren intereserako eraldaketa ekonomiko eta sozial erradikalak eman nahi badira, eta, funtsean, masazko klase subjektu politiko berri bat eraiki nahi bada. Horretan ez dago bidezidorrik, militantzian oinarritutako borroka kulturala da eman behar dena, kapitalismoaren eta haren aldaera ideologiko guztiak konfrontatzeko, kontzientzia sozialista zabaltzeko eta antolakuntza independentea indartzeko. Ameskeria eta inozentzia baino ez da pentsatzea, kasurik onenean, egun batetik bestera eta oinarri sozial eta politiko sendorik gabe sortutako alderdi elektoral batek aurretik aipatutako norabidean ekarpena egin dezakeela.
Gainera, eskuin muturraren markoa bere eginda langileriaren erreferentziazko alderdi bat sortu nahi izatea oinarriko kontraesana da. Izan ere, haiek baieztatzen dutenaren kontrara, ELE alderdiak ekarriko duena ez da izango eskuin muturreko boto-emaileak ezkertiarrak bihurtzea, baizik eta kontrara: Euskal Herrian gehiengoa den ezkerreko soziologian, modu oso zabalean ulertuta, eskuin muturraren markoa, mundu ikuskera eta neurri politikoak normalizatzen lagunduko dute; eta horrek, nahitaez, faxismoaren espazio politikoa eta elektorala indartzen amaituko du. Horregatik, arestian aipatu bezala, litekeena da pasabide edo zubi lana egiten amaitzea ezkerraren eta faxismoaren artean.
Azkenik, aipatzekoa da gisa horretako fenomeno politikoen agerpena hertsiki lotuta dagoela ezkerreko sektoreetan izan den marxismoaren etenik gabeko abandonuarekin eta gutxiespenarekin. Printzipio ideologiko eta estrategiko argiak ezartzen dituen doktrina politiko bat gabe, edozein eragile eta mugimendu politiko oportunismora dago kondenatuta, moda ideologikoetara eta zentzu komunaren aldaera ezberdinetara. Eta egun, horrek, erreakzioa esan nahi du.