IAS salatu du Nafarroako Voxek, faxismoaren aurkako pankarta batengatik

Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) jomugan hartu du Voxek: IASek sinatutako pankarta baten harira, salaketa bat aurkeztu dute faxistek Iruñeko epaitegian. Nafarroako Voxek gaur goizean eman du horren berri Instagram bidez, harrokeriaz eta irain artean: "Se avecina desfile de ETArratillas por el juzgado".

Otsailaren 6an Iruñean agertu zen pankarta bat hartu du aitzakiatzat Voxek, salaketa jartzeko. Rocio de Meer diputatuak eta beste alderdikide batzuek Nafarroako hiriburuan hitzartutako agerraldi bat zela-eta, pankarta bat jarri zuten hainbat pertsonak, ondoko mezuarekin: "Faxistak kanpora. U26mobilizatu". Politikari faxistaren irudi bat ere ikus zitekeen bertan. Aldarri antifaxista horrengatik, "gorroto", "derrigortze" eta "mehatxu" delituak leporatu dizkie Voxek pankartaren egileei.

Badirudi Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu duela faxisten salaketa, eta martxan jarri duela IAS seinalatzen duen ikerketa. Nafarroako Voxek Instagramen argitaratutako bideoan, irain artean esaten du laster hasiko omen direla gazte batzuk epailearen aurretik igarotzen: "Dentro de poco empezarán a desfilar todas las ETArratas responsables, incluida la ETArratilla que salía en el vídeo". Jose Maria Garcia Elorzek hartzen du hitza bideoan, Voxek mugimendu antifaxistaren kontra bestelako neurri batzuk hartu izan dituenean, kameren aurrean hitz egin izan duen buruzagietako bat.

La Gaceta egunkariaren arabera, pankartaren egileak identifikatzeko eskaera egin du epaitegian Voxek, egon litezkeen irudi-grabazioez baliatuta besteak beste, eta IASek protesta-ekintzarekin izan lezakeen lotura azter dadila ere eskatu du. Itxura denez, salaketa onartzearekin batera, Espainiako Poliziak Nafarroan daukan Informazio Brigadaren esku geratu dira ikerketa-lanak.

Hilabete honen hasieran Iruñean egindako agerraldiaz gain, Euskal Herriko beste leku batzuetara ere bertaratu da Rocio de Meer azken hilabeteetan, mezu faxistak zabaltzeko asmoz. Uztailean, esaterako, Gasteizen egon zen, pertsona migratzaileen eta haien seme-alaben kanporatze masiboa aldarrikatuz.