ACTUALIDAD
Gaur eguerdian lau hiriburuetan, Eibarren eta Tuteran egindako mobilizazio nagusien ondoren, nor bere herrira itzuli da arratsaldean, espekulazioaren aurkako greba-egunari jarraipena emateko: 70 herritan baino gehiagotan izan dira manifestazioak arratsaldean, lau hiriburuez gain, eta berriz ere ehunka milaka lagunek hartu dituzte kaleak etxebizitza-eskubide bermatuaren alde. Etxebizitzaren arazoak lekuan leku hartzen duen forma zehatza jarri dute jomugan arratsaldeko protestetan.
Izan ere, greba-deialdian zentraltasuna izan duen espekulazioaren aurka egitearekin batera, auzi horrek tokian toki sortzen dituen arazoez aritu dira manifestazioetan: etxebizitza hutsak, turismoa, desalojo masiboak... Horrekin batera, problematika horien atzean dauden erantzuleez ere jardun dute, tokiko gobernuak kasu. Horrela, "erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu" behar direla defendatu dute manifestariek.
Adibide modura, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna nabarmendu dute, "eskumen zabalak izan arren, higiezinen negozioa indartzen duten politikak babesten dituztelako"; baina baita udal-gobernuetan agintzen duten kolore guztietako alderdien ardura ere, "etengabe baimentzen edo zuzenean gauzatzen baitituzte etxegabetzeak, alternatibarik eskaini gabe".
Esaterako, Nafarroako Gobernuaren (PSN) eta Iruñeko Udalaren (EH Bildu) erantzukizuna salatu dute Iruñean, gogorarazi baitute Iruñerrian 200 pertsonatik gora daudela kale-egoeran, "instituzioen partetik erabateko abandonua pairatzen dutenak" eta etengabeko jazarpena jasaten dutenak polizia-indarren bidez; Gasteizko Udala (PSOE-EAJ) seinalatu dute Arabako hiriburuan, "etxegabetutako familiei bizitoki-alternatiba sistematikoki ukatzen dielako"; eta Bilboko Udala (EAJ-PSOE) ere hartu dute jopuntuan Bizkaiko hiriburuan, "turistifikazioaren sustapenean duen erantzukizunagatik" eta "etxebizitza eta auzoak errentak ateratzeko eta etekinak sortzeko gune bihurtzen dituen hiri-eredu bat sendotzen laguntzeagatik".