Gazte Koordinadora Sozialistak egindako mobilizazio deialdietara batuta, milaka lagunek hartu dituzte gaur Bilboko (Bizkaia) eta Iruñeko (Nafarroa) kaleak, Burgesiaren ofentsibaren aurrean, gazte langileok borrokara! leloaren pean. 5.000 pertsona inguru mobilizatu dira Bilbon, eta 2.500 lagunetik gora Iruñean. Manifestazioen amaieran hitza hartzean GKSko kideek azaldu dutenez, "bankarien eta enpresari handien ofentsiba" salatzeko irten dira kalera, bai eta "egoera honetan politikari profesionalek duten erantzukizuna" seinalatzeko ere.
"Gure soldaten balioa jaisten, gure aurrezkiak ezabatzen eta gure bizimodua okertzen ari diren bitartean, bankariak eta enpresari handiak milaka milioi euro irabazten ari dira. Energia konpainiek, supermerkatu-kate handiek, armagintzako enpresek, banku zentralek eta abarrek sekulako negozioa egin dute 2022an, mundu guztiko langileen egoera erabat okertu duten bitartean", ohartarazi du GKSk. "[Enpresari handiak eta bankariak] Langileon pobretzearen errudun nagusiak dira, eta beharrezkoa da benetan aurre egingo dien langileon alternatiba eraikitzea", gaineratu du.
"[Enpresari handiak eta bankariak] Langileon pobretzearen errudun nagusiak dira, eta beharrezkoa da benetan aurre egingo dien langileon alternatiba eraikitzea"
"Gure mezua ez dago politikari profesionalei zuzendua, gure mezua langileoi zuzendua dago"
"Klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea helburu duen programa lehen lerroan jarri, eta langileon antolakuntza independentea hedatu behar dugu"
Lan horren helburu modura kokatu du Estatu Sozialista GKSk; "izan ere, langileon kontrolpeko Estatu Sozialista da enpresarien esplotazioa ezabatzeko bitartekoa, bai eta guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak edukitzeko berme bakarra ere". "Horretarako baldintzak" nazioartean sortzearen garrantzia azpimarratu dute GKSko kideek, "etsaiak maila internazionalean jarduten" duela ohartarazita. "Horregatik, gaurdanik, ikuspegi internazionalista batekin borrokatu behar dugu", aldarrikatu dute.
"Estatu Sozialista da enpresarien esplotazioa ezabatzeko bitartekoa, bai eta guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak edukitzeko berme bakarra ere"
"Langileria subjektu politiko indartsu bihurtzeko erremintak sortzen jarraitu behar dugu, pobretzeari eta eskubideen ezabapenari aurre egin ahal izateko", adierazi dute. Tresna horiek, dena den, "batasun estrategiko bati erantzun" behar diotela iritzi dio GKSk, eta "Estatu Sozialistaren norabidean kokatu" behar direla.
"Gaurko manifestazioek balio dezatela aldarrikapen horiek hedatzeko; balio dezatela langileon kontzientzia politikoa pizteko; balio dezatela langileriaren artean enpresariekiko eta agintariekiko benetako oposizioa badagoela ikusarazteko. Gu geu izan behar garelako langileon programa lehen lerroan jarri eta, gure erreminta propioekin, Estatu Sozialistaren alde gaurdanik borrokatu behar dugunak".
Lan militantea
Bestalde, azken asteetan Euskal Herri osoan ehunka gaztek egindako lan militantea jarri du balioan GKSk: "Lan desinteresatu hori gabe, gaurko manifestazioak ez lirateke posible izango". "Horrek erakusten du militantzia politikoan oinarritutako kultura batek fruituak ematen dituela, eta hau da langileon independentzia politikoa eskuratzeko bidea", biribildu du.
"Militantzia politikoan oinarritutako kultura batek fruituak ematen ditu, eta hau da langileon independentzia politikoa eskuratzeko bidea"
Gaurko mobilizazioei lotutako lan politikoa egiteagatik hainbat eta hainbat gaztek jasandako polizia-jazarpena salatu du GKSk, eta gogoan izan du dozenaka lagun identifikatu edota isundu dituztela azken asteetan. "Argi dago eskubideak eta demokrazia ez direla denontzako berdinak. Eskubide politikoak defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu", esan du.
Autobusak geratuta
Hamaika autobus antolatu dituzte tokian toki, Bilboko eta Iruñeko manifestazioetara joateko. Polizia-indarrek hainbat autobus geratu eta barruan zihoazen pertsonak identifikatu nahiz miatu dituzte; hala nola, Ipar Euskal Herritik, Bidasoatik eta Sakanatik irten diren autobusak.