— Arteka aldizkarian argitaratutako artikulua —
— Testua: Aingeru Otxotorena
ZER DA NAZIO AUZIA? KOKAPEN HISTORIKOA
Ezin esan daiteke, beste kontzeptu zein kategoria batzuekin alderatuta, tradizio marxistak nazioaren zein honi dagozkion auzi ezberdinen inguruan teoria gehiegi ekoitzi duenik. Aferaren ulerkera orokorrari baino, historian zehar hartu izan diren posizio politiko taktiko ezberdinei egiten zaie erreferentzia jaso ditugun erreferentzia bibliografiko gehienetan. Horietako garrantzitsuenetako bat da Sobietar Batasuna eta horrek nazio auziarekin zein autodeterminazio eskubidearekin eduki zuen loturarena.
Nazioak askatzeari eta haien garapen askearen baldintzei dagokien auzia da eskuartean duguna. Nazio auzia ikuspegi historikoarekin aztertu behar da, haren edukia eta esanahia garai batetik bestera aldatzen baitira. Nazioak sortu zirenean, nazioaren auzia feudalismoa eraistearekin eta herrialdea askatzearekin lotuta zegoen. Inperialismoaren garaian, nazio auzia estatuen artean planteatutako arazo bihurtuta, herri kolonialen askapenari buruzko auzi orokorrarekin lotu ohi da, eta arazo nazional eta kolonial izatera pasatu da, aldi berean. Nekazarien auziarekin estuki lotuta egon den gaia ere bada, mugimendu nazionalean parte hartzen zuen masa nagusia nekazariek osatu izan baitute historiako pasarte garrantzitsu batzuetan. Urriko Iraultzarekin hasi zen iraultza sozialisten eta nazio askapenaren garai loriatsua.
Ideologo burgesen aburuz, nazio auzia konpontzeko bide bakarra nazioen isolamendua da —eta horrek, berez, haien artean etsaitasuna areagotzen du, batzuk besteen mende jartzen ditu—, baina Urriko Iraultza Sozialistak beste bide bat, bide iraultzaile bat, jarraitzeko aukera eta egokitasuna erakutsi zuen. Kapitalismoa deuseztatzeko eta uztarri nazionalaren erabateko likidazioa egiteko bidea, herrien adiskidetasuna ezartzeko bidea.
Erregimen sobietarra ez zen mugatu nazioen eskubide berdintasuna aldarrikatzera. Kontrara, beharrezko guztia egin zuen herrien arteko desberdintasun ekonomiko eta kulturalarekin ahalik eta azkarren amaitzeko. Herrien arteko laguntzan eta, batez ere, elkartasunean oinarrituta, sobietar errepublika nazional guztiek besteak beste, industria modernoa sortu zuten beren lurraldeetan, espezialista nazionalak, langileak eta intelektualak prestatu zituzten, kultura bat garatu… Hori guztia, nolabait esatearren, nazioarena berarena zen bere formagatik eta sozialista edukiagatik.
Marx eta Engels ere arduratu ziren zapalkuntza nazionalarekin lotutako aferez. Egia da ez dagoela auzi horiei buruzko tesi teoriko eta politikoak definitzen dituen liburu edo testu globalik. Hala ere, haien idazkietan, eta bereziki haien arteko korrespondentzian, aipamen ugari daude klase borrokaren eta XIX. mendearen erdialdean, proletalgoaren batasunaren eta herrien askatasunaren artean zeuden arazo konplexuei buruz.
Manifestu Komunistak dioenez, langile klasea nazioartekoa da, baina, aldi berean, nazio jakin batean garatzen du bere ekintza (nazio garatua eta bateratua izan daiteke, edo beste nazio batzuk zapaltzen dituen nazio bat, edo nazio zapaldu bat); beraz, kontuan hartu behar du klase gisa garatzeko. Eta, gainera, Marxek esaten duenez, klase esplotazioa indargabetzen den neurrian, nazio baten zapalkuntza ere indargabetuko da. Garrantzitsuena, ekintza politikorako erabakigarriena ekuazioaren bi elementu horien arteko erlazioa da, klasea eta nazioa.
