Aurten, Altsasura (Nafarroa) itzuliko da Gazte Topagune Sozialista. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA) 2021ean antolatu zuten bertan urteroko Topagunea, eta, hiru urteren ondoren, berriz jarri dute han hitzordua. 2021ean bezala, oraingoan ere udazkenean izango da ekimena.
GKSko eta IAko kideek Altsasun bertan eman dute aurtengo edizioaren berri: urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean egingo dute 2024ko Topagunea. Azaldu dutenez, "kapitalismoari, gerrari eta austeritateari aurre egingo dion alternatiba sozialista indartzea" helburutzat hartuta, "eztabaidarako eta hausnarketarako" espazio bat izango da ekimena, baita komunitate politikoa eraikitzeko ere.
Bi antolakunde sozialistek uste dute ezinbestekoa dela gazte langileak kapitalismoaren, gerraren eta austeritatearen kontrako borrokara batzea, eta Topaguneak "norabide horretan ekarpena egitea" nahi dute. "Aktualitateaz eta datozen urteetan eman beharreko pausoez" hitz egingo dute Altsasun, eta "egitarau zabala eta parte-hartzailea" izango dela aurreratu dute. Datozen asteetan emango dute xehetasunen berri.
Topagunea, urtez urte
Iaz, 2023an, Burlatako (Nafarroa) eta Atarrabiako (Nafarroa) udalek jarritako beto politikoak markatu zuen GKSren eta IAren Gazte Topagune Sozialista. Udal kudeatzaileek ekimena debekatu zuten arren, betoari aurre egin eta Topagunea egin zuten gazteek: milaka lagunek hartu zuten parte.
Aurreko urtean, 2022an, Durangon izan zen Topagunea; urte horretan, udan egin zuten ekimena. Lehen esan bezala, horren aurretik, 2021ean, Altsasu bilakatu zen milaka gazteren elkargune sozialista. 2020an Legution (Araba) egitekoa zen Topagunea, baina bertan behera utzi behar izan zuten, pandemia zela-eta. 2019an Azpeitian (Gipuzkoa) izan zen Topagunea, aurreneko edizioa hain zuzen ere.