ACTUALIDAD / Represión
EHKSren kriminalizazioa Baionako udal-kontseiluan: "antisemitatzat" jo dute
Israel salatzeagatik, EHKS eta Palestinaren aldeko mugimenduak seinalatu dituzte Parti Socialistek (PS) eta Renaissancek, eta kriminalizazio-marko horrekin bat egin du EH Baik "hitzez hitz". Kolektibo politikoek txosna jartzeko eskubidea izatea ere kritikatu du PSk.
2026eko uztailaren 27 - 11:13
EHKSren kriminalizazioa Baionako udal-kontseiluan: "antisemitatzat" jo dute

Baionan (Lapurdi), uztailaren 23ko udal-kontseiluan, Palestina izan zuten hizpide alderdi politikoetako hautetsiek, baina ez palestinarren aurkako sarraskia salatzeko preseski, baizik eta salaketa horretan ari diren mugimenduak eta kolektiboak kriminalizatzeko. Izan ere, Henry Etxeto Parti Socialisteko (PS) kideak kargu hartu zion Jean Rene Etxegarai auzapezari, Mugimendu Sozialistak Baionako bestetan txosna jartzea baimentzeagatik. Are: "antisemitatzat" jo zuen Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS).


Etxetok adierazi zuen EHKSk Iruñeko (Nafarroa) sanferminetan eta Baionako bestetan Israelen kontrako mezuak zabaldu dituela, banderola erraldoien eta elkartasun-argazkien bidez. Bere hitzetan, Palestinari sostengua erakustea zilegia da, baina ez Israelen kontrako "gorroto-mezuak" zabaltzea. Horrez gain, zalantzan jarri zuen talde politikoek txosna bat jartzeko eskubidea izatea, eta Baionako zubi nagusian Israelgo bandera bat ipini izanak iaz sortutako eztabaidari heldu zion berriz. Israelgo bandera hori zela-eta, polemika eta protestak egon ziren aurreko urtean Baionan, eta horrexegatik erabaki du aurten Etxegaraik bandera internazional guztiak kentzea. Bada, urtebeteren ondotik, PSko Etxetok aldarrikatu du Israelgo eta Palestinako banderak elkarren ondoan jarri beharko liratekeela zubian.


EHKSren inguruko erranei zegokienez, adostasun guztia adierazi zuen zentro-eskuineko auzapez Etxegaraik, gaineratuz EHKSko kideak bi zentzutan direla "muturrekoak": ezker-eskuin ardatzean eta nazio-auzian. Desadostasun bakarra mahaigaineratu zuen, zubiko banderen inguruan hain justu.


Segidan, Renaissanceko Déborah Lupiens-Suarèsek hartu zuen hitza. Hark defendatu zuen antisionismoa dela "antisemitismo berria", eta horri lotuta, bide egin zion udal-kontseilu politikariek Israelgo Estatuaren existentziaren kontrako iritziak debekatzearen eta isilaraztearen alde agertzeari. Hortaz, antisionismoa eta antisemitismoa berdintzea lortu zuen Lupiens-Suarèsek, eta inork ez zion aurka egin.


EH Baiko Jean Claude Iriartek ere hartu zuen hitza bilkuran, eta Etxetok adierazitakoarekin "hitzez hitz" ados dela erran zuen, Palestinaren askatasunaren aldeko aldarrien kriminalizazioarekin bat eginez. Gehitu zuen bakarra izan zen Israelgo Gobernua eta Israelgo Estatua ezberdindu behar omen direla.