ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/02 14:22

Gaur, abuztuaren 2an, mobilizazio bat egin dute Zarautzen (Gipuzkoa) Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, turismoaren negozioari ezetz esateko. Etxebizitza-krisi larria, lan-prekaritatea eta espazio publikoaren pribatizazioa nabarmendu dituzte, eta "egunerokoan jasaten dugun biolentzia guztiaren aurrean", proposamen argi bat egin dute: "Antolakuntza, mobilizazioa eta borroka; geroz eta eremu gehiagotan, geroz eta indar handiagoz. Ez dezaten inor gehiago bere etxetik bota, ez dadin nagusi bat bera ere inpune geratu eta guztiok kalitatezko bizi-baldintzak bermatuta izan ditzagun". Eta gaineratu dute: "Higiezinen agentziak, errentatzaileak, ostalaritza-enpresak eta horien mende zaudeten politikariak, aurrean izango gaituzue!".

Etxebizitzaren krisia eta lan-baldintza miserableak, turistifikazioak larriagotua

"Gure herria izugarrizko irabazi-iturria da turismotik negozioa egiten dutenentzat. Bertako langileok, berriz, horren albo-kalteak jasaten ditugu: miseria eta esplotazioa", seinalatu dute Kontseilu Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek. Horren erakusletzat jo dute etxebizitzaren egoera: "Etxe turistikoak hirukoiztu egin dira zazpi urtean, eta herriko hamar etxetik hiru hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira. Erabilera turistiko horrek gentrifikazioa indartu eta prezioak garestitzea eragiten du".

Gainera, salatu dute asko eta asko daudela derrigortuta udan euren etxeak uztera, "etxejabeek turistei alokatuta diru gehiago irabaz dezaten". Gogora ekarri dute, esaterako, Orioko (Gipuzkoa) familia baten kasua: "Aurreko udan beraien semearekin batera etxetik alde egin behar izan zuten, baina aurten, sindikatuarekin batera antolatuta, jabeari eta higiezinen agentziari planto egin eta beraien etxean geratzea lortu dute. Horrek erakusten digu antolakuntzaren bitartez garaipenak posible direla".

Horrez gain, salatu dute turismoak laneko prekaritatea areagotzen duela: "Ostalaritzan eta udako lanetan, ezegonkortasuna, lanaldi amaigabeak, soldata baxuak eta eskubideen urraketak eguneroko ogia dira. Nagusiek inpunitate osoz jarduten dute eta langileok esplotatuz aberasten dira".

Politikariek, alfonbra gorria

Eta hori guztia indartzen dute politikari profesionalek, manifestazioan azpimarratu dutenez: "Zer egiten dute arazo horren aurrean? Bada, etxebizitzaren negozioa bultzatu, milaka etxe eraikiz, jabeei abantaila fiskalak emanez eta errentatzaileen poltsikoetan bukatzen duten diru-laguntzak onartuz. Badaude nahikoa etxe herrian guztiok bizi ahal izateko: arazoa ez da etxebizitza falta, horrekin egiten den negozioa baizik".

Horiek horrela, azaldu dute instituzioek, "turismoaren negozioa baimentzeaz gain, aktiboki bultzatzen dutela, Zarautz mapan kokatzeko helburuakin". Horren adibide modura aipatu dute "Zarauzko Udalak Los 40 Summer Live bezalako ekimenetan gastatzen duen dirutza, herriko eragileoi espazio publikoa erabiltzea oztopatzen edo debekatzen zaigun bitartean".

"Bada horren aurrean erantzuteko garaia", defendatu dute: "Nola da posible, gure herrian 2.400 etxe inoren ohiko bizileku ez diren bitartean, jendeak kalean lo egin beharra? Nola da posible, batzuk etxeak pilatuz aberasten diren bitartean, gazte gehienok ezin emantzipatzea, edo gure herritik alde egin behar izatea? Nola da posible, enpresariek izugarrizko irabaziak dituzten bitartean, bertako langileok baldintza negargarriak pairatzea?". Hala, turismoaren negozioaren kontra antolatzera eta borrokatzera deitu dute mobilizazioan.

NO HAY COMENTARIOS