Orion (Gipuzkoa) bizi den familia bat bere etxetik bota nahi dute berriz etxejabe handi batek eta higiezinen agentzia batek, udako hilabeteetan, pisu turistiko bezala erabili ahal izateko. Ekainaren 15ean etxebizitzatik alde egiteko agindu zioten familiari, tartean, desgaitasuna duen haur bat. Aurreko urtean ere egoera berdinean aurkitu ziren udaren atarian, eta etxea utzi behar izan zuten.
Gutxienez zazpi etxebizitza ditu pisuaren jabeak, eta Basque Local Rents agentziaren esku-hartzearekin, iruzurrezko aldi baterako kontratuak sinatzera behartzen dute familia. Enpresa horrek hainbat apartamentu turistiko kudeatzen ditu Orion, eta, kasu gehienetan, etxe horietan bizi diren maizterrak kanporatzen ditu uda heltzean, horiek turismora bideratzeko eta irabaziak handitzeko.
Oraingoan, baina, planto egin dio familia horietako batek: euren etxean geratzea erabaki dute, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatuta. Horrekin batera, alokairu-kontratu egonkor bat lortzeko egingo dute borroka, legez dagokien bezala. "Turismoaren negozioaren aurrean, etxean geratuko gara! Sasoiko kontratu faltsuei ez!", aldarrikatu dute.
Iruzurrezko kontratuak sinatzera behartuak
Sindikatuak jakinarazi duenez, familia hori 2023tik bizi da etxean, eta ekainetik irailera bitartean pisua uztera behartzen dituzte. "Aldi baterako kontratu hori, ordea, ez da baliozkoa egoera horretan: familiaren ohiko etxebizitza da, eta, beraz, urte osoko kontratu bat izan beharko litzateke", jakinarazi dute sindikatuko kideek: "Familiak, desgaitasuna duen ume bat tarteko, ez du nora joan".
Aurreko udan ere derrigortu zituzten euren etxea uztera, eta EAEtik joan behar izan ziren, ez zutelako beste bizitoki-alternatibarik. Horiek horrela, iazko irailetik saiatu dira urte guztirako alokairu-kontratu bat lortzen; "baina enpresak, etxejabearen iritziaren aitzakiaz, ezezkoa eman die behin eta berriz", sindikatuaren esanetan. "Aurten, egoera berdinaren aurrean, eta instituzioek inolako alternatibarik ematen ez dietela ikusita, Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolatu eta etxebizitza ez uztea erabaki dute".
Sindikatutik salatu dute, hala, Basque Local Rents enpresak "familiaren egoera aprobetxatu" duela eta "iruzurrezko kontratu bat sinatzera derrigortu" zuela, "beste tokirik ez zutela jakitun". Eta seinalatu dute, bestalde, "nola urtean zehar, turista kopurua gutxitzean, enpresak iruzurrezko kontratuak eskaintzen dituen gero uda garaian maizterrak etxetik botatzeko eta beren poltsikoak betetzeko". "Gure eskaera argia da: familiak urte osoko kontratua izatea eta beraien etxebizitzan geratzea", diote.
Turismoaren negozioak langileriarengan dituen ondorioak
Sindikatuko kideen hitzetan, lanean jarraituko dute kontratu egonkor bat lortzeko, baita "negozio turistikoak langileongan dituen ondorioak salatzeko eta horien aurka borrokatzeko" ere. Uste dute, hain justu, Orioko familiaren egoera "turismoaren negozioak langile-klasearengan dituen ondorioen adierazgarri" dela.
Aldarrikatu dute "antolakuntza eta borroka direla geure burua defendatzeko bide bakarrak", eta horri lotuta, asanblada informatibo bat egingo dute ostegun honetan, hilaren 19an, Orioko Etxeluze Gaztetxean. Arratsaldeko 18:30ean izango da.