NAZIO AUZIAREN HIRU ALDIAK
Tradizio Marxistak hiru aldi edo garai ezberdin bereizi izan ditu nazio auziaren aferari dagokionez. Lehenengo aldia feudalismoaren abolizioari eta kapitalismoaren garaipenari loturiko aldia litzateke. Mendebaldean (bereziki) nazioak garatzen hasten diren unea. Nazioen agerpenak lotura zuzena du kasu honetan estatu zentralizatuen sorrerarekin. Esan daiteke, eta hala ulertu da, Europa ekialdeko herrialdeak izan zirela estatuen sorrera berandu samar eman zutenak. Horren kausa nagusia turkiar zein mongolen aurkako gerrateak izan ziren. Egoeraren nolakotasunak behartuta, estatu multinazional bezala ezagutu izan direnak sortzen hasi ziren. Gisa hartako estatuetan, indar gehien edo bilakaera azkarrena zuen nazioa, nazio menderatzaile bilakatu ohi zen beste nazioak bere menpeko bilakatuz.
Europa mendebaldean nazio askapen borroken arrastoan sortu ziren nazioak. Nazio askapen borroka horiek lotura zuzena zuten absolutismoaren gainbeherarekin, beste zenbait arrazoien artean. Europa ekialdean, berriz, nazio zapalkuntza indarrean zelarik, mugimendu nazionalista burgesek beren borroken hasierari ekin zioten. Nazio auzia gatazkak sortzen hasi zen.
Bigarren garai edo aldia inperialismoaren sorrerarekin hasi zela esan dezakegu. Ordura arte, nazio auziak ez zuen estatu multinazionalen markoa gainditu eta, Europako herrialde gutxi batzuentzat izan ezik, garrantzia handirik ez zuen gaia dela esan dezakegu. Inperialismoaren gorakadak, ordea, aldaketa nabarmen bat ekarri zuen eta nazio auzia nazioarteko auzi bilakatu zen. Herrialdeak kolonizatzeko norgehiagokan sortu ziren herrialde inperialisten arteko gatazkek, argiki erakusten digute estatu multinazionalen existentziaren oinarria zapalkuntza nazional eta kolonialarekin estuki lotuta dagoela. Auzi honetan ere ezin dugu albo batera utzi proletalgoak egoera orokorrari ezarri zion klase ikuspegia. Proletalgoak, herrialdetik herrialdera egoera oso ezberdinak bizi bazituen ere, garai hartan erakutsi zuen herrialde kapitalista garatuetako proletalgoak zituen interesak, nazio askapen borroketan antolatu zen herrialde esklabizatuetako proletalgoaren interesak eta kolonien askapenaren alde borrokatu zuen proletalgoaren interesek bat egin eta, ezinbestean, interes orokorren alde borrokatu behar zuen fronte iraultzaile baten beharra zutela. Proletalgoarentzat, nazio auzia iraultzako aliatuen auzia da. Lehen Mundu Gerraren eta Urriko Iraultzaren aurretik, mugimendu komunistek arazo hori iraultza burges demokratikoaren arazoaren zati gisa hartzen zuten. Lehen Mundu Gerraren eta Urriko Iraultzaren ondoren, iraultza sozialistaren prozesuko fase moduan hartuko dute.
Urriko Iraultza Sozialista Handiarekin batera hasi zen hirugarren aldia, eta bertan jarriko dugu azpimarra. Aurreko aldiekin alderatuz, nazio auzia planteatzeko zein ebazteko forma berriak proposatzen ditu aipatu berri dugun garaiak. Sobietar herrien arteko lankidetza eta kidetasuna helburu izanik, uztarri nazionalak likidatu eta nazio sozialista berriak eratzeko garaia izan zen. Burgesiak era argi bat du afera hau ebazteko: nazioak zatitu, gorrotoa hauspotu, nazio bat bestearengandik esklabizatu eta abar. Urriko Iraultzak erakutsi zuen kapitalismoan ez dela aukera horiez gaindiko beste ezer eskaintzen. Eta beraz, nazio auzia bera ezin dela kapitalismoan ebatzi.
URRIKO IRAULTZA: NAZIO AUZIARI DAGOZKION IRAKASPEN NAGUSIAK
Urriko Iraultzaren lehen egunetan, 1917ko azaroaren 15ean zehazki, sobietar gobernuak Errusiako herrien eskubideen adierazpena onartu zuen. Dokumentu horrek, era nabarmen eta argian adierazten zituen Errusiako nazio ezberdinen eskubideak zeintzuk ziren:
1. Errusiako herrien berdintasuna eta subiranotasuna.
2. Errusiako herriek beren buruaz baliatzeko duten eskubidea, baita banandu eta era independentean eratzekoa ere.
3. Pribilegio eta murriztapen nazional eta erlijiosoak indargabetzea.
4. Gutxiengo nazionalen eta Errusian bizi diren talde etnikoen garapen librea.
Sobieten Boterearen izaera bera —nazioartekoa, klase edukiari dagokionez—, kanpoko erasoen aurkako defentsa beharra eta eraikuntza sozialistaren beharra izan ziren sobietar herriak elkarrengana hurbiltzeko eta estatu multinazional bakar batean lotzeko baldintza nagusiak. 1922ko abenduaren 30ean sortu zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, aurrekaririk izan ez zuen estatu multinazionala.
