ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EFE
2024/07/26 10:54

2021. urtean, Ugalketa- eta Sexu-Eskubideei buruzko Europako Foro Parlamentarioak (EPFSRR, ingelerazko sigletan) eskuin muturreko talde erlijiosoen finantzaketa ikertzen zuen txosten bat kaleratu zuen. Horretarako, 54 erakunde identifikatu zituen, ultraerlijiosotzat eta eskuin muturrekotzat jotakoak. Ikerketa-lanak 2009. eta 2018. urteen arteko epea aztertu zuen, eta txosten horren emaitza nagusiak aztertu ditu GEDAR LANGILE KAZETAk.

Hamar urte horietan bakarrik, 54 erakunde horiek 707,2 milioi dolar jaso zituzten eskuin muturreko bestelako alderdi, erakunde, think-tank, norbanako, lobby eta abarrengandik, baina baita hamaika instituzio publikotatik ere. Diru kopurua, gainera, handituz joan da urtez urte, bost aldiz handiagoa baitzen ikertutako azken urtean: 2009an 22,2 milioi dolar jaso bazituzten, 96 milioira igaro zen kantitate hori 2018rako.

Diruaren jatorria

Finantziazioaren jatorriari dagokionez, hiru dira iturburu nagusiak. Amerikako Estatu Batuek (AEBak), 81,3 milioi dolarrekin, guztizkoaren %11,5 hartzen dute euren gain; Errusiako Federazioak, 188,2 milioi dolarrekin, %26,6ko portzentajea dauka, eta Europar Batasuneko herrialdeek, 437,2 milioi dolarrekin, zatirik handiena daukate, %67.

Hiru dira iturburu nagusiak. Amerikako Estatu Batuek [...] guztizkoaren %11,5 hartzen dute euren gain; Errusiako Federazioak [...] %26,6ko portzentajea dauka, eta Europar Batasuneko herrialdeek [...] zatirik handiena daukate, %67

AEBei dagokienez, Billy Graham elkarte ebangelikoa da hornitzaile nagusia, 2014ra arte 23,8 milioi dolar bidali baitzizkien Europako talde ultraerlijiosoei. Urte horretan, "erakunde erlijioso" gisa eratu eta bere kontuak argitaratzeari utzi zion, legeak baimenduta. 2005era arte, elkarte horrek "otoitz gurutzadak" antolatzen zituen mundu osoan.

AEBetako bigarren finantzatzailerik handiena Alliance Defending Freedom (ADF) abokatu taldea da. Taldeak Espainiako Estatuko Abogados Cristianos erakundearen antzeko jarduna du, baina nazioartean. 2009tik, gutxienez 23,3 milioi dolarrekin hornitu ditu eskuin muturreko hainbat talde zein alderdi. Bi erakunde horiek bakarrik, AEBetatik jasotako diru guztiaren erdia baino gehiago batzen dute.

Errusiatik bidalitako diruari dagokionez, zatirik handiena dator eliza ortodoxoarekin harreman estua duten oligarka handien esku dauden erakundeetatik. Handiena Vladimir Yakunin bilioidunaren Istoki fundazioa da, hamar urtean 90,6 milioi dolar banatu dituena. Hala ere, Yakuninek badu beste fundazio bat, Zibilizazio Elkarrizketa deiturikoa, eta Europako lobby ultraeskuindarretara beste 18,8 milioi dolar bidali ditu.

Bigarren talderik handiena Konstantin Malofeev oligarkaren San Basilio karitate-fundazioa da, 77,3 milioi dolarreko "dohaintzak" egin dituena.

Europatik bertatik irteten den diruaren gehiengoa Frantziako Jérôme Lejeune eta Poloniakor Lux Veritatis fundazioetatik dator; 120,2 milioi eta 83 milioi dolarrekin, hurrenez hurren. Europaren kasuan, sare erraldoi bat osatzen dute eskuin muturreko alderdiek, Vatikanoari loturiko hainbat erakundek eta bestelako talde erlijiosoek. Besteak beste, abortuaren aurkako edo "familiaren aldeko" manifestazio eta kanpainak antolatzen dituzte.

