ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/29 18:15

2022an gerra lehertu zenetik, Mendebaldeko bloke geopolitikoaren laguntza militarra jaso du Ukrainak eta, azken hilabeteetan, AEBek eta Europar Batasuneko herrialde askok eman dute aurrera begirako babesaren berri. Espainiako Estatuko "historiako gobernurik aurrerakoieneko" presidentea eta Volodomir Zelenski Ukrainako presidentea maiatzaren 28an batu ziren, Moncloan, "aldebiko segurtasun-akordioa" ixteko. Horren bitartez, Ukrainari emandako laguntza militarra mantendu eta areagotuko du Espainiako Estatuak: arma gehiago bidaliko ditu 2024an zehar, 1.000 milioi euroko balioa izango dutenak.

Ukrainari emandako laguntza militarra mantendu eta areagotuko du Espainiako Estatuak: arma gehiago bidaliko ditu 2024an zehar, 1.000 milioi euroko balioa izango dutenak

Baina Espainiako Estatua ez da inola ere laguntza militarra mantenduko duen bakarra. Europar Batasunak otsailean adostu zuen datozen lau urteetan 50.000 milioi euroko finantza-laguntza ematea Ukrainari, Hungariaren blokeoa hautsi eta gero. Hala, urtean 12.500 milioi euroko laguntzak bideratuko dizkio Europar Batasunak; eta, osotara, 33.000 milioi euroko mailegu bat eta 17.000 milioi euroko dirulaguntza bat bermatuko dizkiote Ukrainari Batasuneko herrialdeek.

Laguntza militar hori guztia jada egindako inbertsioari gehituko zaio. Batasuneko instituzioek ia 30.000 milioi euroko laguntza bidali dute orain arte, Statista-ren datuen arabera. Baina, estatu kideek emandako laguntza amankomun horiez gain, herrialde batzuek finantzatu dute Ukraina euren aldetik ere, estatu arteko aldebiko harremanen bidez.

Urtean 12.500 milioi euroko laguntzak bideratuko dizkio [Ukrainari] Europar Batasunak

Alemania da zentzu horretan gailentzen dena, 14.500 milioi euro bidali baititu Ukrainara bere kabuz. Hurrengoak Herbehereak eta Danimarka dira, bakoitzak 5.140 milioi euroko laguntzak eman baitituzte. Poloniari dagokionez, 4.330 milioi euro eman dizkio Zelenskiri oraingoz; Frantziako Estatuak, aldiz, 3.850 milioi euro, eta, azkenik, herrialde eskandinaviarrek 2.000 eta 3.000 milioi euro inguru inbertitu dituzte, gerra lehertu zenetik.

Suediak hamasei "laguntza-pakete" bidali ditu jada

Suediak ez du gutxiago izan nahi. Pedro Sanchezek akordioa itxi eta hurrengo egunean, Suediako Pal Jonsson Defentsa ministroak 1.100 milioi euroko laguntza militarra iragarri zuen. Antza denez, aireko defentsa, artilleria munizioa eta ibilgailu blindatuak bermatuko ditu Suediak. Hori ez ezik, SAAB ASCC hegazkinak eramanen ditu hara, ministroaren arabera, "Ukrainaren aireko defentsan efektu handiena izango dutenak", AEBen F-16 hegazkinak "indartu" eta "osatuko" dituzte-eta.

Hamasei "laguntza-pakete" bidali ditu jada Suediak. [...] bere ustezko "neutralitatea" hautsi du Suediak, eta NATOn sartzeko prozesua formalizatu du

Laguntza hori, ordea, ez da Eskandinaviako herrialdeak eman duen lehenengoa: hamasei "laguntza-pakete" bidali ditu jada. Itun horrekin bere ustezko "neutralitatea" hautsi du Suediak, eta NATOn sartzeko prozesua formalizatu du.

Belgikak 30 F-16 hegazkin emango ditu

Bestalde, aurreko asteartean itxi zuten akordio bat Zelenskik eta Alexander De Croo Belgikako Lehen ministroak: Belgikako Gobernuak F-16 modeloko 30 hegazkin emango dizkio Ukrainari 2024an zehar. Hala, gerra hasi zenetik, 85 hegazkin bidaliko ditu osotara Belgikak.