Errusiako Alderdi Komunistaren programan (1919) behin-behinekotasun gisa jasotzen da federazioaren ideia hori, eta Nazioarteko Kongresu Komunistaren II. Kongresuak (1920) onartutako auzi nazionalari buruzko tesiek (ideia Leninisten irismena zabaldu zutela esan daiteke) federazioa zatekeen langileen batasuna lortzeko bidea ireki zuten.
Beraz, koiuntura historikoak eraman zituen boltxebikeak hautu federalera. Stalinek 1924an esan zuen bezala, posizio aldaketa berrikustean (1918ko Konstituzioak ez baitzuen aukera federalik kontuan izaten), federazioak nazionalitate desberdinetako langile taldeak elkartzeko balio izan zuen, eta gainera bateragarria zen unitate ekonomikoarekin. Baina, mugimendu nazionalaren pisu zehatza askoz handiagoa izan zen, eta nazioen batasunerako bidea lehen baino askoz konplexuagoa. Nazio auzia izan zen federazioari izaera aurrerakoia eman zion testuinguru berezia. Federazioa, beraz, premia praktikoen arabera antolatu zela esan daiteke. Horietan garrantzitsuenak ordena militarra eta ekonomikoa ziren.
Sobietar Batasuna eratu aurreko esperientzietan ikus daitekeenez, unitate ekonomikoa elementu nagusia izan zen uneoro, federazioari buruzko ikuskera boltxebikea aldatu arren: ez bakarrik sozialismora bidean ekonomia beharrezkoa zelako, baizik eta federazioaren formulak soilik ebatz zezakeelako nazioaren auzia, nazio guztien garapen kultural eta berdintasun materiala ortzi-mugan izanik.
Erregimen sobietarra ez zen eskubideen berdintasuna aldarrikatzera mugatu, antzinako erregimenetik jasotako politika-, ekonomia- eta kultura-eremuan herrien arteko benetako desberdintasunari ahalik eta azkarren amaiera ematen ahalegindu zen. Alderdi komunistak arrakasta handiz egin zuen lan hori, herriaren etsaien aurkako borroka etengabean, mota guztietako desbideraketa nazionalisten aurka. Errusiar herriaren laguntzaz, atzeratuen zeuden herrien garapena bilatu nahi izan zuten. Horretarako, klase esplotatzaileak, garaiko nazioen, botere sobietarren eta Alderdi Komunistaren etsai nagusi zirenak bidetik kenduta, herrien arteko adiskidetasun eta elkartasun harremanei bide eman zitzaien.
Ezin esan daiteke, ordea, sobietar batasunak bere aberriaren aldeko lana egiten zuenik soilik. Handiak izan ziren, beraien askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokan zebiltzan herrialde ezberdinek esklabotza gainditzera eta demokrazia ezartzera bidean sobietarrengandik jaso zituzten laguntzak.
AUSTRIAKO KASUA: KULTURA ETA NAZIO AUTONOMIAREN TESIA
Ezaguna da, Austriako sozialdemokratek nazio auziari erantzun nahian programa bat aurkeztu zutela. Autonomia kultural nazionala izan zen proposamen hori. Programaren oinarri nagusia litzateke, lehenik eta behin, autonomia ez zaiela ematen, demagun, Bohemiari edo Poloniari, batez ere txekiarrak eta poloniarrak bizi direlarik, baizik eta txekiarrei eta poloniarrei oro har, edozein lurraldetan bizi direla ere. Horregatik deitzen zaio autonomia mota horri nazio, eta ez lurralde.
Horrek esan nahi du, txekiarrak, poloniarrak, alemaniarrak eta abar, Austriako mugetan sakabanatuta daudenak, banaka hartuta, pertsona desberdintzat hartzen direnak, nazio osoetan antolatzen direla eta, halakotzat, Austriako Estatuaren parte izatera sartzen direla. Horrela, Austria ez da eskualde autonomoen batasun bat izango, baizik eta nazionalitate autonomoen batasun bat, lurraldez kanpo eratua.
