ACTUALIDAD
Azken hilabeteetan, are gehiago herri-mugimenduak eta greba orokorrak bultzatuta, politikari guztien ahotan dabil etxebizitzaren auzia. Harrigarria da erabateko kontsentsua aurkitzea etxebizitza gizartearen arazo nagusienetako bat dela baieztatzean baina, aldiz, konponbideez hitz egitean, elkarri pilota pasatzea dela arau bakarra. Hala, erakundeen labirinto burokratiko batean galtzen gara: azkenean ez da inoren errua, arazoaren konponbidean baino, instituzioek elkarri errua botatzean zentratzen baita eztabaida. Azter dezagun, adibide modura, Espainiako Estatuko eta EAEko gobernuen arteko kasua.
Eskuduntzen inguruko ika-mikak
Etxebizitzaren inguruko eztabaida politikoan, sarritan arazoaren muina alboratu eta eskumen-gatazka bihurtzen da eztabaida bi haien artean. Horren adibide argia izan zen Espainiako 12/2023 Etxebizitza Legearen inguruan sortutako ika-mika. Alde batetik, EAJk legea eskumen-inbasio gisa aurkeztu zuen. Irune Berasaluze legebiltzarkide jeltzaleak, 2023ko maiatzean, adierazi zuen ez zeudela "prest birzentralizazio kamuflatu horretarako" eta ez zutela "onartuko gure eskumen-eremua inbaditzea". EAJren eztabaida, beraz, legearen eskumen-esparruaren inguruan kokatu zen, eta ez hainbeste legeak etxebizitza-merkatuan esku hartzeko eskaintzen zituen aukeren inguruan. Legearen edukiaz hitz egitekotan, EAJk etxejabeen babes handiagoa eskatzeko bakarrik egin du.
Bestetik, PSE-EEk publikoki erantzuten dio bere gobernu-kideari, esanez Gasteizko Gobernuak duela eskuduntza etxebizitzan eta borondate politiko gutxi duela merkatuan esku hartzeko, PSOEk berak merkatuan ia esku hartu ez duen arren. Baina zer dauka benetan bakoitzak bere esku? Eta are garrantzitsuagoa: nola erabiltzen ditu bakoitzak bere eskuduntzak?
Espainiako Gobernuaren etxebizitza-politika: kreditua, espropiazioa eta esku-hartzea merkatuan
Berez, Espainiako Konstituzioaren (EK) 148.1.3 artikuluak autonomia-erkidegoen esku uzten ditu etxebizitza arloko sustapen eta antolamendua. Denarekin ere, Estatu zentralak ekonomiaren gaineko kontrol orokorrari eusten dio hainbat zedarriren bidez: EKren 149.1.11 artikuluak (kreditua eta banku-sistema) eta 149.1.13 artikuluak (jarduera ekonomikoaren plangintza orokorra) bidea egiten diote merkatuan zuzenean esku hartzeko. Botere exekutiboak aukera hori duen arren, Estatuak ez du kreditua edo diru publikoa erabili maizterrak babesteko edo jabetza pribatua zalantzan jartzeko: ICO bidez 4 mila milioi euroko kredituak banatu dituzte erakuntza-proiektu publiko eta pribatuetarako (eta beste 2 mila milioi kreditu horiek diru publikoz bermatzeko), gazteen hipoteken %20 bermatzeko ildoa ireki zuten, beste 1300 milioi bideratu zituzten PERTE bidez erakuntza-industrian inbertitzeko…
Nola ahaztu Madrilgo Gobernuak jabe handien negozio txarren galerak sozializatzeko (alegia, diru publikoz ordaintzeko) tresna nagusia: SAREB. Bankuen higiezinen aktibo toxikoak bere gain hartzeko, 2012 eta 2013 artean SAREBek 50.781 milioi euroko zorra jaulki zuen, Estatuaren berme publikoarekin. Ondorengo urteetan, erositako zabor-aktibo horien balioa nabarmen jaitsi zen. Ondorioz, zabor hori saldu ahala, 2019an 6.786 milioi euroko balio-galera metatua aitortua zuen SAREBek, eta 2024rako kopuru hori 8.895 milioi eurora iritsi zen. 2024an soilik, gainera, 1.345 milioi euroko galera gordina izan zuen aktibo finantzario eta higiezinen salerosketan. Gainera, urtebete barru sozietatea likidatuko da, eta 20.000 milioi eurotik gorako zorra utziko du Estatuaren zor publiko gisa. Neurri horiek gehien laguntzen dutena bankua edo eraikuntza-enpresa dira, ez maizterra.

