ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Oihua, aldarria da Gedar. Ez, ordea, demokraziaren printzipioak zaintze aldera hutsune informatiboa betetzera datorren aldarrikapena. Ez. Gedar Langile Kazetak ez du soilik bazterrean daudenak erdigunera ekartzeko xedea, ahaztutakoak oroitzea; ezta orokorrean gertatzen ari dena kontatzekoa ere. Horiek baino helburu handiagoak ezartzen dizkiogu langile klasearen tresna politiko honi: ez modu pasibo batetan errealitatearen jakintza partziala eta zatikatua jasotzeko aukera eskaintzea, baizik eta estrategia politiko iraultzailea elikatzea eta inplikazioa xaxatzea. Modu horretan, bazterrean utzitakoen potentzia politikoa askatzeko eta aldarrikatzeko tresna da Gedar. Behar politiko bati erantzuten dio Gedar Langile Kazetak eta soilik horrekin konexioan du izaterik.

Langile klasearen beharren erdigunean ez dago munduan gertatzen ari direnen inguruko datu jasotze masibo bat, errealitatea argitu baino berau gero eta gehiago lausotzen duena. Kontrara, klase zapalduaren  errealitatearen zentroan prozesu sozialistaren beharra kokatzen da, horrek aktualitatea ipar estrategiko horrekiko menpekotasunean formulatzera eramaten duelarik.

Gedarrek errealitatea ulertzeko tresnak eskainiko ditu, burgesiaren komunikabideek -modu desordenatu eta partzialean bereganatutako errealitatearen espresio berehalakoena direnak- sortzen duten anabasazko informazio mordoa ordena iraultzailera ekarri ahal izateko, gertakizunen barne konexioen azaleratzearen bitartez. Guretzat langile klaseak pairatzen dituen erasoak –eta haiei emandako erantzunak- kasualitate hutsa ez direlako, sistema kapitalistaren kontraesanen ezinbesteko ondorioak baizik. Horri erantzun efektiboak, jakina, salaketaren forma ohikoaz gaindi, langile klase iraultzailearen antolakuntzaren beharra galdegiten du.

Beraz, Gedar Langile Kazeta errealitatea azalean agertzen den bezala eta gertakarien bat-batekotasunak inposatutako erritmo eta ordenan kontatzera baino, errealitatea bera antolatzera dator. Horri deitzen diogu langile klasearen egia artikulatzea: soilik langile klaseak, klase borrokan murgilduta, gauzatu dezakeen prozesu historikoaren egikaritzeari.

Horrek denak egiten du proiektu hau Langile Kazeta izatea, eta ez soilik langileon kazeta. Hau da, ez langileen ekinbidez aurrera ateratako kazeta izatea, ikuspegi estrategiko iraultzailez hornitutako tresna politikoa baizik.