Poloniarrentzat, txekiarrentzat eta abarrentzat helburu horietarako sortu behar diren erakunde nazional orokorrek ez dute gai politikoetan esku hartzerik egingo, kulturaletan baizik. Bereziki politikoak diren gaiak Austria osoko parlamentuan (Reichsrat) ebatziko ziren. Horregatik, autonomia horri, gainera, kultural-nazionala deitzen zaio.
Hona hemen Austriako sozialdemokraziak 1899ko Brünngo Kongresuan onartutako programaren testua: «Austrian dauden nazio desadostasunek aurrerabide politikoa eragozten dute, auzi nazionalaren behin betiko konponbidea, batez ere, behar kulturala da» eta «konponbide hori sufragio unibertsal, zuzen eta berdinean oinarritutako gizarte benetan demokratiko batean bakarrik da posible». Hori adierazi ondoren, programak aurrera jarraitzen du: «Austriako herri guztien berezitasun nazionalen kontserbazioa eta garapena eskubide berdintasun osoan eta zapalkuntza mota ororen gabezian oinarrituta ez da posible. Beraz, lehenik eta behin, Estatuko zentralismo burokratiko oro baztertu behar da, baita lurraldeen pribilegio feudalak ere».
Ez da zaila ohartzea programa honetan lurraldetasunaren arrasto batzuk geratu zirela, baina, oro har, autonomia nazionalaren formulazioa da.
Lehenik eta behin, begi bistakoa da erabat ulertezina eta inola ere justifikatu gabea dela nazioen autodeterminazioa autonomia nazionalagatik ordeztea. Autonomia kultural-nazionalak hainbat nazionalitatez osatutako Estatuaren osotasuna dakar berarekin, autodeterminazioa osotasun horren esparrutik irteten den bitartean; autodeterminazioak nazioari eskubide guztiak ematen dizkio, eta autonomia nazionalak, berriz, eskubide kulturalak baino ez dizkio ematen. Etorkizunean, barneko eta kanpoko zirkunstantzia horiek gertatzea oso litekeena da, nazionalitate batak edo besteak Austriako kide den estatu multinazionaletik ateratzea erabakitzea, alegia.
Stalinen arabera, autonomia nazionala kontraesanean dago nazioen garapenaren ibilbide osoarekin. Nazioak antolatzeko agindua ematen du. Baina nazioak artifizialki sortu daitezke, baldin eta bizitzak, garapen ekonomikoak, talde osoak banandu eta lurralde ezberdinetan sakabanatzen baditu.
Kapitalismoaren lehen faseetan nazioak kohesionatu egiten dira. Baina, era berean, zalantzarik gabe, kapitalismoaren fase garatuenetan nazioak sakabanatzeko prozesu bat hasten da. Horrela, bizilekuz aldatzen diren taldeek lotura zaharrak galtzen dituzte eta leku berrietan berriak bereganatzen dituzte, belaunaldiz belaunaldi ohitura berriak eta gustu berriak bereganatzen dituzte, eta, agian, baita hizkuntza berriak ere.
Baina nazio baten batasun eza ez da migrazioen ondorioz bakarrik erortzen. Barneko kausengatik ere amiltzen da, klaseen arteko borrokaren zorroztasunarengatik adibidez. Kapitalismoaren lehen faseetan, oraindik hitz egin zitekeen proletalgoaren eta burgesiaren kultura komunitateaz. Baina, industria handiaren garapenarekin eta klaseen arteko borrokaren areagotzearekin, komunitate hori desagertzen hasi zen. Ezin da nazio baten kultura komunitateaz serioski hitz egin, nazio bereko burgesek eta langileek elkar ulertzeari uzten diotenean.
Stalinen arabera, arazo hori konpontzeko barneko edo nazioak berak bizi duen barne egoeraz gain, kanpoko egoerari ere erreparatu behar zaio. Errusia Europa eta Asiaren artean egonik, ezin dezakegu ahaztu garai haietan Asian ematen ari zen demokraziaren hazkundea eta Europan ematen ari zen inperialismoaren hazkundea kontuan hartu beharreko gakoak direla.
