AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/13 12:10

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, iazko urtarrilaren 29an milaka gazte atera ziren kalera Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), burgesiaren diktaduraren kontra. Aurten ere mobilizazio deialdi bat egin du GKSk urtarril bukaerarako, Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara! aldarritzat hartuta. Zehazki, urtarrilaren 28rako antolatu ditu manifestazioak, oraingoan ere, Bizkaiko eta Nafarroako hiriburuetan. Agerraldi baten bidez egin du mobilizazio deialdia gaur bertan.

Geratzeko etorri den erasoaldia

"Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina guztiok ez ditugu modu berean sufritzen krisi horren ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan", azaldu dute GKSko kideek gaurko agerraldian, Ordiziako (Gipuzkoa) Elkarguneko ekitaldi politikoan egin bezala. "Zuzenean eta zeharka, langileon soldatak erasotzen ari dira; horregatik, gure soldatek gero eta balio gutxiago daukate, eta langile askoren ezintasuna eta larritasuna handitzen ari dira", sakondu dute: "Hori ez da gertakari neutral bat, hori enpresari handien eta agintarien erasoaldia da; banku zentralena, nazioarteko diru funtsena, energia konpainia handiena, armagintzako enpresena, putre funtsena, elikagaien korporazio erraldoiena, plataforma eta industria digitalena eta bestelako enpresari handi askorena. Horien diru goseak langileriaren miseria dakar".

"Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina guztiok ez ditugu modu berean sufritzen krisi horren ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan"

"Azken urteotako esperientziak argi utzi digu egoera hau ez dela aldatuko hilabeteek aurrera egin ahala; ez, errealitate prekario hau geratzeko etorri da", ohartarazi du GKSk: "Kapitalismoaren ziklo ekonomiko berri batean sartu gara, paradigma kapitalista berri batean, eta paradigma berri horretan langileon pobrezia eta eskubideen ezabapena ez dira salbuespenak, normaltasun berria baizik".

Enpresariez gain, politikari profesionalak seinalatu ditu GKSk: "Erasoaldi horren parte dira. Ez soilik politika parlamentarioa oligarkiaren interesen menpekoa delako, Europar Batasuneko herrialdeetan gertatzen den bezala, adibidez. Europar Batasunaren mandatuei lotuta egoteaz gain, erasoaldi horren onuradunetako batzuk dira politikari profesionalak". Horren hainbat erakusle aipatu dituzte GKSko kideek: "[politikari profesionalei] Hilero-hilero milaka liberatuen soldatak betetzen dizkiete, beraien alderdien egoitzak eta gastuak ordaintzen dizkiete, administrazio edota enpresetan karguak zein kudeaketa eskumenak eskuratzen dituzte eta bestelako pribilegio asko dituzte".

"Akaso norbaitek uste du bankarien eta enpresari handien erasoalditik elikatzen diren politikari profesionalek gure bizitzak hobetuko dituztela?"

Aipatutako erantzuleen arteko lankidetza jarri du jopuntuan GKSk, beraz. "Akaso norbaitek uste du bankarien eta enpresari handien erasoalditik elikatzen diren politikari profesionalek gure bizitzak hobetuko dituztela? Ez gaituzte engainatuko: salbuespen politika ilegalak aplikatzen, zigor kodeak gogortzen, aurrekontu militarra igotzen, poliziaren baliabideak handitzen eta abar ikusi ditugu politikari horiek azken urte hauetan", azpimarratu du.

Ondorioak gazte belaunaldiengan

"[Bankariek, enpresariek eta politikari profesionalek] Beraien patrikak goraino betetzen dituzten bitartean, gazte belaunaldion bizi baldintzak okertzen ari dira. Gizarte mailan, proletarizazio prozesu orokorra dago martxan, eta horren ondorioak nabarmenak dira gazte esparruan ere", kontrajarri du GKSk: "Lan-baldintza prekarioak, bizi-ereduaren okertzea eta autoritarismoaren gorakada nagusitzen dira gazte langileon bizitzetan".

Agintariek, gainera, gazteak "beraien burua zuritzeko erabiltzen" dituztela uste du GKSk. "Gazteok omen gara etorkizuna eta horrekin konprometituta daudela esaten digute; gure hitza entzun nahi dutela, gazteongan pentsamendu kritikoa sustatu nahi dutela, belaunaldi oparoa garela. Hori esaten duten bitartean, gazte langileok errealitatearekin aurrez aurre egiten dugu topo: etorkizun duin baterako baldintzarik gabe gaude, miseriazko soldata baten truke egiten dugu lan, laneko nagusiaren abusuak jasan behar ditugu, kriminalizatu egiten gaituzte, eskubide politikoak ezabatzen dizkigute...", xehatu du.

"Lan-baldintza prekarioak, bizi-ereduaren okertzea eta autoritarismoaren gorakada nagusitzen dira gazte langileon bizitzetan"

Erasoaldiari aurre egiteko premia

"Egoera honen aurrean, gazte langileon arteko batasun politikoa sustatzearekin batera, beharrezko ikusten dugu enpresari handien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea", aldarrikatu dute GKSko kideek: "Horren guztiaren aurka mobilizatzeko hautua egiten dugu, gazteon artean borrokarako borondatea hedatzeko helburuarekin". Norabide horretan kokatu dituzte, hain zuzen, urtarrilaren 28an egingo dituzten manifestazioak.

"Mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon artean antolakuntzarako eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu. Gero eta jende gehiago eta lurralde gehiagotan mobilizatzeko testuingurua sortu behar dugu, baita enpresarien eta politikari profesionalen eraginetik kanpo antolatzen jarraitzeko bitartekoak hedatu ere", argitu dute. "[GKS] Gazte langileontzako erreminta bat garen heinean, helburu horiekin konprometituta gaude eta gazte langileok antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko proposamenak garatzen jarraituko dugu", gaineratu dute.

"Mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu"

EZ DAGO IRUZKINIK