ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/01 10:18

Iazko urriaren 19an izan ziren Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistaren 6. urteurreneko ospakizunak, eta aurtengo hitzorduaren berri eman du jada Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak: urriaren 18an ospatuko dute 7. urteurrena. "Urteurren egun hau, festa soil izatetik haratago, egunerokotasunean bertan aurrera eramaten den jardunari begirada bat botatzeko eta komunitatea handitzen joateko egun bat ere bada. [...] egunez egun egiten den lan militantea oroitzeko eguna", diote Kontseilu Sozialistako kideek: "Egindakotik ikasi eta aurrean daukagunari konpromisoz eta gogoz heltzeko bultzada izan nahi du".

"Gizarte kapitalistak hainbat eta hainbat sektore kolpatzen eta pobreziara eramaten dituen bitartean, Esklabek sektore kolpatu horien babesleku eta topaleku izan nahi dute", ekarri dute gogora. Horregatik aldarrikatu dute Zentro Sozialistako jardunak "gizartea antolatzeko eta pentsatzeko elkartasunezko kodeak" dituela oinarrian, "diruaren logikatik kanpo". Horren erakusle dira bertan martxan diren proiektuak, hala nola, doako klase partikularrak eta oinarrizko produktuen biltegia.

Urriaren 18an egun osoko egitaraua izango da urteurrenaren bueltan. 10:00etan ekingo diote egunari, Zentro Sozialistei eta okupazioari buruzko hitzaldi batekin; eta bigarren eskuko azoka eta bermuta izango dira eguerdian, Albik ingurua musikaz girotzen duen bitartean. 13:00etan ekingo diote paella txapelketari, eta 14:30ean hasiko da bazkaria (Haginpe tabernan eskura daitezke txartelak). Jarraian bingoan arituko dira, eta 17:30ean hasiko dira arratsaldeko ekimenak: boxeo-ikuskizuna eta parrillada eskainiko dituzte. Gauean, berriz, DJ Supernenasek jardungo dute musika jartzen.

NO HAY COMENTARIOS