Ostegunean eman zioten hasiera 2024ko Gazte Topagune Sozialistari, eta, hiru egunez, milaka gazterentzako elkargune sozialista bilakatu da Altsasu (Nafarroa). Edizio honetan ere azpimarra egin diete aktualitate politiko, ekonomiko eta soziala lantzeko hitzaldiei: despolitizazioak erabat markatutako testuinguru batean, Gazte Koordinadora Sozialistarentzat (GKS) eta Ikasle Abertzaleakentzat (IA) erabakigarriak baitira hausnarketa, eztabaida eta formakuntza politikorako espazioak. Hala, hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguru aberasgarriak izan dira hiru egunetan zehar.
Gaur, zehazki, mahai-inguru nagusi batekin ekin diote egunari, 11:00etan. Topagunearen beste edizio batzuetan egin bezala, Mugimendu Sozialistaren egitekoei eta erronkei buruz jardun dute, ikasturte politikoa hasi berri den honetan. Gune Nagusian izan da saioa, Dantzalekuko igerilekuen ondoan, eta leporaino bete da bertako karpa. Zelandi kiroldegian bazkari handi bat egin dute horren ondoren.
Gerraren eta faxismoaren aurka
Aldarriak kalera ateratzeko tokia ere bada Gazte Topagune Sozialista. Gaur arratsaldean, egitarauaren barruan, manifestazio bat egin dute, 17:30ean Foruen Plazatik abiatuta. Gerraren eta faxismoaren kontra, gazteak sozialismora batzeko deia egin dute Altsasuko kaleetan barrena. Iortia Plazan amaitu da manifestazioa, eta bertan egin dute Topaguneko ekitaldi nagusia: hitza hartu dute GKSko eta IAko hainbat kidek. Amaierako hitzartzean, gaur egungo testuinguruaz aritu dira, hala nola olatu erreakzionarioaz eta testuinguru belikoaz; baita egoera horretan dauden egiteko nagusiez ere.
Olatu erreakzionarioa: arrazakeria eta matxismoa
"Ez da kasualitatea joera eta proiektu atzerakoiak hedatzen joatea Europa osoan zehar, baita Euskal Herrian ere", seinalatu dute lehenik bi antolakundeek. Ohartarazi dute, gainera, hainbat indargune topatzen dituztela joera erreakzionarioek: "kapitalismoaren krisialditik eta ezkerreko alderdien ezintasunetik elikatzen" dira, batetik, eta "proletarizazioak dakarren atsekabeaz probesten" dira, bestetik, "ideologia atzerakoia eta baztertzailea hedatuz".
Kezkaz azaldu dute "Europako herrialde guztietan indartu" direla "alderdi eta kolektibo ultraeskuindarrak", eta guztiek dituztela komunean bi zutabe ideologiko: "arrazakeria zein matxismoa", eta "kapitalismo autoritario baten aldeko apustua". "Mugimendu Sozialistatik ez diogu utziko joera horri indarra hartzen Euskal Herrian. [...] Euskal Herritik lan egingo dugu gainontzeko herrialdeetan ere joera faxista horiei aurre egingo dien indar sozialistak antolatzen joan daitezen", aldarrikatu dute konpromisoz GKSk eta IAk.
Matxismoari dagokionez, "indarkeria matxistarekin amaitzeko" beharra nabarmendu dute. "Faxistek emakumearen defentsaren bandera hartu nahi dute, emakumea berriro ere objektu pasibo bihurtzeko", salatu dute: "Guk ez dugu hori onartuko, emakumeok pauso bat aurrera egin eta sozialismoaren aldeko borrokan lehen mailako agente bilakatuko gara". Arrazakeriari dagokionez, berriz, "immigrazioaren aurkako ideia baztertzaileei eta praktika faxistei aurre egiteko" beharra azpimarratu dute: "Ez dago etorkinak alboratuko dituen estrategia sozialista posiblerik. Ez dago sozialismoaren eraikuntza posiblerik etorkinak etsai gisa hartzen baditugu".
