ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / ElDiario.es
2023/11/22 10:21

Nakba berri bat jasaten ari dira palestinarrak. Etengabeko bonbardaketen, erasoen eta mehatxuen bidez, gazatarrak indarrez mugiarazten ari da Israelgo Estatu genozida. Gogorrak dira azken datuak: urriaren 7tik hona, 1,5 milioi palestinarrek (2,3 milioi biztanletik) egin behar izan dute ihes Gazako Zerrendako iparraldetik hegoaldera. Izugarriak dira desplazamendu horren irudiak: errefuxiatu palestinar olatu erraldoiak babes bila Zerrenda gurutzatzen, bonbetatik ihesi, euren etxeak eta lurrak atzean utzita.

Zerrendako iparraldean bizi ziren gazatar ugarik jakinarazi dute sionistek mehatxuak egin dizkietela urriaren hasieratik, euren etxeetatik joan daitezen eta hegoaldera alde egin dezaten esanez. Sakelako telefono pertsonaletan ere jaso dituzte mehatxu horiek.

Kontrol-postua, atxiloketak eta bonbardaketak bidean

Armada sionistak bitan banatuta dauka Zerrenda, eta Salah al Dinen (errepide nagusia) dauka ezarrita baimendutako ebakuazio-korridore bakarra, gazatarrak hegoaldera mugitzeko. Egunean zenbait orduz irekitzen dute korridorea sionistek, palestinarrek bidea zeharka dezaten. Bide hori ere, ordea, latza izaten ari da gazatarrentzat, azaldu dutenez. Salah al Dinera iritsi bezain pronto, sionisten kontrol-postu bat dago. Palestinarrak nortasun zedula erakustera eta eskuak altxatzera behartzen dituzte sionistek, indarrez, eta argazkiak ateratzen dizkiete askori soldadu israeldarrek. Atxiloketak ere ohikoak dira kontrol-postu horretan.

Bonbardaketen eta mehatxuen bidez gazatarrak iparraldetik ihes egitera derrigortu ostean, gainera, sionisten erasoak ez dira inola ere eteten. Bide horretan ere palestinarrak bonbardatzen dituzte Israelgo indarrek, agerian utziz ez dagoela toki segururik Gazako Zerrendan. Gazatarrek hainbat komunikabideri adierazi dietenez, palestinarren gorpu ugari daude iparraldetik hegoalderako bidean. Gazatik Egiptora igarotzeko bidea ere, Rafahko bidegurutzea, behin eta berriz bonbardatu dute sionistek, behin palestinarrak hara mugiarazi eta gero.

Iparraldetik hegoalderako bide arriskutsua oinez egin behar izaten dute palestinar gehienek, eta ibilgailuetan doazenak horiek uztera behartzen dituzte militar israeldarrek, Al Kuwaitiko errotondara heltzean.

Palestinarrak Egiptora kanporatzeko plana

Israelgo inteligentzia-zerbitzuen dokumentu bat filtratu zenean, mahai gainera atera zen sionistek izan dezaketen berehalako plana: Gazako palestinarrak euren lurretatik botatzea eta Egiptoko Sinai eskualdera kanporatzea, Israelen okupazio asmoekin jarraitzeko. Urriaren 13an idatzitakoa da filtratutako dokumentu hori.

Urriaren 7tik hona, erabateko sarraski sistematiko bat egin dute sionistek palestinarren kontra, Gazako Zerrenda gau eta egun bonbardatuta. Azken datuen arabera, dagoeneko 14.128 dira Israelgo indarrek Gazan eraildako palestinarrak; horietatik 5.840, haurrak. Orain badirudi, gainera, Zerrendako hegoaldean eraso gehiago prestatzen ari direla sionistak.

NO HAY COMENTARIOS