Ir al contenido
EFEMÉRIDES / Represión

Azaroak 23: Pablo Gonzalez Larrazabal, Euskaldunako Batailan eraila

1984ko azaroaren 23an, bortizki kargatu zuen Espainiako Poliziak Euskaldunako grebalarien kontra, eta bihotzekoak jota hil zen Gonzalez, babes bila ari zela.
Azaroak 23: Pablo Gonzalez Larrazabal, Euskaldunako Batailan eraila
— ARGAZKIA Monika Del Valle

EFEMÉRIDES

Gaurko egunez, duela 42 urte, Bilboko (Bizkaia) Euskalduna ontziolako Bataila bizi izan zen, eta bertan Pablo Gonzalez Larrazabal behargina hil zen, 1984ko azaroaren 23an hain zuzen. Egun horretan konfrontazio gogorrak izan ziren ontziolako behargin grebalarien eta Poliziaren artean. Pablo bihotzekoak jota hil zen, babesa bilatzen ari zela. 53 urte zituela erail zuten. Egun hartan bertan, suzko arma baten balaz zauritu zuen Poliziak langile bat, eta beste bi gutxienez, larriki zauritu.

Bizkaiko hiriburuko enpresa horretan eta beste hainbatetan asteak ziren langileek itxieraren aurkako borroka piztu zutenetik. Hala, goizeko 07:00etan beharginak lantegira bidean zirela, suzko metrailetekin kargatu zuen Poliziak euren kontra, eta bortizkeria poliziala izugarria izan zen; lekukoen arabera, "muturrekoa". Izan ere, Espainiako Poliziaren Erreserba Orokorreko 11. Konpainia mobilizatu zuten Miranda de Ebrotik Bilbora azaroaren 23 hartan, eta oso handia izan zen dispositiboa.

Ondorioz, langileek erantzun egin zioten bortizkeria horri. Hartu-eman horretan, Poliziaren istiluen aurkako unitatea karga bat egin ari zela, Pablo Gonzalezi bihotzekoak eman zion, babesleku bila ari zenean hain justu. Horrez gain, Vicente Carril balaz jo zuten agenteek, eta beste behargin baten gorputzaren %22 erre zuten. Bestela ere, egun hartan ehunka lagun kolpatu eta zauritu zituzten polizia-agenteek.

Hori gutxi ez, eta langileen aldagela eta atsedengune nagusiak txikitu zituzten agenteek, baita enpresako sindikatuen egoitzak ere. Den-denak, batena izan ezik: UGTrena. Ostera, aurrez agenteek "nor erreprimitu eta nor ez" erabaki zutela zabaldu zen. Batailaren biharamunean, greba orokorra egin zuten Espainiako Estatuko ontziolen sektorean, eta milaka lagun hurbildu ziren Gonzalezen azken agurrera. Poliziaren, PSOEren eta errepresioaren aurkako oihuak entzun ziren omenaldi hartan. Bi aste beranduagorako, beste greba orokor bat antolatu zuten sindikatuek Bizkaian, denek UGTk izan ezik.

"Industria-birmoldaketen" planaren baitan, ordu hartako Espainiako Estatuko Gobernuak (PSOE) sektore horretako hainbat enpresa itxiarazi nahi izan zituen, artean Sestaoko (Bizkaia) La Naval eta Euskalduna bera. Hori dela eta, 2.470 langile inguru aritu ziren borrokan itxieraren aurka; baina, 1988an, enpresa itxi egin zuten. 1983an itxiera iragarri zutenetik eta lehen mobilizazioak hasi zirenetik, Euskaldunaren jardunak zuzenean eragiten zieten beste ehunka langile borroka hartara batu ziren bost urte horietan zehar. Euskalduna ontziola ixtearen aurkako borroka, beraz, langile-elkartasunez beterikoa izan zen denbora luzez, eta horrela gogoratzen dute askok eta askok oraindik ere.