Hori gutxi balitz, gogoan izan dute "politikari profesionalek immigrazioaren auzia ikuspegi baztertzailetik enfokatzen" dutela, eta ondorioak dituela horrek, Trintxerpen edo Donostian ikusi den bezala. "Diskurtso arrazistaren hedatzeari ezin diogu inolako lekurik eman", esan dute: "Gazte langileon etsaiak ez dira miseria hutsean bizi diren horiek, gazte langileon etsaiak miseriara kondenatzen gaituzten horiek dira; enpresariak, politikariak, poliziak...".
"Hori guztia borrokatzeko proposamen politikoak eta antolakuntza formak garatu behar ditugu", jarraitu dute: "Ez diogu entzungor egingo betebehar horri. Adin, genero, erlijio eta jatorri ezberdineko langileok sozialismoaren borrokara batzeko bideak eraikitzeko konpromiso guztia daukagu. Euskal Herrian alternatiba sozialista indartzen jarraituko dugu, eta hori guztia Euskal Estatu Sozialistaren norabidean egingo dugu".
Mendebaldeko oligarkien eta estatuen gerrak
Bestalde, "gerra-testuinguruaz" ohartarazi dute berriz, baina xehatuta gerra ez dela "ausaz gertatzen den zerbait": "Mendebaldeko estatuek gerraren aldeko hautua egin dute. Eta hori zuzenean dago lotuta kapitalismoaren nazioarteko krisiarekin. Mendebaldeko oligarkiak eta estatuek beren pribilegio eta dominazio posizioa mantentzeko, gerrak abiarazten dituzte".
Hala ere, argi esan dute gazteek: "Politika kriminal horren ondorioak betikoek pairatzen ditugu, langile-klaseak; eta, batez ere, periferiako herri langileek". Gaurkoan ere, bereziki izan dute gogoan Ekialde Hurbilean "AEBen eta NATOren ordezkari den" Israelgo Estatu terrorista, eta entitatearen desagerpena aldarrikatu dute: "Historiak ez ditu ahaztuko Israelek egindako genozidioa eta garbiketa etnikoa. Ez ditugu ahaztuko sionistek eraildako eta betirako isildutako milaka eta milaka palestinarrak. Horiek ere gure anai-arrebak dira eta justizia egingo diegu".
"Ez ditzagun ahaztu gainontzeko herrialdeetan esplotatzen, jazartzen eta erailtzen dituzten guztiak", gaineratu dute: "Palestinara eta Libanora gure elkartasunik beroena bidaltzen dugun bezala, Siriara eta Yemenera ere bidaltzen dugu, baita munduko estatu inperialistek zapaldu eta esplotatzen dituzten herrialde guztietara ere".
Topagunearen zentzuaz
Ikuspegi internazionala erreibindikatzearekin batera, GKSk eta IAk jakinarazi dute lan egingo dutela "Euskal Herrian alternatiba sozialista indartsu bat sendotu dadin". Izan ere, gaitzetsi dute "alderdi politiko profesional guztiek Euskal Herriarentzako proiektu kapitalista desberdinak" dituztela, "baina kolore bateko edo besteko Euskal Herri kapitalistak" antzekotasun ugari izango dituela: "Azpeitiko edo Aramaioko eolikoek lekua izango dute, gure soldataren hiru laurdenak alokairua ordaintzera bideratuko ditugu, langileontzako osasungintzaren desegitea egongo da eta burgesentzako puntako osasun-sistema... Ez ditugu ogi-apurrak nahi, dena aldatzera gatoz".
"Balio sendoen gainean eraiki nahi dugu Mugimendu Sozialista, eta ez nolanahiko moden gainean. Horregatik, sozialismoaren alde lan egiteko eskuzabaltasunak elkartu gaitu Altsasun, baina baita zapalkuntza guztien aurkako konpromisoak ere", argitu dute GKSk eta IAk.
