ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EFE
2024/04/25 09:45

Ukrainako Gobernuak kosta ahala kosta jarraitu nahi du milaka ukrainar gerrara bidaltzen. Hiru hilabeteko eztabaiden ostean, mobilizazio militarra aldatzeko eta indartzeko lege berri bat sinatu du Volodimir Zelenski presidenteak. Iragan apirilaren 11n onartu zuten legea Kontseilu Gorenean; eta, horren bidez, gizonezko ukrainarrak behartuko dituzte errekrutatze-datuak eguneratzera, boluntarioen sariak areagotuko dituzte eta errekrutatzea ekiditen dutenen kontrako zigorrak gogortuko dituzte, besteak beste.

Hiru lerrotan ezarriko dute lege berria: jada gerra-frontean dauden pertsonei, errekrutatzea saihesten dutenei eta errekruta berriei. Batetik, 18 eta 60 urte arteko gizonezkoak behartuko dituzte agintaritza militarrei euren datuak eguneratzera, gobernuak aukera izan dezan berriz baloratzeko ea nor dei dezakeen gerrara joatera. Matrikulazio-agiri bat jasoko dute ukrainar horiek, eta une oro eraman beharko dute gainean, agiri hori edozein unetan eskatzeko aukera izango baitute errekrutatze-agintaritzek.

Bestetik, gerrara joateko adinean dauden gizonezkoek debekatuta izango dute atzerrira alde egitea. Oraingoz, baina, gobernuak ez dauka prozedura eraginkorrik atzerrian dauden ukrainarrak gerrara bidali ahal izateko. Pasaportea berritzeko eta antzeko kontsul-zerbitzuak jasotzeko, dena den, derrigorrezkoa izango da bulego militarretan datuak eguneratzea. Gobernuak uste du, modu horretan, errekrutatzea saihestu nahi duten pertsonak errazago kontrolatu ahal izango dituela.

Gerrara joateko boluntarioei dagokienez, haiei finantza-onurak eskaintzen jarraituko du gobernuak; esaterako, ibilgailu bat erosteko eta lehen hipoteka ordaintzeko laguntzak. Hala ere, agintaritzek ez dute zehaztu zein den gerran egoteko gehienezko epea, eta gerran dauden soldaduek ez dakite noiz arte egon beharko duten frontean.

Derrigorrezko entrenamendua

Gobernuak aurreko urtearen amaieran erakutsi zuen 500.000 militar mobilizatzeko nahia, eta helburu hori lortzeko lege-proiektua egin zuen. Onartu berri dituen neurriekin, derrigorrezko soldaduska atzera botako du: horren ordez, 2025etik aurrera, oinarrizko entrenamendu militar bat egin beharko dute gizonezko guztiek.

Behin gerrara joateko deitzen dituztenean, soldaduen ibilgailuak edota negozioak konfiskatu ahal izango ditu gobernuak. Horretaz gain, mahai gainean dago edonolako delituengatik zigortu dituzten gizonezkoei sententzia deuseztatzea eta, hori bete ordez, gerrara bidaltzea.

Atzerriko kontsul-zerbitzuak etenda, eta Atzerriko Gaietarako ministroaren hitzak

Gobernuak aste honetan bertan jakinarazi du bertan behera geratu direla atzerriko kontsul-zerbitzuak, gerran egon ordez, Ukrainatik kanpo dauden eta berez derrigorrezko soldadutzapean dauden ukrainarrentzat. Atzerriko Gaietarako ministroak, Dmytro Kulebak, gogor hitz egin du aste honetan atzerrian dauden ukrainarrei buruz, aditzera emanez murriztu egin beharko liratekeela estatuak pertsona horiei ematen dizkien "zerbitzuak". X sare sozialaren bidez egin ditu adierazpenak joan den asteartean.

"Derrigorrezko soldadutza egiteko adinean zegoen gizon bat atzerrira joan da, estatuari erakutsi dio ez zaiola axola bere biziraupena, eta estatu horretako zerbitzuak jaso nahi ditu gero. Horrek ez du horrela funtzionatzen. Gure herrialdea gerran dago", adierazi du. Hala, Kulebak esan du ez lituzketela "estatuaren zerbitzu" berdinak jaso beharko "lehen lerroan borrokatzen ari den" ukrainar batek eta "atzerrian geratzen den" batek.

"Atzerrian egoteak ez du herritarra aberriarekiko betebeharretatik salbuesten", gaineratu du ministroak. Zentzu horretan, asteartean bertan aldarrikatu du neurri berriak hartuko dituela, "Ukrainan nahiz atzerrian errekrutatzeko adinean dauden gizonekiko jarrera egokia berrezartzeko". Kulebak esan du laster emango dituztela "argipenak" kontsul-zerbitzuak jaso ahal izateko prozedurari buruz.

NO HAY COMENTARIOS