Covid-19 birusaren hedapenak "krisialdi kapitalistaren erritmoak" azkartu dituenez, "gure burua babesteko bitartekoak sortzea" ezinbestekotzat jo dute Gazte Koordinadora Sozialistak eta Tolosaldeko (Gipuzkoa) hainbat eragilek. Hala, Gerizpe Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldeak, Antolakuntza Komunalak, Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sareak, Tolosaldeko Gazte Fronteak eta GKSk indarrak batu dituzte, salbuespen egoeran hainbat bitarteko martxan jarriz.
GKSk abiatutako lan-ildoaren eskutik sortu dituzte bitarteko horiek, eta horrela, langilegoak krisialdi honetan jasandako "erasoen testigantzak bildu eta defentsarako baliabideak" eskainiko dituzte. Baliabideen berri emateaz gain, beraz, haiekin harremanetan jartzeko deia egin zuten eragileok, eta komunikaziorako e-mail helbideak eta telefono zenbakiak zabaldu zituzten atzo argitaratutako adierazpenarekin batera.
"Gure buruak babesteaz ari garenean, politika proletarioa egiteaz ari gara, sistemaren botere egituren kontrolpetik at dauden antolakuntza prozesuez, alegia", gaineratu dute.
TESTIGANTZEN BILKETA
Testigantzak biltzeari ekingo diote GKSrekin batera dinamika bateratua abiatu duten eragile horietako batzuek. Gerizpeko kideek, adibidez, testigantzak jasoz "emakume langileok eskualdean jasaten ari garen egoera" ezagutzea dute helburu; "etxean isilpean eta isolaturik nahi gaituzten honetan, gure azalean jasaten ari garen eraso bakoitza salatzea dagokigu", diote.
Antolakuntza Komunalak, bestalde, "desjabetuon oinarrizko behar materialen" falta dutenen kasuak izango ditu ardatz. Oinarrizko behar materialekin arazoak dituztenen hainbat adibide zehatz aipatu dituzte: "Etxebizitza bermatuta ez izatea (adibidez: alokairua igo digutelako, jabearekin arazoak ditugulako…), ura eta argia ordaintzeko aukerarik ez edukitzea (adibidez: lanik gabe geratu garelako…), janari nahikoa ez izatea (adibidez: beharrezko zaizkigun elikagaiak eskuratzeko zailtasunak ditugulako...)", eta abar.
AHOLKULARITZA JURIDIKOA ERE MARTXAN
Tolosaldeko Gazte Fronteak eta Tolosako Autodefentsa Laboraleko Sareak, ordea, aholkularitza juridikoa eskainiko dute testigantzak biltzeaz gain.
Tolosako Autodefentsa Laboraleko Saretik, soldatapeko lanean gertatzen diren gatazkei eutsiko diete. Horretarako, bereziki lan-arloko sektore kolpatuenetan jarriko dute arreta, honako egoeretan aurkitzen direnen testigantzak jaso eta aholkularitza emanez:
Eskualdeko haibat gazte asanblada, eragile feminista eta ikasle antolakunde biltzen dituen Tolosaldeko Gazte Fronteak, aldiz, polizia jazarpenaren aurrean babeserako bitartekoak eskainiz egingo du bere ekarpena. Frontetik ere testigantzen eta aholkularitzaren lan-lerroak jarriko dituzte martxan, eta honako kasuen aurrean erantzungo dute: