Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteei buruzko hainbat alderdi aztertu ditu berriki Gazteen Euskal Behatokiak. Eta, hamaika informazio deigarriren artean, bada 15 eta 29 urte arteko gazteen heriotzei buruzko bat: suizidioa da heriotza-kausa nagusia haien artean, trafiko-istripuen gainetik.
2022koak dira aipatzen diren azken datuak, urte horretan, 30 urtetik beherako hamalau pertsonak egin baitzuten beren buruaz beste EAEn. Dena den, uste da 2012tik 2022ra bitartean zortzi eta hemezortzi gazte artean suizidatu direla urtean. 2020an kopurua zertxobait jaitsi zen arren, hurrengo bi urteetan gora egin zuela dio analisiak. 2015. urtea izan zen nabarmenena gazteen suizidioei dagokienez, hemezortzi kasu izan baitziren.
Ohartarazi dute gazteen osasun mentalak okerrera egin duela, eta azken ikerketek identifikatu dute gazteen ia %19k izan dituztela antsietateari edo depresioari lotutako sintomak, 2018an %10,6 izan zirenean. Gainera, badirudi hamar ospitaleratzetik bat izan dela buruko gaitzen batengatik: 2022an ospitalean egon ziren 14.189 gazteetatik, 1.459 izan ziren osasun mentaleko arazoren batengatik gaixorik zeudenak. 2017an 1.082 izan ziren.
Gurea Geroa plataformak, bestalde, Hego Euskal Herriko gazteen buruko osasunari buruzko azterketa bat egin du oraintsu. 30 urtetik beherako 3.763 gazterekin hitz egin zuen 2024ko maiatzetik abuztura bitartean, eta hainbat ondorio atera ditu horri esker: ia hamarretik seik (%59) esan dute noizbait izan dituztela pentsamendu suizidak edo autokaltegarriak. %26k, gainera, depresioaren kontrako farmakoak hartu dituzte azken hilabeteetan.