AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/16 09:52

Debeku guztien gainetik, eta Atarrabiako (Nafarroa) eta Burlatako (Nafarroa) udalen galarazpen eta traba guztiei determinazio osoz kontra eginda, milaka gazte bertaratu dira Iruñerrira joan den asteburuan, Gazte Topagune Sozialistan biltzeko eta ekimena aurrera ateratzeko. EH Bildu-Sorturen debekua dela-eta, inolako baimenik gabe egin behar izan dute Topagunea Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA), baina horrek ez du inola ere kolokan jarri parte-hartzea, eta arrakastatsua izan da aurtengo edizioa ere.

GKSk eta IAk aurtengo Topaguneari buruzko balorazio politikoa ezagutarazi dute jada. Gogorarazi dute Atarrabiako eta Burlatako udalek, hasieran ekimena bi udalerri horietan egiteko ahozko baimena eman ondoren, behin gazteek "egitaraua antolatu eta publiko egin ostean", "modu burokratiko batean debekatu" nahi izan dutela Topagunea. "Jokaera bidegabe eta baztertzaile horren aurrean, aurrera egitea erabaki genuen, eta asteburu honetan egin dugu Gazte Topagune Sozialista, Euskal Herriko milaka gazteren presentziarekin eta eduki politikoan ardaztutako egitarau batekin", jakinarazi dute antolatzaileek.

"Aurrera egitea erabaki genuen, eta asteburu honetan egin dugu Gazte Topagune Sozialista, Euskal Herriko milaka gazteren presentziarekin eta eduki politikoan ardaztutako egitarau batekin"

Estrategia sozialista berriaren inguruko lanketa, eta aldarriak kalera

"Gazte Topagune Sozialistaren erdigunea estrategia sozialista berri baten nolakotasunaz eta erronkez eztabaidatzea izan da", argitu dute. Hain zuzen, horri lotuta egin zituzten hiru hitzaldi ostiralean, urriaren 13an (Gazte zein ikasle langileok eta sozialismoaren eraikuntza. Egungo erronkak batetik, Militantzia komunista. Nolakoa izan behar du burgesiaren botereari aurre egiteko militantziak? bestetik, eta Proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa: koiuntura historikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak azkenik), eta hitzaldi nagusi bat larunbatean, urriaren 14an (Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak). Atarrabiako eta Burlatako kaleetan egin zituzten saio guztiak, udalen inolako baimenik gabe.

Hitzaldiez gain, GKSk eta IAk azaldu dute bi manifestazio jendetsu egin dituztela Topagunean: Topaguneari EH Bildu-Sortuk jarritako debekua eta, orokorrean, gazteen antolakuntza komunistaren aurkako jazarpena salatu zituzten ostiraleko manifestazioan, eta Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen! lelopean izan zen asteburuko manifestazio nagusia, larunbatean. Gainera, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko argazki bat ere atera zuten larunbatean, eta asteburu osoan zehar egon da oso presente Palestinaren aldeko aldarria.

"Bizi dugun testuinguru larriaren aurrean, zeinetan egoera ekonomikoa okertuz eta langileon eskubideak murriztuz doazen, berebiziko garrantzia ematen diogu kontzientzia politikoa pizteko horrelako ekimenak egiteari"

"Euskal Herriko gazte askok eta askok parte hartu dute ekimen horietan, sozialismo iraultzaileak milaka gazte langileren artean duen atxikimenduaren erakusle dena", hausnartu dute GKSk eta IAk. "Bizi dugun testuinguru larriaren aurrean, zeinetan egoera ekonomikoa okertuz eta langileon eskubideak murriztuz doazen, berebiziko garrantzia ematen diogu kontzientzia politikoa pizteko horrelako ekimenak egiteari", esan dute Topaguneari buruz: "Norabide horretan jarraitzeko borondatea berretsi nahi dugu, gazte langileon artean antolakuntza eta kontzientzia iraultzailea hedatzen joan daitezen".

EH Bildu-Sortuk eragindako egoerari aurre

GKSk eta IAk ohartarazi dutenez, asteburuan erakutsi eta frogatu dute "EH Bilduk eta Sortuk jarri dizkiguten debekuek ez zutela inolako zentzurik", baizik eta, "kontrara", jarritako "beto politikoa justifikatzeko saiakerak baino" ez zirela. Gazteek nabarmendu dute "bi egunetan zehar Topagune jendetsua" egin dutela, eta "baimenik ez edukitzeak dakarren ezegonkortasun guztiarekin ere", milaka gaztek hartu dutela parte. "Hala eta guztiz ere, ez dugu inolako arazorik eta oztoporik sortu, bizilagunekiko elkarbizitza errespetatuz eta ingurua zainduz", gaineratu dute.

"EH Bilduk eta Sortuk jarri dizkiguten debekuek ez zutela inolako zentzurik frogatu dugu asteburu honetan"

Hala, GKSk eta IAk dei egin diote EH Bilduren-Sorturen oinarri sozialari alderdiak Topaguneari ezarritako betoaren inguruan eta, orokorrean, "horrelako erabaki burokratikoen inguruan hausnartzera"; bai eta "horien aurka agertzera" ere. Gazteek ohartarazi dute ,"aurrerantzean ere, horrelako beto eta debekuei aurre egingo" dietela.

Topagune osoan zehar, gainera, Poliziaren presentzia eta jazarpena nabarmenak izan direla salatu dute. Hiri-sarbideetan polizia-kontrolak izan dira, eta hainbat pertsona identifikatu dituzte.

"Hemendik aurrera ere gazte langileon antolakuntza politikoa sustatzen jarraituko dugu, ikasle eta gazte langileon arazoei aurre eginez eta sozialismoaren aldeko kultura politikoa zabalduz", gehitu dute GKSko eta IAko kideek.

"Aurrerantzean ere horrelako beto eta debekuei aurre egingo diegula berretsi nahi dugu"



EZ DAGO IRUZKINIK