"Kriminalitate-zantzuak" topatu dituela argudiatuta, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak 25 pertsona inputatu ditu Leire Diezen auziaren barruan, guztiak enpresaburuak edo Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateko (SEPI) arduradunak. Tartean daude Aiaraldeko Tubos Reunidos enpresako bi buru: Francisco Irazusta presidente ohia eta Carlos Lopez de las Heras zuzendari nagusia.
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak seinalatu du "Hirurok" deituriko hirukoteak (PSOEko Leire Diaz, SEPIko presidente ohi Vicente Fernandez eta Antxon Alonso enpresaria) komisio truke ematen zituztela diru-laguntzak. Mugimendu horiei buruzko ikerketan, Tubos Reunidosek pandemia garaian jasotako erreskate publiko bat ikertzen ari dira: 112,8 milioi ingurukoa izan zen. Sumarioan seinalatu dute, gainera, EAJko kide batek bitartekari-lanak egin zituela diru-laguntza hori modu irregularrean esleitzeko elkarrizketetan.
Ikerketari lotuta, Guardia Zibilak miaketak egin zituen Tubos Reunidosen bulegoetan, joan den ekainaren 4an. Paraleloki, zabalik dago enpresaren salmenta-prozesuko hartzekodunen konkurtsoa, eta arriskuan daude bertako ehunka langileak. Ia 265 milioi euroko zorrak ditu Tubos Reunidosek.