ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Tubacexeko langileen elkartasuna, atzo, Aernnova auziaren hasieran. Argazkia: Radio Llodio
2021/03/17 12:42

Greba mugagabearen 35. egunean, azken asteetan bezala, goizeko piketeak eta poliziaren presentzia errepikatu dira Laudion (Araba), Tubacexeko lantegiaren inguruan. Martxoaren 10ean amaitu zen enplegu-erregulaziorako espedientea negoziatzeko kontsulta epea, eta azkenean, 124 langileri eragingo diela zehaztu dute.


Adostasunik gabe, enpresaren zuzendaritzak bihar jakinaraziko du kaleratutakoen zerrenda; gehien-gehienak, kaleratze behartuak izango direla aurreikus daiteke, beraz. Bihar, zuzendaritzak Derion (Bizkaia) duen egoitzara joatekoak dira Tubacexeko beharginak.


Atzo, Aernnovako enplegu-erregulazio espedientearen inpugnazio auzia hasi zen Bilboko (Bizkaia) auzitegietan, eta besteak beste, Tubacexeko langileak ere mobilizatu ziren haiei elkartasuna agertzeko. Azkenean atzeratu egin zuten auziaren hasiera, apirilaren 13ra. ITP Castingen inguruko auzia, berriz, apirilaren 20an da hastekoa.


Astelehenean, manifestazioa


Astelehenerako, Aiaraldeko langile batzordeek manifestazio batera deitu dute, Tubacexeko langileekin elkartasunez. 10:00etan jarri dute hitzordua Laudioko plazan, lantegiko ateraino joateko.


"Jakin badakigu, Tubacexen zerbait gertatzen bada, guztioi eragiten digula, eta ezin dugu onartu Laudion jatorria duen multinazionalak planteatutako enplegu suntsiketa". Hala, mobilizazioan parte hartzeko deia egin diete "Aiaraldeko langile guztiei", nahiz eskualdez kanpokoei.