Vox alderdi faxistak beste bira bat eman du immigrazioari buruzko diskurtsoan, pertsona migratzaileen kanporatze masiboa esplizituki planteatu baitu, Espainiako Estatuan jaiotako seme-alabak barne. Atzo bertan egindako prentsaurreko batean, Rocio de Meer diputatuak "deportazio masibo bati ekiteko beharra" defendatu zuen, "espainiar nortasuna babesteko" asmoz. Prozesu hori, Voxek zehaztu duenez, "delituak egiten dituztenekin" edo "ohituretara egokitzen ez direnekin" hasiko litzateke.
De Meerrek argudiatu zuen biztanleria atzerritarra modu esponentzialean hazi dela 90eko hamarkadaz geroztik, eta Espainiako Estatuan bizi diren migratzaileak "7 milioi baino gehiago" direla (bigarren belaunaldia barne hartuta). Diputatu faxistaren arabera, "oso zaila" da pertsona horiek "Espainiako usadioetara eta ohituretara" egokitzea, eta bipartidismoari egotzi zion "milioika migratzaileren etorrera bultzatu izana".
Voxek "birmigrazio masiboa" ("remigración masiva") terminoa erabiltzen du proposamenari erreferentzia egiteko, eta horrek migratzaileak eta haien ondorengoak indarrez deportatzea ekarriko luke, nahiz eta Espainiako Estatuan jaio. Ustez "duela oso denbora gutxi gure herrialdera etorri diren eta gure ohituretara egokitu ez diren milioika pertsona" seinalatu zituen de Meerrek, esanez, "kasu askotan", "segurtasun faltari" lotutako egoerak eragin dituztela "gure auzoetan eta gure inguruetan". Hala zioen politikariak, hain justu: "Beren herrialdeetara itzuli beharko dute".
Alderdi faxistak "Espainiako herriaren biziraupenaren" defentsan kokatzen du proposamen hori, eta uste du, "oso prozesu konplexua" izan arren, "beharrezkoa" dela "azken gobernuen migrazio-politikek eragindako kaltea" iraultzeko. Dena den, ekimena xenofobotzat eta giza-eskubideen aurkakotzat jo dute hainbat kolektibo sozialek eta oposizioko alderdiek, biztanleria migratzailearen kontrako gorroto- eta kriminalizazio-diskurtsoak normalizatzeko arriskuaz ohartaraziz.