Baina, hegazkinak ez ezik, "laguntza finantzarioa" ere emango dio Ukrainari. Lehen ministroak adierazi duenez, 977 milioi euroko laguntza militar bat gehituko du, eta hegazkinak erabili ahal izateko beharrezko entrenamendua eskainiko diete soldadu ukrainarrei. Ibilgailu blindatuak, artilleria eta "itsas-defentsa" ere emango ditu Belgikak. De Crookek, gainera, Ukraina hurrengo hamar urteetan babesteko konpromezua erakutsi du.

Alemaniaren laguntza bikoiztuta, eta Frantzia eta Polonia parez pare

Frantziako, Poloniako eta Alemaniako gobernuburuak Berlinen batu ziren martxoaren 15ean, Ukrainako Gobernuari babesa adierazteko eta promesa bat egiteko. Izan ere, Alemaniako Olaf Scholz kantzilerra Ukrainak Errusiako mugatik harago eraso egitearen aurka agertu den arren, irismen handiko "artilleria-koalizio" bat sortzearen alde agertu da. Proposamen horri "babes osoa" eman zion Poloniako Donald Tusk gobernuburuak eta, berriki adierazi duenez, ez dio "eragozpenik jarriko".

Batasuneko herrialdeen artean Alemania da, zalantzarik gabe, Ukrainaren gerra-finantziazioan nagusi. Osotara 14.500 milioi euro bidali zituen hara joan den otsailera arte

Batasuneko herrialdeen artean Alemania da, zalantzarik gabe, Ukrainaren gerra-finantziazioan nagusi. Osotara 14.500 milioi euro bidali zituen hara joan den otsailera arte; horietatik 10.400 milioi euro laguntza militarrerako izan ziren, 3.050 milioi "laguntza humanitariorako" eta, azkenik, 1.410 milioi euro finantza-laguntzarako.

Herrialdearen asmoa, ordea, laguntza hori areagotzea da: iazko azaroan jakinarazi zuenez, 4.000 milioi euroko laguntza bikoiztea erabaki du. 2024an zehar 8.000 milioi euroko laguntza militarra eman behar zuen Alemaniak, Defentsa ministroaren arabera. Diru-partida hori txikia zela erabaki zuten, baina, eta beste laguntza-pakete bat adostu zuten 2023 amaieran Umerov eta Pistorius Defentsa ministroek. Beraz, azkenean, 1.300 milioi euroko laguntza militarra bidaliko du Alemaniak, defentsa antiaereorako Iris-T SLM gailuek eta artilleria munizioek osatuta, besteak beste.

Frantziako Defentsa ministroak, Sebastian Lecornuk, martxoan esan zuen ehunka ibilgailu blindatu bidaliko zituela Ukrainara, hainbat misilekin batera. Azaldu zuenez, "fronte-lerro zabalagoari eusteko", VAB ibilgailuak behar ditu Ukrainako Armadak. Hori ez ezik, lur-aireko misilak bideratuko zituela ere eman zuen aditzera.

Misil eta arma "sofistikatuenak" bidaliko ditu Ukrainara Frantziako Estatuak. Ekoizpen militarra handitu beharko du horretarako

Berriki ohartarazi duenez, misil eta arma "sofistikatuenak" bidaliko ditu Ukrainara Frantziako Estatuak. Ekoizpen militarra handitu beharko du horretarako, eta "gaitasunak handitu". Hala, Lecornuk agindu du 600 AASM bonba gidatu ekoitzi ditzatela, eta 2025ean ekoizpena bikoizteko asmoa du. Martxoan bidalitako 30 Aster misil antiaereoei gehitu behar zaie hori. Frantziak 3.850 milioi euro inbertitu ditu jada Ukrainari laguntzeko, eta, kopuru horretatik, 2.700 milioi euro izan dira laguntza militarrerako.

Diru-laguntzak handitzeko asmoa adierazi du Poloniako Gobernuak, bai eta, Ukrainarekin batera, armen "ekoizpen bateratua" egiteko proposamena egin ere

Poloniaren laguntza militarra ere antzekoa da: azken bi urteetan, 3.000 milioi euroko laguntza eman dio Ukrainari eta, gainera, 1.000 milioi euroko finantza-laguntza ere ziurtatu dio. Hala ere, diru-laguntzak handitzeko asmoa adierazi du Poloniako Gobernuak, bai eta, Ukrainarekin batera, armen "ekoizpen bateratua" egiteko proposamena egin ere.