Bide beretik, botere legegilea erabiliz eginiko 2023ko Etxebizitzaren Eskubidearen aldeko 12/2023 Estatu Legea ere adibide argia da. Tokiko administrazioen arabera aplikatzen dira gune tentsionatuak eta edonoiz utz ditzakete bertan behera, aplikatzen direnean epe luzeko alokairu zehatz batzuei bakarrik eragiten die eta jabeak beti du pisua beste jarduera errentagarriagoetara bideratzeko aukera. Hori guztia alde batera utzita ere, alokairuaren igoera %2 batera mugatzen da gehienez, ez dira prezioak jaisten, igoerak nolabait moteltzen baizik. Porrota nabarmena da. Zer esanik ez duela gutxi Maricarmenen izenean aurrera ateratzen saiatu diren etxebizitza-dekretuaz: neurrien artean, etxejabeentzako PFEZaren %100eko jaitsiera bat zekarren.

Bere eskumenak erabat aplikatuta, teorian, Estatuak espropiatu ahal izango lituzke inbertsio-funtsen esku dauden milaka etxe kalte-ordainak minimora murriztuz (bere konpetentzia baita justiprezioa zehaztea); alokairuen prezioak errentaren araberako gehienezko muga finkoetan kargatu; hipoteka-negozio espekulatibo publiko nahiz pribatuei muga zorrotzak jarri; etxebizitza-alternatibarik gabeko etxegabetze guztiak benetan eten; banku eta eraikuntza-enpresa publiko bakar batean jardun horiek zentralizatu. Horixe litzake planifikazio-eskuduntza betetzea. Aldiz, jabetza sakratuaren printzipioa behin eta berriz ezartzen da planifikazio aukera horien aurrean, eta Estatuak, gainera, gogoz egiten du printzipio horren alde.
Gobernu autonomikoen etxebizitza-politika: lurzorua, jabetza eta negozioa

Esan bezala, autonomia-erkidegoek dute berez etxebizitzaren arloko eskuduntza esklusiboa (Gernikako Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera EAEn eta LORAFNAren 44.1 artikuluaren arabera, baita Euskadiko Etxebizitzaren 3/2015 Legearen eta Nafarroako Etxebizitzaren 10/2010 Foru Legearen arabera ere). Baina zer egin dute Gasteizko zein Iruñeko gobernuek borondate politiko horrekin? Politikarien ahotan adreilua da irtenbidea: etxebizitza publiko zein pribatu berriak eraikitzea, alegia, eraikuntzaren sektoreari etekinak bermatzeko bidea lehenetsiz jada eraikita dauden etxebizitzen espekulazioa moztu beharrean. Eusko Jaurlaritzan tesi horren alde aurpegia ematen duen gerlari sutsua dugu Denis Itxaso. Bere hitzetan "eskaintza handitzea da merkatua orekatzeko modu bakarra"; "etxebizitza-politika nagusia eraikuntzak izaten jarraituko du"; eta "tentsiotik aterako gaituena eskaintza handitzea da, eta horretan jarri behar dira ahalegin guztiak".
