Ir al contenido
ACTUALIDAD / Azaroak 29: hauteskundeak

PSOEren agintaldiaren balantzea: 338 antifaxista eta 19 faxista atxilotu dituzte eskuin muturraren ekitaldietan

Zertan gorpuztu da "gobernu progresistaren" jardun antifaxista? 2018tik 2026ra bitartean, Espainiako Estatuan eskuin muturraren ekitaldiei emandako erantzunek izan dituzten ondorioak aztertu ditu Leyre Irurek.​
2026eko azaroaren 26 - 06:30
PSOEren agintaldiaren balantzea: 338 antifaxista eta 19 faxista atxilotu dituzte eskuin muturraren ekitaldietan
— ARGAZKIA Alex Larretxi

ACTUALIDAD

Faxismoari aurre egitearen ordaina

 
Hauteskundeak datoz eta bueltan da garai hauetan entzun behar izaten dugun mantra: boto antifaxista. Faxismoari aurre egiteko PSOE eta bere aliatuen gobernua aurkezten zaigu. Baina, zertan gorpuztu da gobernu progresista delako honen jardun antifaxista? 2018tik 2026ra bitartean, Espainiako Estatuan eskuin muturraren ekitaldiei emandako erantzunek izan dituzten ondorio polizial, administratibo eta judizialak aztertu dira erreportaje honetan. 

Horretarako, kontuan hartu dira Voxen mitinak, Falangearen ekitaldiak, talde neonazien deialdiak eta bestelako esku hartze ultraeskuindarrak. Ekimen horiei aurre egitera joandako herritarrek jasandako ondorio polizial, administratibo eta judizialak bildu ditugu: dokumentatutako 202 gertakaritan, 338 atxiloketa eta dozenaka isun eta zigor jaso dira. Hau da, 2018tik 2026ra, batez beste 1,67 atxiloketa antifaxista erregistratu dira ekitaldi bakoitzeko. Eskuin muturreko ekitaldiei aurre egin zieten pertsonei ezarritako 74.036 euroko isunak eta 22.465,26 euroko kalte-ordainak dokumentatu ditugu. Guztira, gutxienez 96.501,26 euro. Isun-proposamenak kalkulutik kanpo geratu dira.

Dokumentatutako gertakariak: 202

Erantzun antifaxistei lotutako atxiloketak: 338

Ikertuei buruzko erregistroak: 415

Eskuin muturreko partaideen atxiloketa dokumentatuak: 19

Ondorioen artean daude lau urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorrak Zaragozan, bost urte eta erdira arteko espetxe-zigorrak Navalcarneron eta Espainiatik kanporatzeko agindua Barakaldon, bost urteko itzulera-debekuarekin. Protesta antifaxista batzuek espetxera eraman dituzte parte-hartzaileak; beste batzuek, milaka euroko isun-jakinarazpenak ekarri dituzte talde osoentzat. Esaterako, Iruñean, 31 gaztek 21.000 euroko isun-jakinarazpenak jaso zituzten.

Bederatzi urteko ondorio errepresiboak

2018. Protestaren biharamunean, espetxe-zigorra

Murtzian, 2018ko azaroan, egun bat nahikoa izan zen protestatik kondenara igarotzeko. Espainiako Poliziak bi pertsona atxilotu zituen Hazte Oír-en eta Voxen ekitaldien aurkako mobilizazioan. Biharamunean euren aurkako zortzi hilabeteko espetxe-zigorrak eta isunak onartu ziren adostasun-epai baten bidez, isunarekin eta kalte-ordainarekin batera.

Bartzelonan, Jusapolen polizia-martxa baten aurkako protesten harira, urtebeteko espetxe-zigor bat eta hiru hilabeteko beste bat ezarri zizkieten manifestariei.

2019. 'Zaragozako Seiak'

Zaragozako Seien auziak bildu ditu ikerketako ondorio judizial larrienetako batzuk. 2019ko urtarrilean, sei antifaxista atxilotu zituzten Zaragozan, Voxen mitin baten aurkako protestetan. Lau adinez nagusiak ziren; beste biak, adingabeak. Lau helduei lau urte eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zieten, eta 2024an espetxeratu zituzten. 2025ean, Espainiako Gobernuak haietako bi indultatu zituen; beste biek espetxean jarraitzen dute gaur egun.