Armak erabiltzeko mugak are lausoago, eta erasora jotzeko hauspoak

Ukrainako Gobernuak armak eta munizio andana jaso dituen arren, ustezko baldintza bat izan dute horiek: Ukrainako lurrean erabil daitezke, baina ez Errusia barreneko ituak jotzeko. Ukrainak, teorian, armak muga errusiarraren beste aldera dauden tropen aurka erabiltzeko baimena izan du orain arte, baina ez "azpiegitura zibilak" edota Errusiaren erdialdea bera erasotzeko. Horretarako "irismen luzeko" misilak beharko lituzke antza Ukrainako Armadak, eta Zelenskik maiz eskatu dituen arren, Europar Batasunak eta AEBek horien erabilera deuseztatu omen dute orain arte.

AEBak urratsak egiten ari dira armen erabilerari jarritako mugak atzera botatzeko eta, gainera, ATACMS misilak bidali dizkiote Ukrainari. [...] Pentagonoak ezkutuan bidali zituen misil horiek, eta [...] arma gehiago bidaliko ditu

Egoera, ordea, aldatzen ari dela dirudi. AEBak urratsak egiten ari dira armen erabilerari jarritako muga horiek atzera botatzeko eta, gainera, ATACMS misilak bidali dizkiote Ukrainari. The New York Times-ek seinalatu duenez, Pentagonoak ezkutuan bidali zituen misil horiek, eta Kongresuan onartutako laguntza militarra martxan jarri orduko, arma gehiago bidaliko ditu.

Europar Batasuneko herrialdeen jarrera ere aldatu egin da. Bai Frantzia bai Polonia bai Alemania agertu dira, adibidez, Errusiako lurretan Ukrainak eraso egitearen alde. Macronek, adibidez, Errusiako "posizio militarrei" erasotzea babestu du; teorian, "Errusiako zibilak erasotzen ez badira". Poloniako gobernuburuak adierazpen horiekin bat egin du, eta gaineratu du Ukrainak baimena izan beharko lukeela "jasotzen duen ekipamendu militarrarekin" Errusiari erasotzeko. Scholzek, bestetik, Ukrainaren "defentsarako eskubidea" babestu du berriz.

AEBek 67.080 milioi dolar eman dituzte, eta zifra bikoiztuko dute

AEBetako Senatuak 95.000 milioi dolarreko laguntza militarra onartu zuen azkenekoz, Ukrainaren, Israelen eta Taiwanen artean banatzeko. Horietatik 60.100 milioi dolar bideratuko ditu Ukrainako gerrara, 26.000 milioi Israelera eta, azkenik, 8.000 milioi Taiwanera. Ukrainako laguntzari dagokionez, zehazki, 48.000 milioi dolar zuzenduko dituzte AEBek herrialdeko arma-industriara.

AEBetako Senatuak 95.000 milioi dolarreko laguntza militarra onartu zuen azkenekoz, Ukrainaren, Israelen eta Taiwanen artean banatzeko. Horietatik 60.100 milioi dolar bideratuko ditu Ukrainako gerrara

Hortaz, diru-partidak bi helburu ditu. Alde batetik, Ukrainara jada zuzendutako armak, misilak, munizioak eta bestelakoak herrialde horretan bertan berreskuratzea eta, bestetik, Ukrainara "armamentu gehigarria" bidaltzea. 1.000 milioi dolarreko balioa duen laguntza militarra bidali du azken astean zehar eta, besteak beste, misil antiaereoak, artilleria eta ATACMS "irismen handiagoko" misilak bideratuko ditu aurrerantzean.

Azken horiek dira bereziki eztabaidagai izan direnak. Izan ere, orain arte Ukrainan erabilitako armak ez dira irismen handikoak izan. HIMARS misilek 90 kilometroko irismena dute, eta ATACMS misilek, aldiz, 295 kilometrokoa. Errusiak ohartarazi duenez, Ukrainak mugatik harago eraso egiteak ondorio "larriak" izango lituzke. 

NO HAY COMENTARIOS