Elkarretaratzea egin zuten aurreko ostiralean Lizarran (Nafarroa), Sugarra Gaztetxea jasaten ari den errepresio ekonomikoa salatzeko. Hainbat isun jaso zituzten zenbait militantek apirilaren amaieran, Gaztetxeko jardunari lotuta, eta denera 20.100 euroraino iristen ziren. Salatu dutenez, jarraitua izan da udaltzaingoaren jazarpena, eta "mehatxuak bete dira" azkenean.
Baina, hori ez ezik, ostiralean bertan, beste hiru isun jaso zituztela eman zuten aditzera Lizarrako gazteek. Azken horietatik bi "kontzertuengatik" jarri dizkiete, eta hirugarrena "kalean kartelak jartzeagatik". Osotara, beraz, zazpi dira ezarri dizkieten isunak, eta ohartarazi dutenez, alkatetza "zigor horiek guztiak pilatzen ari da Gaztetxearen aurkako erasoaldi are larriago bat justifikatzeko". Zentzu horretan, alkateak berak udalbatzaren azken osoko bilkuran "halaxe helarazi" zuela azaldu dute.
Isunak, Gaztetxean kontzertuak egiteagatik eta propaganda jartzeagatik
Sugarrako kideek aurten jaso dituzte aipatutako zigor ekonomiko guztiak, baina 2022an eta 2024an zehar eginiko kontzertuengatik eta propagandagatik zigortu dituzte. Azaldu dutenez, aurtengo isunak "UPNren alkatetzak zuzenean jarri ditu", eta 2022ko 6.000 euroko isunak, aldiz, Nafarroako Gobernuak.
Garaian, Lizarrako Udaltzaingoak isun-proposamen bat egin zuen EH Bilduren udalaren oniritziarekin eta, ondoren, Nafarroako Gobernuak hura onartu eta salaketa jarri zuen. Hala, "ia alderdi politiko guztiak" tartean daudela ohartarazi dute Gaztetxeko kideek. Azken udalbatzan zigor ekonomikoak eta Poliziaren jazarpena salatu zituzten.
Gaztetxearen aldarrikapenak
Alde batetik, Nafarroako Gobernuak eta UPNren gaur egungo udalak isun guztiak zein zigor ekonomikoak "bertan behera utz" ditzatela exijitu du Gaztetxeak. UPN ez ezik, beste hainbat alderdi politiko ere interpelatu dituzte, zigor ekonomikoak jartzeagatik: PSOE, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin.
Bestetik, Poliziaren jazarpena eta identifikazioak geldi daitezela eskatu dute. Udaltzaingoaren jarduteko moduak espazioaren itxiera ekar dezakeela nabarmendu dute. Izan ere, Gaztetxearen aurkako jazarpena "jarraitua" izan dela salatu dute behin eta berriro, udaltzaingoak "pertsona ugari identifikatu" eta etengabe "isunak jartzeko mehatxuak" egin baititu.
Espazioaren garrantzia aldarrikatu dute
Gaztetxea "jarduera soziokulturalerako" eta "garapen politikorako" topaleku garrantzitsua da Lizarrako gazteentzat, Sugarrako kideek azpimarratu dutenez. Gainera, alderdi politiko guztien ardura seinalatu dute berriz eta, horien aurrean, "modu autogestionatuan, kritikoan eta librean antolatzeko" espazioen beharra nabarmendu dute.
Hamar urtez hutsik izan zen gaur egun Sugarra Gaztetxea den eraikina. Gogorarazi dutenez, etengabe ezartzen dira espazioak okupatzeagatik "gazteak kriminalizatzen dituzten legeak", eta amaigabeak dira besteak beste "kontzertuak antolatzeagatik" jasotzen dituzten isunak.
Gaztetxearen aurkako erasoak, etengabeak
Kontzentrazioa izan zen egun berean, ostiralean, margoketa bat ageri zen Sugarra Gaztetxearen atarian: goizean izan zen erasoa, itxura denez. Bertako kideen esanetan, "egunez egun lanean ari garen militante askoren aurkako" eraso bat izan zen.