2020. Atxilotuak Pegon eta kanporatze agindua Barakaldon

Pandemiaren urtean, Gandiblues talde ultraren agerraldiak erantzun antifaxista eragin zuen Pegon, Alacanten, futbol-partida baten harira. Guardia Zibilak hamalau pertsona atxilotu zituen urrian eta azaroan. Atxilotuetako batek VilaWeb-i kontatu zionez, Xàbiako kuarteleko ziegan 32 ordu igaro zituen, baldintza oso txarretan. Neonazien taldeko kiderik, berriz, ez zuten identifikatu.

Fiskaltzaren hasierako eskaerak zortzi urte eta hamaika hilabeteko espetxe-zigorrera iritsi ziren, baina 2024ko ekainean, ia lau urteko auzibidearen ondoren, Alacanteko Probintzia Auzitegian adostasun-kondenak onartu zituzten: bederatzi hilabete ingurura arteko espetxe zigorrak eta 90 eta 360 euro arteko isunak eta ordainketa ekonomiko gehigarriak.

2021. Hauteskunde-kanpainatik epaitegietara

2021eko maiatzaren 4ko Madrilgo hauteskunde autonomikoen atarian, Voxen kanpainako hainbat ekitaldik protesta antifaxistak eta istiluak eragin zituzten. Urte hartako gertakariei lotuta, 67 atxiloketa zenbatu dira ikerketan.

Apirilaren 7an, Vallecasen, Santiago Abascal eta Rocio Monasterio Plaza Gorrian agertu ziren, Voxen hautagaitza aurkezteko. Espainiako Gobernuak 13 atxiloketa eta 170 identifikazio jaso zituen balantze orokorrean. Bi aste geroago, apirilaren 21ean, antzeko egoera izan zen Navalcarneron. Abascalen beste mitin baten harira, gutxienez hamabost atxiloketa erregistratu ziren. Hamaika manifestari kondenatu zituzten.

Bi pertsonari bost urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zieten. Epaiak 18.360 euroko isun penalak eta 5.909,64 euroko kalte-ordain solidarioak ere ezarri zituen.

2022–2023. Lizarrako protestatik epaitegira

Voxen propaganda-mahaien aurkako protestek auzibideak ireki zituzten. Lizarran, 2022ko mobilizazio baten eta alderdiaren salaketaren ondorioz, bi pertsona auzipetu zituzten. Bata absolbitu zuten; bestearen isuna 600 euroan utzi zuen Nafarroako Auzitegiak apelazioan, 992,30 euroko kalte-ordainekin batera.  

2024-2025. Isun kolektiboak

Iruñean, 2024ko urriaren 12an, Voxen kontzentrazio baten aurka mobilizatzeak ondorio ekonomiko handiak izan zituen. 31 gaztek guztira 21.000 euroko isun-jakinarazpenak jaso zituzten. Ikerketak urte hartako 35 administrazio-zehapen dokumentatu ditu; horietatik 31 Iruñeko protesta horri dagozkio. Azpeitian ere, Voxen hauteskunde-ekimen baten aurkako protestak ondorio judizialak izan zituen: gutxienez hogei pertsona ikertu zituzten.

2025eko urriaren 12an, Falangearen Gasteizko kontzentrazioaren aurkako protestetan, Ertzaintzak 19 lagun atxilotu zituen. Ondorengo ikerketa judizialak 20 pertsona hartu zituen jomugan, eta Euspel ertzainen sindikatuak lau urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du haientzat, desordena publikoak, agintaritzako agenteen aurkako atentatu larrigarria eta lesioak egotzita. Gainera, pertsona bati masailezurra hautsi zion foam jaurtigai batek. Auzia oraindik ebatzi gabe dago.

Iruñean, 2025eko urriaren 30ean, Vito Quilesen agerraldiaren aurkako protestaren egunean bertan bi lagun atxilotu zituzten. Zazpi hilabete geroago, 2026ko ekainean, Espainiako Poliziak beste operazio bat egin eta 28 lagun atxilotu zituen. Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak 35 atxiloketa zenbatu ditu auzi osoan. Guztira, 2025eko gertakariei lotuta, 64 atxiloketa eta 64 ikertu dokumentatu dira.

2026. Adingabeak eta atxiloketa-operazioak

2026ko gertakariei lotuta, 55 atxiloketa dokumentatu ditugu. Irailean, Bartzelonan, Núcleo Nacionalen aurkako mobilizazioaren ondorengo istiluetan 18 pertsona atxilotu zituzten, tartean hamar adingabe. Urrian, Quilesen agerraldien aurkako bi protestaren harira, hiru lagun atxilotu zituzten Iruñeko Yamaguchi plazan, eta bost Zaragozan. Zortzi horiek eta 2025eko Nafarroako Unibertsitateko protestari lotutako 35ak batuta, 43 atxiloketa dira Quilesen agerraldien aurkako mobilizazioen harira.