Eraikuntzaren aldeko apustu horren adibide ugari ditugu. Hasteko, lurzorua eraikuntzara bideratzeko helburua; "Euskadin 75.000 etxebizitza eraikitzeko lurzorua dago, baina lurzoru hori mobilizatu egin behar dugu", Denis Itxasoren beraren hitzetan. Lurzoru horrekin, 2 mila milioi euroko Etxebizitzaren Gizarte Funtsa (EGF) deiturikoarekin batera, "10.000 etxebizitza babestu berri" (8-10 €/m² inguruko alokairuan) eraikitzeko asmoa iragartzen zuen irailean Jaurlaritzaren ohar ofizial batek. Hala ere, orain arteko egoera aztertuta, azkar ikusten dira halako adierazpenen pitzadurak. Izan ere, lehenik eta behin, lurzoruan ez du zuzenean eraikuntza-sozietate publiko batek eraikiko; kapital pribatuari lurzoru horren 75 urteko azalera-eskubidearen lagapenak egitea eta EGF funts pribatuekin batera nahastea aurreikusten da. Lurzorua zein eraikuntza-funtsak, beraz, partikularren negozioak hauspotzeko izango dira (eraikuntzan, salmentan, alokairuan, dokumentazioan edo baita publizitatean ere, denek aterako dute etekinen bat). Adibide zehatzak: Zabalganan (Mariturrin, zehazki) SLK sustapen-enpresak 5,4 milioi jaso ditu 50 urtez babes ofizialekoak izango diren 120 etxebizitza eraikitzeko; eta berdin Zorrotzaurren, 6 milioi euro emanez Inversiones Urdiales enpresari, edo Derion, 3,96 milioi jasoko baititu Sukiak.

Hori gutxi ez, eta ikusi dugu gainera etxebizitza "babestu" horiek nola amaitzen duten: duela gutxi, Benta Berriko etxebizitzen babes publikoko epea amaitutakoan, Blackstone inbertsio-funtsari 100 milioi euro inguru ordaindu behar izan dizkio Eusko Jaurlaritzak (196.000 euro inguru etxebizitza bakoitzeko) 510 etxe publiko gisa erosteko eta maizterrak kalean ez uzteko. Modu berean gertatu da, adibidez, Gasteizko Salburua eta Zabalgana auzoetan: eraikitzaile pribatuei baliabide publikoak eman dizkiete alokairu babestuarekin negozioa egin dezaten, eta epea amaitzen denean berriro diru publikoz berrerosi edo merkatu librera pasatzen uzten zaie. Nafarroan, Begoña Alfaro Etxebizitza kontseilariak Blackstoneri 500 etxe erosteko aukera iragarri du, eta berriki 2 milioi ordaindu dizkiote CaixaBanki 27 etxebizitzaren truke.
Horiek guztiak ere espekulazioaren gurpilari bultza egiten dioten politikak dira: lurzoru publikoan eraikitako etxeak, dirulaguntza publikoekin sustatutakoak, hamarkada luzez familien aurrezkien bidez ordaindutakoak (askotan, dirulaguntza publikoekin), eta orain berriz ere diru publikoz erosiak, 3-4 aldiz gehiago ordainduz espekulatzaileei. Eraikuntza, zalantzarik gabe, eskuduntza autonomikoa da, baina eraikuntza-enpresa publiko baten bidez etxebizitza sozialak eraiki ordez, putrez eta bestelako negoziolariz bete dute ustezko eraikuntza soziala. Are gehiago, gaur egun Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko ezinbesteko baldintza da horien sustapen- eta eraikuntza-enpresei mozkinak ematea. Horregatik, bai Estatuko Etxebizitza Legeak, bai EAEkoak, bai Nafarroakoak, hirurek aurreikusten dituzte dirulaguntzak enpresa horientzat, "alokairu eskuragarriko" etxebizitzen eraikuntzarengatik. Bestalde, adierazgarria da Nafarroako Etxebizitza Legean, babes ofizialeko etxebizitzen prezioa kalkulatzeko formulan bertan, sustatzailearentzako %11ko irabazia sartzen dela, %12ra igo daitekeena justifikazio tekniko bidez.