Stalinek salatu zuen, batasun horrek porrot egingo lukeela zenbait nazionalitatetako pertsonekin, interes ekonomikoengatik beste eskualde batzuetara emigratuko luketelako eta nazio baten etnia nagusiaren oztopoak izango lituzketelako. Kritika horretaz jabeturik, zenbaitzuk klase arteko batasuna iradokitzen dute.
Stalinek berak, kultura autonomia ez dela autodeterminazioa ziurtatzen du, autodeterminazioak ez baitu ulertzen zenbait naziok ezinbestean osatutako estatu bat, eta gainera, kultura autonomiak ez baitie ematen herrien eskubide hori. Gainera, kapitalismoaren izaeragatik, nazio horiek ezinbestean bereizi egingo lirateke, bereziki nazio artifizialak direlako.
Aurrez aipaturiko proposamen horren aurrean, Stalinek eskualde autonomia proposatu zuen.
Eskualde autonomiaren abantaila da, batez ere, hemen ez direla nazioak lurralderik gabeko fikzio batekin egin behar, baizik eta lurralde jakin batean bizi den biztanleria jakin batekin. Gainera, ez dira gizakiak nazioen arabera mugatzen, ez dira hesi nazionalak indartzen, aitzitik, hesi horiek hausten dira eta biztanleria biltzen da beste mota bateko mugaketari, klaseen araberako mugaketari bidea irekitzeko. Azkenik, eskualdeko aberastasun naturalak ahalik eta ondoen erabiltzeko eta ekoizpen indarrak garatzeko aukera ematen du, irtenbidea erdigunetik etorri arte itxaron gabe, eta funtzio horiek ez ditu ematen autonomia kultural-nazionalak. Beraz, eskualde autonomia ezinbesteko puntua da auzi nazionala konpontzeko.
Zalantzarik gabe, eskualde bakar batean ere ez dago homogeneotasun nazional osorik, guztietan baitaude gutxiengo nazionalak. Horixe gertatzen zen juduekin Polonian, letoniarrekin Lituanian, errusiarrekin Kaukason, poloniarrekin Ukrainan, eta abar. Gutxiengo sakabanatuak batasun nazional batean artikulatzea proposatzen da modu horretan. Baina gutxiengoek behar dutena ez da batasun artifizial bat.
Afera honek zuzenean garamatza internazionalismoaren ideia ukitzera. Internazionalismoa kapitalisten aurkako nazioarteko borroketan langile klasearen batasun adierazpena da. Aitzitik, ezin da herrien askatasunaren asmo zilegi eta demokratikoen aurka egin, ez eta internazionalismorik egon herri batek beste bat zapaltzea onartzen bada.
LENIN ETA NAZIOEN AUTODETERMINAZIORAKO ESKUBIDEA
Nazioek autodeterminaziorako duten eskubideak zentzu politikoan independentziarako duten eskubidea besterik ez du esan nahi, zapaltzen duen nazioarekiko banaketa politiko askerako eskubidea. Aldarrikapen hori ez da inola ere estatu txikien banaketa, zatiketa eta eraketaren baliokidea. Zapalkuntza nazional ororen aurka borrokatzeko adierazpen kontsekuentea baizik. Estatuaren erregimen demokratikoa banantze askatasun osora zenbat eta gehiago hurbildu, orduan eta ahulagoak eta bakanagoak izango dira, praktikan, banantze asmoak; izan ere, estatu handien abantailak zalantzarik gabeak dira, bai aurrerapen ekonomikoaren ikuspegitik, bai masen interesen ikuspegitik, eta, gainera, abantaila horiek etengabe handitzen dira kapitalismoaren hazkundearekin.
Sozialismoaren helburua ez da soilik estatu txikietan gizateriaren zatiketa eta nazioen isolamendu oro ezabatzea, ez da soilik nazioen arteko hurbilketa, baita nazioen bat-egitea ere.
Eta Leninen beraren arabera, helburu hori lortzeko, batetik, Renner eta O. Bauerren ideiaren izaera erreakzionarioa azaldu beharra dago autonomia kultural-nazionala izenekoari buruz, eta, bestetik, nazio zapalduen askapena eskatu behar dugu, ez esaldi orokor lausoetan, ez edukirik gabeko aldarrikapenetan, ez arazoa sozialismoraino atzeratuz, baizik eta argi eta zehatz formulatutako programa politikoan. Sozialisten koldarkeria nazioetan, era berean, gizateria klase zapalduaren diktaduraren trantsizio-garaiaren bidez bakarrik joan daiteke klase ezabatzera, eta, era berean, nazioen bat-egite saihestezinera irits daiteke, soilik nazio zapaldu guztien erabateko askapenaren trantsizio aldiaren bidez, hau da, haien banantze askatasunaren bidez.
