AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/23 13:28

Hiru egun barru epaituko dituzte Leioako 5ak, Bilbon (Bizkaia). Epaiketaren atarian, aurrera doaz bosten askatasuna exijitzeko eta errepresio politikoa gaitzesteko mobilizazioak: atzo, larunbatean, protestak izan ziren auzipetutako gazteen eskualdeetan. Leioako 5ak aske. Errepresio politikoa gelditu! aldarritzat hartuta, Baionan (Lapurdi), Lizarran (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa), Iruñean (Nafarroa) eta Portugaleten (Bizkaia) mobilizatu ziren atzokoan.

2016an Leioako (Bizkaia) campusean egindako manifestazio batean atxilotu zituzten Leioako 5ak, eta horren harira auzipetu. "Mobilizazio hura bere izaera politikoagatik erreprimitu zuten, helburua Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) ikasle mugimenduaren aurka zeraman bide errepresiboa salatzea eta geldiaraztea zelako", nabarmendu zuten atzoko protestetan. Hortaz, seinalatu zuten Leioako 5en "konpromiso militantea" dela orain epaitu eta zigortu nahi dutena.

"Beraien bizkarrean dituzte 45.000 euro eta 40 urteko espetxe-zigor eskaerak, baina ez daude bakarrik. Ikasle mugimenduak jasaten zuen arazo kolektibo baten aurka manifestatzeagatik dira epaituak", esan zuten. Beraz, epaiketari eta bost auzipetuei jarri nahi dieten zigorrari ere "modu kolektiboan" aurre egiteko beharrari egin zioten azpimarra. "Horregatik gaude gaur hemen", argitu zuten mobilizazioen amaieran.

Askatasun politikoak jokoan

"Eskubide politikoak gero eta mugatuago daude. Gaur egun ere, errepresioak gogor kolpatzen ditu botere burgesa zalantzan jartzen duten mugimenduak", salatu zuten atzo. Horren adibide modura aipatu zituzten "isunak; modu librean manifestatzeko oztopoak; kontrol soziala; Poliziaren normalizazioa eta areagotzea; prozesu judizialak; espetxeratzeak, edo jardun militanterako beharrezkoak diren espazioen aurkako erasoak, izan gaztetxe, gune autogestionatu edo Zentro Sozialisten aurkakoak". Hala ere, aldarrikatu zuten "horrek guztiak" ezin duela "geldirik egotera eraman".

"Miseriara, pobreziara, gerrara eta planetaren suntsiketara eramaten gaituzten horien aurrean borrokatzea ezinbestekoa" dela ohartarazi zuten. Azaldu zuten, gainera, "estatu ustez aurrerakoi eta demokratikoek, alderdi parlamentario ezkertiarrek kudeatuta ere, aipatutako errezeta errepresibo horiek aplikatzen" dituztela behin eta berriz. "Azken urte hauetan ikusi dugu, adibidez, mugimendu ekologistak terroristatzat jotzea, mugimendu sozialetan Polizia infiltratzea, ongietorriak egiteagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean inputazioak, faxismoaren gorakada, edo ikasle greba batean egindako piketeengatik 34 ikasleren aurkako espediente irekiera, kaleratze eta inputazio mehatxuak", xehatu dute.

Beharrezkotzat jo zuten, hala, "errepresioaren aurrean, klase elkartasuna eta antolakuntza sustatzea" eta "amnistia osoa aldarrikatzea", "militantzia politikoaren aurkako errepresioak lekurik izango ez duen jendarte baten alde".

Elkarretaratzea asteazkenean

Epaiketaren egunerako, irailaren 27rako, beste mobilizazio deialdi bat egin dute Leioako 5en alde. Egun horretan, 09:00etarako Bilboko Albiako lorategietara bertaratzera deitu dute.

Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko argitaratutako infografia.

EZ DAGO IRUZKINIK