ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/27 12:26

Zazpi urteren ondoren, gaur izan da Leioako 5en kontrako epaiketa Bilboko (Bizkaia) Justizia Jauregian. 09:30etarako bertaratu da jende ugari epaitegi aurrera, bost auzipetuei babesa emateko eta, beste behin, errepresio politikoa salatzeko. 09:30ean sartu dira epaitegira Leioako 5ak, eta auziak iraun duen bi orduetan, haien askatasuna exijitu dute hainbat eta hainbat lagunek epaitegiaren kanpoaldetik.

11:30ak aldera irten dira epaitegitik bost ikasle ohiak, txalo eta babes oihu artean. Fiskaltzak desordena publikoei lotutako akusazioa mantendu du auzipetutako lau gazteren kasuan, eta bosgarrenari dagokionez, autoritateari atentatua egitea leporatu dio. Zigor eskaerak jaitsi ditu fiskaltzak, dena den: urtebeteko espetxe-zigorra eskatu du aurreneko laurentzat, eta urte erdikoa bosgarrenarentzat.

Orain, epaiaren zain gelditu dira Leioako 5ak, eta ikusteke dago zer ebazten duen epaitegiak. Jakinarazi dute, dena den, ziurra dela jada ikaragarrizko zama ekonomiko bati egin beharko diotela aurre, prozesu judiziala dela-eta: 35.000 euro guztira.

Epaiketa bukatu bezain pronto, kanpoan protestan zeuden sei pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, eta atxikirik izan ditu. Antza, gaur irudiak grabatzeagatik identifikatu dituzte.

Eskubide politikoen aurkako erasoa

Bost gazteen askatasuna eskatzeko mobilizazio ugari izan dira azken asteetan; auzipetutako bost kideen eskualdeetan nahiz Leioako (Bizkaia) campusean egin dituzte manifestazioak. Orain arte, 45.000 euro eta 40 urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu bostentzat akusazioak, hamazazpina urtekoak bi lagunen kasuan.

Epaiketa amaitzean, Leioako 5en kasua "unibertsitate publikoak ikasle mugimenduaren kontra" gauzatzen duen errepresioaren "beste kapitulu bat" dela azpimarratu du auzipetuetako batek, Ander Mazkiaranek. Jasan dutena "eskubide politikoen aurkako erasotzat" jo dute, eta gogor salatu dute.

"Zazpi urte baino gehiago eduki gaituzte prozesu judizialarekin, zigor eskaera izugarriak egin zituzten duela urte bat baino gehiago, eta denbora asko eman dugu kartzelara sartzeko arriskuaren mamua gainean geneukala", ekarri dute gogora Leioako 5ek. Berriz nabarmendu dute "errepresioa salatzen zuen mobilizazio batean parte hartzeagatik" ezarriko dizkietela kartzela-zigorrak eta milaka euroko isunak, eta "militantzia politikoa eta protestarako eskubidea modu errepresiboan zigortzen" dituela estatu kapitalistak, "gobernu ustez progresistek ere errezeta errepresibo bera erabiltzen dutela" kontuan hartuta.

EHUren erantzukizuna

Auzipetuek berriz egin diote azpimarra Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) gertatutako guztian izandako erantzukizun zuzenari: "Berak sortutako testuinguru errepresibo bati erantzuteko egin genuen 2016ko mobilizazioa, berak kontratatutako segurtasun-enpresa oldartu zen ikasleriaren kontra, seguratak izan dira prozesu judizial honetako akusazio partikularra izugarrizko zigor eskaerak eginez, berak agindu zion Ertzaintzari unibertsitatera sartzeko, eta zigor ekonomiko bat ere eskatu du".

Eta EHUren erasoak, gainera, ez zirela hor amaitu ohartarazi dute Leioako 5ek: "2016ko mobilizazio horren ostean, modu horretako interbentzio eta atxiloketa gehiago egon ziren unibertsitate publikoan. Gaur egun ere hala izaten jarraitzen du. Esaterako, Gasteizen (Araba) 34 ikasle daude auzipetuta eta unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskuan".

Errepresio politikoaren kontra

Leioako 5ek eskerrak eman dizkiete, bestalde, azken asteetan mobilizatu diren eta babesa adierazi dieten pertsona guztiei, eta "errepresio politikoa gelditu egin behar dela" aldarrikatu dute. "Aldarrikapen hori ez da gure kasuaren amaierarekin agortzen", adierazi dute, hala ere: "Militantzia politikorako baldintza eta protestarako eskubidea defendatzeko eta hedatzeko ezinbestekoa da errepresioa salatuko duen indar bat sortzea, horri aurre egingo dion antolakuntzarekin batera".

Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko argitaratutako infografia.

NO HAY COMENTARIOS