Proletalgoak ezin dio nazio zapalduak estatu jakin baten mugen barruan indarrez mantentzearen aurka borrokatzeari utzi, eta hori autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzearen parekoa da. Bere nazioak zapaltzen dituen kolonien eta nazioen banaketa politikorako askatasuna eskatu behar du. Bestela, proletalgoaren internazionalismoa hutsala eta hitzezkoa izango litzateke; ez konfiantza, ez zapaldutako nazioaren eta zapaltzailearen arteko klase elkartasuna ez lirateke posible izango; autodeterminazioaren defendatzaile erreformisten hipokrisia mozorro gabe geratuko litzateke, hartara.
Leninek autodeterminazio eskubidea defendatu zuen oinarrizko eskubide demokratiko gisa, baina beti iraultza sozialerako estrategia batean sartuta. Zergatik defendatzen du Leninek herrien autodeterminazio eskubidea azken ondorioetaraino, hau da, sezesioa barne? Hiru arrazoi nagusirengatik:
A) Inperialismoaren aurka borrokatzen delako, masa kolonialak inperialismoaren aurka altxa daitezen. Leninek uneoro hartzen ditu masa horiek aktore politikotzat. Eta Leninentzat, aktore politiko horiek funtsezkoak dira nazioarteko burgesia ahultzeko. II. Internazionalean, auzi nazionalaren gaia eta koloniei buruz ematen ziren eztabaida ugari Leninek planteatzen zuenaren antipodetan zeuden.
B) Langile klasea bateratzeko eta nazionalismoek nazio zapaltzailean zein nazio zapalduan duten eragina hausteko aurrebaldintza gisa ulertzen zuen. Nazio zapaltzailean, langile klase horrek autodeterminazio eskubidea defendatzea bere emantzipaziorako aurrebaldintza da. Ezinezkoa da norberaren emantzipazioa klase gisa nahi izatea, norberaren klasearen (nazio zapalduaren) zati bat zapaltzen lagunduz gero. Gainera, kasu horretan, indartzen dena norberaren burgesia litzateke (hau da, zapaldutako nazioaren burgesia). Orientazio horrek ez du inola ere langileria bateratzea errazten. Nazio zapalduari dagokionez, banantzeko askatasuna izanez gero soilik erabaki ahal izango litzateke kontrakoa. Errusian, autodeterminazio eskubidea defendatzen zuten nazionalitate gehienek, Errusiar Iraultzaren ondoren erabaki zuten, eta konkistatutako eskubide horrekin, eskubide hori ez erabiltzea eta errepublika sozialista batean bateratzea.
C) Leninek nazio emantzipazioaren eta gizarte emantzipazioaren arteko harreman dialektikoa ongi ulertzen zuen. Bere ustez, borroka nazionala ez zen iraultza sozialaren aldeko borrokaren desbideratze bat. Borroka horretan, iraultzaileek klaseen arteko borroka areagotzeko erabiltzen jakin behar zuten potentzialitateak zeuden.
ONDORIO OROKORRAK
1) Gizartearen emantzipazioaren harira, klase arteko borroka da burgesiarekin amaitzeko eta sozialismoaren bideari ekiteko bide bakarra.
2) Internazionalismoa langile klasearen batasunaren adierazpena da kapitalisten aurkako nazioarteko borrokan. Internazionalismoa, ordea, ezin da askatasunaren bidezko asmo demokratikoen aurka jarri. Aitzitik, ezin da internazionalismorik egon herri batek bestea zapaltzea onartzen baldin bada.
3) Langile klaseak bere klase posizioa mantendu behar du burgesiatik bereizita. Bai nazio zapaltzailekotik baita nazio zapaldukotik ere, askapen prozesuaren gidaritza bere gain hartzeko aukera eta baldintzak dituen artean, bederen.
4) Emantzipazio nazionala gizartearen emantzipazioaren aurka jartzeak edo ukatzeak ez du zerikusirik Marxen posizioarekin. Hori argi eta garbi ikus dezakegu Irlandako kasuan.
5) Autodeterminaziorako eskubidea ukatzea, herrialdeen arteko banaketa osoa barne, jatorri edo adiera nazional desberdinetako langile klaseko kideen zatiketa bermatzea litzateke.