Poliziaren jarduna


Goizaldean ateak botata egindako atxiloketak, komisarian jasotako kolpe eta umiliazioen salaketak, eta protesta egin zutenen aurka epaitegietan akusazio gisa aurkeztutako polizia sindikatu bat. Horiek dira ikerketan jasotako pasarte larrienetako batzuk. Gasteizen, esaterako, Euspel Ertzaintzako sindikatua akusazio gisa aurkeztu da Falangearen kontzentrazioari aurre egin ziotenen aurkako auzian. 20 ikerturentzat lau urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du.


Berriozarren, Núcleo Nacionaleko kamiseta zeraman gizon bati aurre egin ziotela egotzita, zortzi lagun atxilotu zituzten gertakarietatik 65 egunera. Defentsek salatu zutenez, agenteek goizaldean eta aldez aurretik abisatu gabe bota zituzten etxeetako ateak. Naiz-ek jaso zuenez, Txantrean, adingabe baten aitari biluzik zegoela jarri zizkioten eskuburdinak.


Iruñerriko beste operazio batean, Espainiako Poliziak 28 antifaxista atxilotu zituen, Vito Quilesen aurkako protestatik zazpi hilabetera. Agenteak etxeetara, lantokietara eta ikastetxe batera joan ziren. Bi ikasleri Selektibitateko proba hasi aurretik jakinarazi zieten azterketa amaitutakoan komisariara eramango zituztela. Hamabi atxilotuk gaua komisarian igaro zuten. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak operazioa egokia, proportzionala eta eredugarria izan zela esan zuen Senatuan.


Bartzelonan, 2026ko Diadan, hamar adingabe atxilotu zituzten Núcleo Nacionalen aurkako mobilizazioaren ondoren. Horietako zortziren kasuan indar neurrigabea eta mehatxuak salatu zituzten. Familiei emandako abisua ere berandu iritsi zela salatu zuten, atxiloketetatik sei ordu baino gehiago igaro ondoren.


Vallecasen, 2021ean Voxen mitinaren aurkako protestan atxilotutako gazte batek salatu zuen agenteek jo eta umiliatu zutela Moratalazko komisarian. Mediku-txostenek hainbat lesio jaso zituzten, tartean sudurreko haustura. Gazteak Guardia Zibileko bi agenteri ere erasoak egotzi zizkien, Madrilgo epaitegietako ziegetatik ateratzen ari zirela. Espainiako Poliziak zein Guardia Zibilak adierazi zuten ez zutela salatutako gertakarien berri.


Mozal Legea eta zigor ekonomikoak


Protestaren aurkako jarduketak ez du beti auzitegitik igaro behar izan ondorio ekonomikoak izateko, Mozal Legea dela eta. Nahiz eta PPren gobernuak 2015ean onartu zuen, PSOE buru duten gobernuek ez dute indargabetu. Hura aldatzeko promesek eta erreforma-ekimenek ez dute eragotzi legeak indarrean jarraitzea eta protesta antifaxisten aurka aplikatzea.


Iruñeko kasua da kolpe kolektibo handienetako bat. 2024ko urriaren 12an Voxen kontzentrazio baten aurka izandako protestaren harira, 31 gaztek 21.000 euroko zehapen jakinarazpenak jaso zituzten guztira.


Valladoliden, 2026ko otsailaren 26ko immigrazioaren aurkako deialdiari erantzun zioten antifaxistak identifikatu zituzten. Hilabete batzuk geroago, CNTk eta Coordinadora Antifascista de Valladolidek hamabi isunen berri eman zuten: 601 euro bakoitzari, 7.212 euro guztira. CNTk Mozal Legearen aplikazioa salatu zuen. Koordinadoraren arabera, atestatuan jasotako jokabideak begirada gurutzatuak, hitz desatseginak eta mespretxua ziren.


Iruñeko eta Valladolideko bi jakinarazpen multzoek 28.212 euro biltzen dituzte. Bi kasu horiek erakusten dute zer kostu izan dezakeen protesta egiteak. Dena den, Mozal Legearen aplikazioari begiratuta, zabalagoa da neurria. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) arabera, legea indarrean sartu zenetik 2023ko abenduaren amaierara arte, manifestazioekin lotutako artikuluen bidez 8.322 zehapen ezarri zituzten Espainiako Estatuan, horietatik 651 Hego Euskal Herrian. Arau-hauste mota guztiak aintzat hartuta, 2,5 milioi zehapen-espediente baino gehiago ireki zituzten epe berean.