Faxistei aurre egiteagatik, Iruñeko (Nafarroa) bi ikaslek epaile baten aurrean deklaratu beharko dute. Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) eman du egoeraren berri.
Otsailaren 5ean, Nafarroako Voxek agerraldia egin zuen Nafarroako hiriburuan, eta aurretik, IASek sinatutako pankarta bat agertu zen inguruan: "Faxistak kanpora! U26 mobilizatu" zioen leloak. Pankarta hori aitzakia hartuta, alderdi faxistako bi kidek Iruñeko epaitegian salaketa jarri zutela adierazi zuten sare sozialetan. Orduan, harrokeria osoz aritu ziren faxistak: artean, "se avecina desfile de ETArratillas por el juzgado" bezalako isekak egin zituzten.
Duela hiru hilabete, Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak salaketa hura tramiterako onartu eta ikerketa abiatu zuen. Izan ere, La Gaceta egunkariaren arabera, Voxek IASek protesta-ekintzarekin izan zezakeen lotura aztertzeko eskatu zuen, baita pankartaren egileak identifikatzeko ere. Horretarako, egon litezkeen irudi-grabazioak baliatzeko eskatu zuten faxistek. Izan ere, Nafarroako Voxek Instragamen argitaratu zuen bideoan, pankartaren egileen aurka hartu zuen hitza Jose Maria Garcia Elorz alderdiko buruzagi eta abokatuak: "Dentro de poco empezarán a desfilar todas las ETArratas responsables, incluida la ETArratilla que salía en el vídeo". Orain, hala, epailearen aurrean deklaratu beharko dute bi ikaslek. IASen arabera, alderdi faxistak ez du nahikoa "diskurtso arrazista, klasista eta matxistak zabaltzearekin", eta horrelako mezuak "borrokatzen dituzten ikasleak jazartzea" dute helburu. Hori dela eta, elkartasuna luzatu die jazarri dituzten bi ikasleei, eta antifaxismoaren kriminalizazioari aurre egitera deitu dute.
Otsaileko agerraldiaz gain, hilabete bukaeran Nafarroako Foru Legebiltzarrean bi mozio aurkeztu zituen alderdi faxistak. Lehena, eraikin publikoetan burka, niqaba eta antzerako jantziak debekatzeko. Bigarrena, hezigune eta ospitaleetan halal jateko menuak eskaintzea ekiditeko. Horrekin batera, gainera, Vox Euskal Herriko hainbat lekutara bertaratu da azken hilabeteotan bere gorrotozko diskurtsoa zabaltzeko: esaterako, Gasteizen egon zen iragan udan, pertsona migratzaileen eta haien seme-alaben kanporatze masiboa aldarrikatuz; eta Errekaleorrera joan zen apirilaren bukaeran, okupazioaren eta etxerik gabeko pertsonen aurka egiten ari den kanpainaren barruan.