ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/21 10:49

Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistak zazpi urte egin ditu jada, eta aurreko larunbatean, urriaren 18an, Langile Kontrolpeko Espazioaren urtemuga ospatu zuten. Egun osoko egitarau bat prestatu zuen horretarako Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak: Zentro Sozialistei eta okupazioari buruzko hitzaldia, bigarren eskuko azoka, paella txapelketa, bingoa, boxeo-ikuskizuna, parrillada... Jende ugari bertaratu zen egun osoan zehar, eta horren erakusle da paella txapelketan 22 taldek parte hartu izana, adibidez.

"Orain arteko lan guztiaren ospakizuna eta aurrera begirako erronkei indar gehiagoz heltzeko eguna izan zen VII. urteurrenekoa", adierazi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. Urteurreneko egitarauaren berri ematean zioen "egindakotik ikasi eta aurrean daukagunari konpromisoz eta gogoz heltzeko bultzada" izango zela eguna, gogorarazteaz gain Zentro Sozialistako jardunak "gizartea antolatzeko eta pentsatzeko elkartasunezko kodeak" dituela oinarrian. Gaur egun martxan dituzte bertan, besteak beste, oinarrizko produktuen biltegia eta doako klase partikularrak, eta ezinbesteko aterpea da Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren jardun politikoarentzat.



NO HAY COMENTARIOS