"Hemen batu garen milaka gaztek mezu argi bat daukagu emateko: dena ez da despolitizazioa eta ideologia erreakzionarioa; ez, aurre egingo dizuegu, eta zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista baten alde borroka egingo dugu, gero eta indar eta konbentzimendu gehiagorekin", adierazi dute.
Gazte-belaunaldien borrokarako grinaz eta militantziaz
"Sinetsarazi nahi digute hondamendi kapitalista ezin dela gelditu, pandemiak, gerrateak, krisialdiak berezkoak direla eta, finean, bizitza horrela dela. Pandemiak, gerrak, krisiak bizi izan dituen belaunaldia gara, baina gu pandemian askatasun politikoen alde mobilizatzen zirenak, auzoko bizilagunen etxegabetzeak gelditzen dituztenak, faxistak gure kaleetatik botatzen dituztenak eta indarkeria matxista borrokatzen dutenak ere bagara", azaldu dute bi antolakundeek: "Borrokan aritu gara eta borrokan jarraituko dugu".
"Gazteoi zuzendutako mezu batekin" bukatu dute hitzartzea: "Egun hauetan Euskal Herriko milaka gazte batu gara eztabaidatzeko eta komunitatea eraikitzeko. Kontuan eduki dezagun iraganeko borroka-ziklo guztietan gazte-belaunaldiek funtsezko eginkizuna bete zuten bezala, guri ere aldaketaren motore izatea dagokigula. Europa osoan gazteok haustura politikoak abiatu eta mugimendu sozialistak eraiki behar ditugu. Pobretzea, faxismoa eta gerra dakartzaten oligarkiaren agendaren aurrean, botere sozialista gaurkotu bat antolatu behar dugu nazioartean, eta gazteok, gutako bakoitzak, prozesu horren bultzatzaileak izan behar gara".
Hala, sarri egin modura, militantzia politikoa jarri dute balioan GKSk eta IAk: "Eskuinetik zein ezkerretik gazteoi eskaintzen dizkiguten kultura alienatzailearen eta moda merkeen aurrean, guk militantziaren aldeko hautua egin dugu, gizarte sozialista baten eraikuntza nahitaez milaka militanteren eskuzabaltasunetik elikatzen delako".
"Gauzak seriotasunez hartzen jarraitu behar dugu, handiak baitira aurrean dauzkagun eginbeharrak. Inork ez digu bermatzen egingo dugun borrokak nahitaez garaipenera eramango gaituenik, baina argi eduki dezagun: egindako lan guztia ez da ezerezean geratzen inoiz", esan dute: "Aurreko borroka-zikloek ezin izan zuten komunismoaren proiektua azken muturreraino eraman, baina ez balute borroka egin, gu ez ginateke orain hemen egongo. [...] borroka egitea dagokigu, borrokan joan ziren horiengatik eta etorriko diren belaunaldiengatik. Konbentzimenduz, pazientziaz eta indarrez; egiten dugunaren araberakoa izango da eraikiko duguna".
Musika eskaintza zabala gauean
Aurtengo Topagunean zehar, Euskal Herriko gonbidatu ugarik hartu dute parte egitarauan: Haira, Sara Zozaya, Mirua, Rebel Noise, The Clayton, Desgaraian, Eñaut Elorrieta eta Ibil Bedi aritu dira emanaldiak eskaintzen, besteak beste. Baina askotarikoak izan dira Altsasun izan diren bestelako ikuskizunak ere: boxeoaz, Iagomagoren magiaz, Asier K eta Antton Telleriaren Hondamendia umore ikuskizunaz, suhiltzaileen erakustaldiaz edota pilota partidez gozatzeko aukera egon da.
Gaurko ere, eskaintza zabala prestatu dute Topagunean. 20:00etan hasiko da kontzertua Gune Nagusian, eta oholtzan ariko dira Gozzue, Nakar, Bris, Calié eta Mateo Zikuta, TOC, Jaloner, Kaparrak, Tatxers, Kalipotxo, J Martina eta Malakias MX3. Horrekin emango dute bukatutzat aurtengo egitaraua.