Dena den, bada lobby neokontserbadoreek jasotzen duten diruaren zati handi bat erakunde publikoetatik datorrena. Hungarian, Polonian edo Kroazian, batik bat, hainbat kanpaina egin izan dituzte abortuaren aurka eta LGTBI komunitateko pertsonen aurka, Europar Batasuneko funtsekin.

2010etik 2018ra bitartean, Europar Parlamentuak 8,2 milioi dolarreko laguntza eman zion Europako Mugimendu Politiko Kristauari eta Sallux izeneko bere fundazioari, hau da, bere diru-sarrera guztien %82

Deigarriena, baina, Europako Mugimendu Politiko Kristauaren kasua da, zeinak alderdi politiko bat den heinean, EBren dirulaguntzak jasotzen dituen. Zehazki, 2010etik 2018ra bitartean, Europar Parlamentuak 8,2 milioi dolarreko laguntza eman zion Europako Mugimendu Politiko Kristauari eta Sallux izeneko bere fundazioari, hau da, bere diru-sarrera guztien %82. LGTBI kolektiboko kideentzako "konbertsio-terapia" arriskutsuak bultzatzeko aldarriak zabaldu ditu.

Finantziazioaren bilakaera

Txostenak azterturiko 54 erakundeek jasotzen zuten diru kopurua ez zen 25 milioi dolarrera iristen 2009an, eta Europatik zetorren gehienbat. 2012an Errusiatik ere hasi ziren dirua bidaltzen, eta 2014an goia jo zuten, urte bakarrean 125 milioi dolar baino gehiago jasota. Urte horretan, Krimeako auzia zela eta, hainbat zigor ezarri ziren Errusiako kapitalen aurka, eta horrek eragina izan zuen Europara bidalitako diru kopuruan, nahiz eta urtean 20 milioi dolarreko laguntza bere horretan mantendu izan den batez beste, gutxienez 2018ra arte.

AEBetatik emandako diru kopurua, batez beste, urtean 4,7 milioi dolarrekoa zen 2009ko datuen arabera, baina 7,7 milioi dolarrera heldu zen 2018rako. Europar Batasunetik bertatik bidalitako diruari dagokionez, batez beste, urtean 17,5 milioi dolar ziren 2009an. Kantitate hori 63,8 milioi dolarrera igo zen 2018rako.

Espainiako Estatuan

Txostenak azterturiko erakundeen artean badira Espainiako Estatuko hainbat ere. Gehienek harremana dute Vox alderdiarekin: Hazte Oír/CitizenGo, Fundació Provida Catalunya, Foro Español de la Familia, Fundación Madrina, Adevida, Fundación Valores y Sociedad edota Fundación Francisco Franco. Erakunde horien kontuen gardentasun falta dela eta, horietako bik jasotako diruaren zifrak baino ezin dira jakin: Hazte Oír/Citizen Go plataformak 32,8 milioi dolar bildu zituen 2009. eta 2018. urteen artean, eta Fundació Provida Catalunyak, berriz, 4 milioi dolar.

Hazte Oír/Citizen Go plataformak 32,8 milioi dolar bildu zituen 2009. eta 2018. urteen artean, eta Fundació Provida Catalunyak, berriz, 4 milioi dolar

Horrez gain, zenbait autonomia erkidegotako gobernuek ere dirulaguntzak eman izan dizkiete antzeko erakundeei. Abortuaren aurkako Red Madre plataformari, adibidez, 1,19 milioi euro eman zizkioten. Gainontzeko erakundeek jasotako diruaz ez dago nahikoa informazio eskuragarri. Ikertzeke dago, gainera, 2018tik hona jaso duten diru kopurua ere, baina litekeena da zifrek gora egin izana.

NO HAY COMENTARIOS