AEBek Txinako produktuei ezarritako muga-zerga berriei erantzunez, Txinak berehalako neurri multidimentsionalak hartu ditu: besteak beste, muga-zerga gehigarriak, baliabide kritikoen esportazioen kontrolak eta Googleren monopolioaren aurkako ikerketa bat ezarri ditu. Otsailaren 10etik aurrera, Pekinek %10eko tarifak aplikatuko dizkie AEBetatik inportatutako petrolio gordinari, nekazaritzako makineriari eta zilindrada handiko autoei, eta %15ekoak ikatzari eta gas natural likidotuari. Gainera, Txinako agintariek iragarri dute wolframioa eta telurioa bezalako materialen esportazioa murriztuko dutela, funtsezkoak direnak erdieroaleak eta bateriak ekoizteko, eta Googleren aurkako ikerketa bat jarri du martxan, "lehiaren aurkako praktikak" izatea leporatuz.
Txinako Merkataritza Ministerioko bozeramaileak AEBen neurriak "aldebakarrekotzat eta merkataritza-protekzionismotzat" jo zituen, eta adierazi zuen tarifa berriek "bi herrialdeen arteko lankidetza ekonomikoaren oinarriei eragiten dietela eta hornidura-kate globalak aldatzen dituztela". Txinak Munduko Merkataritza Erakundera (MME) eraman du kasua, AEBen politiken aurkako demanda formal bat aurkeztu baitu bertan. Txinako Gobernuak argudiatu duenez, Washingtonen erabakiak "ez dira eraginkorrak" bere barne-arazoak konpontzeko, eta, gainera, "aldebiko lankidetza ahultzen dute", bereziki "droga-trafikoaren aurkako borrokan", AEBek muga-zergak justifikatzeko aurkeztutako argudioetako bat.
Neurri horien eraginak 2018an Trumpen administraziopean hasi zenaren antzeko gerra komertzial bat berpiztu lezake. Txinaren erantzunak hainbat gobernu-erakunderen bidez koordinatzen dira, hala nola Estatu-Kontseiluko Muga-zergen Batzordearen eta Merkatuak Arautzeko Estatu-Administrazioaren bidez. Azken mugimenduek berriz uzten dute agerian bi potentzien arteko harreman komertzialean dagoen gero eta tentsio handiagoa, eta ikusteke dago zer gertatuko den Trumpen eta Xi Jinpingen arteko balizko negoziazioan.