Eraikuntza-politika horrek ez du inolako onurarik ekarri langile-klaseak etxebizitza bat izan dezan. Hortaz, Konstituzioak aitortzen duen etxebizitzarako eskubidea betearazteko Etxebide, Alokabide edo Nasuvinsa bezalako kudeaketa-agentziak sortu dituzte gobernu autonomikoek. Datuak ikaragarriak dira: Etxebiden soilik 100.000 pertsona baino gehiago daude itxaron-zerrendan alokairuko etxebizitza publiko baten zain, eta bide burokratikoak urteetako atzerapena dakar.
Agentzia horiek ez dira ilara aspergarri bat soilik, benetako aurpegia oraindik gogorragoa da: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hainbatetan salatu duenez, Alokabide bera da etxegabetzeak agintzen dituena. Gasteizko alokairu sozialeko etxeetatik Alokabidek familia ugari kaleratu ditu errenta ordaintzeko ezintasunagatik, kaleratze-prozesuetan praktika abusiboak garatuz (fidanzak bueltatu gabe uztea, kontratua berritzeari uko egitea eta Polizia atarian jartzea, besteak beste). Alokabidek berak bere memorietan argitaratzen dituen datu publikoen arabera, 2025ean 71 etxegabetze gauzatu zituen, eta 188 etxegabetze-prozedura abiarazi. Bi urte lehenago baino %42 etxegabetze gehiago gauzatu zituen, eta %135 prozedura gehiago abiarazi, beraz.

Dena den, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek eraikuntzaren alde egiten duten apustua ez da eskuduntza kontua. Euskadiko 3/2015 Etxebizitza Legeak jabetzaren espropiazioa aurreikusten zuen esplizituki. 72. artikuluan honela zioen: "Udalek, eta, bestela, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak, dagokion udalari entzun ondoren, desjabetu egin ahal izango dituzte babes publikoko kalifikazioa ez duten etxebizitzak [...] baldin eta kontserbatzeko bada eta [...] desjabetzea beharrezkoa bada haien erabilera egokia bermatzeko". Legeak hiru egoera zehazten ditu espropiaziorako:
- Etxebizitza kontserbatzeko, mantentzeko edo birgaitzeko betebeharrak ez betetzea, pertsonen segurtasunerako arrisku jakin bat sortuz.
- Eraikina abandonatuta egotea eta eraisteko arriskuan egotea.
- Etxebizitza bi urtez baino gehiagoz hutsik egotea, justifikatutako arrazoirik gabe, eta udalerrian babes publikoko etxebizitzen eskaria egotea.
Absurdua litzateke hirugarren baldintza hori aplikatuz espropiazio sistematikoak eman ahalko liratekeela esatea, mila traba eta arazo egongo lirake-eta jabeen eta bestelako organoen aldetik. Alabaina, ez da honako bideak (jabetza pribatuaren gainetik interes soziala jartzearena, alegia) jarraitzeko saiakera minimoena ere egin. Bai Espainiako Gobernuak bai Eusko Jaurlaritzak nahiago izan dute interes soziala eta interes pribatuak gehiago eraikiz bateratu daitezkeelako ideia indartu. Horrek, errealitatean, lehena bigarrenaren mesederako sakrifikatzea eragin du.
Aldundiak eta udalak
Instituzio lokalagoen kasuan, berriz, eskumen eta baliabide falta dira puntu zentralak beti. Teresa Laespadak (Bizkaiko Gizarte Ekintzako Foru Diputatua) honako hau azpimarratu zuen Batzar Nagusietan: "Aldundiaren gizarte-zerbitzuak eta harrera-baliabideak babesgabetasun eta zaurgarritasun-egoera larrienetarako daude diseinatuta. Foru Aldundiak ez dauka etxebizitza-politikarako eskumenik ezta etxebizitza-parkerik ere etxegabetze-krisi bati erantzuteko; hori beste erakunde batzuen esparrua da". Baliabide horiek, hala ere, erabat mugatuta daude, Maite Peñak (Gipuzkoako Gizarte Politiketako Foru Diputatua) adierazi bezala: "Ezin dugu gure gain hartu etxebizitza-behar orokorrei erantzuna ematea, gure baliabideak mugaraino eramanak baitudaude eta gure eskumena bazterketa-arriskuan dauden pertsonei arreta integrala ematea delako".
