ACTUALIDAD / Cárcel
Zubietako makrokartzela berriko presoen eskubideak nabarmen urratu dituzte dagoeneko
Akats teknikoek ezohiko tenperatura altuak eta oinarrizko produktuak erosteko txartelek edo telefonoek ez funtzionatzea eragin dute. Ekainean inauguratu zuten presondegi berria.
2026eko uztailaren 3 - 04:55
Zubietako makrokartzela berriko presoen eskubideak nabarmen urratu dituzte dagoeneko
— ARGAZKIA Diario Vasco-ren bidez

Bi aste pasatxo dira joan den ekainaren 17an Martuteneko (Gipuzkoa) espetxe zaharreko preso gehienak Zubietako (Gipuzkoa) makropresondegi berrira lekualdatu zituztenetik. Lehenago, proiektuak hainbat hutsune zituela salatu zuten hainbat gizarte-eragilek. Bada, hainbat irregulartasun atera dira argitara jada, eta urraketa horiek zuzenean eragin diete presoen oinarrizko eskubideei.

Alde batetik, ezohiko tenperatura altuak pairatu dituzte kartzelan. Izan ere, iragan asteko muturreko beroaldiaren erdian, aire egokituko sistemak huts egin zuen, eta dutxetatik ez zen ur freskorik ateratzen. Hala, preso dauden pertsonek salatu dute azala kiskali egin zaiela. Gainera, beroaldian zehar, dutxa ugarik ez zuten funtzionatzen. Horri guztiari garbiketa-zerbitzuaren egoera gehitu zaio, jakinarazi baitute Gizarteratze Zentroan ez dituela inork garbitzen azpiegiturak. 

Bestalde, kartzela osoan zehar hainbat akats informatiko izan dira, eta pabiloi arteko telefonoek, adibidez, ez dute egoki funtzionatzen. Zubietako makropresondegi berria moduluka banatuta dago, eta kartzelariek telefonoak erabili beharko lituzkete haien artean komunikatzeko. Beste akats baten ondorioz, presoek ezin izan dituzte oinarrizko produktuak erosi kartzelan, erosketak egiteko txartel elektroniko batzuk banatu baitizkite; baina, orain artean, horiek ez dute funtzionatu. Makropresondegia lehenbailehen ireki ahal izateko, "behar gabe prozedurak azkartu eta inprobisatu" dituztela salatu dute kartzelazainen izenean hitz egin duten sindikatuek.

45,5 milioi euro

Makropresondegi berria eraikitzeko 45,5 milioi euro bideratu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Azken hilabeteotan, Maria Jesus San Jose (PSE-EE) Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak eta Denis Itxaso (PSE-EE) Etxebizitza Sailburuak Zubietako egitasmoa "euskal espetxe ereduaren" ikur dela adierazi dute, eta eredu hori "gizarteratzean" nahiz "bizikidetzan" oinarritzen dela. Bada, ireki eta lehen bi asteotako gertakariek agerian utzi dute eredu horrek barne hartzen duela presoen oinarrizko eskubideen urraketa.