ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
EHKSren aurkezpena, Etxapen.
2024/01/25 09:47

Zumaian (Gipuzkoa) 2022ko azaroan eman zuten berria: urte luzez hutsik eta erabilerarik gabe egondako eraikin bat birjabetu zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak, Etxape Zentro Sozialista bilakatzeko. Besteak beste, "proletalgoaren autodefentsarako tresnak" sortzea zen asmoa; "autodefentsa eta aholkularitza laboralerako bulegoak, oinarrizko produktuen bilketak, formakuntza politikoa sustatzeko espazioak", eta abar.

Eroskiren jabetzakoa da eraikina. Enpresa negoziatzera behartzea lortu zuen Urola Kostako Kontseilu Sozialistak, eta Etxape egonkortzeko baldintzak aste luzez borrokatu ostean, urte horren amaieran eman zuen lorpenaren berri Mugimendu Sozialistak: Eroskik jarritako salaketa atzera botatzea eta desalojoa etetea lortu zuten Kontseilu Sozialistako kideek, baita tokia Zentro Sozialista gisa egonkortzeko berme idatziak ere, bertan garatzekoa zen jardunari bide eginez.

Horren ostean hasi ziren espazioa Zentro Sozialista gisa egokitzeko lanak, eta zenbait hilabetez luzatu ziren. Iazko udaberrirako, erabiltzeko prest zeukaten Etxape: apirilean aurkeztu zuten tokia jendaurrean, eta bertan martxan jartzekoa zen jardunaren berri eman zuen eskualdeko Kontseilu Sozialistak.

Gaur egun, askotariko lana eta jarduna ahalbidetzen du Zumaiako Zentro Sozialistak: soldatapeko lanari buruzko aholkularitza eta babesa eskaintzen ditu Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sareak eta etxebizitzari buruzkoa eskualdeko Etxebizitza Sindikatuak; "langile klasearen elkarlaguntza eta defentsa" oinarri dituzten errefortzu eskolak antolatu dituzte; oinarrizko hainbat produktu biltzeko kanpainak ari dira egiten (ikasmaterial bilketa kasu), beharra duten pertsonei sostengua emateko; formakuntza saioak, hitzaldiak eta bestelako ekimenak egiten dituzte bertan Mugimendu Sozialistaren parte diren antolakundeek, eta abar.

Ospakizuna otsailaren 3an

Hori guztia urtebete eskasean lortu dute, eta badira, beraz, ospakizunerako arrazoiak. Etxaperen aurreneko urteurrena ospatuko dute, hain zuzen ere, hurrengo larunbatean, otsailaren 3an. Egun osoko egitarau bat prestatu dute Zentro Sozialistan: goizean, herriko hainbat artistarekin batera antolatutako erakusketa bat izango da; eguerdian, bazkari bat egingo dute (Nikolen eskura daitezke tiketak); eta iluntzean, berriz, Ekida Arte Ekimen Sozialistaren antzezlan berria ikusteko aukera egongo da. 18:00etan izango da emanaldia.

Plaza hau gurea da obra sortu du oraintsu Ekidak, eta asteburu honetan emango du aurrenekoz, Oñatin (Gipuzkoa). Guda Zelaia jardunaldiaren parte izango da saioa.

NO HAY COMENTARIOS