Gainerako aldundietan, baita udaletan ere, antzerakoak errepikatzen dira une oro. Juan Mari Aburtok (Bilboko alkatea), adibidez, honakoa zioen: "Udal honek ez du inor kaleratzen, eta udal honek ez dauka ahalmenik kaleratze judizial bat gelditzeko. Guri ere ez zaizkigu kaleratzeak gustatzen, baina lege-esparruak ez digu uzten epai bat neurgarri politikoekin eteten. Gurea ez da etxebizitza-eskumena". Maila ezberdinetako instituzioetan eta kolore guztietako alderdien eskutik entzuten da mantra berbera beti. Baina zer dauka benetan bakoitzak bere esku? Eta are garrantzitsuagoa: nola erabiltzen ditu bakoitzak bere eskuduntzak?
Aldundiek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Nafarroako Ogasunak finantza- eta zerga-eskuduntza osoa eta esklusiboa daukate (Ekonomia Itunaren 41. art. eta Hitzarmen Ekonomikoaren 45. art.). Hau da, zergak nola eta nori kobratu erabakitzeko botere osoa dute.
Zerga-politika hori etxebizitzarekin negozioa egiten dutenen irabazien aurka aplika liteke: adibidez, bi etxebizitza baino gehiago dituztenei IRPFan eta Ondare Zergan %80ko karga marjinalak ezarriz, edo inbertsio-funtsei ITPa %30eraino igoz espekulazioa bertan behera uzteko. Baina zer egin du EAJk aldundietan bultzatutako azken erreforma fiskalean? Bide bera: etxejabeei bonifikazio fiskalak handitu dizkie (etxeak alokairuan jartzen dituzten jabeek %90erainoko deskontuak dituzte errendimendu garbian) eta jabe handiei errentak erraztu dizkie, maizterrei ematen zaizkien kenkari txikiak erabat estaliz eta jabeen poltsikoetan diru publikoa sartuz. Nafarroan ere, PSN-Geroa Bai-Contigo Zurekin koalizio-gobernuak duela bi urteko zerga erreforman %90erainoko deskontu fiskalak txertatu zituen errentatzaileentzat, zenbait kasutan.
Azkenik, udalak dira herritarrarekin kontaktu zuzenena duten erakundeak (Toki Araubidearen Oinarrien 7/1985 Legea, 25.2 art. eta ETEL 2/2016 Legea). Hiri Antolamenduko Plan Nagusien (HAPN/PGOU) bidez, lurzorua nola erabili erabakitzeko eta etxebizitza babesturako erreserbak ezartzeko boterea dute.
Horrez gain, eraikuntza-lizentziak eta bizigarritasun-baimenak ematea udalaren eskumena da. Hala ere, lizentziak emateari muga urriak jarri zaizkio: Bilbon, Donostian eta Gasteizen, urtero milaka lizentzia berri izenpetzen dira ohiko bizileku izatera bideratuta ez dauden proiektuetarako. Esaterako, Donostian soilik 1.300 etxebizitza turistiko (VUT) baino gehiago daude erregistratuta legez (eta beste ehunka klandestino), eta hiri nagusietan ehunka lizentzia eman dira etxebizitza-bloke osoak hotel, pisu turistiko edo ikasle-erresidentzia pribatu (astean ehunka euroko gela-alokairuekin) bilakatzeko, tokiko biztanleria auzoetatik kanporatuz. Ezarri diren mugak ere oso leunak izan dira, dagoen egoera kontuan izanik: Iruñean, adibidez, lizentzien etetea 2024 amaieran jarri zen martxan Alde Zaharrean, auzoko pisuen %3 jada turistikoak zirenean. Auzo batean fokalizatutako neurria izanik, gainera, ez du ekidin hiriko gainerako auzoetan urtez urte geroz eta pisu turistiko gehiago erregistratzea. Bestalde, erregulaziotik kanpo gelditzen dira hotelak, aterpetxeak eta antzeko modalitateak, eta Alde Zaharrean bertan hainbat proiektu martxan daude dagoeneko (horien artean Unzu makro-hostela).
Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI) erabilera espekulatibo batzuei pizgarriak kentzeko tresna garrantzitsua izan zitekeen, legeak aukera ematen baitu etxebizitza hutsei %150eko gainordaina jartzeko. Baina udal gehienek neurri hori ez dute aplikatzen edo gehienez %25-50eko karga sinbolikoa jartzen diete etxe hutsei. Tarte hori barregarria da Hego Euskal Herrian higiezin-espekulazioak uzten dituen irabazi erraldoiekin alderatuta: EAEko hiri nagusietan, urtero, %7 eta %12 artean puzten dira etxebizitzaren salerosketa prezioak eta alokairuak, jabeek edo funtsek urte gutxian %30etik gorako mozkin garbiak lortzen dituztelarik. %25eko IBI gainordain sinboliko batek ez du etxebizitza negozio ez-errentagarri bihurtzen.
Azkenik, udalek beren parke publikoak kudeatzeko enpresa publikoak dituzte (Viviendas Municipales de Bilbao, Gasteizko Ensanche 21, Donostiako Etxegintza edo Iruñeko Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen, lehenagoko Pamplona Centro Histórico). Zoritxarrez, tresna publiko horiek espekulazio-sareen parte bihurtu dira askotan. Eskandalu zehatzak badaude: Gasteizko Ensanche 21 sozietateak 21. Zabalgunean eraikitzaile pribatuei lurzoru publikoak azpiko prezioan saldu zizkien atzera-trakzioan, eta babes ofizialeko etxeak eraiki zituzten enpresek (adibidez, Grupo Mariezcurrena edo Zubillaga) eraikuntza-materialen iruzurra eta gainkostuak sartu zituzten. Donostiako Etxegintzaren bidez, bestalde, alokairu babestuko lurzoruak sustatzaile pribatuei lagatzea bideratu da (adibidez Riberas de Loiolako garapen batzuetan), sustatzaileek errenta garbiak biltzen zituzten bitartean, udal-kudeatzaileen eta hirigintza-kargudunen poltsikoak kudeaketa-kanonetatik elikatuz.
Eskuduntza falta baino, borondate politiko falta
Etxebizitzaren auzian, eskuduntza falta bat baino, borondate politiko falta, norabide ideologiko baten hautua eta egiturazko mugak ikusten ditugu gurutzatuta. Jakin badakigu etxebizitzaren arazoa ezin dela dekretuz ezabatu; ez gizarte-eredu kapitalistaren oinarriak zalantzan jarri gabe, behintzat. Baina hemen kontua da administrazio publikoak, maila ezberdinetan, ez duela bere esku legokeena ere egiten arazoaren ondorioei modu serio batean aurre egiteko. Hau da, hautu politiko bat dago etxebizitzaren negozioaren azken hamarkadetako errentagarritasun-tasa izugarri altuak babesteko.
Zentzu horretan, erakunde bakoitzak baditu nahikoa tresna juridiko zein fiskal etxebizitzaren merkantzia izaera nabarmen mugatzeko. Baina, elkarri pilota pasatzen dioten bitartean, erakunde guztiek eredu bera babesten jarraitzen dute: jabetza pribatua eta higiezinen negozioa herritarren bizitzaren eta kalitatezko etxebizitza bat izateko eskubidearen gainetik jartzea.